“Markatu nauten ikasleak dira liburu honen oinarria”

  • Bidean liburua kaleratu berri du Koldo Rabadan Izagirrek ARGIArekin. “Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa” da eta ikasleekin izan dituen pasarteetatik abiatuta kontatzen du egun lanean ari den eskola eraldatzera eraman dituen pausoen oinarriak. Ikasleen onena ateratzera daraman ikuspegia kutsatzen die liburuak gurasoei eta irakasleei. Eta gonbidapen bat egiten: hasi. Aldaketak txikitik eta norberagandik hasten baitira.


2021eko azaroaren 03an - 06:11
Azken eguneraketa: 07:21
Argazkia: Dani Blanco.

Nola iristen da irakasle bat Bidean liburua idaztera?

Ustekabean. “Zerbait idatzi beharko zenuke” esan zidan eskolako guraso batek. Hasieran muzin egin nion, baina barruan zerbait mugitzen hasi zitzaidan, “agian bai... Zer? Nola?”. Eta ustekabean iristen da pandemia bat, etxean sartzen gaituzte eta “orain da momentua” pentsatu nuen.

Egin zure bidearen kronika...

Behin esan zidaten, gertatzen dena beti dela hobeto. Esaldi hori askotan errepikatu diot nire buruari eta, salbuespenak salbuespen, sinestu ere egin dut, gertatzen dena beti dela hobeto, nahiz batzuetan oso gogorra izan. Liburuan koloreak asko aipatzen ditut eta ilustrazioetan ere ikusten dira, eta esango nuke ikasletan oso grisa nintzela: oharkabean pasatzen zen ikasle bat, ez onerako ez txarrerako nabarmentzen ez zena... Baina gertatzen dena beti da hobeto eta orain agian balio dit ikasle gris horiekin enpatizatzeko, ikasle grisak ikusteko.

Nire helburuen artean ez zegoen Magisteritza ikastea. Beste aukera bat neukan gustukoagoa baina ez nintzen fakultate horretan sartu eta hau zen bigarren aukera. Bidegurutze asko izan ditut eta bidegurutze batean pentsatu behar izan nuenean nire bizitza nondik bideratuko nuen, zein lan egin... honetara iritsi naiz eta eskerrak, zeren oraintxe bertan ez dut nire burua beste inon irudikatzen, ezta buruan neukan ikasteko lehen aukera hartan ere. Berriz ere, gertatzen dena beti da hobeto.

Nire ibilbidean irakasle askok markatu naute. Liburuaren hitzaurrea Elena Laizek idazteak niretzako esanahi handia du. Hain justu berak esan zidan gertatzen dena beti dela hobeto. Baina inor aipatzekotan, nire ibilbidean ikasle batzuek markatu naute asko. Batzuekin gertakari batzuk tarteko, beste batzuekin asko enpatizatu dudalako, edo espero ez genuenean jauzi kualitatibo oso handia egin dutelako... Ikasle horiek izan dira liburu honen oinarriak markatu dizkidatenak.

Hogei urteko ibilbidean nik ere denetik egin dut, beti intentzio onenarekin, baina orain konturatzen naiz ez dudala beti asmatu. Liburuan positibotik jotzen dut, baina badago autokritikatik eta zenbait pasartetan barkamen eskaerarik ere bai, gertaera zehatz batzuetan azaltzen dudana, baina barkamen eskaera orokorra dena.

Denbora hitz indartsua da zure liburuan. Irakasleei maiz entzuten zaie “ez dugu denborarik” esaten. 

Irakasleon artean orain oso erabilitako esaldia da eta gurasoei aurkezpenetan pantailan oso ponpoxo jartzen diegu: “Ikasleen erritmoak errespetatuko dira”. Baina gero non geratzen da hori? Ez da kritika, autokritika da. Ikasleen erritmoa errespetatzeaz ari bagara, denbora faktore garrantzitsua da. Denak lan berdina egiten ari badira aldi berean, testuliburuekin... nire ustez modu horretan erritmoak errespetatzea oso zaila da. Niretzat funtsezkoa da ikasle bakoitzari bere denbora eskaintzea.

Denbora ematearekin ez dut ikaslea “utzi eta etorriko da” aldarririk egiten. Irakasleok zerbaitetarako gaude. Ikasleari denbora eman behar diogu, baina denbora hori ongi planifikatu behar dugu, ikaslea ezagutu, ikaslea tratatu, eta irakasleak galdetu behar dio bere buruari zer egingo duen irakasle bezala, ikasle guztiek pauso bat aurrera eman dezaten.

