Norberaren barne-barnetik agerturiko sentimendu sakon eta sanoa omen da maitasunarena. Esfera pribatuan eta intimoan zokoratu ohi ditugu maitasun-harremanak. Ordena hori aztertzeko, galdekatzeko, bestelakotzeko eta iraultzeko saiakeretan dabiltza aspaldian feminismotik. Sistemak modelaturiko pentsamendua ere badelako maitasunarena, gurean erromantizatuta eta heteroaraututa duguna.
Harreman afektiboei eta zehazkiago gure jendartearen zutabe indartsua den bikoteari begira jarri ziren maiatzean, Paf! elkarte feministak Baionan antolaturiko Loverdose festibalaren baitan. Sentimendu puru, eder, sakon eta sano gisa presentatu ohi den maitasuna desakralizatu eta bere alde kulturalaz eta politikoaz luze eta zabal aritzeko ariketa izan zen. Azkenean, bikotearen esparrua diskriminazioak eta zapalkuntzak bideratzeko esparru ere badelako. Barne-barnetik sorturiko sentimendu hori sistemak elikaturiko eta akuilaturiko osagaia ere badelako. "Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zerendako uztartzen dira menpekotasun-harreman ezberdinak?" galderari erantzun zioten EHUko antropologo Mari Luz Estebanek, Parisko unibertsitateko soziologo Celine Bessièrek, kazetari Christelle Murhulak eta abokatu eta desgaitasuna duten pertsonen aldeko militante Elisa Rojasek; eta "Zein dira alternatibak gure harreman afektiboentzat bikote heteronormatibotik haratago/at?" galderari, berriz, kazetari eta bollera aktibista Irantzu Varelak, kazetari eta trans militante Tal Madestak eta post-porn aktibista eta ikerlari Rachele Borghik. Guziak dira feminismoan arituak eta adituak.
Guziek zuten nabarmendu bikotea jendartetik bereizi eta bakarrik horri begiratzeak dakarren zailtasuna, hain zuzen, biak direlako errotik lotuak, elkarren parte direlako, eta batak bertzea behar duelako irauteko. "Maitasun pentsamendua" kontzeptua teorizatu du Estebanek justuki bikotezentrismoak eta horren erromantizazioak beraien baitan gordetzen dutena azaleratzeko: "Maitasunaren bidez ez dugu bakarrik arautzen zer nolako harremanak ditugun edo bikotearekin bizi garen, baizik eta nola bizi garen, bizia nola antolatzen dugun, lana nola antolatzen dugun... gizartearen egitura guziak hortik abiatzen direlako".
2011n Bellaterra argitaletxearekin plazaratu zuen Critica del pensamiento amoroso ("Maitasun pentsamenduaren kritika") liburuan honela definitzen du maitasun pentsamendua: "Maitasunaren inguruan eratuko liratekeen sinbolo, nozio eta teorien multzo artikulatua, zeinak gizarte espazio guziak iragaziko lituzkeen, instituzionalak barne, jendearen jardunetan eragin zuzena izanik, eta genero, klase eta etnia harreman ezberdintzaileak eta desioa, identitatea eta subjektua ulertzeko modu zehatza eta heterozuzena egituratuz". Maitasunaz hitz egiterakoan, sistema bere osotasunean hartzeko beharra azpimarratzen du Bessièrek ere, "maitasun-harremanen izaera ez dugulako bestelakotuko jendartearen antolaketa transformatu gabe". Nola ez, maitasun erromantikoa heteroarauarekin doa eskuz esku –guzia egituratzen duen pentsamendua, hori ere–. Genero antolaketaz gain, klase sozialaren, etniaren eta gaitasunaren araberako banaketa sozialei begiratuz gero, argi geratzen dira jendarte-bereizkeriak bideratzen dituen espazioa dela maitasuna, eta bikotezentrismoa beharrezkoa duela sistemak.
