Madonna ulertuko duen coach baten bila

  • Arazoren bat dagoela susmatzeko motiboak eman dizkidate sofan eseri eta ETB1 jarri dudanean: “Aste honetan ere Bago!az? Joder, zoaz pikutara behingoz”. Gogorra da talent show honen jarraitzaileon bizitza, kasik beganoek baino jazarpen handiagoa pairatzen dugu; kasik haiek baino azalpen gehiago eman behar ditugu gure aukera telebisiboaz. Aski da.


2019ko martxoaren 14an - 03:09
Madonnaren kanta batek protagonismo handia izan du hirugarren saioan.

Sofa epeletik desterratuta, etxeko girotik aparte joan behar izan dut, beste inor ez dagoen leku ospel batean pantaila piztera. Oraindik kaxetatik atera gabe dauden liburuen gelara: ordenagailua, kaskoak, iluntasuna eta Bago!az.

Badatoz. Nitroglizerina edan izan balute bezala atera dira coach-ak eta lehiakideak, aurkezpeneko kantan “hemen gaituzu betiko” ozen abestuz. Seinale bat iruditu zait. Pentsatu dut: hauek badakite zenbat esfortzu egin behar dugun astez aste pantailaren alde honetan egoteko, gure borroka beraiena ere badela adierazi nahi izan digute, hor edukiko ditugu, betiko. Elkartasuna. Ia malkoak atera zaizkit.

Baina ez: aurten negar egitea ez da estilatzen. 2019ko edizio honen hirugarren saioa, Xabier Saldias bueltan da –eta eskerrak, ze hura gabe programa bihurtzen da inor bolantean ez daraman ume epileptikoz betetako eskolako autobus bat orduko 180an amildegira bidean–, baina emisioa bukatuta baieztatu dezakegu zerbait aldatu dela aurreko edizioen aldean. Mila erromeriatan zurratutako begirada horrek, Izarraitzeko tontorretatik datorren ur guztia turrustan botatzeko gaitasuna daukan begi pare azpeitiar horrek aurten aspertsoreak hondatuta dauzka. Saldiasek ez du negarrik egin. Saldias ez da hunkitu. Saldiasi bihotza gogortu zaio? Hara hor gaurko gala markatu duen galderetako bat. Iholdi Beristainek eta Aitorrek kantatu ostean argi eta garbi esan du: “Prest nengoen negar egiteko”. Baina malkorik ateratzen ez. Zer pasatzen zaio Saldiasi?

Iker lehiakidearekin kantatzea tokatu zaionean, profesional aritu da Egan taldeko frontmana. Plaza asko korritua izaki, dakien bezala atera zaio kantua, bere dohainak erakutsiz baina neurrian –pare bat foku lehertuko ziren gehienez kantaren amaieran tonua zorroztu duenean; deus ez, Saldiasek dezakeenerako–, eta garaipenera eraman du Iker.

Niri beste zerbaitek deitu arreta ordea: Mikel Laboaren Gure bazterrak kantatzea egokitu zaie eta Saldiasek ahoan bilorik gabe esan du ez diola ezer ikusten kanta horri. “Nire bazterrak dira Zarauzko hondartza eta soziedadea”, esplikatu du. Zer esan nahi du horrekin? Zer dago apatia horren atzean? Zerbaitekin deseroso dago. Eta uste dut badakidala zer den: lehen saioan Akelarreren pieza bat –Matxainek nahi duena esango du, baina B seriea B serie da, ez konparatu Akelarre Eganekin faborez–; oraingoan berriz, Laboa. Eta bitartean, beste coach-ei nazioarteko artisten kantak. Saldias zapata estuegian sartu nahi du programak, euskal kantak abesten dituen gizon beneragarri bihurtu nahi dute Urolako tigrea.

Normala horren kontra errebelatzea. Malkoak baino, hortzak erakusteko gogoz egon da gaur. Kontuz datozen saioetan eragin dezakeen triskantzarekin beraz.

