Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

  • Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025eko apirilaren 14an - 08:43
Maki talde bat, artxiboko irudi batean. AHPCE

Errepresioa izan zen erregimen frankistaren biziraupenerako oinarri nagusienetako bat, bai 36ko gerran, bai gerraostean, baita hurrengo hamarkadetan ere. Gerra ondorengo urteetan, maki gerrillariena izan zen errepresio hori gehien pairatu zuen kolektiboa, beraiek izan baitziren, 1940ko hamarkadan bereziki, erregimenari modu aktiboenean aurre egin ziotenak.

Tropa frankistek aurrera egin ahala, mendietan ezkutatu ziren hainbat militante ezkertiarretatik jaio zen makien mugimendua, gerora, PCE Espainiako Alderdi Komunistaren babesa izango zuena, 1948ra arte. PCEren babesik gabe ere, aktibo jarraitu zuten maki batzuek hurrengo urteetan zehar; are, 1960ko hamarkadan hil zituzten azken makitzat jotzen direnak. Aran ibarraren (Aragoi, Espainia) inbasioa izan zen makien ekintzarik entzutetsuena, 1944an egindakoa eta milaka gerrillariren parte hartzea izan zuena, Espainia berreskuratzeko helburuarekin. Porrot egin zuen, ordea.

Nagusiki, Galizia eta Kantabria arteko mendietan, penintsulako ekialdekoetan, Extremadura eta Gaztela-Mantxa artekoetan eta Andaluziako hegoaldekoetan garatu zuten euren jardun gerrillaria, baina, tarteka, bereziki iheserako, Euskal Herritik pasatu ziren. Hain zuzen ere, 1947an, Ibaetan, eta 1948an, Zubieta inguruan, maki batzuk hil zituen Guardia Zibilak.

Bi maki, artxiboko irudi batean.

Leonetik Ibaetara

1947ko urriaren 17an hil zituzten Felipe Villegas Nieto, Gerardo Santos Alvarez Katiuska eta Matias Garcia Bañuelos Matias, Konporta auzoko etxe batean, egungo Ibaeta auzoan. Orduko bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilez inguratuta zeudenean, euren buruaz beste egin zuten hirurek; Euzkadi Roja hedabide komunistak, ordea, Guardia Zibilak «erail» zituela argitaratu zuen urriaren 30ean. Donostiako Udalaren datu baseko informazioaren arabera, hirurak palentziarrak ziren (Espainia) eta bertako Barruelo herriko maki taldean aritutakoak: Villegas Barruelo de Santullangoa zen eta 32 urte zituen; Katiuska Guardokoa, eta 30 urte zituen eta Matias Brañoserakoa, eta 42 urte zituen.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga Muxikak 2023an Zestoa 1936-1959 lanean jaso zuenez, Reinosatik (Kantabria, Espainia) ihesi zetozen makiak eta Francisca Uranga Odriozola zestoarraren eta Jose Eizagirre Amenabar azpeitiarraren Konportako etxean babestu ziren, Eizagirreren Oiartzungo lagun batek eskatuta —beste erreportaje baterako ematen du bikoteak—. Ascension Abad izan zen makiak hara eramateaz arduratu zena, baina gauerdian Donostian utzi eta etxera itzultzen ari zela, Guardia Zibilak Mataporqueran (Kantabria) atxilotu zuen, baita komisariara deklaratzera eraman ere.

Ziurrenik torturapean deklaratu zuela dio Zuloagak, eta ondoren Donostiara eraman zutela, makiak ezkutatzen zituen etxea seinalatzera: «Goizeko seiak aldera, Donostiako Konporta etxean izugarrizko iskanbila sortu zen. Jendea esnatu egin zen. Etxe hartan, gerrillariak ez ezik, Francisca Uranga, Jose Eizagirre eta haien 7, 9 eta 11 urteko seme-alabak zeuden». Milagros Eizagirre alabaren lekukotza jaso zuen Zuloagak lanean, eta, bertsio ofizialari buruz, zera dio: «Milagros Eizagirrek gogoratzen zuen nola bere amaren aurrean egin zuen bere buruaz beste gerrillari haietako batek. Horren ostean, Francisca Uranga zorabiatuta lurrera erori zen». Testigantza horrek, hein batean, orduko bertsio ofiziala berresten du, baina Guardia Zibilaren jokatzeko modua kontuan izanda, ezin da ondorioztatu hirurek euren buruaz beste egin zutela; hain zuzen ere, Aranzadik Donostiako biktimei buruz egindako webguneko fitxetan, Guardia Zibila ageri da hiru erailketen egile gisa. Uranga eta Eizagirre senar-emazteak atxilotu zituzten gertakarien ostean, eta 1952ra arte egon ziren preso, Ondarretako espetxean.

‘Euzkadi Roja’ hedabide komunistak 1947ko urriaren 30ean argitaratutako albistea, egun batzuk lehenago Konportan hil zituzten makiei buruzkoa. 'Euzkadi Roja'

Zubieta inguruan, 1948an

Ibaetako hirurak ez ziren izan Donostiatik pasatu ziren maki bakarrak. Hain justu, hurrengo urtean, 1948ko azaroaren 16an, Asturiastik Ipar Euskal Herrira ihesi zihoan beste bat hil zuen Guardia Zibilak, Zubieta inguruan: Alfredo Barcena Garcia, El Peque edo El Chaval ezizenez ezaguna eta Cristino brigadan ibilitakoa. Epaiketarik gabe exekutatu zuten.

Aranzadik horri buruzko testigantzak jaso zituen Urnieta 1936-1945 eta Lasarte-Oria 1936-1948 lanetan; bigarren horretan, esaterako, hala kontatu zuen gertatutakoa Angelita Goizueta Perurenak: «15 bat urte izango nituen eta Bruneten lanean nenbilen egun hartan. Auzotik pertsona bat korrika agertu zen eta hipodromo alderantz joaten desagertu zen. Guardia Zibila zuen atzetik. Gero, lanetik irtetean, tiroak entzun genituen. Dirudienez, Bugatira doan bidean hil zuten […]. Txabola bat zegoen, eta han ezkutatu zen, harrapatu zuten arte». Angelitak zioenez, guardia zibilek Lasarteko udaletxean jarri zuten gorpua, jendeak ikus zezan.

Ahaztuta

Lehenengo hirurak Polloeko hilerrian lurperatu zituzten eta azkena Lasartekoan, baina desagertuta daude. Hilerrien birmoldaketen ondoren, hezurtegi orokorretan egongo dira ziurrenik, izenik gabe, 1947an Bidebietan fusilatu zituzten Antonio Lopez eta Diego Franco anarkisten moduan eta beste askoren moduan, izenik gabe, ahaztuta. Bitartean, beste batzuek urtero lorez betetzen den mausoleo bat dute Polloen bertan, esanahia aldatu badiote ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]


Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen jarrera salatu du

Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.


Jaurlaritzaren Parisko egoitzaren historia: Gestaporen atzaparretatik berriz EAJren eskuetara

Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Eguneraketa berriak daude