argia.eus
INPRIMATU
Mamen Rodrigo: “Pirritx eta Porrotxen zale sutsuak izaten jarraitzen dugu”
  • Nondik hasi elkarrizketa...

    Aizu, ez dakit azken hiru hamarkadak halakoak izan diren, baina nik hala ikusten dut neure burua: bizi, sutsu eta anitza.

    Has gaitezen, badaezpada, hasieratik: bazen behin Las Vulpes izeneko banda bat...

    ... ezagutza baino gogo handiagoa zuten neska gazteek osatua. Musika esperientzia paregabea bizitzeko aukera izan genuen. Handik aurrera proiektu bat bestearen atzetik hartzeko balio izan dit, gaur arte.

2010ko urriaren 30a
Mamen Rodrigo

Punk eta neskak, eskandalua noski.

Eskandalua izan zen inori minik egiten ez zioten lau neska punken kontura halako kalapita sortzea. Hitz egiteko edo salatzeko besterik ez balego bezala...

Ederra egin zenuten baina...

Meritua ez zen osoki geurea izan, komunikabide eta parlamentari espainiarren laguntza izan genuen. Seko aspertuta behar zuten denek. 

Eta punkak? Hiru akorde, abiadura eta aurrera!

Finean neska normalak ginen, mundua eta, batez ere, musika ulertzeko modu ezberdina zutenak.

83an Me gusta ser una zorra zen; 2003an Me gusta ser.

Eta Me gusta izango da 2023an. Hitzekin ere, beste hainbat konturekin bezala, less is more printzipioa aplikatu behar da, edo beste hau: aditzaile onari hizketak urri.

Garaiak ere aldatu dira: garatzea edo egokitzea?

Ez dut uste garaiak aldatzen direnik. Gu geu aldatzen garela esateko modua da... Nire kasuan, pasatzen den denboran egokitzeari Garatzea esaten diot, horrela, letra larriz.

Atzean utzi zenuen punka, rock koloretsua egiten duzu orain. Urteek ez dute barkatzen?

Barkatu edo ez barkatzea gizakion kontua da. Urteek egiten dutena da pasa, denbora bezala. Eta urteen joanarekin Puro Chile osatu dugu, orain bai, geure aurreko bekatu musikalengandik libratuko gaituena.

Seme-alabak dituzu orain: Las Vulpesen diskoa eskatzen badizute?

Jarriko diet. 2003an grabatu genuena eder askoa da eta soinu ona du gainera. Seme-alabei dibertigarria zaie ama punk gisa kantatzen imajinatzea.

Pirritx eta Porrotxekin ez dute aski?

Txikiak ere garatzen doaz eta musika gustuak zabaltzen, nahiz eta Pirritx eta Porrotxen zale sutsuak jarraitzen dugun izaten