Goienerrek babestutako saioa

Hirugarren saioko beste gauza aipagarriena Ylenia "energy" Baglietto izan da. Gauza bat baino gehiago esan beharrean gara coach honi buruz.

Hasteko, haren lexikoaz: sare sozialetako gezurmendietan esaten dena sinestera, zenbait teleikuslek alkohol fuerteren baten txupitoak edaten pasa dute programa guztia. Coach eibartarrak “energia” aipatzen zuen aldiro, txupito bat. Intoxikazio etilikoen 2019ko Osakidetzaren estatistika publikatzen denean, grafikoetan tontortxo bat agertuko da martxoaren 13ko gauean. Energia aipatzea super inportantea baita. Lehiakideek egiten duten beste ezeri erreparatuko ez badio ere, energia beti aipatuko du Bagliettok. Energia fokalizatua, energia dispertsoa, energia positiboa, energia lurrera ekarri, energia askatu... Energia berriztagarriak ez ditu aipatu –oraindik– baina gaiari ematen dion garrantzia kontuan izanda, Goienerren hurrengo bazkidetza-kanpainarako irudi publikoa izatea ez da deskartagarria.

Plano estuki artistikora etorrita, atentzioa deitu dit gauza batek: aurreko saioetan baino zorrotzago aritu da lehiakideak baloratzen, mota honetako saioetan beti egon behar den –eta mota honetako saio espainiarretan ia beti Risto Mejidek betetzen duen– epaimahaikide gaiztoaren papera berarentzat nahi balu bezala. Jarrera hori, ondo: balorazioetan nagusitzen den txalo errazerako tendentziari kontrapuntua ematen dio. Baina kontua da, Bago!az diferentea dela beste talent show-en aldean –eta horregatik maite dugu hainbeste–: hemen epaimahaiak hanka bat simaurretan dauka beti. Orain kritikatzen ari da, baina gero kritikatua izango da. Eta horrek trago gaziak ekartzen dizkie maiz –edo zuzenean itsasoan flotatzen ari zen konpresa bat oso-osorik irenstea, joan den astean Alex Sarduiri pasa zitzaion bezala: lehen programan lehiakide bati faltsetea kritikatu eta bigarrenean nota altuetara iristeko Abraham Olanok Mortirolon gora baino komeria handiagoak–.

Baina horiek dira jokoaren arauak. Eta ez du balio besteak baloratzerakoan orraze estua pasatu ondoren, zure aktuazioa iristen denean “eske”-ka hastea, Baglietto aritu den bezala: “Eske Aintzane ahotsik gabe egon da aste osoan”, “eske ez dugu ondo prestatu ahal izan”, eske hau eta eske bestea.

Madonna ez ulertzeak eragindako desastrea

Aitzakiak. Madonnaren Material girl nola taularatu duten ikusita, problema ez da izan lehiakideak ahotsean ze problema izan dituen –izan ere, ondo kantatu du–. Problema izan da Material girl bezalako poparen monumentu bat ulertzeko ezgaitasun erabatekoa. Eta, uste dut denok ados egongo garela: horren ardura coach-arena da. Coach-ak bideratu behar du lehiakidea. Coach-ak azaldu behar dio esku artean duten errepertorio horren martingala.

(“Zertarako daude bestela coach-ak?”, galdetzen dugu, Xabier Usabiagak “non daude liderrak?” galdetzen duen tonu berarekin).

Programa liburu-kaxaz betetako gelan desterratuta ikusi behar izan dudanez, Madonnaren kontu hau esplikatzeko bibliografia pixka bat bilatzen hasi naiz. Banekien hemen nonbait egon behar zuela eta, energia pixka bat horretara bideratuta, azaldu da unibertsitate garaian irakurritako John Fiskeren Reading the Popular liburua. Lan horretan Madonnari eskaini zion kapitulua irakurri izan balu, akaso Bagliettok eman ahalko zion Aintzaneri aholku onen bat. Baina horren ordez, Madonna antzeztea “diva” bat bezala jokatzea dela esplikatu dio.

