Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu batekin. Ertzaintzak gomazko pilota ilegalak ere erabili dituela salatu dute. Segurtasun Sailak zazpi ertzain zauritu direla ziurtatu du. Manifestazio amaierako ekitaldian gogoan izan dituzte 1976ko martxoaren 3an hildako langileak, orduko borroka eta Palestinako egoera.
Zaramagako Martxoak 3 plazan lore eskaintza eta omenaldia egin ostean, 12:00ak pasatxo abiatu da manifestazioa Gasteizko kaleetan barren, erdigunerantz. Milaka eta milaka herritar, gehienak gasteiztarrak, baina baita Euskal Herriko beste toki batzuetatik heldutakoak ere.
Martxoaren 3koa da ziurrenik Gasteizen aniztasun handiena biltzen duen manifestazioa urtez urte, adinez zein ideologikoki, eta horren erakusgarri izan da aurtengoa ere: haurren gurditxoak, adineko pertsonak, gazte antolakundeak, pentsionistenak, Palestinaren edo borrokan dauden enpresetako langileen aldeko pankartak... Manifestazioak arazorik gabe egin du bidea Bakea kaleko Corte Inglés saltokira heldu arte, “Polizia hiltzailea” eta “Martxoak 3, ez dugu ahazten” izan dira manifestariek gehien errepikatu dituzten leloetako bi.
Manifestazioa zatituta, Ertzaintzaren oldarraldiagatik
Corte Inglés parean, urtero legez, Ertzaintzaren dispositibo handia egon da, eta manifestazioaren zati handi bat jada hortik pasatuta zegoela Ertzaintzak karga bortitza egin du. Liskarrak piztu dira zenbait manifestari eta ertzainen artean, adin guztietako herritarrek korrika egin behar izan dute, eta manifestazioa bitan banatuta geratu da. Istiluak zenbait minutuz luzatu dira. Pixkanaka alde egin ez duten manifestariak Foruen plazan biltzen joan dira, amaierako ekitaldia entzuteko.
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu istiluen unean, eta hainbat zauritu. Aske kolektiboak salatu duenez, ondoren Lakuako komisarian bosgarren pertsona bat ere atxilotu du poliziak, atxilotuen askatasuna aldarrikatzera hurbildu diren gazteen aurka oldartu eta gero.
?? Ertzaintza manifestarien aurka kargatu du Gasteizen, Martxoaren 3ko mobilizazioan, Corte Ingles parean. Gutxienez gazte bat atxilotu dute pic.twitter.com/zYI6YMDgda
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) March 3, 2024
“Karga basatiak”
Manifestazioa deitu duten ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak oharra plazaratu dute, Ertzaintzaren portaera salatzeko.
Corte Inglés parean Ertzaintzak “neurriz kanpoko dispositiboa” ezarri duela adierazi dute: “Puntu horretan karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi-furgoiekin ere oldartu dira manifestarien aurka”. Salatu dute furgoneta horietako bat gazte baten gainetik pasa dela, oina zapaldu diola eta anbulantziak artatu duela, “hamarnaka” zauritu egon direla eta horietako batek konortea galdu duela. Oharraren arabera, Ertzaintzak manifestazio amaierako ekitaldia egin den Foruen plazan ere kargatzeko saiakera egin du, baina antolatzaileek saihestu dute.
Azpimarratu dute foam pilotak erabili dituela Ertzaintzak, "Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira”. Sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak erantzukizunak argitzeko eta atxilotuak askatzeko eskatu dute. Ertzaintzari exijitu diote utzi diezaiela herritarrei Martxoak 3a gogoratzen, “erasorik jasan gabe".
Gomazko pilotak
Hala Bedi-k argitaratu duenez, foam jaurtigailuetako batek 60 urte inguruko emakume bat zauritu du ahoan. Gedar kazetak eta Jardun antolakundeak, bestalde, salatu dute Ertzaintzak legez kanpoko gomazko pilotak ere erabili dituela. Aske antolakundeak kontzentrazioa antolatu du astelehenerako, Atxilotuekin elkartasuna lelopean.
