Lurdes Imaz (EHIGE): “Gizarte aurrerakoia izan nahi badugu, ezin dugu ikasleak segregatzen jarraitu”

  • EAEko hezkuntza politikak "itunpeko sarea indartzeko" egin direla esan du Lurdes Imazek (Azpeitia, 1973). Eusko Jaurlaritzak aurreikusten duen hezkuntza lege berriak eskola publikoa sistemaren ardatzean kokatzeko eta segregazioaren arazoa konpontzeko balio behar duela esan du, "bestela ez du zentzurik".


2021eko ekainaren 14an - 09:00
Azken eguneraketa: 11:07
Lurdes Imaz, Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren (EHIGE) koordinatzailea. / E. Ugarte.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bastidan ospatu behar zuten Euskal Eskola Publikoaren Jaia bertan behera utzi ostean hitz egin du ALEArekin Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren (EHIGE) koordinatzaileak. Pandemiaren ondorioz ikastetxeetan ezarritako protokoloak digitalizazioan eta euskararen erabileran dauden ahuleziak agerian geratu direla aipatu du, eta familien parte-hartzea hurrengo ikasturtean berreskuratzea espero duela. EAEko Hezkuntza lege berria zerumugan dagoela, eskola publikoak hartu behar duen lehentasunezko tokia azpimarratu du Imazek: "Lege bat egiten bada, benetan eskola publikoa sistemaren ardatza dela aitortzeko izan behar da, eskola publikoa indartzeko eta segregazioaren arazoak konpontzeko".

Ekainaren 6an egin behar zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia bertan behera utzi duzue. Ez zegoen baldintzarik aurrera egiteko?

Ez. Guretzat jaia egun jendetsu bat izan behar da, ikasturteari amaiera ematen diona. Ikasturte osoan egindako lanari jai giroan amaiera ematen dion eguna izan behar da, milaka lagun biltzen dituena, eta ez da egon aukerarik hori egiteko. Pentsatu genuen formatu txikiago batean egitea baina uste genuen Bastidak merezi zuela ohiko formatuan egitea, eta atzeratzea erabaki dugu; batez ere ez zelako momentua milaka pertsona biltzeko eta uste dugulako jaia horrelakoa izan behar dela, bestela ez du zentzurik.

Pena da bi urtez jarraian atzeratu behar izatea.

Bai. Pena da, baina espero dut hurrengo urtean ahal dugun ondoen egitea, merezi dutelako. Betiko jaia nahi dugu eta benetan ikustea Arabako Errioxan zer lan egiten dugun.

Hain zuzen, Arabako Errioxako ikastetxe publikoek egiten duten lana aitortzea zen helburuetako bat. Zer da saritu nahi izan dena?

Batez ere egiten duten lana ezagutarazi nahi izan dugu. Jaia egiten dugunean saiatzen gara egiten den toki horren eskola eta proiektua ezagutarazten eta nabarmentzen. Arabako Errioxan lan interesgarria egiten ari dira; zazpi ikastetxe publiko daude, elkarren artean oso saretuta daude, eta guretzat oso inportantea da sarean lan egitea eta elkarren artean praktika onak partekatzea, eta hori egiten ari dira. Berrikuntza aldetik ere egitasmo interesgarriak dauzkate, eta esperientzia horien guztien berri eman nahi genuen, eta aitortzea ere egiten ari diren lana eskola publikoaren alde eta euskararen alde. Arabako Errioxako ikastetxe guztiak, zuzendaritza taldeak eta guraso elkarteak aritu gara lanean, eta hasieratik argi geneukan ez zela Bastidako jaia, Arabako Errioxako jaia baizik.

Ikasturte gogorra izan da. Zer zailtasun nabarmenduko zenituzke?

Oso urte arraroa izan da, protokoloaren urtea izan delako. Eskola ez da bakarrik ikasteko gune bat, sozializazio eremu bat ere bada, eta helburu hori asko zaildu da. Aurten asko galdu da maila horretan, baina ikusita hurrengo urteko espektatibak, uste dut joango garela pixka bat normalizatzen. Gure aldetik, gurasoen aldetik, zailtasunak ikusi ditugu eskolan sartzeko, jarduerak egin ahal izateko, guraso elkarteek normalean jarduera asko egiten dituztelako eskoletan, batez ere eskolaz kanpoko ekintzak. Zailtasun nagusia, beraz, hezkuntza komunitate bezala funtzionatzeko egon da, batez ere alde pedagogikoan protokoloa bete behar horrek zaildu du hezkuntza prozesua eta ikasleek behar duten sozializazio espazio hori.

