[Hemendik gatoz: Ostirala]
Betzuloak, berriz. Ostegunean bezalatsu edo agian gehiago. Ohean eman ditu bederatzi-bat ordu, baina kosta zitzaion lo hartzea. Orduero-edo jaiki da gauean, amets gaiztoekin, hotzez, bero zuen gero... Ama besarkatu du sukaldean topatu bezain pronto.
Mugikorraren pantaila piztu da jakinarazpen batekin. Intrigaz begiratu du. Ez da Amets. Dozena bat mezu utzi dizkio Iraitzek “despeditu” zirenetik, ordu ugaritan, erantzun bat jasoko zuelakoan lehenago edo beranduago... baina ezer ez. Orain ere ez. Hotz-hotz despeditu ziren, ez Iraitzek hala nahita, ustezko gaizki ulertu baten erruz, baina.
Amaiaren ahots-mezua kuadrillako taldean, minutu pasatxokoa. Geroxeago entzungo du.
Edo ez. Ea zer duen Amaiak, zer kontatzen duen, zerbait proposatzen, alaitzen ote dion zapatu goizeko aurpegi goibela.
“Naia eta biok gaur [haize-zarata]... entrenatzen ditugun umeen partidua daukagu [haize-zarata]... geratu gara [haize bortitzagoa oraingoan]... inor animatzen?”
Bonbilla piztu zaio.
-Ama. Amaiak eta Naiak idatzi dute taldean. Eskola kiroleko partidua dutela, gero bazkaria umeekin eta haien gurasoekin, laguntza eskertuko dutela... Ume asko gobernatzeko, badakizu. Haiekin joango naiz, bai?
Onespena jasota, trenaren linea -ordutegiak deskargatu ditu mugikorrera. Gaur, larunbata, orduero du eta ez ordu erdiro. “Kaka”. Beno, atzo bezala, jaiegun baitzen atzo. “Kito, dagoenarekin”. Ea Amets topatzen duen karrikaren batean. Hala irten da, lasterka, etxetik.
Pi-pi-pi. Treneko ateak zabaldu dira, eta ixterako, eserlekua topatuta eta eserita dago. Ametsen atzoko aurpegia du gogoan, ondo gogoan, baina badu ilusioa, badu esperantza, han edo hemen topatzeko. Gaur, hain justu, Tupust! kolektiboaren Gu liburu ilustratuaren aurkezpena dago eta oroitzen du Ametsek nola esan zion gustuko zituela aurreko liburu biak, eta irakurri nahiko lukeela hirugarrena ere... “Abadiñokoa izanda, joango ote da ba?!”, pentsatu du.
Aurikularrak ipini ditu, nola ez, arraro suertatzen baita, bestela, gazte bat entzungailu barik ikustea bakarrik doanean. Izaki Gardenaken Orube disko berria gaur, EITBko gaueko programa horretan ikusi zuela Jon Basaguren jertse super-txulo batekin eta horrexegatik.
11:00ak baino lehenagorako heldu da Durangora, eta 13:00ak arte, Tupust!-ekoen komiki aurkezpenera arte, ez du zereginik. Baina pentsatuta ekarri du hori trenetik. Horregatik joan da zuzenean San Agustin kultur-etxera, Odola antzezlana ikustera. Hilekoaren gaia jorratu dute Las Paralales antzerki-konpainiakoek, kristauen Bibliako pasarte bat hartuta, zeinetan esaten den hau: "Emakumeak odol jarioa duenean, zazpi egun baztertuta egongo da, eta ukitzen duen edonor lizuna izango da". Ba beno, “bazterketa zazpi egunekoa balitz, sikiera”...
Punkia izan da, bastante, bertan ikusi duena. Ordu laurdeneko espektakulua, hegan joan dena. Poesia beltza da. Bizia, eta aldi berean gogorra eta umoretsua. Lurrari lotuta, feminitatea duena oinarrian, bekatuak eta ez-bekatuak zuloz josten dituena. Barre-algarak entzuteko astirik ere izan da jendez majo bete den antzokian –“11:00etan, larunbat batez, antzerkia ikustera joan? Nork du gogoa horretarako? Ia-ia Donostiako Zinemaldikoaren pare, goizeko 8:30ean proiektatzen dituztela lehen emanaldiak”–.
Antzezleak hasi dira, une batez, obario polikistikoak gorpuzten, umoretik... Ahizpa zaharraz oroitu da. Iraitzen Dr. Jaikie eta Mr. Jai propioak hasi dira hizketan. “Ahizpak etorri behar zuen”. “Beno, ez zen etorriko, ez zaizkio holako gauzak gustatzen”. “Ya, bueno, baina lehen eskutik bizi duzunean diferentea da”. “Baina horretarako etorri egin behar da, eta ez zen etorriko”. “Beno, herrira bertara eramango balute, eta esango banio, akaso...”. “E, ez zela joango; Maialen antzerki bat ikustera? Ezta zoratuta ere!”.
