“Manifestu politiko bat bezain indartsuak dira nirekin daramatzadan kantak eta olerkiak”

  • Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.

    Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko kartoizko hodi batekin, zapalkuntzen aurkako zubiak eraikitzeko prest. Zaintza-lanetan jardun ondoren, EH Bildu Getxoko kulturartekotasun arloan ari da lanean.

     

Pello Maudo

2025eko martxoaren 10ean - 07:00
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2012ko martxoaren 8an, Kordobako (Argentina) emakumeen kartzelara joan zen Celeste Agüero, beste bi kiderekin, poesia xuxurlatzera. “Rock banda bat zegoen eta guardiek ez zieten presoei dantzatzen utzi. Gure txanda iritsi zenean, ezin izan zuten kontrolatu kartoizko hodi batek hedatu zuen alaitasunaren adierazpena”.

2024ko martxoaren 8an Mi abuela Venezuelako joropoa abestu zuen Agüerok Bilboko udaletxearen aurrean. “Atzamarrak dardarka hasi zitzaizkidan, hotzez eta nerbioz, emakume uholdeak gerturatzen ikusterakoan. A zer erantzukizuna! Gure amamen borrokan pentsatu nuen. Martxoaren 8etan gogoratzen dugu ez garela gutxi”.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?

Celeste naiz, Argentinakoa, eta gauza asko naiz. Kordoba inguruko auzo batean hazi nintzen, eskola kooperatibo batean. Gurasoek ez zutenez kuota ordaintzeko dirurik, eskolan egiten zuten lan trukean; oso baliotsua zen funtzionamendu komunitario horretan hazi nintzen. Liburuzaina, hizkuntza irakaslea, kantaria eta poesia xuxurlaria izan nintzen Argentinan. Auzoko liburutegiak ziren nire militantzia politiko eta sozial esparruak.

Gero haizeak gogor jo zuen eta duela sei urte eta erdi amaitu nuen Euskal Herrian. Euskararekin lehen harremana musika, poesia eta kulturaren bidezkoa izan zen. Pandemian hasi nintzen euskaltegian. Garazi Basterretxea nire bikotekidearekin kultura feministako tailerrak ematen ditut, Kilimar gure proiektuaren barruan, eta horren bidez ezagutu ditut nire erreferente diren kideak: Cony Carranza, Uxune Iriondo, Mujeres con voz elkartea, Euskal Herriko emakume migratuen kolektibo gehiago...

Alabaina, alokairua ordaintzea ez da samurra eta, hortaz, zaintza eta etxeko lanean aritu naiz orain arte. Proiektu pertsonal batek mugituta migratu nuen. Lehenengo bost urteetan lehentasuna paperak lortzea izan da eta nire arloko lana lortzea, jakinda sistemak hiru lauki atzeragotik abiatzera behartzen zaituela. Behin hori lortuta, militatzeko aukera gehiago izan ditut.

 Pello Maudo

Zein espaziotan?

Ukatu, Uribe Kostako LGTBQA+ taldeko kidea naiz. Horrez gain, duela bi urte Gernikan antolatu ziren Jatunaldietan parte hartu nuen. Lodiaktibismoaren berri izan nuen Argentinan, baina Buenos Aires nigandik urrun zegoen. Beldurtuta eta urduri joan nintzen Gernikara, baina zoragarria izan zen gorputz adierazpen tailerrak egitea “taldeko lodia” izan barik.

"Migratzen duzunean identitate berri bat sortzen da, migratzaile marroiarena. Argentinan irakasle izatetik nentorren, eta hemen zaintzaile gisa baino ez naute identifikatzen"

Nola eragin dio migrazioak zure nortasunari?

Migratzen duzunean identitate berri bat sortzen da, migratzaile marroiarena. Argentinan irakasle izatetik nentorren, eta hemen zaintzaile gisa baino ez naute identifikatzen. Jendea harritzen da Argentinakoa naizela diodanean, nire herrialdea zuria den ideia okerra dutelako. Gainera, lodia eta bollera bazara, pertsona bitxia zara.