“Ikasleengandik egunero ikasten dut zerbait”

Irakasleok bidelagunak gara. Ez naiz ni irakasten duena eta ikaslea ikasten duena: biok ikasiko dugu aldi berean. Ikasleengandik egunero ikasten dut zerbait. Lanak proposatzen ditugu, baina egun ez naiz lanak eta lanak eta lanak proposatzekoa; “zer egin nahi duzu? Bada goazen hori egitera” planteatzea gustatzen zait. Horrek zerikusi gutxi dauka “egin ezazu nahi duzuna”-rekin. Gehiago da “zer gustatuko litzaizuke? Zer egingo genuke?” galdetzea, eta hor pluralean hitz egiten da, irakaslea barne dagoelako.

Nola egiten da aniztasunari erantzuten dion eskola bat, gaitasun batzuk baloratuta badaude eta beste batzuk agertu ere egiten ez badira ebaluzio liburuxketan?

Hezkuntzan oso zehaztuta dago zenbat ordu eskaini behar zaizkion arlo bakoitzari, eta horrekin oso kritikoa naiz, arloak berez aitzakia baitira ikaslearen garapenean aurrera egiteko. Baina oso zehaztuta daukagu dena, ikasleak jakin behar duen gutxienekoa zein den ere bai! Nora arte iritsi behar du ikasleak? Bada ahalik urrutien. Baina hori zehazteraino mugak jartzearekin ez nator bat.

Honek ere denborarekin du zerikusia. Askotan ikusi ditugu 6-8 urterekin "zailtasun" eta "indartze neurri" hitzekin lotzen ditugun ikasleak, "zailtasun" hitzak dakartzan zama emozional guztiekin... eta halako batean, 5.-6. mailan, halako klik bat gertatu da, eta pentsatzen dugu “ene! Zer pasatu da hemen?”. Noski, bada ikasle bakoitzak bere garapena duela. Garapen horretan gure helburuak izan behar du ahalik esku-hartze onenak egitea klik hori indartzeko.

Egun, konbentzituta nago ikasle bakoitzak bere kolorea ematen diola eskolari eta kolore horiek agerian jarri behar ditugula, baita grisa ere. Baina gaitasunak arlo bakoitzari ematen zaizkion ordu kopuruaren arabera agertu behar baldin badira, batzuk ez dira sekula agertuko, eta beste batzuk etengabe agertuko dira. Eta umeak dira, baina ez dira inozoak. Eta hor konparaketak sartzen dira, epaiketak, eta normalean haurrak oso autokritikoak dira.

Dekalogo forma eman die Koldo Rabadan irakasle eta psikopedagogoak bere bizipenetatik ateratako ondorioei eta umore finez kritika zorrotza egiten dio hezkuntza sistemari eta autokritika irakasleek barneratuta dituzten eguneroko hainbat uste-usteli. Irakasle zein gurasoei, haurren hezierarekin gehiago gozatzeko gako asko ematen dizkie liburu honek.

Liburua irakurtzean, umeekiko errespetuzko harremana arnasten da. Zein dira errespetuaren elementuak?

“Errespetuz jokatzeak haurra ulertzea eta haren lekuan jartzea eskatzen du”

Ikasleei askotan eskatzen diegu “benga, olerki bat idatzi behar duzu oraintxe bertan eta ordu erdian, eta oso erraza da”. Nik ausardia ariketa egin dut liburuan: olerkiak idazten jarri naiz, eta badakit zenbat kostatu zaidan. Errespetuzko jarrera batean, beraien lekuan gehiago jarri beharko genuke, enpatiaz aritu.

Mintegiak eman izan ditudanean ere, ikusi dut mintegia jasotzen ari diren irakasleen artean inork ez diela erantzun nahi izaten talde handian egindako galderei. Baina guk ez diegu ikasleei hori onartzen, eta mikrofono aurrean jartzen ditugu... eta ados, ahozkotasunak izan behar du helburu, baina oreka bilatzea garrantzitsua da niretzat. Badakit irakasle guztiok egiten dugun guztia intentzio onenarekin egiten dugula, ikasleen onena ateratzeko. Beste kontu bat da, lortzen ote dugun.

