Martxoaren 18ean okupazioaren inguruko hainbat mugimenduk Lehertu Gasteiz dinamika aurkeztu zuten. Azken urtean hiriko espazio okupatuen aurka egin dute udalak eta Udaltzaingoak, eta okupazioaren aurkako kriminalizazioa areagotu egin da Euskal Herrian. Horren aurrean, okupazioa eraldaketarako eta krisi ekonomikoari erantzuteko erreminta bezala aldarrikatu zuten. Maiatzaren 15eko manifestazioak emango dio amaiera dinamikari. Horretaz guztiaz hitz egin dugu Aitziber Romero eta Josu Ramos ekimeneko kideekin. Idatziz erantzun dituzte ARGIAren galderak.
Nortzuek bultzatzen duzue Lehertu Gasteiz dinamika, eta zerk batu zaituzte?
Lehertu Gasteiz Sumendi espazioak, Gazte Emantzipazio Sareak, Gaztetxeak, Talka proiektu feministak, Errekaleor auzoak eta Auzolana pilotalekuak osatzen dugu. Gutako bakoitzak izateko modu berezitua dauka, baina baditugu amankomuneko ezaugarriak. Urteak dira Gasteizko Gaztetxeak hiriko eskaintza kultural eta musikala elikatzen duela, Auzolanari esker frontoian hamaika jarduera egiteko aukera dugula, bizitza eredu jasangarri eta errebeldea errealitatea dela erakusten duen Errekaleor auzo askea eraiki genuela, etxebizitzen gaineko espekulazioa salatzen dugula, espazio hilak berreskuratu eta bizitza ematen diegula… Gasteiz gaur egun bezalakoa bada, kolektibo horien guztien urteetako lanari esker da, zalantzarik gabe.
Osasun krisia hasi zenetik, azken urtean Gasteizko Udalak eta Udaltzaingoak okupazio mugimenduaren eta espazio okupatuen aurkako erasoak egin dituztela salatu duzue. Zeintzuk dira eraso horiek eta zer ondorio izan dute?
Pandemiaren testuinguruan eta osasun kolektiboaren aitzakiapean gure lan politikoa oztopatzen saiatu dira. Oztopoak herri mugimendu guztien aurkakoak izan dira, zalantzarik gabe, baina konfinamendu garaian ikusi ditugu Talka espazio feministaren eta Herrandarren kaleko etxebizitzen desalojoak, Gasteizko Gaztetxearen edo Sumendiren erabilera mugatzeko saiakerak, Olarizuko bizilagunen aurkako jazarpena, edo Poliziaren probokazioak Errekaleorren gaueko ordu txikitan. Adibideak asko dira, baina guztiek helburu berdina dute: lan politikoa tresna gisa deuseztatu eta antolatzeko eskubidea urratu, kriminalizazioa sustatuz.
Azken urte luzeetan espazio okupatuak ugaldu egin dira Gasteizen, batzuk desagertu dira... Zein da egun okupazio mugimenduaren osasun egoera hirian?
Gasteizen okupazio mugimendua oso presente egon da beti. Aisialdirako, militantziarako, bizitza eredu berriak eraikitzeko, saretzeko, oinarrizko eskubideak bermatzeko… izen eta izan askotako espazio okupatuak ezagutu ditugu hirian, momentuko behar kolektiboei bide eman dietenak. Badira denboran iraun duten proiektuak eta amaiera izan dutenak. Baina argi dugu bizi dugun krisi sozial-politiko-ekonomikoari aurre egiteko okupazioaren erreminta borrokatuko dugula herri mugimenduko kideok.
Okupazioaren kriminalizazio kanpaina batez hitz egin duzue, Gasteiztik haratago joan litekeena. Zertan gauzatzen da kriminalizazio hori?
Bi elementu nabarmendu nahi ditugu. Alde batetik, hedabideen albiste sentsazionalistak arazoaren muina desbideratzeko. Horretarako, datu bat: 2021ean, hiru egunetik behin kaleratze bat egon da Gasteizen. Astakeria hutsa da, baina hedabide handiek –edo zoritxarrez gasteiztar gehienen iritzia baldintzatzeko ahalmena dutenek– ez dute horretaz hitz egin nahi izan. Bestalde, segurtasun arloko enpresak daude. Ez dira enpresak, mafiak dira eta pandemia baten testuinguruan zer diru goserekin funtzionatu duten ikustea besterik ez dago.
