Loraldia Kultur Elkarteko kideek Loraldiaren hirugarren edizioa "erabateko arrakasta" izan dela adierazi dute. Besteak beste, sortzaileen proposamenen kalitatea, euskal kulturaren balore berrien alde egin izana, ibilbide luzeko eta sona handiko sortzaileen ekarpena eta publiko gaztea erakartzea lortu izana baloratu dituzte positiboen. Gainera, Loraldia Eskola hezkuntza egitasmo berriari esker, 100 haur inguruk sormen lan propioak taularatu ahal izan dituztela nabarmendu dute.
290.000 euroko aurrekontua izan du Loraldia Festibalak eta guztira diziplina anitzeko 29 ikuskizun eskaini ditu bost astetan zehar. Bilboko hamar eszenatoki desberdinek literatura, musika, dantza, antzerkia, zinea eta bertsolaritza ikuskizunak bildu dituzte. Loraldiko kideen arabera jaialdiak euskal kultur industrian eragin handia izan du, munduko leku desberdinetatik etorritako 150 artista baino gehiagok Bilbon euren lanak aurkeztu dituztelako.
Hainbatetan "sarrerak agortura" kartela ere eskegi behar izan dute, Kukai&Lagunak, Euskadi dokumentala, BCN Jazz Konexioan, Biba voi edota Izaroren kontzertua kasu. Ez Dok Hiru antzezlanera 1.500 ikusle gerturatu ziren, eta Strip-tease antzezlana, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak dokumentala eta Xabi Aburruzaga, Lou Topet eta Mikel Urdangarinen kontzertuak “erabat betetzear” geratu ziren.
Azkenik, jaialdia Bilbotik haratago “loratzen” hasi dela eta hainbat ikuskizun Euskal Herriko beste leku batzuetan ere eman direla gogorarazi dute Loraldia Kultur Elkarteko kideek.
Albiste hau Uriola.eus-en argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta