argia.eus
INPRIMATU
Lemoizko zabortegi ondoan obrak egiteagatik kexa jarri du Ekologistak Martxan taldeak
  • Ekologisak Martxan taldeak erakunde publikoetan kexa jarri du Lemoizko Jata mendian Puente Baray Forestalek egin dituen lur-mugimendu eta zuhaitz-mozketengatik. Talde Ekologistak 2019an egindako azterketak erakutsia du inguruko zuhaitz-landaretzan lindanoa dagoela eta prebentzio-neurriak hartzeko eskatu du.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 13a
Argazkia: Ekologistak Martxan.

Lemoizko Jatako mendian, Ekologistak Martxan taldeak bere garaian salatu zuen bertako zabortegitik oso hurbil lindanoa zegoela. Oraingoan, zabortegi horren ondoan Puente Baray Forestal S.L. enpresa egiten ari den lur-mugimendu eta zuhaitz-mozketagatik kexa jarri du Ekologistak Martxan taldeak Bizkaiko Foru Aldundian, Lemoizko eta Mungiako Udaletan, baita Ingurumen Sailburuordetzan ere.

Talde ekologistak salatu duenez, "jarduera horiek ezin dira egin HCH-lindanoaren hondakinekin kontakturik ez izateko premiazko prebentzio-neurriak kontuan hartu gabe".

Inguruan dagoen lindanoaren arriskuak

Ekologistak Martxan taldeak ez daki Puente Baray Forestal enpresak oraingoan zuhaitzak moztu aurretik HCH-lindanoaren presentziari buruzko ikerketarik edota txostenik egin den. Moztu daitekeen zuhaitz-landaretza kontrolatu egin behar dela uste du taldeak, hau da, "dagozkion segurtasun-neurriak hartu eta, beharrezkoa balitz, ondoriozko materialak hondakin arriskutsu gisa kudeatu". Ondorioz, Mungiako Udalari eta agintari eskudunei segurtasun eta prebentzio neurriak hartzeko eskatu die.

Ekologistak Martxan taldeak 2019ko uztailan egindako azterketek erakutsi dute zabortegitik gertu dauden zuhaitz-landaretzan 3,14 eta 6,47 mg/kg arteko hexakloroziklohexanoa (HCH-lindanoa) dagoela. "Horrek ingurunea etengabe kutsatzen du eta herritarren osasunerako ere arriskutsua da, batez ere, landaretza horrekin kontaktuan egon daitezkeen pertsonentzat" salatu du taldeak."Baso-sutea gertatuz gero, HCHaren deskonposizio-fenomenoa gerta liteke, eta, ondorioz, fosgenoa sortzea. Horrek ondorio larriak izango lituzke ingurumenean eta suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileen eta beste pertsona batzuen osasunean. Halaber, zuhaitzak moztuz gero, lindanoak zura mozteaz, manipulatzeaz, garraiatzeaz eta ondoren erabiltzeaz arduratzen diren langileei eragin diezaiekete, baita azken produktua lortu arte burutzen diren prozesuetan esku hartzen duten pertsonei eta instalazioei ere, kutsaduraren sakabanatze-faktorea izan baitaiteke".