Gaur, martxoak 27, ARGIA komunikabidearen egoitzan aurkeztu dugu Bizi Baratzea Orria, urtaro bakoitzean zabalduko den aldizkari berria. Horrekin batera ospatu dugu ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak 10 urte betetzen dituela aurten. Bizi Baratzeako kolaboratzaileak eta ARGIAko langileak elkartu dira ospakizunean. Batu nahi duzu komunitatera?
ARGIAko langile Aloña Soraluzek eta Estitxu Eizagirrek eta Bizi Baratzea proiektuan hasieratik kolaboratzen duen Jakoba Errekondok egin dute aurkezpena eta azaldu dute bi ospakizunak lotuta daudela: “Izan ere, Bizi Baratzea proiektuak 10 urte hauetan egin duen ibilbideari esker iritsi da ARGIA aldizkari berezi hau ateratzera. Eta hain justu, hamar urte hauetan Bizi Baratzeak lortu duena komunitatea da". Errekondok zuzenketa bat egin du: "Hitz egin dezagun argi: komunitatea ez, hau sekta bat da".
Komunitate setatsu hori milaka herritarrek osatzen dutela gehitu dute: milaka dira Bizi Baratzeak landareei buruz ateratzen dituen liburuak eta agendak erosten eta kontsultatzen dituztenak. 10.500 emailetara iristen da astelehenero Bizi Baratzearen buletina. 2.900 mugikorretan jotzen du kilkerrak egunero goizeko 5:00etan, Telegrameko Bizi Baratzea kanalean, egun horretan landareekin egin daitekeen lan berezi baten berri jasotzeko... "Horixe da hamar urte hauetako bidean ikusi duguna, milaka herritar garela Euskal Herrian lurrari begiratzen diogunak”, esan dute aurkezpenean.
Milaka herritar horiei eduki interesgarriak eman nahi izatetik sortu da Bizi Baratzea Orria. Eta edukiak paperean ematearen aldeko apustu egin du ARGIAk: “Zergatik? Ba paperak baduelako patxada, eta baduelako taktua, eskuekin erabili egin daiteke, askoz gehiago gozatzen da...”.
Bada, beraz, nork irakurria, eta bada nork idatzia: gaur egun 24 kolaboratzaile kualifikatu ditu Bizi Baratzea proiektuak, eta batez ere horiek dira aldizkari hau edukiz beteko dutenak.
Hamar urte hauetan Bizi Baratzea proiektuak aliantzak egin ditu agroekologia mugimenduarekin eta aurkezpenean eragile horiei eskerrak eman dizkiete, “elkarlan horretatik asko aberasten delako proiektuaren ikuspegia”. Hamar urtean zehar proiektua diruz lagundu duten eragileak asko izan direla eskertu dute, “eta zehazki Bizi Baratzea Orrian Fede Pacha dugu bidelagun”.
Bizi Baratzea Orriak formatu oso berezia du: tolesturak irekitzen joan ahala, aldizkaria zabalduz doa, eta azkenik poster handi bat aurkituko dugu, etxeko, eskolako, elkarteko edo dendako paretak apaintzeko ere balio duena.
Aurkezpenean azaldu dutenez, “urtaroka egiteko hautua kontzientea izan da: gutxiago baina landuago egin nahi dugu. Naturaren zikloaren erritmoa hartu dugu, patxadatsuagoa, aldizkaria mimo handiagoz egiten laguntzen diguna. Zenbaki bakoitzeko gaiek urtaroarekin lotuko gaituzte, eta une horretan inguruan gertatzen ari denaz jabetzeko balioko digu. Naturara eta lurraren aldaketetara begira jartzeko parada emango digu Bizi Baratzea Orriak. Gainera, euskaldunak aspaldi hasi ginen lurra eta hizkuntza batu eta hitzekin jolasean, eta orri hauetan ere jaso nahi izan ditugu gai bakoitzari lotutako hainbat esaera zahar edota bertso”.
Jarraian, orriz orri aurkeztu dute aldizkariaren lehen zenbakia:
Aldizkariaren diseinua eta mantxeta Maitane Gartziandiak egin ditu.
