Interview. Urez eta hondarrez
Egileak: Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Dorleta Urretabizkaia.
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Konpainia: Tentazioa.
Noiz: apirilaren 2an.
Non: Victoria Eugenia Klub Aretoan, Donostian.
------------------------------------------------------
Ez, ez da Zartzuelaren estreinaldia izan, ezta Hitchcocken filma batena ere. Ez da Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean ikusi eta, agian, ez da Victoria Eugeniaren besaulki-patio ofizialean aurkezteko modukoa. Hobea da.
Donostiako Victoria Eugenia Antzoki handiko besaulki-patiopean bada areto txiki bat. Satorren bizilekua izatetik ez hain urrun, izkinako sorkuntzak, istorioak eta ahotsak kontatzen dira normalean. Oihartzun txikikoak izaten dira, baina xarma handikoak ere bai. Telmo Iruretak bere bizitza kontatu nahi izan digu, bere garun paralisiak nola eragin duen munduaren ikuskeran, baita munduak nola ez dituen garatu hura begiratzeko moduak ere.
Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu du lana autoreak. Zinema eta antzerkia uztartzen ditu. Lehen ordu laurdenean ikusleak Urez eta Hondarrez deituriko film laburra ikusiko du, zeinetan Telmoren amak hartuko duen protagonismo handiena. Gerora kontatu digunez, amaren begiradatik nahi izan du bere istorioa kontatu, egoera horrek sortzen dion kezketako bat badelako besteengan sortzen duen inpaktua. Amaren gutun bat izango du abiapuntu, beraz, film laburrak, semeari idatzitako gutun bat. Hondartzako egun baten kontakizunarekin hasten du idazketa. Telmok bi urte zituen eta hura nola gogoratzen duen kontatzen dio. Momentu hori izan zen prozesu guzti honen hasiera eta iltzatuta dituen beste hainbat eta hainbat idazten dizkio. Hitzak esplika ezin ditzakeenak ere sentitu ditugu, dantzak, irudiak eta gorputzak indar handia baitute filmean.
Pasarte honetako pertsonaia erreal bakarra Irureta bera dela esango nuke, familia eta ingurukoak ordezkatzen dituztenak aktoreak baitira. Antzerkiaren forma hartzen duen film laburra amaitu ondorengo solasaldiak ere badu horretatik: elkarrizketatzailearen papera Dorleta Urretabizkaiak egiten badu ere, Telmoren txikitako zaintzailea ordezkatzen baitu. Haien arteko harreman estuak are intimoagoa eta gertukoagoa bilakatzen du unea eta espazioaren erabilerarekin belarrira kontatzen ari zaizula dirudi.
Era berean, ironia, umorea, sarkasmoa eta askotariko metaforak erabiltzen ditu ikuslearengana iristeko eta bizitzaren aurrean hartu duen jarrera erakusteko. Hori da Irureta, beti erakutsi duenez, baina lan honetan bere alderik sentiberena ere eskaintzen digu. Emozio guztiek garrantzia bera dute: errazak eta ez hain errazak. Zailak eta ez hain zailak. Onak eta txarrak, bai, txarrak ere badirelako. Baina txarrak eta onak, onak ere badituelako. Tarteka Telmo txikiari hitz egingo dio, eta besteetan Telmo hipotetiko bati. Etsipenez, aukerez, ingurukoez, jendeaz, maitasunaz, gaztaroaz...
Emanaldiak ez du fikziotik ezer, protagonistak egiak baino ez dituelako mahaigaineratzen. Eta ikuslegoa deseroso sentiaraziko duen hamaika esaldi ere bai. Hark esaten dituenean beste esanahi bat hartzen dutenak eta hartzailea bizitzan hartzen dugun posizioaz hausnartzera daramana ezinbestean. Oso erabaki azkarra da hori. Zama kentzeko asmorik gabe lurra zapaltzeko moduak eta moduak daudela erakutsi digu.
ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]
Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.
Duela hemeretzi urte berpiztu zen libertimenduen usadioa Donibane Garazin. Antton Lukuk abiatu zuen mugimendu hori, eta bi hamarkadetan, Ipar Euskal Herriko herri desberdinetara ez ezik, Hegoaldera ere hedatu da.