Euskal Herri osoan zehar daude mehatxupean hamaika baso, zelai, mendi zein nekazal lur. Horien defentsan diharduten tokian tokiko plataforma asko bildu dira larunbatean Gasteizen, EH Bizirik-ek deituta, inguru naturalaren “suntsiketaren” eta makroproiektuen “inposizioaren” aurka. 140 talde baino gehiagoren atxikimendua jaso du protestak, eta milaka lagun mobilizatu ditu.
Arratsaldeko seiretan hasi da Bilbo plazan jendea biltzen. Kalejiran heldu dira asko herri bazkaritik, beste asko Gazte Blokean, “lurraren defentsan gazte antolakuntza” oihuka. Laster egin du kaleak gainezka, eta pankartak zabaltzen hasi dira talde batzuk: dozena bat bai, makroproiektu berriztagarrien aurkakoak, parke fotovoltaiko eta eolikoen kontrakoak gehienak.
Manifestazioa mugitzen hastearekin batera zabaldu dira aterkiak ere. Euripean abiatu dira milaka lagun Frantzia kalean behera, Euskal Herria ez dago salgai, lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik lelopean. Bi traktorek eta herioz jantzitako hiru lagunek gidatu dute mobilizazioa, eskuetan haize errotak eusten zituztela, Aixeindar, EAJ/PNV eta Iberdrolaren izenak idatzita.
Ozen entzun dira “Amalurra ez da merkantzia”, “Zuen negozioa, gure miseria”, “Borroka da bide bakarra” edo “Gure lurra babestuko dugu” gisako kontsignak
Bake kalea zeharkatu dutenean, “Euskal Herria ez dago salgai” zioen oihal handia altxatu dute bi traktoreen artean, eta Aroztegiko lurren defentsako protesten irudiak jarri dituzte pareta batean. Goizean ere izan du tokia Aroztegiko auziak: AHTaren kontrako borrokarekin batera mahai ingurua egin dute EH Bizirik-ek antolatuta, egun osoko programazioaren baitan. Asko baitira Euskal Herrian ematen ari diren borrokak, Bake kalean bertan, elkartasun keinu gisa, bozgorailuarekin hitza hartu dute, banan-banan, Arabako Errioxa Bizirik, Urumeako Mendiak Bizirik, Guggenheim Ez eta Ostia kolektiboko kideek.
Gogotik oihukatu dute manifestariek ibilbide hasieratik bukaeraraino. Ozen entzun dira “Amalurra ez da merkantzia”, “Zuen negozioa, gure miseria”, “Borroka da bide bakarra” edo “Gure lurra babestuko dugu” gisako kontsignak. Bukaeran, txalapartaren hotsak bete du Andra Mari Zuriaren plaza, jendez bete den arte. Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek hartu dute hitza lehenbizi, Israelek suetena hautsi eta ehundaka hildako eragin baititu azken egunetan. “Konponbidea ez da etorriko konplize diren alderdi, instituzio eta enpresetatik”, adierazi dute. Zentzu horretan, bi borrokak “uste baino lotuago” daudela ohartarazi dute.
Inposaketen aurrean kaleak hartzeko deia
Inoizko krisi ekologiko eta sozial “larriena” bizi dugula azalduz hasi du hitzartzea Euskal Herria Bizirik plataformak. Aspalditik lurra eta natura mehatxatzen duten proiektuei, gehiago gehitu zaizkie orain: “Makro mailako sasiberriztagarriak, datu zentroak, meategiak, tentsio altuko lineak eta hidrogeno hobiak bezalako zerrenda luze bat”. Ondorio ekologikoez gain, ongizate sozialari ere kalte egiten diotela esan dute, gizarteko ezberdinkeria areagotuz eta aberastasuna gutxi batzuen eskuetan metatuz. Bi arazoek, ekologikoak eta sozialak, “jatorri bera” dutela azpimarratu dute: “Gaur egungo eredu ekonomikoa, kapitalismoa”.
Enpresariak eta instituzioak “elkarren eskutik” doazela salatu dute “eredu ekonomiko hori betikotzera bidean”. Adibide argitzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, “enpresen neurrira” egina: “EAE guztia proiektuz betetzeaz gain, udalak inongo eskumenik gabe uzten ditu, eta herritarren eragiteko gaitasuna mugatu”. Alderdi politikoen “kontsentsua” deitoratu dute, “agerian gelditu zena Arantxa Tapia eta Mikel Oteroren besarkadarekin”. Gauzak horrela, herritarrak “babesgabe” daudela diote “enpresen interesen aurrean”. Oion eta Arratzua-Ubarrundiako udaletako gertakariak ekarri dituzte gogora, eta berriro kritikatu dute EH Bildu: “Zinegotzi batzuek eutsi diete printzipioei, baina alderdiak ez”.
Enpresariak eta instituzioak “elkarren eskutik” doazela salatu dute “eredu ekonomiko hori betikotzera bidean”
Lurraren defentsan ari diren mugimenduen aurkako errepresioa ere gogor salatu dute. Herritarren borondatea kontuan hartzen ez bada, enpresei “zuzenean aurre egitera” behartuta daudela azaldu dute. “Babes osoa” adierazi diete Marieniako eta Aroztegiko borroken auziperatuei. Egoeraren “larritasuna” ikusita, borrokarako deia egin dute politikari eta enpresarien “inposizioen” aurrean, eta bidea kale mailako mobilizazioa dela azpimarratu.
Hiru hitzordu
Hiru hitzordu garrantzitsu bota dituzte bukatzeko. Martxoaren 29an AHTaren aurkako mendi martxa egingo da Altsasutik Olaztira (Nafarroa). Apirilaren 4an, Oionen, manifestazioa egingo dute, udalak Labrazako parke eolikoari baietza eman izana salatzeko. Azkenik, maiatzaren 17 eta 18an akanpada egingo dute Ullibarri-Jauregin (Araba).
Hemen DosporDos-ek manifestazioan ateratako argazkiak:
Hemen Euskal Herria Bizirik-ek egunean zehar ateratako argazkiak:
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.
Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".
Greenpeaceko kideak Dakota Acces oliobidearen aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte eta astelehenean aztertu du salaketa Dakotako auzitegiak. AEBko Greenpeacek gaiaren inguruan jasango duen bigarren epaiketa izango da, lehenengo kasua epaile federal batek bota zuen atzera... [+]
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.
2024ko urriaren 29an epaiketa izan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko kide batek, 2022ko otsailean jaso zuen isunaren harira. Isuna ordaintzera zigortu du epaileak Mozal Legea aplikatuta. Iturrietako mendietan oinez zihoazen, lehen mendi martxa antolatzeko prestaketa lanetan,... [+]
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.
Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]
“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]