49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute ibilbidea amaitu, aurten Ertzaintzaren kargak izan baitira berriz, eta manifestazioaren atzealdean zegoen jendetzak ezin izan du katedraleko ekitaldira gerturatu.
Astelehenean 49 urte bete dira Espainiako Poliziak Gasteizen Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Bienvenido Pereda, Jose Castillo eta Pedro Maria Martinez Ocio langileak erail zituenetik. Horien memoria egiteaz gain, Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo ere oroitu dituzte; Basauri eta Tarragonan M3ko sarraskiaren harira egindako manifestazioetan parte hartzeagatik erail baitzituen Poliziak.
Manifestazio jendetsua Zaramagan 18:30ean hasi bada ere, egunean zein astean zehar hamarnaka ekitaldi egin dituzte Gasteizko eragileek. EITBk jaso duenez, goiz-goizetik ekin diete omenaldiei, lore eskaintzarekin bertako elizako monolitoan. 18:00etan Martxoak 3 elkarteak urteroko omenaldia egin dio eta 18:30erako Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu lema zuen manifestazioa hasi da. Manifestazioak aurten ez-ohiko ibilbidea izan du, aurreratu genuen bezala, Zaramagako San Frantzisko elizatik –2025ean memoria gune izendatuko duten elizatik– ekin dio eta Katedral Berrian amaitu da. Manifestazio buruan "Inpunitatearen kontra justizia, egia, memoria erreparazioa" zioen pankarta bat zeramaten.
Berriz ere errepresioa
Hala ere, bertaratutako hedabideek jakinarazi duten bezala, ez dira manifestari guztiak Katedral Berriraino iritsi; aurten ere kargatu du Ertzaintzak. Manifestazioa Gasteizko etorbidetik barrena zebilela, Europako Jauregiaren parean Ertzaintza atzealdean zegoen jendetzaren aurka oldartu da eta ibilgailuekin manifestazioa moztu du. Manifestariek objektuak jaurti eta kontainerrak lurrera bota dituztela adierazi du Ertzaintzak. Naizeko Alaia Sierraren hitzetan, "ez zuten aparteko arrazoirik" bertan egoteko. Egindako "interbentzioaren" ondorioz hainbat jendek ezin izan du itxiera ekitaldira heldu.
Segurtasun Sailak jakinarazi du "kaputxadun talde batek hainbat objektu" jaurti dizkiela martxa "zaintzen" ari ziren ertzainei. Horiek "sakabanatzeko salbekin" erantzun dute. Ez dute zehaztu zein motatako jaurtigaiekin erantzun duten. Ertzaintzak egiaztatu du ez dela atxiloketarik izan eta eragileek ere ez dute adierazi halakorik izan denik.
Bigarren urtez jarraian hartu du esku Ertzaintzak manifestazioan, "aparteko arrazoirik gabe". Aurtengoan zauritu nabarmenik izan ez bada ere, aurreko urtean foam jaurtigailu batek 60 urteko emakume bat zauritu zuen ahoan eta legez kanpoko pilotak erabili ziren; Polizia manifestarien artean infiltratu zela ere jaso zen. Ertzaintzak iaz lau pertsona atxilotu zituen eta desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatu zizkieten, azkenean aske geratu ziren.
Aurten, 1976an Martxoak 3 plazako monolitotik gertu idatzitako Justizia hitza berridatzi dutela jakin da, hala ere, Arabako Aleak jakinarazi duenez, astearte goizean Gasteizko Udaleko langileek idatzita zegoena ezabatu dute.
Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]
1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]
Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.
ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko... [+]
Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.
Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]
Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]
Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.
Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]
Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.
Otsaila hilabete garrantzitsua izan da Gasteizko Martxoak 3aren Memoriaguneari begira. Hiru urteko prozesuaren ondoren, hilaren 14ean sinatu zuen Martxoak 3 elkarteak hitzarmena Gogora institutuarekin. Egun bat beranduago, Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren sorrera argazkia... [+]
Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza birmoldatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartutako diru-partida ez du erabiliko Eusko Jaurlaritzak, ez delako eraikinaren "jabe ezta onuradun ere". Hala, Martxoaren 3ko Memoriaren Gunearen proiektuak aurten ere... [+]
Unai Isasi Azkarraga (Amurrio, 1998) gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioaren testuinguruan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.
Urtero legez milaka lagun batu zen ostiralean Gasteizko kaleetan, 1976ko Martxoaren 3an hildako langileak oroitu, bizi-baldintzen okertzea salatu eta langile borroka aldarrikatzeko. Kalez jantzitako polizia ugariek tentsioak sortu zituzten, eta bi gazte atxilotu.