Gaur, zipaioek, martxoak 3ko manifestazioaren aurka kargatu egin dute, zaurituak eraginez eta manifestariak atxilotuz. Aipatu nahi dugu, zipaioek, sekulako oldarkeriarekin jokatzeaz gain, istiluen kontrako material ilegala baliatu egin dutela, hala nola, gomazko pilotak. pic.twitter.com/PYwX3UcQFn
— JARDUN_KOORDINADORA (@JardunK) March 3, 2024
? Gasteizko sarraskian eraildako langileak oroitzeko manifestazioan, Ertzaintzak foam jaurtigaiak eta gomazko pilotak erabili ditu manifestarien kontra. pic.twitter.com/Pvw325F7Ij
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 3, 2024
Ertzaintzak oharra kaleratu du istiluen harira. “Atxilotutakoak iskanbila-talde bateko kideak ziren, eta ezarritako segurtasun-dispositiboko polizia-taldeen aurka botilak, galtzada-harriak eta beste objektu sendo batzuk botatzen hasi dira. Ondorioz, zazpi ertzain zauritu dira”. Istiluetan lau pertsona atxilotu dituela baieztatu du Segurtasun Sailak, eta desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diela baieztatu. Igande arratsaldean utzi ditu atxilotuak aske Ertzaintzak, aipatu karguekin.
Atzoko eta gaurko hildakoak gogoan
Manifestazio amaierako ekitaldian 1976ko langileen borroka omendu dute antolatzaileek, emakumeen parte hartzea azpimarratuta. Hildakoak izan dituzte ere gogoan, Gasteizkoak zein beste toki eta garai batekoak: martxoaren 3an poliziak hil zituen Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo García eta Bienvenido Pereda Moral; 1936ko gerraren testuinguruan hildakoak, Gorka Urbizuk zuzenean kantatu duen Maravillas abestia; eta Israelek azken hilabeteetan hil dituen milaka palestinarrak.
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]
Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]
Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.
Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.
Otsaila hilabete garrantzitsua izan da Gasteizko Martxoak 3aren Memoriaguneari begira. Hiru urteko prozesuaren ondoren, hilaren 14ean sinatu zuen Martxoak 3 elkarteak hitzarmena Gogora institutuarekin. Egun bat beranduago, Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren sorrera argazkia... [+]
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza birmoldatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartutako diru-partida ez du erabiliko Eusko Jaurlaritzak, ez delako eraikinaren "jabe ezta onuradun ere". Hala, Martxoaren 3ko Memoriaren Gunearen proiektuak aurten ere... [+]
Unai Isasi Azkarraga (Amurrio, 1998) gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioaren testuinguruan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.
Urtero legez milaka lagun batu zen ostiralean Gasteizko kaleetan, 1976ko Martxoaren 3an hildako langileak oroitu, bizi-baldintzen okertzea salatu eta langile borroka aldarrikatzeko. Kalez jantzitako polizia ugariek tentsioak sortu zituzten, eta bi gazte atxilotu.
Martxoak 3 Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren bermea lortu du, erakunde publikoek biktimekin duela bi urte adostutako hitzarmena betetzeko. “Ustekabeko aldaketak” eta “seriotasun falta” salatu ditu hala ere, eta hemendik aurrera adi egongo dela ohartarazi du... [+]
Erakundeek aurkeztu duten Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren estatutu proposamenari lau zuzenketa aurkeztu dizkiote Memoria Gara egitasmoak eta Martxoak 3 Elkarteak.
Memoria Gara elkarteak kezka adierazi du, 1976ko Martxoaren 3ko biktimak gogoratu eta memoria zentro bat sortzeko egitasmoa "izoztuta" duelako Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak, bere esanetan.
ERC eta EH Bilduk egindako proposamena atzera bota du Bozeramaileen Batzordeak. PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos ikerketa batzorde bat sortzearen aurka agertu dira. Martxoak 3 elkarteak hipokrita izatea leporatu dio PSOEri, sarraskiaren 76. urteurreneko ekitaldietan hildakoen... [+]
EH Bildu eta ERC alderdiek Espainiako Kongresura eraman dute 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikerketuko dituen ikerketa batzordea sortzeko eskakizuna, eta onartu egin da. Bozeramaileen Batzordeari dagokio orain erabakia eztabaidatzea eta bozkatzea.