Lehen olatuan: egin txalo. Bigarren olatuan: ez negar egin


2020ko azaroaren 24an - 16:53

Badator urteroko EITB maratoia, Gabonetako izpiritu adeitsu eta eskuzabalarekin bat, arazo erreal eta premiazko bati erantzuteko (nola egon pandemiaren ondorioei aurre egitearen aurka? Edota haurren minbizia ikertzearen aurka?) betiko legez indibidualtasunari dei eginez, modu kolektibo (eta bidezko) batean aurre egin ordez. Baina tira, horrelakoekin zoritxarrez aise ohituak gaude, ustez egunerokotasuna hausten duten adibide ugariren bidez, izan Amancio Ortegak Osakidetzari egindako “dohaintza” eskuzabala (gain-esplotazio eta iruzur fiskalari esker lapurturiko dirutzarrari esker, noski, baina horrek berdin dio), dela noizean behin ekonomia atalean goraipamenez idatzitako lerro kitzikagarriek aditzera ematen diguten efemerideren bat...

Aurtengoan, gainera, “euskal-performance” erakargarria prestatu digute. Marketinerako denak balio du eta oraingoan erabiliriko baliabidea, bertsoa. Horren euskalduna, abertzalea, sustraitua, dinamikoa, gurea, aurreko belaunaldiek oztopoak zein etsaiak gaindituz gureraino helarazirikoa. Behin hori eginik berdin dio EITB-ko zuzendari gisa euskara menperatzen ez duen norbait jartzea, (euskal) kapitalismoaren apologistentzat kontraesanak ez dira existitzen.

"Ez negar egin, gu elkarrekin. Izan ere, pandemiaren larritasuna baliatuz egungo gizartean existitzen ez den elkartasunaren ideia faltsu eta tranpati bat elikatzen dela deritzot. 'Gu, elkarrekin'. Nor gara gu?"

Baina benetan asaldatu nauena eta lerro hauek idaztera bultzatu nauena lelo nagusia izan da. Ez negar egin, gu elkarrekin. Izan ere, pandemiaren larritasuna baliatuz egungo gizartean existitzen ez den elkartasunaren ideia faltsu eta tranpati bat elikatzen dela deritzot. “Gu, elkarrekin”. Nor gara gu? Gizarteko indibiduo guztiok, denok auzolanean? Baita Infernuko auzotik etxegabetu berri diren pertsonak ere, bizi-baldintza duinak “defenditzen” omen dituen Udaleko buruarekin batera? Konfinamendu garaian Kantabriako bigarren etxebizitzara “eskapadatxoa” (segurtasuna dela eta, noski) egitera joandako Osasun Publikoko goi karguduna, supermerkatuko biltegira kateaturiko langilearekin batera? Benetan, denok elkarrekin?

Ez dut esan nahi COVID-19ak pertsona edo kolektibo jakin batzuei eraginik egiten ez dionik edota gauden atakatik ateratzeko guztion parte hartzea ezinbestekoa ez denik. Baina hortik denok elkarrekin gaudenaren ideia zabaltzera, jauzi handitxoegia egitea iruditzen zait, egungo klase gizartean bizi garen heinean.

Izan ere, eta bertan dago muina, mainstream-etik etengabe datozen honelako leloek interklasismoaren ideia elikatzen dute, bai modu “neutral” edo aseptiko batean planteatzen direnean, bai iritzi askatasunaren baitan (osatu bertsoa zuk nahi bezala) egiten denean ere. Funtsezko ideia, alta, klase borrokarik ez dagoela da. Hots, pandemiak ez du klase sozialez ulertzen. Denok gaude izorratuak eta elkarrekin. Puntu.

COVID-19aren lehen erasoarekin gure gizartearen antolaketa hankaz gora jarri eta shock egoeran konfinaturik geundela, osasun langileei “txalo egitea” izan zen euren esfortzua balioan jartzeko kolektiboki emandako erantzuna, osasun sistema publikoa indartzea exijitu ordez. Orain, gizarte moduan nabaria delarik ezer gutxi ikasi dugula lehenengotik, bigarren erasoaren aurrean planteatzen den erantzuna...

“Ez negar egin”, aterako gara denok elkarrekin! Zu, senideak azken hatsa bere bakardadean emanda adiorik esan ezin izan diozularik, ez negar egin, aurrera begiratu tunel beltzaren amaieran argi izpi bat ikusten omen baita... Zu, osasun sistema publikoko langile, lan karga igota, baldintzak okertuta, segurtasunik gabe lanean jarraitzen duzun hori, ez negar egin, guztiok batera baikaude eta estutasunean emandako txalo horiek zinezkoagoak baitziren... Zertarako negar egin?

Baina, etortzear dauden zerga igoerak, zorraren ordainketa, Europa Santutik bideraturiko maileguak... Norentzat bideratuko dira eta nork ordainduko ditu? Elkarrekin eta elkarrengana?

Aski da. Zertan gabiltza? Nahikoa da langile klasea lanbroen artean barreiatzeaz, gure gizarteak sortu dituen miseriak ikus ez ditzan. Ezkerrak alternatiba sakon eta erradikalak planteatu ezean eskuinak baliatuko du, faxismoaren izurritea elikatuz, gizartearen bazterretara kondenaturikoen noraeza eta doinu gozoek erakartzen ez dituzten horien ezinegona profitatuz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


2024-07-24 | Ahoztar Zelaieta
JELkumeak

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile berriaren iritziz, Imanol Pradales lehendakariak "esperientzia handiko emakumez eta gizonez osatutako gobernua osatu du, sektore profesionaletan errespetatuak eta Euskadirekin konpromisoa hartu... [+]


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


Materialismo histerikoa
Ilara on

Ilarei buruzko artikulu bat irakurri nuen duela bizpahiru egun, Guillem Martinezena, eta ez dakit ondo ulertu nuen. Kontatzen zuen etxe azpian ezer berezirik ez zuen izozki denda bat daukala, eta azken aldian ireki orduko izaten duela jendea, bata bestearen atzean ordenatuta,... [+]


Teknologia
Arreta hezten

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur... [+]


Eguneraketa berriak daude