"Kapazitismoa da pertsona elbarrituok jasaten dugun zapalkuntza, jendartea antolatzen dutelako pertsona 'gaituek' pertsona 'gaituentzat'. Botere-harreman batean gaude eta pertsona 'ezgaituok' gehiengo handian baztertuak gara". Zapalkuntza horren kontrako militantea da Rojas, eta dioenez, maitasun afektibo-sexualen esparrua ez da kapazitismotik aparte: "Pertsona ezgaituok, –are gehiago emakume ezgaituok–, hastapenetik ditugu maitasunera heltzeko hamaika traba. Guziok ez dugu berdin eskuragarri maitasuna". Hasteko, maitasun erromantikoak bideratu desira hegemonikoari segi, gorputz ezgaitu bat ez delako maitagarria: "Harremanen merkatuan dugun sailkapena izugarriki txarra da; iruditegiari segi, ez garelako ama onak, ezin gaituztelako garaikur gisa plazaratu, ez garelako desiragarriak...". Iruditegi horrek pertsona ezgaituei eragiten diela dio, "autogutiespen" dinamikaren espiralean sartuak direlako gehiegitan: "Guhaurk irudi okertua daukagu geure buruaz; alde guzietatik daukagun iruditegiak eragiten digu. Funtsean, pertsona elbarrituak ia inoiz ez dira bikotean irudikatzen". Zentzu berera doa, "bikotearentzako zama izatearen ustearen eragina".
Eta nahiz eta guzi horri muzin egin, dena dela, "sozializaziorako espaziotarako irisgarritasun eza" dute parean. Bakartze bortitz hori ez dute arindu teknologia berriek, nahiz eta batzuk aurkakoa uste ukan: "Botere-harremanak errepikatzen dira jendeak ezagutzeko aplikazioetan eta indarkeria anitz topatu dezakegu".
Murhularen lehentasunetan ere da ohartaraztea zapalkuntza-sistemek zeharkaturiko eta bideraturiko esparrua dela maitasunarena. 2022an plazaraturiko Amours silenciées. Repenser la révolution romantique depuis les marges ("Isilduriko maitasunak. Iraultza erromantikoa birpentsatu ertzetatik") liburuan ondokoa idazten du: "Maitasuna merkatu bat da, 'fisiko onaren' pribilegiotik edota kokapen sozial egokitik urrunago izan eta are gutxiago desiratua izango zara. Ados, nozio horrek ez lituzke gure gogo eta ideiak estrukturatu beharko. Alta, maitasun harremanen hasiera anitzetan kausitzen ditugu. Emakumeok ez dugu modu berean eskuragarri desioa, eta arrazializatuak bigarren mailan gaude, are gehiago erakarpen sexual soilaz haratago begiratzerakoan".
“Monogamiaren ideia zentralena ez da
esklusibotasuna, baizik eta hierarkia. Bikotea
edozein harremanen gainetik ezarrita dago”
Mari Luz Esteban
Murhularen ustez, begirada intersekzionala eskas zaio esparru horri begiratzen dion irakurketa politiko feministari: "Maitasun harremanetan diren dominazioei begiratzerakoan patriarkatuaren aurkako borrokak hartzen du leku nagusia, eta beste zapalkuntza-sistemak planteatzeko lekurik ez dago. Ideia horren harira, Brigitte Vasalloren ideia bat dakar Estebanek: monogamiari begira planteatuak izan daitezkeen alternatibei begira ere guziak ez gaudela berdin kokatuak. "Polimaitasunaz anitz hitz egiten dugu, baina zergatik kritiko gara poligamiaz? Etnozentrismo eta arrazismo asko dago beste kulturetan diren alternatibei pentsatzeko orduan".
Moya Bailey ikerlari afroamerikarrak 2008an teorizaturiko misogynoir edo misoginobeltz kontzeptuak bikote harremanei begiratzeko ere balio duela dio Murhulak. Emakume beltzei mugatzen den diskriminazio multzoa izendatzeko terminoa da, hain zuzen, patriarkatua eta arrazakeria batzen dituen begirada baztertzailea delako. Murhulak argi du: "Erroturiko usteen artean dago emakume beltzontzat maitasuna ez dela existitzen, ez zaigula eskuragarri, azkenean, emakume zurientzat delako". Frantziako Estatuan unibertsalismoak pisu anitz du eta horren arabera, emakumea "zuria, zis-a, heterosexuala, klase ertain-altukoa eta argala" delako.
