Azken sei hilabeteotan arreta bereziarekin jarraitu ditut Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu naiz, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko ikus-entzunezko zein idatzizko prentsa nagusiaren jokabidea tamalgarria izan da. Euskal Herrian ETAren unerik gogorrenetan euskaldunekin jokatu zuten modu berean jokatu dute hedabide frantses nagusiek Jaka Horien errealitatearen aurrean: zaborra, gezurra eta klase politiko zein ekonomiko nagusiaren aldeko iritzi publikoaren manipulazio interesatu eta lotsagarria. Dinamika instituzionalean murgilduta dagoen ezker politiko nahiz sindikalaren jokabidea ere ez da txalogarria izan, kontrolatzen ez duten matxinada sozial erraldoiaren aurrean. Gauza bakarra falta zitzaidan zerbait idazteko, beraien manifestaldi batean parte hartzea, eta horixe egin berri dut Parisen, Marixol Iparragirre euskal preso politikoari eginiko bisitarako bidaia aprobetxatuz. Gauzak horrela, euskal hedabide gehienek hain garrantzi txikia eman dioten gertakari sozial nagusi honen inguruan zenbait iritzi ematen ausartuko naiz Maiatzaren 1aren atarian.
Europako zein munduko botere ekonomiko nahiz finantziero handienek planeta astintzen zuen krisidialdi ekonomikoaren erdian publikoki eta indarrez txalotu zuten Frantses Estatuko Macron presidente hautatu berriak inondik inora espero ez zuen matxinada sozialarekin egin du topo Frantses Estatuan. Bere burua politika egiteko modu berriaren (macronismoa) sortzaile gisa historiara eta entziklopediatara pasako zela pentsatzen zuen politikari egolatra amildegiaren aurrean jarri du azken hamarkadatan Estatu frantsesean ezagutu den mugimendu sozial indartsuenak, Jaka Horien mugimenduak.
Jaka Horiek, aldiz, munduari erakutsi nahiko diote Macron hondoratzeko gai izan direla, ezkerreko politika mota berri bati ateak zabalduz Europan eta munduan
Eta Macronek, bereari eutsiz, amore ematen ez badu, Jaka Horiek amildegitik behera botako dute, inolako zalantzarik gabe. Hori ere jokoan baitago datorren abuztuan, Miarritzen egingo den G7ren gailurrean. Macronek Miarritzen munduaren aurrean Jaka Horien matxinada gainditu duela frogatu nahiko du, kapitalari arnas emanez. Jaka Horiek, aldiz, munduari erakutsi nahiko diote Macron hondoratzeko gai izan direla, ezkerreko politika mota berri bati ateak zabalduz Europan eta munduan. Ez da txantxatakoa, beraz, Miarritzeko gailurrean jokoan dagoena eta jokoan duguna.
Izan ere, ikuspegi politiko zein sozialetik oso aberatsa eta interesgarria da Jaka Horien mugimendua eta ez soilik beraien borrokaren ereduarengatik –autonomia osoa, autogestioa, espazio publikoaren okupazioa, desobedientzia, ekintza zuzena, kolaborazio eza–, edota partaideen aniztasunarengatik –sektore prekarizatuak, langileak zein klase ertainekoak– baita denboran zehar beraien dinamika mantentzeko izan duten gaitasunarengatik ere. Eta hori guztia ezkerrean ohikoak izan diren aldarrikapen asko bereganatuz. Denborak erakutsi du eskuin muturrarekin zer ikusirik ez duen mugimendu soziala dela, eskuin muturrak manipulatzeko saio bat baino gehiago egin duen arren.
Parisen parte hartu nuen azken manifestaldian, nagusiki Jaka Horiez osaturiko Fronte Sozialaren bloke anitz eta handiaz gain, bertan izan ziren Attac, CGT, FO, Solidaires, NPA... beren ikur eta militantziarekin. Eskuin aldeko antolamendurik, militanterik edota aldarrikapenik ez. Manifestaldi osoan ozenki bota ziren konsigna guzti-guztiak, ezkerrekoak izan ziren: prekarietatearen aurkakoak, poliziaren bortxakeriaren kontrakoak, demokraziaren aldekoak, aberatsen zergen aldekoak, migrazioaren aldekoak, herri kontsultaren aldekoak, aldaketa klimatikoaren aurkakoak, Macronen aurkakoak...
Nola azal daiteke horrelako mugimendu sozial zabala, indartsua, bat-batekoa eta antolakuntza aldetik hain sakabanatua, ezkerraren ohiko antolamenduetatik at sortu eta bideratu izana Frantses Estatuan? Uka ezina da jendartearen atal oso zabalaren egonezin politikoa eta ekonomikoaren aurrean ezkerra ez dela gai izan amorru hori ikusteko eta bideratzeko. Errealitate larria. Izan ere, gauzak aldatzeko ordua iritsi denean, ezker konbentzional instituzionalak ez du inolako sinesgarritasunik izan jendarte zabal horrentzat eta Jaka Horiek nahiago izan dute beren bidea egin. Oso gertakari larria da ezker konbentzional eta instituzional frantsesarentzat, ez baikara manifestaldi batez ari, baizik eta Frantses Estatuko Macronen Gobernua hankaz gora bota dezakeen dinamika oso batez.