Kriminalizazio kanpaina horren barnean gu geu, langileria, okupazioaren biktima izan gaitezkeela diote, ogia erostera irten eta bueltan etxea okupatuta izan dezakegula. Baina hori ez da horrela.
"Krisi sozial-politiko-ekonomikoari aurre egiteko okupazioaren erreminta borrokatuko dugu"
Apirila amaieran jatorria eskuin muturrean duen Desokupa enpresa ikusi dugu Abadiñon espazio okupatu bat desalojatzen, baita Ertzaintzari eskerrak ematen ere, emandako laguntzarengatik. Asteburuan Bilbon desalojo bat burutuko duela iragarri du. Kezkatuta?
Beti “urrutitik” ikusi dugun zeozer izan da: sare sozialetan edo telebistan ikusten genuen, Madrilen edo Bartzelonan gehienbat. Elkarlana dugu hango eragileekin eta horren arriskuaz ohartarazi dute behin baino gehiagotan, eta azkenean gurera ere iritsi dira edo horretan ari dira saiatzen sikiera.
Poliziak talde faxista horiekin izan duen elkarlanak ez gaitu sorpresaz harrapatu: Bartzelonan ere ikusi dugu, eta Ertzaintza ez zen salbuespen bat izango. Enpresa faxistak zein Poliziak –eta poliziek– helburu berdina dute: espekulazio politiken parte aktiboa izan, modu militantean antolatzen garen norbanako zein eragileak kikiltzen saiatzen diren bitartean. Argi geratu da horrelako jarrera mafiosoek Eusko Jaurlaritzaren eta beste administrazio batzuen oniritzia dutela. Maskara kendu dute: ondo, bada, erabili dezagun autodefentsa.
Boterea krisi egoera “aitzaki” bezala erabiltzen ari dela esan duzue, langile klasearen pobretzean sakontzeko. Okupazioa pobretze hori borrokatzeko alternatiba dela defendatu duzue.
Lehertu Gasteiz kanpaina ekuazio batekin hasi genuen. Ekuazio horretan honakoa azaltzen genuen: 115.367 etxebizitza daude Gasteizen, horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai. Beste modu batean esanda, 10 etxebizitzatik bat hutsik dago. Aldi berean, Gasteizen 255.000 pertsona inguru bizi gara eta momentu honetan 115.367 etxebizitza daude, horrek esan nahi du bi pertsonako etxebizitza bat dagoela. Bien bitartean, eta nahiz eta gure egunerokotasuna hankaz gora jarri duen pandemiaren erdian egon, desalojoak, etxe hutsak, prezioen gorakada, espekulazioa… etengabekoak dira.
Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez da bermatzen. Kapitalismoak –bankuek, funts putreek eta abarrek– oinarrizko eskubideekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean, gure hautua, hizki larriz, OKUPAZIOA da. Tresna bezala ulertzen dugu okupazioa, gu guztion bizitzak duintasunez bizitzeko ezinbesteko tresna. Era berean, jabetza pribatuaren aurkako bala zuzena da okupazioa.
Martxoaren amaieran aurkeztu zenuten dinamika. Zer ekimen burutu duzue ordutik?
Bideo proiekzioak, bizikleta martxak, hitzaldiak… aisialdirako tartea ere hartu dugu. Azken finean, hiriko espazio okupatuei are modu kolektiboagoan eta elkarlanean bizitza ematen jarraitu dugu aste hauetan.
Maiatzaren 15ean emango diozue amaiera dinamikari, manifestazio batekin. Zer manifestazio mota izango da eta zer aldarrikatuko duzue?
Maiatzaren 15ean Gasteiz laranjaz tindatuko dugu okupazioaren alde, okupazioari aurpegiak, istorioak, errealitateak jarriz. Elkartasunean oinarritutako auzoen eta hiri baten alde borrokatzen jarraituko dugula ozen oihukatuko dugu, eta gure oinarrizko behar eta eskubideekin negozioa egiten dutenak seinalatzera aterako gara kalera.
Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.
Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]
Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]
Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.
Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.
Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]
Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.
'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.
Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.
Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]
Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.
Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.
Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]
Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe... [+]