Bere aldetik, bikote heterosexualen baitan diren ezberdintasun ekonomikoei begiratzen die Bessièrek, eta gehiago jakin nahi izanez gero Le genre du capital. Comment la famille reproduit les inégalités ("Kapitalaren generoa; familiak nola birproduzitzen dituen desberdintasunak") liburua idatzi zuen 2020an, Sibylle Gollac lankidearekin.
Ondoko datuak dituzte esku artean: gizon eta emakumeen arteko diru sartzeen aldea %25koa bada Frantziako Estatuan, bikote heterosexualen baitakoa, ordea, %42koa da. Nolaz? Erreprodukzio-lanen banaketarengatik: bi herenak emakumeak egindakoak dira –jakinik lan hori ez dela ordaindua–. Horrez gain, elkarbizitzako gastuak erdi-erdi ordaindu beharrean bi soziologoen ikerketek erakusten digute emakumeek diru gehiago bideratzen dutela osasun-gastuei, umeen beharrei ala bestelako zaintzei. Hori horrela, diru-sarrera ttipiagoak eta gastu handiagoak izanik, gutiago aurreztu dezakete emakumeek. Banatzen direlarik begibistakoa zaie ezberdintasun bortitz hori: %23az pobretzen dira emakumeak eta %3az gizonak –gizonen herena aberasten da!–. Ondareen jabetzan ere desberdintasunak gora doaz (jabetza partekatua bermatzen du ezkontzak, baina gutituz doazenez eta gehiago dibortziatzen denez, bikotearen baitako arrakala garatuz doaz): %9tik %16ra pasa da 1998tik 2015era arrakala.
"Bikote heterosexuala lan espazio bat da emakumeentzat. Dimentsio ekonomiko horrek garrantzia handia du. Hori horrela izanen deino bikotea ez da askatzailea izanen eta sexu-iraultzarik ez da gertatuko", Madestaren ustez. Bikotea bortizkeria handiko espazioa izan daitekeela oroitarazi beharra dago: "Maitasunaz eta bikote ereduez ezin dugu solastatu guzia ongi joango balitz bezala. 'Maitasunaren izenean' bideraturiko indarkeriak daude, egoera batzuk hilgarriki arriskutsuak dira", Bessièreren hitzetan. Madestak ere bere amaren adibide konkretua du buruan, bizi osoa gizon bortitz baten ondoan pasatakoa: "Argumentu ekonomikoa instrumentalizatzen dute gizon bortitzek, emakumea ondoan mantentzeko asmoz. Espazio oso anbiguoa da, indarkeriaz gain, ekonomikoki baliabideak ere ekarri ditzakeelako eta ez da guziei emana bertatik alde egitearena".
Baina zapalkuntza eta diskriminazio horiek guziak gorderik atxiki ohi dira. Sentimendurik puruena eta gorena delako maitasuna, barru-barrutik sorturikoa, betetzen gaituena eta bikotea topatuz gero "ongizate" hori bizitzea, eta hala ez bada, performatzea delako bidea. Hainbeste non eta bikoterik ez duen pertsona "gabezia" batean irudikatua den. Zergatik? Maitasun erromantikoaren pisuagatik. Sistema heterozispatriarkal eta kapitalistak ezinbestekoa du mito hori; guzia bideraturik du horretara, Estebanen hitzetan "sistemaren argamasa delako maitasunaren pentsamendua".
Bikote eredu hegemonikoaren iruditegian agertu ez arren, maitasun erromantikoak osaturiko ideala lortu nahian egon izana aitortzen dute Murhulak zein Rojasek ere; azkenean, fikzio erromantikoz saturatuak garelako eta eragiten digulako guzioi, baita iruditegi horretan ia inoiz agertzen ez direnei ere. Paris inguruko banlieue edo hiri inguruko auzo popularrekoa den Murhulak kontatzen du nola erromantizazioari segi, liburu, film edo serietan bikotearekilako lehen hitzorduak kafetegi politetan eman ohi diren, baina beren errealitatean horrelako leku erromantikorik ez dutela eta kebab edo MacDonald´s-ak izan ohi dituztela lehen topaleku. Hots, mendebaldetarron erromantizazioa ez dela denon errealitatea.
