2019ko otsailaren 7an Ertzaintzaren operatibo zabal batek, Audientzia Nazionalaren aginduz, Galder Barbado atxilotu zuen Delikako bere etxean.
Arabako Dura herrian material lehergarriarekin aurkitutako zulo batekin erlazionatutako ikerketa baten ondorio izan zen atxiloketa, eta operazio berdinean Aitor Zelaia gazte gasteiztarra atxilotu zuten ere. Lau urte igaro dira gertakari horietatik eta oraindik ere itxi gabeko kasua da bi gazteena.
Behin-behineko espetxealdia
Bi gazteek sei hilabete igaro zituzten behin-behineko espetxealdian. Atxiloketaren biharamunean Madrilgo Soto del Real espetxera eraman zituzten aurrena. Aste gutxiren buruan Zaragozako Daroca espetxera lekualdatu zituzten, Amurriotik 367 kilometrotara.
2019ko abuztuan baldintzapean aske geratu ziren Barbado eta Zelaia, Audientzia Nazionalean egitekoa zen epaiketaren zain.
Epaiketa eta helegitea
COVID-19aren pandemiak atzeratu egin zuen bi gazteen aurkako epaiketa, eta ez zen 2021eko urtarrilera arte burutu. Bien bitartean, Barbado eta Zelaiaren egunerokoa baldintzatuta egon da: astero epaitegian aurkeztu beharra, Espainiako Estatutik ateratzeko debekua eta jarraipen polizial zorrotza ezarri zaizkie.
2021eko urtarrilaren 21 eta 22an egin zen epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat, material lehergarria helburu terroristekin gordetzea egotzita. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune kasua eraman zuen epaile bera.
Murillok 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zizkien Barbado eta Zelaiari, "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita.
Honezkero bi urte igaro dira Audientzia Nazionaleko sententzia argitaratu zenetik, baina oraindik ez dute Auzitegi Gorenak helegiteei eman beharreko erantzunik jaso
Defentsak eta akusazioak helegite bana aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsak bi gazteen absoluzioa eskatu zuen, epaiketak iraun bitartean akusazioak Dura herrian aurkitutako bidoia bi gazteekin erlazionatzerik izan ez zuela ulertuta.
Akusazioak, bere aldetik, 8 urteko espetxe zigorra ezartzearen alde egin zuen.
Honezkero bi urte igaro dira Audientzia Nazionaleko sententzia argitaratu zenetik, baina oraindik ez dute Auzitegi Gorenak helegiteei eman beharreko erantzunik jaso.
Epaia egun batetik bestera atera daitekeen arren, denboran luzatzen ari den gaia da, bi gazteen eguneroko bizitzak zeharo baldintzatuta jarraitzen duen bitartean.
Guardia Zibilaren kolaborazio eskaintzak eta jazarpena
Auzitegi Gorenaren epaiaren itxaronaldi luze horretan Galder Barbado gazteak Guardia Zibilaren kolaborazio eskaintzak eta etengabeko jazarpena salatu zituen iaz, eta salaketa aurkeztu zuten epaitegietan.
2022ko maiatzean Guardia Zibilak Barbado gelditu zuen errepideko kontrol polizial batean. Ordu luzez euripean izan ostean, aurpegia estalita zuten poliziak azaldu ziren, eta Harley ezizenarekin aurkeztu zen batek kolaborazio eskaintza egin zion, Barbadoren egoeraren jakitun zela eta laguntza eskaini ahal ziola esanez.
Gazte amurrioarrak uko egin bazion ere Harley izeneko Guardia Zibilaren telefono dei eta SMS mezu mehatxukorrak jaso zituen hurrengo asteetan. Barbadok ez ezik, gaztearen lagunek ere jaso zituzten gisa horretako deiak. Horrez gain, kalez jantzitako poliziak ere jarraika izan zituen.
Elkartasun olatua
Barbado eta Zelaiaren egoerari erantzuteko, ordea, elkartasun olatu handia sortu dute, 2021ean sortutako ANkerkeriariSTOP plataformaren inguruan antolatuta.
Bi gazteen egoera salatzeko mobilizazio ugari egin dituzte azken urteetan, baita espetxeladiak eta prozesu judizialak ekarritako gastuei aurre egiteko ekimenak ere.
Horren adibide dira, beste askoren artea, Su Ta Gar taldeak Burubion eskainitako kontzertua edota Amurrioko Frontoian egindako elkartasun pilota partidak.