Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi parkea eraikitzea eta Bartzelonako Prat aireportua handitzea. Bereziki azken urtean turismoa bera ere baino azkarrago hedatu den gai honek gogor zeharkatu ditu: lehortea.
Irakurle askok bisitatuko zuen noizbait Port Aventura parkea, edo entzungo zuen sikiera horri buruzko zerbait. Ikastetxe ugarik egiten dituzte bidaiak bertara, eta familia dezentek ere bai, haur, gazte eta heldu, entretenimendua erruz aurki daitekeelako bertan. Salou kostalde turistifikatua alboan egoteak ere laguntzen du. Eta nahiko ohikoa da eskualdean egonaldia egin eta Bartzelonara joatea gero, ordubete ingurura dago-eta autoz. Kataluniako turismo planen bide-orriak horra loturik doaz.
Hein batean asko ikusita dago Port Aventura, eta horiekin negozioa egiten dutenen larruan jarrita, pentsa daiteke “ikusiegia” egote hori arazo ez bilakatzeko beste bultzada bat behar duela erakargarri turistikoz beteriko zonaldeak. Horixe da Hard Rock proiektua –memoria egiten duenak gogoan izango du Eurovegas izan behar zenaren proiektua, bertan behera geratu zena–.
Hard Rock: kasinoak, apustu-etxeak eta hotelak, ur-eskasiaren garaiotan
Duela urte dezente hasi zen Hard Rock proiektuaren prozesua, auzitegietan ibilbidetxo bat egin zuen hasi eta berehala, baina badirudi itxura hartzen hasia dela, 2016tik aurrera esan daiteke, eta egungo ERCren Kataluniako gobernuak ez dizkio ateak itxi proiektuari.
Azken boladan areagotu dira hainbat gizarte mugimenduren protestak –Aturem Hard Rock (Gelditu Hard Rock, euskaraz), besteak beste–. Protesten eskutik eta proiektua gauzatzeko bidean egon daitekeenean etorri da Comúns-en tonu igoera, eta Generalitatearen gobernagarritasuna kinkan ipini da horrela. Datorren igandeko hauteskundeak, nolabait ere, horren erruz egingo dira; duela hilabete batzuk, gobernua babestetik oposizio gogorra egitera pasatu zen Podemos-Sumar espektroaren aterki den Comúns, aurrekontuak ezin izan zituen onartu gobernuak, eta hauteskundeak aurreratu baino ezin zuten egin ERCk eta Peré Aragonés presidenteak.
Hard Rock: eredu zaharra, ura tantaka dagoenean
Urteen joanaren eta protesten ondorioz, proiektuaren espazioa murrizten ari da: 825 hektarea aurreikusten ziren hasieran, eta azken hilabeteotako informazioek diote 70 hektarea izango direla. Hasierako proiektuarekiko ezkorrak ziren ezkerreko alderdiak, baina zenbaitzuk iritzia aldatu dute dimentsioak txikitzen joan ahala.
Hard Rock urbanismoa Port Aventuraren ondoan proiektatzen duten arren, ez du Port Aventuraren antzekotasunik izango aisialdi ereduari dagokionean. Izan ere, Hard Rock enpresa estatubatuarrak kasinoak, apustu-etxeak, merkataritza-zentro erraldoiak eta hotelak ipini nahi ditu espazio horretan; eta, aisialdiaren oinarrian apustu-etxe eta kasinoak egonik, biderkatu egin dira kezkak eta kexak. Espazioaren erdia hotelek hartuko lukete, La Vanguardia egunkariaren arabera.
Milioi bat metro kubiko ur baino gehiago xahutuko lituzke Hard Rock-ek urtean
Generalitatearen adarrekoa den Klima Aldaketaren kontseilaritzak emandako datu honek argi gorriak piztu ditu sektore batean baino gehiagotan: urtean 1.086.000 metro kubiko ur xahutuko lituzkete establezimendu horiek balizko Hard Rock eremu horretan. Katalunian ez dira garai onenak urarentzat; otsailean larrialdi egoera ezarri zuten historiako lehorterik okerrenengatik eta etxeetako ur kontsumoa mugatu zen, baita laborantza, industria edota aisialdirako erabiltzen dena ere. Udako sasoiari begira are aurreikuspen okerragoak dituzte. Bartzelona, Girona eta Tarragonako urtegiak haien biltegiratze gaitasunaren %22an zeuden joan berri den apirilean –azken hamar urtetako batezbestekotik oso urrun, %76–.
ERC aipatu dugu lehen, baina ez da proiektua isilean onartzen ari den alderdi bakarra. Esaterako, Tarragona Digital hedabideak jasotzen duen moduan, Salouko alkate Pere Granados (Sumem per Salou – PSC) proiektuaren alde mintzatu da sarri. ERCko diputatu batek otsailean esan zuen aisialdiak ez zuela izan behar "lehentasun", eta Granados bere aurka mintzatu zen aho bizarrik gabe; handik egun batzuetara Pere Aragonés presidenteak esan zuen baietz, Hard Rock-en proiektuak aurrera egingo duela gobernuaren partetik. Granadosek esana du 2027an zabalduko dela Hard Rock-en parkea. Proiektuaren oso aldekoa da, bistan da, Alderdi Sozialistako kide eta Sumar-Podemosi esker gobernatzen duen alkatea.
