Blokeoak eta milaka herritar kalean Baionan erretretaren erreformaren aurka

  • 24.000 herritar bildu ditu goizeko manifestazio jendetsuak, antolatzaileen esanetan. Manifestariak autobidea okupatzen saiatu dira eta Poliziak gas negar eragilea jaurti du. Goizaldean Baionako autobus geltokia ere blokatu dute ekintzaileek. Erreforma pasa bada ere, haserrea entzunarazteko gogoa ez doa ttipituz. Bederatzigarren greba eguna da ostegunekoa.


2023ko martxoaren 23an - 08:55
Azken eguneraketa: 14:11
Poliziak gas negar eragilea bota die manifestariei autobide inguruetan, Baionan. (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Konstituzioaren 49.3 artikuluaren bidez pasa arren, erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak segitzen du. Martxoaren 23 honetan dute bederatzigarren greba eguna –beste behin sindikatu guziek deiturikoa– eta ehunka elkarretaratze eta manifestazio izanen dira erretreten erreforma eta orokorkiago Frantziako Gobernuaren jarrera salatzeko.

Milaka eta milaka manifestari Baionan

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 10:30tan jarri dute hitzordua Baionan. Jenofa Berhokoirigoinek ari da egiten jarraipen berezia @Jenofa_B kontutik. Manifestazioa oso jendetsua izaten ari da. Antolatzaileen esanetan 24.000 herritar batu dira, giro suminduan Berhokoirigoinek adierazitakoaren arabera: "Haserrea nabari da, erreformaz harago gobernuaren jarrera autoritarioak eta mespretxuak dute kexua hauspotzen". Blokeoak, okupazioak eta barrikadak burutzen ari dira herritarrak Frantzia osoan zehar. Baionan blokeoak ere bideratu dituzte asteazken goiz honetan, besteak beste Ipar Euskal Herriko autobus zerbitzua oztopatzeko xedez. Autobidearen blokeoa aurreikusiz, prefekturak berak itxi du Baionako autobidea goizean. Halere, manifestariak bertara zuzendu dira autobidea okupatu asmoz. Poliziak gas negar eragilea jaurti die.

 

Bederatzigarren greba eguna

Erreforma horren kontrako lehen greba eguna urtarrilaren 19an izan zen, eta orduz geroztik garatuz joan da mugimendua eta haserrea. Herritarren gehiengo zabala da erretretaren adina atzeratzearen aurka –Ifop zundaketa etxearen arabera %68 dira erreformaren kontra eta %78, berriz, 49.3 artikulua erabiltzearen kontra– eta horren erakusleiho dugu sindikatu guziak baturik borrokan egotea –horrelakorik ez da gertatu azken hamabi urteetan–. Martxoaren 16an jakitera eman zuen Elisabeth Borne Lehen ministroak bozketaren bidea saihestearena eta orduz geroztik areagotu egin da haserrea. Blokeoak eta barrikadak gehitu dira manifestazioei, eta paretik errepresio bortitza dute erantzun gisa: ehunka dira erreforma inposatu dutenetik atxilotutakoak.

Gehiago lan egin beharrarekin errimatzen du Emmanuel Macronen gobernuak pasatako erreformak: 64 urtera atzeratu dute erretreta osoa jasotzeko adina eta 43 urtera kotizatu beharreko denbora.

Macronen tonuak  haserrea areagotzen duenean

Martxoaren 22an 13:00tan luzatu zuen bere mezua Macronek TF1 eta France 2 telebista kateetatik: "Bere bide demokratikoan aitzina eginen du testu horrek". Alta, badaki gehiengoa duela aurka, baina berdin dio eta berea asumitzen du: "Zundaketen eta herriaren interesaren artean, herriaren interesa aukeratzen dut; eta berdin dio fama-ezaren zama pairatu behar badut".