“Pertsona ezgaituok, are gehiago emakume ezgaituok, hastapenetik
ditugu maitasunera heltzeko hamaika traba”
Elisa Rojas
Hain da sistema kapazitista eta arrazista –eta beraz, gaitua eta zuria– eta hain da maitasun pentsamendua guziaren argamasa, non bikotean izatea normalizaziorako pauso gisa ere ikusia izan daitekeen." Bikotea norma izanik, bikotean izatea normalizatzaile ere da, ertzetatik urruntzeko balio digu. Pausatu beharreko galdera hori da: zergatik nahi dugu bikotean izan? Ordena sozialetik at kokaturiko desira pertsonal bat da edo baloratzen gaituen zeozer erreproduzitu nahi dugu?", Rojasen hitzetan. Maitasunari buruzko bere bizipenak eta gogoetak biltzen dituen Mister T et moi ("Mister T eta ni neu") eleberrian modu eskuragarrian kontatzen du maitasun erromantikoaren eragin kaltegarria.
Pentsamendu monogamoa dugu antolaketa horren ezinbesteko zutabeetariko bat. Brigitte Vasallo idazle eta kazetariaren ekarpenak garrantzitsutzat ditu Estebanek. Ohartarazten digunari segi, "monogamiak gure gizartea antolatzen du, eta azpimarratzen du monogamiaren ideia zentralena ez dela esklusibotasuna, baizik eta hierarkia, bikotea edozein harremanen gainetik ezarrita baitago. Monogamiak piramidea ezarri egiten du". Are gehiago, pentsamendu erromantiko horrek maitasuna jartzen du elkartasuna, justizia ala bestelako balio garrantzitsuen gainetik eta hor ere hierarkizazio arriskutsu bat osatzen du. Maitasun-harremanen piramidea apurtzea ezinbestekoa da, bikotearen –eta horren inguruan eraikitako familia nuklearraren– zentralitatea irauli eta bestelako maitasun-harremanei eta balioei merezi duten lekua bideratzeko, eta hortik bestelako elkarbizitza batzuk garatu ahal izateko.
Bizikidetzari bestelako begirada batetatik so egiteko beharra azpimarratzen du Estebanek: "Gaur egungo alternatiba batzuk ez daude maitasunaren inguruan eraikiak eta interesgarriak dira. Maitasunetik at pentsatu behar ditugu bai bikotea, bai bizikidetza, bai elkartasuna. Hori delako, hain justu, gure tranpa: taldea sortzeko maitatu behar dugula jendea. Pentsatu dezagun maitasuna ez dela elementu nagusia, sartu ditzagun beste osagai batzuk eraikitze horretan, eta gero ikusiko dugu zer egin maitasunaz". Zentzu horretan enpatia interesgarria zaio, hori delarik gizakiak beste pertsona baten tokian jartzeko edota sentitzen duena antzemateko ahalmena. Besteen beharrizanak, sentimenduak eta arazoak ulertzeko eta beraien erreakzio emozionalei egoki erantzuteko gaitasuna da. Enpatiak harremanetarako eta bizikidetzarako "munta" handia ukanik, landu eta garatu beharreko osagaia dela dio Estebanek. Borghik aipaturiko Zaintzaren manifestua (The Care Collective taldeak idatzitakoa) izan daiteke zentzu horretara doan proposamen bat.
Bizikidetza hori monogamiaren pentsamendutik at eraikitzeko bidean, enpatiaz gain kolektiboak duen garrantzia azpimarratzen du bere aldetik Varelak. "Alternatiba indibidualik ez dagoelako". Silvia Federiciren ekarpenak oinarri harturik, oroitarazten du kapitalismoaren, monogamiaren eta indibidualismoaren arteko lotura. "Modu kolektiboan pentsatu behar dugu bizitzan; kapitalismoak esaten digu modu indibidualean bizi behar dugula, baina indibidualismoak pobretu egiten du bizitza. Bakarrik zaudenean errazago garaitzen zaituzte; zeure bizitza besteenarekin lotuta dagoenean has zaitezke mundua aldatzen", Federiciren erranetan. Kolektiboki aritzea, ordea, "mundua berriz liluratzea" dela dio.
Madestak ere bat egiten du bikotea erdigunetik kentzeko ideiarekin; funtsean, hori da bere Désirer à tout prix ("Desiratu, bai ala bai") liburuan sakondurikoa. Trans identitate politikotik mintzo dela, "familia aukeratuaren" indarra azpimarratzen du: "Transok etxetik kanpo ezarriak garenean, beste familia bat atzeman beharrean gaude, hori edo isolamendua delako, hori edo heriotza, hori edo marjinazioa. Baztertua izateak behartzen zaitu kontakizun berrietara, bide berrietara eramaten zaitu. Bikoteaz, maitasunaz ala dena delakoaz gogoetatzeko espazioak dira ertzak". Transen artean suizidio saiakera tasa %40koa dela gogorarazten du, bestelako maitasun-harremanen garrantziaz ohartarazteko: "Ez dakit laguntasuna iraultzailea den, baina biziak salbatzen ditu".
“Pertsona berari eskatzen dizkiogu sexua, pasioa, elkarbizitza, aisialdia eta logistikan partehartzea.
Ezinezkoa da, hori
deseraiki behar dugu”
Irantzu Varela
Harremanen piramidea iraultzearen parte da bikote eredu alternatiboak asmatzea. Gogoetak, saiakerak eta proposamenak badaude eta berriak ere izanen dira. Aspaldian dabiltzalako feministak eta bollerak bide berriak irekitzen. "Heterosexualitatea erregimen politikoa izanik, hori teorizatu zuten Monique Wittigek edota Adrienne Richek, adibidez, horri begirako modelo alternatiboak bazterretatik planteatzea ez da harrigarria". Pentsamendu heteroarautuan ez direlako kabitzen –eta ez dutelako kabitu nahi–: "Ez dugu koadro zikin horretan egon nahi, bizigarria izanen den bestelako mundu bat nahi dugu, utopia bat", Borghiren hitzetan.
Bikote eredu alternatiboei gogoetatzeko orduan ondokoa proposatzen du Varelak: bikotetik guzia itxoin beharrean, harreman ezberdinen artean banatzea. "Maitasun erromantikoak, bere horretan dauka akatsa, pertsona berari eskatzen dizkiogulako bost betekizun: sexua, elkarbizitza, pasioa, aisialdirako konpainia eta biziko logistikan parte hartzea. Horrek ez dauka itxura onik. Hori deseraiki beharra dugu, osagaiak bereizi eta pertsona ezberdinetatik espero behar ditugu". Guzia pertsona bakarraren gain jartzea indibidualista izateaz gain, kapitalista eta patriarkala dela gehitzen du. Horregatik ere zaio subertsiboa eskakizun horiei kolektiboki erantzutearena.
Estebanek, bere aldetik, oroitarazten ditu William Jankowiak antropologoak piramidearen puntaren puntan den pasiozko maitasuna definitzeko zerrendatzen dituen lau osagaiak: idealizazioa, erotizazioa, intimitaterako nahia eta irauteko gogoa. Uste du Jankowiakek proposatzen dituen lau aldagai horiek edozein harreman afektibotan topatu daitezkeela, eta betaurreko horiekin begiratu behar zaiela harreman ezberdinei –nahiz eta lagunak edo senidea erotizatzeko ezintasuna sentitu, ariketa egiteak harremanen piramidea galdekatzera garamatzala dio–: "Nire proposamena litzateke definizio eta osagai berak baliatzea edozein harreman kalifikatzeko, maitatzeko aukera guziak horizontalizatu eta bikote-harremanaren supremazia neutralizatze aldera" (Maitasuna erdigunetik kanpo. Maitasun-ideologia arrozteko dekalogoa (2019)). Nonbait, erromantizismoa hobeto erregulatzeko.