Hurrengo ikasturtean arazo horiek konpontzeko aukerarik ikusten duzu?

Hurrengo ikasturtera begira planteatu duguna da berriro errekuperatu behar dugula familien parte-hartzea, berriro berreskuratu behar dugu familiak eskolan sartzeko aukera hori eta jarduerak egin ahal izatea.

Esan daiteke pandemiak areagotu egin dituela eskola publikoaren defizitak?

Pare bat kontu dira beti planteatu izan ditugunak. Batetik digitalizazioarena, plan bat behar genuela, eta pandemia iritsi denean konturatu gara ez geundela prest horretarako. Pandemiak erakutsi du aurretik genuen gabezia bat, baina poliki-poliki hor ere aurrerapausoak ari gara ematen, eta azkenean pandemia izango da aitzakia bat aurrera egiteko. Eta, bestetik, euskararen kontuarekin esaten genuen ikastetxeak itxita egon zirenean eta eskolaren ordutegiak murriztu zirenean ikasle askori kentzen zitzaiela aukera euskaraz hitz egiteko. Kontuan izan behar da hemen ikasleen gehiengoak etxean ez duela euskaraz egiten; oso inportantea da eskolak irekita mantentzea eta eskoletan ahalik eta ordutegi zabalena eskaintzea. Bi gai horiek oso inportanteak izan dira ikasturte honetan, parte-hartzearekin batera. Une honetan inportanteena da hurrengo ikasturtetik aurrera espazioa berreskuratzea, jarduerak eta normalitatera bueltatzea.

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege berria 2024rako aurreikusten duela jakinarazi du. Zer ardatz izan beharko lituzke lege berri horrek?

Guretzat lege hori da eskola publikoa sistemaren ardatzean kokatzeko, edo bestela ez dauka zentzurik. Gaur egungo sistema duala mantentzeko lege bat egiteak ez dauka inolako zentzurik. Lege bat egiten bada, izan behar da benetan eskola publikoa sistemaren ardatza dela aitortzeko, eskola publikoa indartzeko eta segregazioaren arazoak konpontzeko. Bestela, ez dauka inolako zentzurik lege berri bat onartzea egungo egoera mantentzeko.

Urte hasieran, beste eragileekin batera, euskal eskola publikoaren analisia egin zenuten. Segregazioa eta dualtasuna ziren, hain zuzen, gako nagusiak.

Hor planteatzen genuen, batez ere, segregazio arazo handiak daudela gure hezkuntza sisteman, eta segregazioak esan nahi du ikasleak banatu egiten direla egoera ekonomikoaren arabera edo jatorriaren arabera, eta hori dela gure sistemak duen erronka handienetako bat. Benetan lege bat egiten bada, hori konpontzeko izan behar da.

Hezkuntza sistemak duen erronka handiena da segregazioari aurre egitea?

Azkenean, gizarte aurrerakoia izan nahi baldin badugu, ezin dugu jarraitu ikasleak segregatzen. Eta hori erronka handi bat da, izan ere, datuek erakusten dute gure hezkuntza sisteman behar gehien dauzkaten ikasleak sare publikoan daudela; bekadunak, etorkinak, egoera sozioekonomiko baxuetan dauden ikasle guzti horiek pilatzen dira batez ere sare publikoan, eta zehazki ikastetxe batzuetan. Argi izan behar dugu hori txarra dela guztiontzat, ez bakarrik ikasle zaurgarrientzat, baizik eta besteentzat ere. Batetik, batzuei ez diegu uzten garatzen beraien ahalmen guztiak; eta beste alde batetik, galdu egiten dugu aukera beste batzuk aniztasun horretan hezteko. Gainera, ikerketa guztiek esaten dute ikastetxeetan benetako aniztasuna egotea positiboa dela guztientzat: horrek laguntzen die maila baxuan daudenei maila igotzen, maila altuan daudenei eragin gabe. Hor kontzientziazio lan inportantea dago, eta benetan garrantzitsua izango litzateke Hezkuntza sailetik kontzientziazio kanpaina eraginkor bat egitea; egiak mahai gainean jartzea, ikerketek diotena azaltzea.

