Iragan asteko ostegun eta ostiralean burutu zen ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?’ ikastaroa; 50 lagun elkartu dira jardunaldietan bertsoaren inguruko gaiez gogoeta egiten.
Bigarren eguna izan du gaurkoa ‘Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?` ikastaroak. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak sustatuta antolatu da ikastaroa, UPV/EHU udako ikastaroen baitan. Atzo hitzaldi eta mahai-inguruak osatu zuten egitaraua, eta gaurkoan beste hainbat hitzaldi izan dira. Hemen duzue bi egunetako argazki galeria ikusgai.
Jexux Mari Irazu Muñoa izan da gaurko lehen hizlaria eta libreko bertsogintzari buruz aritu da. Bere mugez eta aukerez hausnartu du, eta azaldu du libreko bertsogintzan ere, ikastaroaren izenari keinu eginez, nork eta zeri kantatzen dion eragina duela. Gairik ez duen bertsogintza izaki, Irazuk esan du aukera ematen duela bertsolariek beren interesen erdigunean egongo den gaia plazaratzeko; eta, era berean, saioa antolatzekoan bertsolari profil ahalik eta ugariena egotea dela komenigarriena, gaitegiak ez dezan desproportziorik sortu genero edota adin aldetik. Bestalde, aipatu du libreko bertsogintzak plazan presentzia handia badu ere, hedapen aldetik jaialdiek eta txapelketek lortzen dutela oihartzun handiena. Horrek desorekarik sortu ote dezakeen gogoetatu du, baina ondorioztatu du: "libreko bertsogintzak asko zor dio txapelketari, jasotzen duen oihartzuna baita aldamenean daukalako egitura bat argi egiten diona, txapelketarena".
Gai-jartzaile autoreari buruz aritu dira Alaia Martin Etxebeste bertsolaria eta Imanol Artola Arretxe gai-jartzailea. Biak ados egon dira gai-jartzailea bera ere autorea dela eta bere ikusgaitasun eza plazaratu dute. Artolak azaldu du saio batek aurretiko lan handia duela, eta orekaren garrantzia azpimarratu du: oreka bertsolarien, bertsoaldien eta ariketen artean. Berarekin bat etorri da Martin, eta orekaren garrantzia nabarmendu harek ere; aldiz, inprobisazioa ere aipatu du, eta azaldu du bere garrantzitsuago ikusten duela oreka momentu jakin baten haustea parte-hartzaile guztiak gustorago egotea ekarriko badu: "Bertsolarien altxaldi kopurua besteko garrantzitsua da zertarako altxarazi ditugun". Azkenik, Artolak azaldu du gaitegia lantzeko orduan, gai-jartzailea, entzuleak eta bertsolariak triangelu aldezuzen batean jartzen dituela, eta hirurak ahalik eta gertuen egotea izan behar dela helburua.
Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? Galderarekin abiatu dira hurrengo bi hitzaldiak. Aitor Bizkarra Ruiz izan da lehenengo hizlaria; Oihana Iguaran Barandiaran, bigarrena.
Hipotesi probokatzaileetatik abiatu da Aitor Bizkarra, eta erantzunetan “bainak” jartzera datorrela esan du. Bertsogintzak eta orohar arteak politikarekin duen erlazioaz aritu da, eta bat-batekotasunak horretan zenbaterainoko eragina duen azaldu du. Horri gaineratu dio eduki politikoa modu estetikoan egin nahi bada, plazako ulermen markoarekin bat egin behar duela. Esaten denaz gain, esaten ez denaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du.
Atsedenaren ostean hartu du hitza Oihana Iguaranek. Bere esanetan, bertsolariak bizi dituen eta inguratzen duten errealitateak ditu kantagai; beraz, derrigor kantatzen die unean uneko egoera sozio-ekonomikoari eta politika gaiei. “Bertsolaritzak praktika komunikatibo gisa dituen baldintzen baitan osatzen da diskurtso hori, eta ondorioz, euskaraz eta Euskal Herritik egiteak ezartzen dizkion ikuspegietatik abiatzen da: mendebaldeko, pribilegio zuridun, hizkuntza minorizatuan eta estaturik gabeko nazio batetik, hasteko. Kontua da, sortzaile gisa zenbateraino aurkitzen zaizkion zirrikituak abiapuntuko marko horri.”
Gai beraren ingurukoak izan dira azken hitzaldi biak. Oihane Perea Perez de Mendiola izan da hitza hartzen lehena eta ikastaroan parte hartzen ari diren ikasleak lanean jarri ditu: bertso eskoletan forma lantzeko egiten direnen zerrenda eginarazi du alde batetik; formatik haratagokoa, bestetik. Horrekin, bertso eskola bizitza eskola ere badela adierazi nahi izan du, eta bertsotan egiteko lekutik haratago, hamaika gairi buruzko hausnarketa, iritzi trukaketa, bide eta ideien bilaketa partekatua ematen dela bertso eskoletan. Emozioei buruz ere hitz egin du, horiek ere lantzen direlako bertso eskoletan.
Beñat Gaztelumendi Arandia izan da gaurko azken hizlaria, eta bertso eskolei buruz aritu da bera ere. Bertsolariek kantatu aurretik edo kantatzen ari diren bitartean hartzen dituzten erabakiek diskurtsoarengan eragiten diotela adierazi du, eta bertsoan eragiten duten elementuez. Doinuen eraginaz aritu da adibidez, oholtzan egoteko moduez, gaien atzean dagoen gaiaz… Guzti horiek lantzeko eta partekatzeko espazioa ere badela bertso eskola azaldu du.
Atzo bezala gaur ere, ikasleen galdera eta ekarpenekin osatu dira hitzaldiak. Ikastaroko hitzaldi eta mahai-inguruak amaitu dira, baina esandakoek izango dute hemendik aurrera ere oihartzunik.
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.