Errespetuzko jarrera batek bere barruan darama haurra ulertzea. "Ni emaile eta haurra hartzaile" moduan ulertzen badut harremana, ni azaltzen ari naizen gaia badakit. Eta haurra ezjakina da materia horretan, beraz, irakasleak abantailarekin jokatzen du. “Nik hau azalduko dut, zuk ulertu behar duzu...” esaten dugu askotan, baina irakasleak ulertuta dauka, beraz, pentsatzen du oso erraza dela haurrarentzat ere ulertzea. Batez ere matematika arloan eta halakoetan, ezinbestekoa da ikaslea ulertzen saiatzea, ikaslea entzutea, berarekin batera bide bat egitea... Fernández Bravok askotan esaten du: “Ikasleak ez du zu izorratzeko asmorik”, ez behintzat haur garaitan. Aldiz, gure erantzunak batzuetan gogorrak direla iruditzen zait. Errespetuzko jokaerarik ez egoteak baldintzatzen du bai haurraren interbentzioa (isilik geratuko baita) eta bai irakasleona, ikasleak isiltzen badira, irakaslearen interbentzioa ere beste era batekoa baita. Espiral bat da, egoera zail batera eramaten gaituena.

Koldo Rabadan, "ezin dut egin"-etik "lortu dut"-erako eskailera mailen ondoan. Argazkia: Dani Blanco.

Zenbaki eta komekin ebaluatzen diren notekiko oso kritikoa zara. Nolako ebaluazioa egiten duzu zuk?

Zenbaki batek nekez ordezka dezake haur baten lana, ikaslearen ahalegina. Gurean ez dago zenbakirik, ezta azterketarik ere.

Egun indarrean dago konpetentziez hitz egitea, lehen edukiez hitz egiten zen bezala. Baina edukien azterketak egiten jarraitzen dugu, eta konpetentziaren azterketak gehitu ditugu kasu batzuetan, ez du batak bestea ordezkatu.

Gure eskolan ere baditugu inkoherentziak, aktak eta ebaluazio txostenak idatzi behar baititugu. Eta iruditzen zait oso erraz idazten ditugula gauzak eta idatzitakoa hor geratzen da.

Konpetentziak aipatzen ditugunean eta ikasle bakoitza non kokatzen den ebaluatzen dugunean, esaten dugu ikaslea “hasierako mailan”, “ertainean” edo “maila aurreratuan” kokatzen dugun. Baina dekretuak dio konpetentzia horiek eskuratuta eduki beharko lituzkeela ikasleak Derrigorrezko Hezkuntza amaitzerakoan, hau da, hamasei urterekin. Eta 6-7-8 urterekin dagoeneko esaten ari gara ea “hasierako mailan”, “ertainean” edo “aurreratuan” dagoen. Ez diot zentzurik aurkitzen abiapuntutzat hartu beharreko erreferentzia izatea ez bada, “zer egiten duen” behatzeko gure eskolaren kasuan. Susmoa daukat, ordea, “hau, hori eta bestea egin behar” dituenaren arabera kokatzen ditugula maila batean edo bestean, hau da, egiteke daukan horretan oinarritzen garela.  

Garbi dut ebaluazioak haurrari mesede egin behar diola, eta beraz, oinarrizko premisa hau kontuan hartuz ebaluatu beharko genukeela.

Zein da gure lana irakasle bezala? Ikasle hori ahalik urrutien eramatea eta bide hori berarekin egitea. Eta denbora tartea dugu 16 urtera arte. Gure eskolan saiatzen gara ikaslearen aurrerapen horren ebidentziak jasotzen eta ebidentzia horiek gurasoei erakusten, ikasle hori benetan aurrera egiten ari dela berresteko. Non zegoen ikasle hori eta non dagoen gaur egun, bai irakurketa-idazketa arloan, bai matematika arloan, bai arlo artistikoan... hau da, "zer egiten du" behatzen dugu, zertarako gai den, eta ez “zer egin behar duen”.

Zein da eskolaren helburua?

