Liburutegi anarkisten aurkako sarekadak egin dituzte Berlinen eta Atenasen

  • Materiala konfiskatu eta hainbat kide atxilotu ditu Alemaniako Polizia Federal Kriminalak, “erakunde kriminaleko partaide” izatearen akusaziopean.


2020ko irailaren 17an - 11:05
Berlingo Kalabalik liburutegi anarkistaren aurkako sarekada. Argazkia: Enough 14
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Asteazken honetan liburutegi zein militante anarkisten aurkako operazio polizialak izan dira Berlin eta Atenasen. Bertako kideen hitzetan, “ez da ezer berria”. Oraingoan, ordea, agintea “ahaleginak areagotzen” ari dela aitortu dute. Enough 14 atariaren arabera, errepresioak bost pertsona izan ditu jomugan.

“Elkarte berezi, konspiratibo eta kriminala” sortu izana eta bertako kide izatea leporatzen diete. Hori dela eta, Alemaniako Fiskaltza Federalak ikerketa abiarazi du, indar polizialak militante politikoen etxeetara bidaliz, zenbait kasutan atxilotuak suzko armekin mehatxatuz.

Kriminalizazioa

“Fantasiazko arriskua eta bestelako ikerketa prozedura zentzugabeak” oinarri dituen operazioa dela salatu dute mugimendu libertarioko kideek. Antzeko prozedura baten testuingurupean, beste liburutegi bat erregistratu zuten 2018an. G20aren Hanburgoko goi-bileraren aurrean osatu zen kontragailurraren arduradunak identifikatu eta ikertzea omen zen operazioaren helburua. Konstituzio demokratiko gehienei zein legedia internazionalei erreparatuz, liburutegien aurkako esku hartzeak "oinarrizko giza eskubideen urraketa arriskutsutzat" identifikatzen dira, batez ere II. mundu gerraz geroztik.

Erregistroak

Erregistro guztietan, betiko legez, biltegiratze-bitartekoak, ordenagailuak, mugikorrak, arropa beltza eta beste gai batzuk konfiskatu zituen poliziak. Zirkulu anarkistek azpimarratu dutenez “interesgarria da telefono mugikorrei eskaini dieten interes berezia”, Alemaniako Polizia Federal Kriminalak (PFK) bereizita eraman baitzituen azken horiek, erregistroak amaitu baino lehen ebaluatzeko. Zenbait kasutan, PFK-k zazpi ordu eman omen zituen apartamentuetako miaketetan, eta Berlingo Kalabalik liburutegi anarkistan, berriz, bost ordu nahikoak izan ziren.

Sarekadak Atenasen ere

Nazioarteko operazio bateratua izan dela dirudi gainera; Atenasen, PFK-k bi apartamentu erregistratu zituen Greziako polizia antiterroristarekin lankidetzan. Bertan, bost pertsona atzeman eta GADA delako kuartel nagusira eraman zituzten. Horietako hiru oraindik zaintzapean daude, eta ostegun honetan eramango dituzte epaitegietara, piper-espraiak gordetzea leporatuta.

Etenik gabeko errepresioa

Berlin eta Atenas ez dira errepresioak eragindako hiri bakarrak; izatez, parlamentuz kanpoko talde ezkertiarren aurkako etengabeko esku hartze polizialak nabarmendu dira Hanburgon, Frankfurten zein Leipzigen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sarekadak
Eguneraketa berriak daude