Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.
Urtarrilaren 28 abiatu zen Arabako Bertsolari Txapelketa, eta larunbat honetan, hilak 16 izanen da finala, Gasteizko Printzipal Antzokian –iaz Europa Jauregian egin zen–, 17:30ean.
Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Iñaki Viñaspre Simon, Manex Agirre Arriolabengoa, Paula Amilburu Izargarai eta Peru Abarrategi Sarrionandia bertsolariek hartuko dute parte. Finalista guztiak egonak dira lehenago finaleko oholtzan, eta horietatik lauk jantzi dute txapela. Otamendi da larunbatetako finalisten artean gehien jantzi duena –lau ditu–.
Xabier Rico Iturriotzek jantziko dio txapela aurtengo txapeldunari. Horrela, bere ibilbidea aitortuko dute: 1984an, Arabako lehen Txapelketan hartu zuen parte.
Berrogei urte bete dira lehenengo Arabako Bertsolari Txapelketa egin zela. Gasteiz Irratiak 50 urte bete zituela ospatzeko antolatu zen lehiaketa. Urte eta erdi lehenago, Abel Enbeitaren gidaritzapean, sortu zen Gasteizko bertso eskola. Patxi Aizpurua Garaialdek esan duenez, ordutik partaide kopurua bikoiztu da, eta euskarak “apurka-apurka bada ere” aurrera egin du Araban: “Eta horrekin batera bertsolaritzak”.