Azala urtero ilustratzaile batek egingo du eta horrela osatuko da autore horren lau urtaroen bilduma. Aurtengo lau azalak Ione Larrañaga Gorritxok egingo ditu. Udaberriko lehen zenbaki honetan, Larrañagak irudikatu du nola xomorroek munduari bizitza ematen dioten.
Barruan, lehen bi orrietan, jakintza praktikoa aurkituko dugu aldizkari bakoitzean. Urtaro horretan egiteko lanak aurkeztuko dizkigute lau egile hauek: Jakoba Errekondok baratzean zer egin, Markel Arriolabengoak basoan, Kelo Arribasek haziekin, eta Garbiñe Larreak sendabelarrekin.
Hurrengo orrietan aurkituko ditugu garaian garaiko gaiei buruzko datuak, elkarrizketak eta artikuluak. Udaberriko lehen zenbaki honetan, artileari begira jarri gara: Joseba Attard ardien ile moztailea eta artilearekin koltxoiak egiten dituen Aña Andiazabal ezagutarazi ditugu.
Landu den beste gaia intsektuen galerarena da: Mattin Jauregi erlezainak azaldu ditu erle eztigileak bizirauteko dituen komeriak eta Planeta Isila liburuaren bidez intsektuen galeraren dimentsioaz ohartuko gara.
Tolestura guztiak zabalduta, barruan, poster handi bat agertuko zaigu: udaberriko gaia polinizazioa da, eta Jakoba Errekondoren eta Ione Larrañagaren elkarlanari esker, xehetasunez egindako testu eta ilustrazioen bidez ikasiko ditugu polinizazioari buruzkoak.
Atzeko orrian, aldizkaria ixteko, urtaro bakoitzean bizidun bat izango da protagonista. Oraingoan, udaberriarekin lotzen dugun hegaztia izango da protagonista. Nerea Pagaldaik azaldu digu txori honen ugalketa modu oso berezia. Hegazti horri buruzko bertsoak, esamoldeak, eta bitxikeriak ere jaso ditugu.
Bizi Baratzea proiektuari ARGIAko kideek eusten diote. Horregatik, ARGIA paperean jasotzen dugunok etxean jasoko dugu Bizi Baratzea Orria doan, urtaro bakoitzaren hasieran, martxoko, ekaineko, iraileko eta abenduko azken astekariekin batera.
Gainerakoek ere zabalik duzue gure komunitatera batzeko atea: orain arte ARGIAkoak ez diren herritarrek ere badute aukera Bizi Baratzea proiektua ekonomikoki bultzatzeko. ARGIAkoak eginda, edo eginbizibaratzea.eus atariaren bidez Bizi Baratzea komunitatekoak eginda, aldizkari berria etxean jasoko duzue urtaro bakoitzean, lehen zenbaki honetatik hasita. Dei hori egin diete euskal herritarrei: “Batzeko lurrari begiratzen diogunon komunitatera. Alde ederrean biziko da komunitate honetara batzen dena, eta alde ederrean joango da mundua, lurrari begiratzen diogunak gero eta gehiago bagara”.
Eta noski, ohiko saltokietan ere eskuragarri izango da Bizi Baratzea Orria.
Jakoba Errekondok kontakizun oso pertsonala egin du aurten hamar urte betetzen dituen Bizi Baratzea proiektuaren ibilbideari buruz. 1995an hasi zen ARGIAn astero artikulua argitaratzen "agiñar batek [Pello Zubiria] eskatuta. 'Ea urtebete osatzen dudan' pentsatzen nuen, landareen gaiak bukatuko zitzaizkidala". Aurten 30 urte betetzen dituen astekariko bere zutabearen kopuruak eman ditu eta esan du baduela saski bat, gogoratzen zaizkion gaiak hor jasotzen dituena, noizbait artikulua idazteko: "Bart kontatu dut eta bost urterako artikuluak badaude hor".