Nire helburua ikasleak Bigarren Hezkuntzarako prestatzea izango balitz, ez luke zentzurik. Badirudi entrenatu egin behar ditugula datorren horretarako. Guraso batzuek galdetzen dute “eta azterketak? Zeren gero DBHn hori etorriko zaie...”. Jakin izan bagenu pandemia zetorrela, maskarak bi-hiru hilabete lehenago jarriko al genituzke, ikasleak ohitzeko? Edo “aprobetxatu orain, gero hau dator-eta” esango genieke? Gerorako entrenatze horretan badago beldurraren aldagaia ere, “kontuz, otsoa dator!”. Nire ustez horrek ezer gutxi du eskola benetan ikasteko leku izatearekin. Eskolak ezin du izan entrenatzeko leku bat. Eskolak bizia izan behar du.

Eta eskolaren helburua ez da bizitzarako edo lan egoki baterako prestatzea... Nork daki hemendik hogei urtera zein izango den lan egokia? Agian youtuberra izatea? Bizitzarako prestatzea balitz helburua, ahalik lasterren trebatu beharko genituzke sare sozialetan, badirudi datorren mundua hori dela; aldiz, ikerketek erakusten dute gailu teknologikoak eta pantailak mugatu behar direla, ez dela osasungarri...

Baina eskolaren helburua bada, nire ustez, bizitzan ongi moldatzeko estrategiak eskuratzea. Liburuan hainbat pasartetan kontatzen dut ikasketetan nabarmendu ez direnek ere oso bizitza aberatsa izan dutela, jakin izan dutelako moldatzen, estrategia sozialak dituztelako... baina horiek denak ez dira hezkuntzan kontuan hartzen.

“Eskolan zoriontsu da beretzako tokia topatzen duena eta bere nahi eta gaitasunak betetzen dituena”

Nik pentsatzen dut ikaslea iritsi behar duen lekura iritsiko dela. Francesco Tonuccik dioen bezala, "haurrek ikasten dute, eskolara joanda ere". Beste kontu bat da, bide hori nolakoa izango den. Bide hori ahalik gozoena, erosoena izan dadila. Niretzako eskolaren helburua zoriontasuna da. Zoriontasuna ez da “egin ezazu nahi duzuna”. Zoriontsu izango zara zure eskolan zuretzako tokia topatzen baduzu eta zure nahi eta gaitasun horiek betetzen zoazen heinean. Alderantziz ere bada, gure nahi eta gaitasunak bete ezin ditugun eskolan... Ordu asko pasatzen dituzte eskolan eta pozik etortzea printzipio nagusietako bat izan beharko luke.

Puntako pedagogiek lantzen dituzten ikuspegiak ageri dira liburuan, baina ez duzu metodologia zehatzik azaltzen.

Orain oso modan jarri da egurra, kristala, hormak botatzea... Gure eskolan ez dugu aukerarik hori egiteko, baina ederki moldatzen gara. Bota behar diren hormak buruan ditugun horiek dira. Horiek suntsitu, beldurrak kendu eta pauso bat gehiago eman. Lehenik barruko hormak bota behar dira, gero eraikinekoak botatzeko. Zeren hormak bota eta berdin-berdin lan egin behar badugu, duela hogei urteko fitxak atera eta betelana eginez... oso ponposoa bai, baina ez du ezertarako balio.

Nik ez dut metodologiarik azalduko, baina baditut nire metodologia kuttunak. Argi esango dut: ikuspegi eraikitzaile edo konstruktibistarekin bat egiten dut, zinez pentsatzen dut ikasleak berak ikasten duela, bera dela bere ikaskuntza prozesuaren jabe, ez naizela ni enpirikoki irakatsiko diona, baizik, bera joango dela pauso batzuk ematen bere ikaskuntza garapen eta erritmoan, eta ni hor egongo naizela, berarekin.

Autore askok aipatzen duten bezala, metodoa ikaslea da. Batekin balio duen metodoak ez du bestearekin balio. Oinarrizkoak diren printzipio batzuk partekatu behar ditugu baina irakasle bakoitzak erabakiko du zein metodologiarekin eramango duen hori aurrera, egoerari hobeto datorkiona hautatuta. Gure eskolan, egun modu batera ari gara lanean. Ez dut baieztatuko hemendik urte batzuetara hala jarraituko dugunik: agian ikasleen perfila eta ezaugarriak aldatu egingo dira eta irakasleok jakin behar dugu malgu jokatzen eta metodologia ikasle bakoitzera egokitzen.

Koldo Rabadan Larraulgo eskolako ikasle eta irakaslez inguratuta: "Has gaitezen aldaketa txikiak ematen, denok. Eta bai, guk ikasle gutxi dauzkagu, gure eskola txikia delako, baina eskola handietan baliabideak ere proportzioan gehiago dira. Ez dugu aitzakiarik behar, benetan egiteko nahia baldin badugu". Argazkia: Dani Blanco.