Iruditegi berrien beharra aldarrikatzen du Borchik, bi idazki esanguratsu dituela esku artean: "Samurtasun erradikalaren manifestua" (The Radical Tenderness Manifesto (2015)) eta "Maitasun queer-en manifestua" (Manifiesto de los Amores Queer (2010)). Zentzu horretan, post-porn esparruak bideak eta begiak ireki zizkiola dio: "Gorputzak eta fluidoak partekatzea normalki partekatu ezin diren horiekin... horrek paradigmen aldaketa ahalbidetzen digu. Aitortzen dut ez dudala inoiz lagunekin horrelakorik partekatu, baina, egin ahal dezakedala jakiteak laguntzen nau bestelako begirada bat garatzen".
Baina iruditegi berriak eta alternatibak nola babestu ditzakegu guzia berreskuratzeko eta bere aldera eramateko gaitasuna duen kapitalismotik? Galdera hori ere luzatu zitzaien hizlariei. Indarrak errekuperazioa saihestera bideratzeko ordez, agenda politikoaren kontrolean jarri behar direla uste du Varelak: ez dezala kapitalismoak erabaki borroka hori nola, noiz eta non eraman.
Kapitalismoaren errekuperazioan bezainbat faxismoarenean ikusten du arriskua Madestak. "Neoliberalismoaren piezaren bi aldeak dira kapitalismoa eta faxismoa edo mugimendu erreakzionarioa". Frantziako Estatuari begira dagoela, argi dauka trans identitateari buruzko agenda politikoa aurkakoek dutela bideratzen. "Ahotsa lapurtua zaigu, lehen pertsonen ahotsa lapurtzeko joera dute kapitalismoak eta faxismoak". Lanabes gisa, Costanza Spinak ekainean plazaraturiko Manifeste pour une démocratie déviante. Amours queers face au fascisme ("Demokrazia desbideratu baten aldeko manifestua. Maitasun queer-ak faxismoaren aurka") saiakera gomendatzen du. Borgik erradikaltasuna begibistatik ez galtzeko garrantzia azpimarratzen du: "Alternatibak errekuperatuz gero, berriak asmatuko ditugu. Bai, nekagarria da borroka, eta justuki, horregatik dira inportanteak kolektiboa eta plazerra".
Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.
Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]
Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.
ARGIAko erredakzioko kideok podcast, film, serie eta dokumental hauek gomendatzen dizkizuegu.
Klima larrialdiarekin eta energia krisiarekin gure bizi ohiturei buruzko galderak sortu zaizkigu: Zenbat bidaiatu eta nola? Josu Iztueta bidaiari ezagunak kontraesanen ispiluaren aurrean jartzera gonbidatu gaitu, tonu goxoan eta irribarre xamur batekin: “Ikusi beharra dago... [+]
Zehazten gaitza den 2023ko egunen batean gogora ekarri beharrekoa izango litzateke; baina, itxura guztien arabera, oharkabean geratuko da. Baina gogoan izanda edo izan gabe, aurtengo urriaren 1ean 74 urte beteko ditu Txinako Alderdi Komunistak Herri Errepublikaren erabateko... [+]
ARGIAko lantaldearen eskutik, hiru disko proposatzen ditugu uda honetarako.
Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]
Zer da droga eta zer ez? Zer-nolako eragina dauka drogak inguruan? Horren bueltan mintzatu dira Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001), Maialen Alvarez (Ermua, Bizkaia, 1994) eta Ander Sagardoi (Iruñea, 1994). Drogarik kontsumitu ez arren, drogak inguratzen ditu; batez... [+]
Ekainaren 3an Euskal Liburu eta Disko Azoka egin zen Ziburun. 2020ko hauteskundeetan aldaketa handia izan zen Lapurdiko kostaldeko herrian: abertzaleak nagusi dituen Ziburu Bizi zerrenda irekiak hogei urteetako gehiengoa irauli zuen. “Erakutsi behar dugu gai garela herriko... [+]
Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]
Erdiz edo Erdizaga. Bertara eramaten dute azienda abeltzainek, Baztango bazkaleku hoberenak baitira hango larreak. 476 hektareako bazkalekua. Erregerena mendigunearen baitan kokatua, Baztan eta Esteribar haranen mugan. Herri lurrak dira, baztandar guztiek erabiltzen ahal... [+]