Hezkuntza sailaren aldetik, neurririk aurreikus daiteke segregazioaren arazoa konpontzeko?

Ikusi dena da ikasturte honetan segregazioaren gaia konpontzeko ez dela ezer egin, hori argi dago. Ez dakiguna da legegintzaldi honetan hori konpontzeko zerbait egingo duten. Guretzat, testuinguru honetan egin behar dena da eskola publikoa indartzea eta segregazioaren arazoa konpontzea. Momentuz ez da egin, baina aitortu behar da Hezkuntza saila lanean ari dela, jarrera irekia daukala elkarrizketarako eta sistema ezagutzeko pausuak ematen ari dela, eta hori oso positiboa da. Aurten horretan egon dira, eta espero dugu aurrera egitea.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Topaguneak udazken beroa iragarri du. Presioa behar da kalean?

Sare publikoko plataforma bat sortu dugu, Eskola Publikoaz Harro Topagunea, eta hor guraso elkarteak, zuzendaritzak, plataformak, sindikatuak gaude, eta batzen gaituen elementuak lantzen ditugu, eta bai, udazkenean mobilizatzeko asmoa dugu.

Eskola publikoak irabazteko, itunpeko sareak galdu egin behar du?

Daukagun sisteman eskola publikoa %40 bakarrik da, eta Europara begiratzen baldin badugu hori ez da normala; normala da %80 izatea publikoa. Eskola publikoak asko dauka hazteko, eta hori da gure helburua, eskola publikoak gero eta presentzia gehiago izatea eta gero eta ikasle gehiago izatea. Hemen egin diren politikak beti itunpeko sarea indartzeko izan dira, eta askotan ez da egon borondatea eskola publikoa sustatzeko. Egin dena da erdi eta erdi sustatzea; eta hori normaltzat aurkeztu da, baina ez da normala sistema bitan banatuta izatea, ezta behar gehien dituzten ikasleak hartzen dituena sistema publikoa izatea ere. Eskola publikoak izan behar du hiritar guztien eskola, eta horrek eskatzen du, herrialde aurreratuetan bezala, eskola publikoa haztea.

Zer rol jokatzen du eskola publikoak euskararen zabalpenean Arabako Errioxa bezalako eskualde batean?

Inportantea da eskolako jarduera guztiak euskaraz izatea, ez bakarrik gela barrukoak, baita gela kanpokoak ere; arlo ez formala oso inportantea da. D ereduan bermatuta dugu arlo formala, eskolako ordutegiak euskaraz izango direla, baina arlo ez formalaz ari garenean erabileran sartzen gara, eta hor asko dugu egiteko. Horretarako, gainera, administrazioek inplikatu behar dute eta guraso elkarteei lagundu.

Gaurko ereduen sistemak erantzuten al die eskola publikoaren errealitateari eta beharrei?

Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoan %90 D eredua da, eta horrek esan nahi du aniztasun handia dagoela D ereduan: familia euskaldunak eta ez euskaldunak daude, eskualde euskaldunagoak eta erdaldunagoak… Eta zer gertatzen ari da? Emaitzak gero eta txarragoak direla, ez delako berdina, esate baterako, euskara ikastea eremu euskaldun batean bizi den batentzat edo eremu ez euskaldunean bizi den ikasle batentzat. Benetako erronka daukagu metodologiak berrikusteko eta aztertzeko ea orain arte egin dugun lanak aniztasunari erantzuten dion. Gainera, etorkizunera begira jaiotze-tasa behera doa eta umeak izango dituzten gehienak kanpotik etorritako familiak izango dira, beraz, pentsatu behar dugu nola euskaldunduko dugun jende hori. Hori da erronka.

Ikastetxeetan, gurasoen parte-hartzea handitzen edo murrizten ari da?

Borondatezko lana dagoen espazio guztietan bezala parte-hartzea ez da handia, eta batez ere emakumeak gara parte hartzen dugunak, baina orokorrean gizartean horrela da. Gizonak espazio hauetara ekartzea da erronka. Bestetik, ikastetxe mailan, zuzendaritza eta irakasleen aldetik, garrantzitsua da sinestea gurasoek ezagutza batzuk dituztela eta horiek aprobetxatu daitezkeela. Konfiantza behar da, gardentasuna, eta gurasoei parte hartzeko aukera eman. Esperientzia politak ditugu, eta horretan sakondu behar dugu. Gurasoak ez gaude fiskalizatzeko, oso tresna eraginkorra izan gaitezke eskoletako arazoak konpontzeko eta eragile moduan, baina horretarako konfiantza landu behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola segregazioa
Hamar urtetan EAEko ikastetxeen %20 ixteko arriskua dagoela ohartarazi dute

EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.


Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Eskola estigmatizaturik ez Judimendin: familia euskaradunek ere izena eman dute auzoko eskolan

A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan, eta aurre-matrikulazioak emaitza nabarmena utzi du: orain arte profil erdalduna zuen eskolan, 2 urteko gelan izena eman duten 15 umeetatik erdia inguru familia euskaradunetakoak dira... [+]


Nerea Zubia Blazquez
“Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea”

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Helburuetan kale eginda erditu da Hezkuntza Legea

Bilatzen zuen babes sozial eta politikoa lortu gabe argi berdea eman diote EAEko Hezkuntza Legeari, asteazken honetan Hezkuntza Batzordean. Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta... [+]


A eredutik D eredura igaroko da Gasteizko Judimendi eskola

A ereduko eskola D ereduko bihurtuko dute Gasteizko Judimendi auzoan, familia erdaldunen seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emateko eta familia euskaradunak erakartzeko. "Estigmatizatuta dagoen eskola da eta buelta eman nahi diogu, auzo-eskolaren izaera berreskuratu nahi... [+]


Batzen gaituen hezkuntza eredu bakarraren alde

Benetako integrazioa, gizarteratzea eta laneratzea errazteko gaitasunak garatzen dituena da.


2023-10-04 | Estitxu Eizagirre
Andoaingo Ondarreta
“Eman aukera bat herriko eskolari”

Andoaingo Ondarreta Herri Eskola ezagutzen al duzu? Herri erdi-erdian dagoen hori? Nirekin batera sarrerako atea zeharkatzen baduzu, patioan topo egingo duzu eskola publiko honetako 201 ikasleekin, guztien artean 24 jatorri eta 17 hizkuntza batzen dituztenekin. Barneratuko gara... [+]


Hezkuntza Legea ahulduta iritsi da azken txanpara

Legegintzaldi honetan bertan onartu nahi duten EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astearte honetan amaitu da. Lege akordioa sinatu zuten alderdietako bat jausi da dagoeneko, barruan jarraitzen dutenen artean desadostasun nabarmenak dituzte eta hezkuntza... [+]


Zenbat ikasle zaurgarri hartuko dituzte ikastetxeek EAEn?

Ikasleen segregazioari aurre egin asmoz datorren ikasturteko matrikulazio prozesuan Eusko Jaurlaritzak egin dituen aldaketek hainbat eragileren kritikak piztu ostean, ikasle zaurgarrien kopuruaz, ikastetxe bakoitzak hartutako ikasle zaurgarri proportzioaz eta egin dituzten... [+]


Matrikulazio prozesuak hautsak harrotu ostean, EAEko Hezkuntza Legea jomugan berriro ere

Eusko Jaurlaritzaren planifikazio dekretua eta onarpen agindua kritikatu ditu Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, salatu du ikastetxe publikoan matrikulatu nahi eta itunpekora bideratu dituztela familia batzuk, eta Ikastolen Elkartearen... [+]


Eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala proposatu dute

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak txostena aurkeztu dute eskola segregazioa amaitzeko helburuarekin. Nabarmendu dute beharrezkoa dela "gizarte osoaren inplikazioa". Gasteizen Hezkuntza Lege berriaren aurkako prozesioa egin dute.


EAEko ikasleen %56 klase partikularretara doa

Klase sozialen erakusgarri dira klase partikularrak, diru gehien duten etxeetako seme-alabak direlako horietara gehien jotzen dutenak, baina joera orokorra da: urteotan hazi egin da klase horietara familiek bideratzen duten dirua. Espainiako Estatuan egindako azterlan baten... [+]


Ikasleen matrikulazio prozesuko aldaketak, segregazioari aurre egiteko nahikoa?

Ikasleen matrikulazio prozesuan aldaketak egin ditu Eusko Jaurlaritzak, “aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea” helburu. Baina 2 urteko haurren matrikulazioari baino ez diola eragiten, ikastetxea hautatzeko eragin-eremua handitzeak arazoak dakartzala... [+]


Eguneraketa berriak daude