Hori da ezer ez ulertzea. Hori da porruak eta tipulak nahastea. Hori da Aintzane ia nominazioraino hondoratu duen hankasartze kontzeptuala.

Divak zientoka daude. Madonna beste zerbait da. Zehazki Material girl-en, ariketa semiotiko oso konplexu bat exekutatzen duen artista. Marilyn Monroe gogora ekartzen duen estetika baliatuz, patriarkatuak kontrola dezakeen emakume desiragarriaren irudia pitzatzen du exagerazioaren eta gain-errpepresentazioaren bidez; eta erresistentziarako aukerak eskaintzen dizkie askatu nahi duten emakumeei. Ez dago mezu espliziturik, kontua ez da “diva” bat bezala agertzea edo emakume menperatu bat bezala. Sotilagoa da kontua. Madonnak bideoklip horretan dioena da: “Begira, gizonen desirara egokituta eraiki dizkiguten kaiola kulturalak hartzen ditut, piezaz pieza desmuntatu eta nahi dudana egiten dut haiekin”.

Asuntua, Madonnaren edozein agerpenetan, esanahi propioak sortzea baita: ez kanta, ez dantza, ez diva eta divaondoko. Autodeterminazio sinbolikoa. Horren erregina da Madonna, pop-arena bezainbeste.

Baina klaro, energiari begira pasatzen dugu eguna.

Eta gauzak plano politikora eramaten hasi garenez, ezin hirugarren saioko kronika hau bukatu ondoko susmoa plazaratu gabe: iruditzen zait programaren arduradunak Ollokien arteko gerra zibila bultzatu nahian ari direla. Hirugarren saioan, Gabrielari duelua irabazi ondoren, Eider sartu da lehiaketan eta segituan bidali dute coach-ek beste olloki baten kontrako duelura. Gauzek horrela jarraitzen badute, Andoni Ollokiegik matxinatzeko munduko eskubide guztia dauka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bago!az lehiaketa
ETBko platoan hasi da euskal berpizkunde nazionala

Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]


Publiko masokista bereganatu nahi du ETBk

Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen... [+]


2019-04-27 | Kepa Matxain
Dueluak fartsa bat dira

Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]


Nola sartu labankadak irribarre batekin

Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]


2019-04-04 | Kepa Matxain
Ollokiak zanpatuta daude eta inork ez du ezer egiten

Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]


Bago!az soka gehiegi tenkatzen ari da eta hau edozein unetan leher daiteke

Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]


2019-03-21 | Kepa Matxain
Saldiasek bakarrik ez, guztiek egiten dute tranpa hemen

Leporatuko didazue kukuak nondik jotzen didan antzematen zaidala, disimulurik gabeko kutunkerian nabilela, baina ez daukat isilik geratzeko asmorik. Bai, nik ere entzun dut zer dabilen kalean ahoz aho –larunbat gauean Hernanin zimaur eginda zegoen batek bota zidan azken... [+]


2019-03-07 | Kepa Matxain
Saldiasen faltan, coach-ak hankamotz

Azken mudantzan telebista bidean gelditu zitzaigunez, Bar Jose Miguelera jaitsi behar izan dut Bago!azen bigarren atala ikustera, hortzak izerditan, lehengo astean Gorka Bereziartuak idatzitako kronika leitu ondotik. Bazen garaia norbaitek kontuari bete-betean heltzeko, ze,... [+]


Injustizia nabarmen bat, Bago!az lehiaketaren estreinaldian

Egunak neramatzan Bago!az talent showaren denboraldi berriaren iragarkiak ikusten ETB1en eta pentsatu nuen: “Hainbesteko txaranga ematen badiote, zerbait izango du ba programa horrek”. Asteazken gaueko konpetentzia ez zen beste mundukoa –bateko Conquis eta... [+]


Eguneraketa berriak daude