Aurreko etxebizitzako auzokoa lehen aldiz agurtu nuenean, garbitzailea ote nintzen galdetu zidan. “Ez, jauna, zure bizilaguna naiz. Urte askotarako”. Ez diot meriturik kendu nahi zaintza lanari, ardura handia dakar eta nik ehuneko ehun eman dut, Argentinan egiten nuen irakasle lanean nola. Arazoa da atzerritartasun lege arrazistak inposatzen digun menderakuntzaren ondorioz egin behar dugula lan hori. Estatuak zokoratzen gaitu eta ultraeskuin faxistak gaitz guztien errua egozten digu. Oso zaila da diskurtso horiei bakarrik aurre egitea. Ondorioz, elkartzeko, aliatzeko eta doluan elkar babesteko behar handia daukagu. Pribilegiatua izan naiz ni, bertokoek zein migratuek harrera egin didatelako eta, hortaz, ez naiz babesgabe sentitzen. Baina pertsona migratu guztiak ez dira heltzen espazio horietara.

Zuen esperientziak askotarikoak dira, ez ordea immigrazioari buruz dugun iruditeria.

Gorputz marroi eta beltzei buruzko aurreiritzi horiek asko sumatzen dira egunerokoan. Kirrinka handia egiten dit "migrazioaren fenomenoaz" hitz egiteak. Gure umeak edo aitita-amamak zaintzen dituzten pertsona asko mota guztietako indarkeriek behartuta atera dira beren herrialdetik. Gizarteak ulertu behar du emigratzea giza eskubide unibertsala dela.

Beste aldean, atzerritarrek maiz ez dakite nora heldu diren. Lehen esperientzia espazio burokratikoetan da, botere-desberdintasuneko egoera batean: zu urduri zoaz, zure karpetatxoa paperez beteta, eta dagoeneko beste 700 pertsona artatu dituen pertsona bat duzu aurrean. Ongi etorri lana egiten duten elkarteak lepo daude. Egungo nire lanak aukera ematen dit pentsatzeko nola ahalbidetu ditzakegun elkar ezagutzeko  konfiantzazko espazioak.

"Estatuak zokoratzen gaitu eta ultraeskuin faxistak gaitz guztien errua egozten digu. Oso zaila da diskurtso horiei bakarrik aurre egitea"

Eta nola?

Auzoan barrena ibiliz, pertsona hurbila izanik, eta udalerriko oinarrizkoena errazten, esaterako, nola helarazi kexa edo behar bat. Erreferentziazko migratzaile bat izateak herritartasuna eraikitzen lagundu dezake. Hala ere, esan dudan bezala, udal guneetan parte hartu nahi izatea premiazko beharren ondoren dator: paperak, seme-alabak eskolan kokatzea, nostalgia eta migrazio doluari aurre egitea...

Getxon aniztasun handia dago, 50 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, eta gure jendearekin elkartzeko behar hori ere badago. Garrantzitsua da udalerrietatik egunerokotasun hori lantzea, konturatzea nire bizilagun migratzaileak era guztietako diskriminazioa jasotzen duela eta gaur egun edozein euskaldunek bizi dituen gaiei ere aurre egiten diela, hala nola alokairu- edo lan-baldintzei. Are gehiago, azentua entzuten dizutenean ez dizute etxea alokatu edo kontratua egin nahi. Erronka da gu entzutea eta auzokideak garela onartzea.

Erraza egiten zaizu antolatuta ez dauden emakume migratuengana gerturatzea?

Kale beretan ibiltzen gara. Behin, Getxophoton lan egin nuen garai batean, Ereagako hondartzan, iritsi berriak ziren 20 urteko neska etorkin batzuek galdetu zidaten argazki horiek zer ziren. Hiru haur zaintzen dituzte, egoiliar, esklabotzatik oso hurbil dauden lan-baldintzetan. Argazkien kontuagatik hasi ginen hizketan eta haien nekea eta prekaritatearen berri eman zidaten. Ereagako hondartza besterik ez zuten ezagutzen, umeekin egiten zuten paseotxoa zelako. Hori da askoren errealitatea XXI. mendean...