Euskal Herriko irakaskuntzak egin duen bideari begira jarrita: norantz?

Gure sistema propioa behar dugu, nahiz eta sistemarekin kritiko naizen. Baina gure hezkuntza marko bat behar dugu. Bestela, Espainiako Estatutik bi urtez behin hezkuntza erreformak onartzen gabiltza. Orain LOMLOE etorriko zaigu, denok robotikara jarriko gara...

Pentsatzen dut agintariek eta hezkuntza diseinatzen dutenek intentzio onenarekin egiten dutela dena, baina irakasleontzako autonomia handiagoa aldarrikatzen dut.

“Eskola ikasleek elkarbizitza egiteko leku bat da eta hori ez du pantailak ordezkatuko”

Hezkuntzan diru gehiago inbertitu behar da. Baina ez digitalizazio planetan. Hori da orain etorriko zaiguna: plan bat eta gero beste bat, ordenagailu gehiago geletarako, eta pantaila interaktiboak... baina benetan behar ditugunak baliabide pertsonalak dira. Hezkuntzak pertsonatik behar du, harremanetatik. Eskola ikasleek elkarbizitza egiteko leku bat da, interakzio sozialak gertatzen diren lekua, eta hori ez du pantailak ordezkatuko. Gainera, ikasleak digitalki irakasleok baino mila bider konpetenteago dira eta hori ez da plan bat diseinatu dugulako.

Nik gure eskolan pozik hartuko nuke irakasle bat gehiago.

Irakasle bakoitzak aldaketak egiteko aukera baduela sentiarazten du liburuak.

Liburu hau gonbidapen bat da: hasi. Gauza txikiak egiten, baina hasi. Ezin dugu egon beti formazioan, formazioan, eta teorizazioan... Formazioa eta teoriak jakitea oso ongi dago, baina praktikak eraman behar gaitu teorizaziora. Probak egin behar ditugu, nahiz eta txikiak izan, eta ikusi ea balekoak diren edo ez. Eta balio ez badu, egingo dugu beste aldaketa txiki bat. Has gaitezen aldaketa txikiak ematen, denok. Eta bai, guk ikasle gutxi dauzkagu, gure eskola txikia delako, baina eskola handietan baliabideak ere proportzioan gehiago dira. Ez dugu aitzakiarik behar, benetan egiteko nahia baldin badugu.

Norbaitek hausnartu eta ondorioztatzen badu dagoen bezala dena ongi dagoela, fenomeno. Irakasle konbentzitu bat baino gauza hoberik ez dago. Baina uste dut hezkuntza sistemak eta eskolek aldaketa behar dutela. Eta bai, behin esan zidaten bezala, irakasleok transatlantiko bateko salbamendu txalupako iltze bat izango gara. Ados, baina nik nire iltzea mugitu dut pixkatxo bat. Bakoitzak bere iltzea mugitzen badu norabide batean, agian gai izango gara transatlantikoa biratzeko.  Bestela, aurrera egiten jarraituko du. 42 urte egitera noa eta ez dut uste hezkuntza hainbeste aldatu denik ni ikasle nintzen garaitik. Eta uste dut 20 urte badela denbora.

Argazkia: Dani Blanco.

BIDEAN HITZALDIA ZURE HERRIAN EDO ESKOLAN

Nahi al zenuke Koldo Rabadanek hitzaldia ematea guraso edo irakasleentzat? Ikasle anitzen erritmoak errespetatuz eta tailerretan oinarritzen den hezkuntzaz, dekalogo honetako printzipioez...  

Idatzi azoka@argia.eus helbidera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


2024-12-16 | Leire Ibar
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte

Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-09 | ARGIA
Ikama ikasle antolakuntzak unibertsitateetara eta Lanbide Heziketara zabalduko du bere jarduna

II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]


2024-12-05 | Jon Torner Zabala
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean

1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


“Eskola partikularren eskaera handia zerbaitek huts egiten duen sintoma da”

Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


2024-12-04 | Sustatu
EAEko 2. hezkuntzako ikastetxeetan mugikorrak debekatzeko eskatu du Altxa Burua taldeak

Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debeku bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.


Eguneraketa berriak daude