Parlamentuan ere, azkenean, gobernuak ez du bozkatu nahi izan testua eta 49.3 artikuluari esker zuzenean pasa du erreforma. Horrek ekarri zuen astelehenean zentsura-mozioa doi-doietarik onartu ez izana: 287 boto behar ziren gobernua botatzeko eta LIOT talde zentristaren mozioak 278 boto jaso zituen. Argi gelditu zen Legebiltzarrean ere ez duela sostengurik erreformak.

Horiek horrela, errealitatearekin bat egiten ez duen diskurtsoa zabaltzen du Macronek, eta mespretxutzat jotzen dute anitzek jarrera hori. Hain zuzen, ondokoa ere zabaldu du aste honetan Frantziako presidenteak: "Jendetzak ez du zilegitasunik, hautetsien bidez adierazten den herriari alderatuz"... Kontua da herritarrak zein hautetsiak, bi aldeetan ez duela sostengurik erreformak –horrentzat erabaki zuen gobernuak 49.3 artikuluaren erabilpena martxoaren 16an–.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


2023-06-28 | ARGIA
Mauletar batek auzitegian deklaratu beharko du erretreten erreformaren kontrako protesten harira

Erretreten erreformaren kontrako manifestazioetako batean atxilotu zuten mauletarrak Baionako auzitegian deklaratu beharko du, datorren astean. Elkartasuna adierazi du hainbat herritarrek: “Errepresio gorakada azkartzen ari da”.


Erretreten erreforma pasa arren, jendetza batu da berriz ere Baionan

Erretreten erreformaren aurkako hamalaugarren greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuko 250 bat hiritan egin dute manifestaziorako deia sindikatuek.


Erretiro adina atzeratu eta lanaldia luzatzean

Zer pentsa ematen du apirilaren 28an egindako salaketek utzitako arrasto txikiak, eta haren segida bakarra izatea istripuen eta langileen heriotzen kate etengabea. Azkoitian, eraikuntzan beste behin ere, oso ohikoa eta beraz saihesgarria den istripuan hil da 62 urteko langilea... [+]


Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hiru martxa egingo ditu 1.080 euroko pentsioa eskatzeko

Astelehenean Bilbotik eta Bergaratik abiatu dira, eta asteartean Agurainetik. Ostegunean Gasteizen batuko dira hiru mobilizazioak.


Erretreten erreformari buruzko erreferenduma atzera bota du Frantziako Konstituzio Kontseiluak

Ekainaren 8an dute erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa duen legea ezeztatzeko ondoko aukera. Hain zuzen, Liot talde independenteak legea ezeztatzeko aurkezturiko lege-proposamena bozkatuko dute egun horretan. Ekainaren 6rako finkatu dute hamalaugarren greba eguna sindikatuek.


Erretreten erreforma Ipar Euskal Herrian
Bost datu, erretreten erreformaren aurkako mugimenduaren heina neurtzeko

Erretretarako adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzen duen erreforma pasa arren, aurkako mobilizazioek segitzen dute. Ondoko bideetatik dabiltza testu horren kontrakoak: greba eta manifestazioak; Konstituzio Kontseiluaren ezeztapenaren esperantza mehea; gobernuaren parean postura... [+]


Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


ANALISIA
Macronek erreforma pasa arren, herritarrak ez dira amore ematekotan

23.000 lagun batu dira Baionan sindikatuen arabera, eta orokorki, manifestazio guzietan batu da jendetza esanguratsua –Parisen 800.000 dira une honetan, CGTren arabera–. Tonua gogortuz doa manifestarien partetik eta blokeoak eta barrikadak biderkatuz doaz azken... [+]


Baionako protestaren ondotik, lau manifestari atxilotu ditu Frantziako poliziak

Pirineo Atalntikoetako prefekturak jakitera eman du lau manifestari atxilotu dituela Frantziako Poliziak. Elkarretaratzera deitzen du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, 18:30ean Baionako komisaldegiaren aitzinean.


Eguneraketa berriak daude