Frantses Estatuko ohiko ezkerra matxinada horretatik at geratu da. Are eta okerrago, jendarte mugimendu hau indartzera jo beharrean, albo batera utzi du, kontra egin ez duenean, hedabide nagusiek ezarritako diskurtsoak bereganatuz: eskuin muturraren mugimendua dela, sistemaren aurkako mugimendu antisistemikoa dela, ez dela gauza garbia, biolentoak direla... Horrek guztiak ere azal lezake Jaka Horien mugimenduak izan duen ezaugarri desobedientea (errotonden okupazioa, baimenik gabeko mobilizazioak, garraioaren blokeoa) baita ekintza zuzenerako joera ere, biolentziaren erabilerarekin gehienak bat ez datozen arren. Dena dela, Macronek zazpi hilabete hauetan argi erakutsi du Parisko eta beste hiri handietako sarraskiak hasi arte, Gobernuak ez dituela benetan serio hartu Jaka Horiak.
Matxinada horia badator eta Miarritzeraino ere iritsiko da abuztuan. Frantses Estatuan gertatzen ari denaz zer hausnartu badugu bai Ezker Abertzalean, bai Euskal Herrian
Eta guri dagokigunez ere ez gara oso fin ibili. Euskal Herria ez dutela aitortzen, Marseillaise abesten dutela, bandera frantsesa daramatela eta horrelakoak esan ditugu mugimendu sozial erraldoi horrekin bat ez egiteko. Ez dugu dozena bat hildako, 2.200 zauritu (5 esku zartatu eta 23 begi lehertu, dozenaka birika zulatu, ehunka barne hemorragiak eta itolarri larriak eragin, milaka erredurak...) eta Eskubide Zibil eta Politikoen murrizketak (milaka atxilotu, ehunka espetxeratu, mobilizazioak debekatu...) ekarri dituen errepresioa indarrez salatu eta mugimenduarekiko elkartasuna behar den moduan adierazi. Kataluniako Estelada handia zegoen Parisko manifestaldian, eta ez zen lehen aldia izango. Aldiz, ikurrinarik ez... Horrela jokatuz, ez gaituzte inoiz ulertuko. Zer ikasi badugu, zalantzarik ez.
Sareko azterketek adierazitakoarekin bat eginik, Parisko manifestaldian ikusi genuen Jaka Horien manifestaldian bildutako jendarte sektorea orain arte Frantses Estatuaren aldetik babes soziala, lana, oinarrizko bizi baldintzak, hezkuntza-osasun-garraio zerbitzu publikoak jaso izan dituen langile zein herritar klasea izan da, hau da, gaur arte soldata kobratuz ere beren egoera prekarizatzen ari dela ikusi duten milioika lagunena. Aldiz, aspaldiko hamarkadotan bazterketa sozialik gogorrenean bizi den sektore sozial baztertuena, “banlieu” delakoetan bizi dena, ez zegoen benetan ordezkatua Parisko mobilizazioan. Horiek guztiek, aspaldi galdu zituzten Frantses Estatuak eskaintzen omen zizkien eskubide, zerbitzu eta babes sozial guztiak. Agian horrek azal lezake orain arteko hiri handietako auzo beroetan Jaka Horien mugimenduaren presentzia oso mugatua izatea. Eta, bestalde, ezin ahaztu Jaka Horien mugimendua bera sorreraz nekazal munduan eman zela.
Bi hitzetan esanda, azken urteotan asko aberastu den elite ekonomikoaren aurrean, prekarizatzen eta pobretzen joan den langileriaren zein herritar sektoreen esparru zabala da Jaka Horien oinarrian dagoena, egoera bera pairatzen hasi diren klase ertainaren atal batzuekin batera. Horretan datza Macronen beldurrik handiena, Jaka Horien mugimendua langile eta klase ertainetan ezezik, auzo beroetan ere erreferente bihurtzea. Eta horixe da ostegun honetatik aurrera gerta daitekeena, ebidentea baita Macronek berak antolatutako Eztabaida Nazionaleko emaitzak ez direla bat etorriko Jaka Horien aldarrikapenekin eta, ondorioz, datorren Maiatzaren 1ean Jaka Horien eta sindikatuen bateratze estrategikoaren hasiera eman daitekeela.
Matxinada horia badator eta Miarritzeraino ere iritsiko da abuztuan. Frantses Estatuan gertatzen ari denaz zer hausnartu badugu bai Ezker Abertzalean, bai Euskal Herrian. Kapitalaren aurreko erantzuna eta erresistentzia prestatzen eta gogortzen hasi behar dugu Euskal Herri osoan.
Joseba Alvarez, Sortuko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen... [+]
Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]
Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.
Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]
Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]