“Aireportua handitu behar da”
Hard Rock proiektua, gauzatzekotan, turismo masiboa asebetetzeko tresna bat gehiago izango da. Horrelako makroproiektu batek eskatuko du era berean bisitari kopurua igotzea, eta baliabideak bideratu beharko ditu gobernuak horretara. Badago alderdi politikoek publikoki nabarmentzen duten arazo bat: Bartzelonako Prat aireportua. Txikiegi geratu zaiela diote, bereziki Europarekin eta Asiarekin inoiz baino lotura gehiago ezartzen ari direla argudiatuta. Datozen igandeko hauteskundeen osteko lau urtekoa markatuko du aireportuaren aferak, itxura guztien arabera hedatzeko obrak abiatuko dituztelako.
Bartzelonako Prat aireportua: teknikoki maximoetara iristen ari denez, handitzearen alde daude gobernura hel daitezkeen alderdiak
PSCren hautagai Salvador Illa –pandemian Espainiako Osasun ministro izandakoa–, inkesta guztien arabera hauteskundeak irabaziko dituena, honela mintzatu da kanpaina ekitaldi batean: “Aireportua handitu behar da, baita errepideak ere, baina batzuek nahiago izan dute prozesua blokeatu [ERCri buruz ari da]. Nola etorriko da jendea? Patinetean? Europako seigarren aireporturik bisitatuena daukagu. Nola galduko dugu hori?”.
Gainezka dagoela diote Bartzelonako Prat aireportua. Iaz, 50 milioi bisitari eduki zituen –2022an baino %19 gehiago–, eta bertako agintaritzak ohartarazita dauka teknikoki maximoetara heltzen ari dela –55 milioi bidaiari lirateke horiek–. Urte batetik bestera hainbeste igo bada, 2024ari begira proportzio berdinean egingo bagenu igoera, 59 milioi bidaiarik pasatu beharko lukete aireportutik. Hipotesiak baino ez dira. Momentuz, datu hauxe egin dute publiko: aurtengo apiriletik urrira bitartean, urteko seihileko indartsuenean turismoaren ikuspegitik, iaz epe berean baino ia %5 hegaldi gehiago programatu dira. Txiki geratuko da beraz 50 milioi bisitariko langa.
PSCren mezua entzunda, eta hauteskundeak irabazi eta gobernua osatzeko aukera badute, pentsa daiteke aireportua bai edo bai handituko dela datozen urteetan. ERCren Kataluniako Gobernuak abiatu ditu negoziaketak Espainiako Gobernuarekin –PSCren ustez, “mantso”–, baina bidean dira. Beraz, espero daiteke epe motzean handituko dela aireportua; urtebeteko epea eman diote elkarri.
Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]
Esan ohi da uda sasoia parentesia dela politikan. Agian politikaren ikuspegi instituzional hutsa duenak pentsatuko du horrela, baina oraindik ere amaitzear den aurtengo udak eman digu zer aztertu.
Uda sasoia hasteko zela osatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomia... [+]
Salvador Illa Generalitateko president izendatzeko oinarrietako bat PSC-ERC arteko ituna izan da. Ez da itun subiranista inondik ere, baina hainbat alorretan ate berriak zabal litezke, ohikoa den PSC-PSOEren balaztaren estrategia politikoa berriz ere nagusitzen ez bada,... [+]
Baratzerako udako nagiak astindu ditzagun. Lehen udazkenean izaten zen sagardoaren txotx denboraldiaren hasiera, orain neguaren zilborrean izaten dugu. Ezagun katalanen bat duen edozeinek pentsa dezake sagardo gozoa calçot tipula erreekin dastatzeko atzeratu eta sortu... [+]
Irailarekin batera badator ikasturte berriaren hasiera eta milaka haur eta nerabek ikastetxeetarako bidea hartuko dute berriz ere, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste, baina denek euren azterketak eta lezioak motxilan dituztela. Beste hainbeste espero zitekeen euskal... [+]
Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz... [+]
2017tik Bruselan dago Kataluniako presidente ohia, baina itzultzea erabaki du Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura eztabaidarako. “Normaltasun demokratikoko baldintzak ez” izatea salatu du, eta aipatu du itzultzeak suposatzen duen atxiloketa arriskua.
Zerbaiti edo norbaiti agur esatea abandonuarekin, amaierarekin eta, azken batean, dolu-prozesuarekin lotutako ekintza izan ohi da. Seguru noizbait esango zenutela –edo norbaiti entzungo zeniotela– “ez zaizkit agurrak gustatzen” esaldi tipiko eta topikoa... [+]
2017ko erreferendumaren harira, U-1aren auzi judizialean diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei ez zaie Amnistia Legea aplikatu behar, Espainiako Auzitegi Gorenaren esanetan. Puigdemonti ez ezik, Junqerasi, Romevari, Bassari eta Turulli ere eragiten die ebazpenak.
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]
Telefono-konpainiek serieko gurasoen kontrola nahitaez sartu behar dutela arautu du Espainiako Gobernuaren lege berriak. Legea aurrerapausotzat jo du kooperatibak, baina azpimarratuta ez duela ezertarako balioko gazteek hezkuntza digital egokia jasotzen ez badute.
Setio egoeran bizi gara euskaldunok eta katalanak Espainiako Estatuan, eta gainera ez dugu horren kontzientzia argirik, uste dut. Katalunian hori oso nabarmena izan da azken hauteskundeetan eta ondorengo egoeran.
Benetan aztertzeko modukoa da gertatu dena: Espainiako botere... [+]
ERCk hamahiru parlamentari galdu ditu joan den igandeko hauteskundeetan eta barne krisia ate joka du. Pere Aragonés Generalitateko jarduneko lehendakariak dimisioa aurkeztu du dagoeneko eta lehen lerrotik erretiratuko dela iragarri du.