"Azentua entzuten dizutenean ez dizute etxea alokatu edo kontratua egin nahi. Erronka da gu entzutea eta auzokideak garela onartzea"

Bereziki Getxon…

Bai, Getxon badago oso ondo bizi den jende asko, eta jende horrentzat lan egitera datorren jendea ere bai. Borroka sozial handia egiten duten lagunak ere baditugu. Gurari Emakumeen Etxea inauguratu berri da, eta topagunea izango da, ahalik eta anitzena. Hori posible izan da Bilgune Feminista edo Mujeres con Voz bezalako mugimenduei esker. Abian Kultur Elkartea da kantatzen hasi nintzenean ateak ireki zizkidan gune euskaldunetako bat; baita beste kide migratzaile batzuei ere. Baina, jakina, herritarren beste sektore batekin asko landu behar da gorroto diskurtsoen eta arrazakeriaren afera.

70.000 biztanletik 9.000 erroldatutako pertsona migratzaileak gara (seguruenik erroldatu gabeko asko ere egongo dira). Gure kezka handiena da kaleko egoeran dauden 150 migratzaile ditugula, baita Uribe Kostan zehar baliabide bila dabiltzan beste batzuk ere. Negua oso gogorra izan da, zero azpitik lo egin dute eta elkarteekin batera nola erantzun ikusten saiatzen ari gara. Latza da ikustea herriko sektore bati egoera horrek elkartasuna pizten dion bitartean, beste bati gorrotoa pizten diola. Migrazioa delinkuentziarekin lotzen dute, hedabideek eta sareek sustatzen dituzten diskurtsoak errepikatuz. Beste aldean dagoenari ere, beldurra ematen dio agian gaizki begiratuko dion pertsona batengana hurbiltzeak laguntza eske.

 Pello Maudo

Gizarte honek migrazio handia jaso du Espainiako Estatutik, eta gaur egun arrazakeriaren aurkako betaurrekoak jartzeko erronka du. Aukera balego afera azalaren planora eramateko, ohartuko ginateke zurekin gustura banago, zugandik zerbaitek hunkitzen banau eta nik zerbait transmititzen badizut, ez duela axola gainerako guztiak.

Argentinatik itzuli berri zara. Nola aurkitu duzu panorama?

Ikaragarria izaten ari da. Borroka kultural eta zibernetikoa irabazten ari dira, Erdi Aroko eztabaidak mahai gainean jarriz, memoria historikoa edo Sexu Hezkuntza Integralaren Legea zalantzan jarriz. Hirurogeita hamarreko hamarkadan bezala, idazleak jazartzen dabiltza, haien liburuak debekatuz. Zerbitzu publikoak suntsitu dituzte hilabeteetan, munduko agenda markatzen ari diren nazioarteko aliatu indartsuekin. Bere jomugan feminismoa, LGBTIQA+ komunitatea eta pertsona migratuak daude…

"Getxon badago oso ondo bizi den jende asko, eta jende horrentzat lan egitera datorren jendea ere bai. Borroka sozial handia egiten duten lagunak ere baditugu"

... eta ekologismoa. Hau da, oso transbertsala da haien gorrotoa.

Bai, dena suntsitu nahi dute. Indarrak batzeko premia dugu. Barruko eztabaidak ahaztu barik, elkarrekin eseri behar gara akordioak lortzeko, egoera oso bortitza izaten ari baita, eta ezingo dugu bakoitzak bere uhartetik borrokatu.

Kontzertuak, hitzaldiak eta idazketa tailerrak antolatu dizkiozue Susy Shock Argentinako artista eta aktibista transari Euskal Herrian Kilimar proiektutik. Azaldu dezakezu nor den eta nola lortu duten emakume trans zein trabestiek halako erreferentzialtasuna Argentinan?

Hego globaleko emakume trabesti pobreek, prekarizatuek, osasun gabekoek, oso argi daukate gizartean funtzionatzen ez duen guztia, zuzenean sufritzen dutelako. Batez beste 40 urteko bizi itxaropena dute Argentinan. Laura Mollano nire auzokidea 30 urte baino gutxiagorekin eraila izan zen. Gizartearen gutxiespena eta poliziaren jazarpena bizi dute. Borrokaren eta heriotzen poderioz, ikusgaitasuna lortu dute egon beharreko espazioetan. Zendu diren erreferenteak ditut gogoan, hala nola Diana Sacayan edo Lohana Berkins, militantzia asko indartu zutenak. Susy Shockek ekarpen itzela egiten du kalean, kulturan eta eztabaida sinbolikoaren alorrean. Haur transekin aritzen da, poesia trabestia sortzen du eta Argentinako folklore tradizionala abesten du, oso maskulinoa eta matxista izan dena. Gainera, Fufu irrati proiektua sustatu du, ahots trabestiak protagonista dituen komunikazio-espazioa.

