Larunbat arratsaldean, Legutioko kiroldegian jokatu da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako finala. Eszenatokian, elkar igurzten duten mikro gorri eta urdina. Kantuan hurrengoak:
Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku) eta Unai Anda Delika (Ametzaga)
Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)
Manuel Bendala Garcia-Donas (Sevilla-Gasteiz) eta Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo)
Nieves Del Alamo aurkezle eta Eli Plazaola gai-emaileren eskutik hiru bertsolari bikoteek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre Arriolabengoa eta Martin Abarrategi Sarrionandia nagusitu dira eta beraz 2021eko Arabako Binakako txapeldunak dira.
Finaleko epaimahaia 5 epailez osatuta egon zen: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu da. Horrela puntuatu zituzten hiru bertsolari bikoteak:
Manex Agirre Arriolabengoa eta Martin Abarrategi, 828 puntu
Iñaki Viñaspre Simon eta Unai Anda Delika, 820 puntu
Oihane Perea Perez de Mendiola eta Manu Bendala Garcia-Donas, 816 puntu
Garaiak garai, txapeldunek elkarri jantzi diote txapela. Elkarren artean egindako lan eta sorturiko emozioak helarazi dizkiete publikoan ikusmiran zituztenei:
Binaka, bikoteka, pareka, bikotekiderekin, kidearekin, lagunarekin, bidelagunarekin.
Binomioa, armonia, oreka, begirunea eta lankidetza.
Bi gehi bi lau baino gehiago ere izan daitezkeelako. Doblerik onenak atera eta egin apustu, hordago!
Eskerrak luzatu nahi dizkiegu, txapelketan parte hartu duten bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, hala nola, txapelketa osoan zehar laguntzaile izan ditugun bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketa hartu duten udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei…
Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak hemen ikusgai daude.
Bertsoa.eus-en datorren ikusgai egongo da saioari buruzko hautaketa.
Txapeldunen bukaerako agurrak:
Manex Agirre Arriolabengoa:
Abarrategi Sarrionandia
a ze bertsolari saga
ta a ze poza txapel bat doa
behingoz Uxarko salara
nirea berriz bidali nahi dut
gure bertso eskolara
pandemiaren erantzun gisa
ere balio du hara
hemen ezin da funtzionatu
taldean ez baldin bada
Martin Abarrategi Sarrionandia:
Nahiz ta tabernan egongo ziren
hemen baino askoz hobeto
eta pare bat aharrausi egin
gure bertso bakoitzeko
egia esan bai harro nago
kuadrillakoek 15 pabo
zer eta ni entzuteko
aupa Manex bi izan gara
gurdipea bultzatzeko
eta txapel bat dugu buruan
egin duguna tarteko
banatu nahian gure txapela
beharko ditut konpas ta erregela
bateko eta besteko
asko baitut eskertzeko
Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.
Larunbatean finala irabazi zuen bertsolari aramaioarrak Europa Jauregian.
Sei finalista ekainaren 11n arituko dira txapela lortu nahian.
Txapelketa formatua izango du aurtengoak eta guztira 280 parte-hartzaile baino gehiago izango dira. Urtarrilaren 24an egingo dira lehenbiziko saioak eta finala martxoaren 28an izango da, Murgian.
Asteazkenetan 20:00etan zuzenean aireratzen da Hala Bedi irratian Bertxoko irratsaioa (hemen orain arteko saioak entzungai) eta Arrosa Sareko beste hainbat irratitan ere entzun daiteke. Umore askeaz eta euskalkiak nahastuz jorratzen dute aktualitatea eta grabatutako bertsoaldiak... [+]