Kontatu du baita ere nola jaso zuen ARGIAtik baratzeari buruzko liburuxka bat egiteko enkargua, "sagardoz ondo beteta bukatu genuen bazkari batean". Orduan kaleratu zuen ARGIArekin Bizi Baratzea liburua, eta ARGIAk eta Jakoba Errekondok proiektu egonkor bat abiatzearen aldeko apustua egin zuten. Datu mordoa da Errekondok hunkigarri izatera iritsi den kontakizunean eman dituenak. Bizi Baratzean liburuak atera dituzten beste egileen lanak eta liburuetan egile horiek idatzitako adierazpenak ere nabarmendu ditu. Esaterako, liburu bat ez dagoela bakarrik egiterik (Garbiñe Larreak bere hitzaurrean dioenez), pazientzia behar dela elkarlanerako (Josebe Blancok idatzia duenez) eta proiektuaren helburua ongi jasotzen duela Kelo Arribasen liburuko azpi-tituluak: autonomia ereiteko, herria josteko.
Hemen dago laburtuta hamar urteotako uzta:
Bizi Baratzea liburua argitaratu geroztik, Lurrari buruzko jakintza dibulgatzeko askotariko bideak jorratu ditu Bizi Baratzeak, betiere naturarekin errespetuzkoa den laborantza ereduaren markoan: hamar urteotan jarraibide praktikoak ematen dituen sei liburu argitaratu ditu, besteak beste, Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea eta Etxeko Landareak, Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena, Sendabelar baratzea eta Kosmetikoak sendabelarrekin eta Miguel Arribas Kelo eta Marc Badalen Haziak. Bestelako literatur generoetako hiru liburu ere argitaratu ditu: hainbat ilustratzaileren artean egindako Altza porru komiki liburua, 111 Jakoba Errekondoren ARGIAko artikulu bilduma eta Josebe Blancoren Hausnarrean egunerokoa.
Proiektua abiatu orduko, ARGIA astekarian Jakoba Errekondoren ondoko orrian Garazi Zabaletaren Baratzetik mundura saila abiatu genuen, eta geroztik astero ekartzen du Euskal Herriko esperientzia baten berri. 2023an urtean kolaborazio sarea zabaltzea erabaki genuen eta ARGIA astekariko Bizi Baratzearen atala lau orritara handitzea. Orri horietako bat A ze fauna! da, sei biologok txandaka Euskal Herriko animalia bana aurkeztuz idazten dutena. Eta ikus-entzunezkoan ere lantzen ditugu edukiak: Eli Pagola eta Mattin Jauregi Egonarria saioaren hirugarren denboraldia egiten ari dira eta Garbiñe Larrea bigarren urtez ari da Menda Bikoitza podcasta egiten.
Proiektuari ekin orduko martxan jarri zen beste ildo bat Ilargia eta Landareak agenda izan zen, urtero Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak ondu dutena. Ilargiaren kokapenaren arabera astez aste egin beharreko lanak azaltzen ditu, bai baratzean, bai basoan, lore-baratzean eta fruta arboletan. Webgunea 2016an jarri genuen martxan, eta bertan aurkituko du herritarrak doan eta libre, beste gauza askoren artean, astean asteko lanen berri, ARGIA astekariko Bizi Baratzea saileko artikuluen bilduma, liburuetan argitaratu izan dugun edukia, Jakoba Errekondori galderak egiteko aukera, ARGIAko Ingurumena ataleko albisteak... 2016an ekin genion astelehen goizetan buletina bidaltzeari eta egun 10.500 herritarrek jasotzen dute. Eta 2023an abiatu genuen Telegram kanala: egunero sasoi horretan egin daitekeen lan berezi bat bidaltzen da eta egun 2.884 pertsonak jasotzen dute.
Lehen sektorearekiko harremanak ere landu dira urte hauetan: horren erakusgarri dira, Alkartasuna kooperatibarekin eta Biolur elkartearekin lankidetzan ateratzen den Ilargiaren Egutegia, agroekologia mugimenduarekin elkarlanean ateratzen ditugun Lurra Herriari Deika kamisetak eta ARGIA Biolurren Amillubi proiektuko kide izatea.
Horiek guztiak dira herritarrek Lurrari buruzko ezagutza eskuratzeko Bizi Baratzean dituzten aukerak, eta ekarpen ekonomikoa egiten duenak proiektu hau bere osotasunean bultzatzen du.
Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu. Formato oso berezia du: plegatutako orri handi bat da eta zabaldu ahala poster handi bat agertuko zaigu barnean. ARGIAk sostengatzen du Bizi Baratzea... [+]
Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]
Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]
Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.
A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak hitzordu bat... [+]