Argentinan ere trabestiak haserretuta egon dira feministekin, baztertuak izan direlako, baina egun indarrak batzeko apustu argia dute: eztabaida ditzagun amankomuneko hiru etika eta aurrera, faxismoak azkar egiten baitu aurrera.

 Pello Maudo

Argentinakoa abisu handia da guretzat, baina zaila da garaiz erreakzionatzea…

Argentinan ere kosta egin zen sinestea tipo honek irabaziko zuela, shock fase bat izan genuen. Indarkeria ekonomiko eta ezegonkor handia pairatu duen jende askok bozkatu du Mileiren alde, eta egun berriro bozkatuko lukete, sinestezina bada ere. Kriptobrena bezalako zerbait gertatzen ez bazaio, litekeena da hurrengo hauteskundeak ere Mileik irabaztea; ultraeskuinak badaki eta programatuta daukate. Guk, zer dugu programatuta epe luzera? Nola antolatu epe luzera, kontuan izanda gure gorputzek jasaten duten indarkeria? Feminista asko erbesteratu egin dira. Premiazkoa da lozorrotik ateratzea eta erantzun kolektibo bat ematea; ahaztu barik nor garen, zein indarkeriek zeharkatzen gaituzten, eta gure asanbladetan norberaren pribilegioak aitortzeari utzi gabe.

Zer ekarpen egin dezakete kantu herrikoiak eta poesia xuxurlatuak aitortza eta antolatze prozesu horretan?

Arte politikoa historiaren aurretik doa maiz. Komunio gunea ere bada, hunkitzen eta berdintzen gaituen komunikazio espazioa, kirolarekin ere gertatzen den bezala da. Argentinan, aurre egin behar izan diegun krisi ekonomiko bakoitzean ulertu dugu militantzian tresna artistikoak eta umorezkoak txertatzearen indarra.

Manifestu politiko bat bezain indartsuak dira nirekin daramatzadan kantak eta olerkiak: asanbladetara, tailerretara, kalera, nire lan berrira. Izan ere, diktadurek debekatu egin dituzte gure hegoaldeko borrokalari eta militante handien letrak, kantuok arriskutsuak zirelakoan. Gozamenari eta samurtasunari lekua egitea ere garrantzitsua da gure buruak ez iluntzeko eta mugimenduan mantentzeko. Musikak eta poesiak gu harritzen jarraitzeko gaitasuna dute, gure buruak esnatzeko eta ilusioa berpizteko: agian zerbait aldatuko da, agian zerbait berria etorriko da, agian patriarkatua garaitu dezakegu.

Eta poesia xuxurlatua?

Hain zalapartatsua bilakatu den mundu honetan, soinu oso leun batek bidaiatzen du kartoizko hodi baten bidez, norbaitek sekretu bat kontatzen dizunean bezala, eta zu beste modu batera ukitzen saiatzen da. “Ahaztu egin dut munduko zarata, xuxurlatu didazunean”, esan zidan andre batek kalean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Feminismo antimilitarista: ezinbesteko borroka Martxoaren 8an eta beti

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


Emakume bat lehen aldiz Lantzeko inauterietako Ziripot pertsonaia izan da

Lantzeko inauteri txikien kalejira ikusle guztien begietara urtero modukoa izan zen. Txatxoak, Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin herriko ostatuko ganbaratik jaitsi eta herritik barna bira egin zuten txistularien laguntzarekin. Askok, ordea, ez zekiten une historiko bat bizitzen... [+]


2025-03-05 | Leire Artola Arin
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Martxoak 8
Faxismoa borrokatzeko feminismotik indarrak batzeko deia

Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Irene Ruiz, Itaiako kidea
“Instituzioak beraiek ere badira oldarraldi matxistaren erantzule”

Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”

Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]


Eguneraketa berriak daude