Odola-k inpaktua eragin dio Iraitzi, eta jende askori ere bai, ez da dudarik. Irteerakoan aditu du emakume ile urdindun batek nola esaten zion senar burusoilari, pasio betez, ez dela brometarakoa izan. Ziurrenik katekesia eta etxean gurutzeak zintzilik edukitzea obligazioa zen garian jaiotakoa izango zen emakume hori. Trufari ipini du horrek Iraitz.
San Agustinetik Landakora. Badaezpada. 11:30ak dira eta ea sartzerik duen. Ze, ordubete ere ez da azoka ireki dutela, baina ja, posible da, sarbidea blokatuta egotea, edukieragatik. Goiztiar dabil jendea, bistan da; ostegunean zein ostiralean, lehen ordua betetzerako edukiera apur bat narraski betea zen espazioa. Larunbatean ere halaxe izan da.
Baina Izarorenganako kola kanpotik hasten da. Alegia, kola egin behar duela berdin-berdin. Eskerrak ordubete pasako astia duen Tupust!-tarren aurkezpenerako. Beharko du, dena den, Izarorengana heltzeko. Baina bestela, noiz erosi Izaroren diskoa? Kola hori baino apalagorik ez da egongo, ez behintzat Izaro hor dabilen bitartean.
Eta Izaroren diskoa erosi behar du, bai ala bai, amari hitzemana baitio. Ostiralean, “berez”, horretara “joan zen” Durangora... Eta ea amak eskatu behar dion diskoa... Eta ez kontrol polizial moduan, e. Ondo jakina denez, Izaroren fanek ez dute adin-mugarik. Amarentzat berriena, Pirritx eta Porrotxekin egin duen hori; eta Cerodenero berarentzat. Insta elikatu behar da zerbaitekin, eta erosi dituen liburuen artean, erositako Consonniko liburuak ere frikiegiak dira 15 urteko batek Instan kolgatzeko. "Izarorekin foto bat? Too much, no?", pentsatu du.
Atoan heldu da eguerdiko ordubata. Beno, atoan-atoan ere ez, ilara horren guztiaren ostean, erruz ari duela euria gainera; baina heldu da. Eta nola ugaritu den kondentsazioa. Zer zen hori, [liburu-aurkezpenak egiten diren] plastikozko bunker hori nola dagoen, jende dezenterekin ez ezik, sauna bat dirudi horrek. Ez beroagatik espresuki. Euria da gaur –ere– errudun.
Itxaron beharra dago sartzeko, aurreko hitzaldia ez baita amaitu oraindik. Eta hizlariak baino dezentez urduriago ipini da Iraitz, ea Amets agertuko den esperoan.
Ez du askorik tardatu aurkitzen. Fitxatzen. Begiak ez dio hutsik egin urrunera Amets atzematen. Bufanda more, aterkia ere bertsu kolore, ziran zenbait lore... Begiek dir-dir, eta ez poesia merkeagatik.
-[Ustekabeko topo egiteagatiko isilunea. Atoan besarkada] Iraitz! Baina, baina... Zer egiten duzu hemen?
-Ba hemen, ikusten duzu. Zu bezalatsu.
-Atzo...
-Lasai.
-Ez, jo, benetan...
-Lasai. Benetan. [30 graduko itzulia eman du]. Goazen barnera [eskuaz besoa laztanduta].
Ez dute hitz gehiagorik egin. Ez du premiarik sentitu bederen Iraitzek. Akaso Ametsek bai, edo ez, baina ezin du hitzik egin, hor ari baita apunteak hartzen Iraitz. Begia luzatu eta ikusi nahi du zer ari den apuntatzen... Baina letra kaskar samarra du.
Ez da idazten ari soilik. Marrazten ere bai, Tupust!-ekoen hitzak entzun bitartean. Paula Estevez eta Irati Eguren mintzo dira kolektiboaren izenean, Gu komiki liburu feminista aurkezten. Eta kolektiboaren ikuspegiaz berri ematen ere bai, jakina. Jende gutxi da aretoan, gutxi samar azokaren bueltan mugitzen ari denarekiko.
Feminismoa eta komikigintza uztartzeko sortu zuten hainbat emakumek kolektiboa, duela zazpi-bat urte. Gabezia eta hutsune handia sumatzen zuten bi alor horiek batzen dituen Euskal Herrian. Sare horretan antolatu dira, hasieran argitaletxeen bueltan eta autogestioan gero, enpresa jakin batekin izandako talkak tarteko.
Komikigintzak ez du sona handirik hemen, ez badira bi-hiru izen konkretu; hala adierazi dute Tupust!-eko kideek. Ezkutuko horri boza eta espazioa ematea izan da kolektiboaren helburua, amateurrago zein profesionalago izan. Horrek molatu dio Iraitzi: kolektiboan antolatzeak, feminismoan ahaidetzeak, elkarrekintzan ikasteak... eta marrazteak. Oro har, istorioak sortzeak. Beno, eta itzulpengintzak ere bai, molatzen dio, ostiralean maitemindu baitzen, asko, Idazketa labana bat da libururako Leire Lakastak egindako lanaz. Eta bere hitzez.
-Zer asmo duzu, Iraitz? Bokata bat nahi?
-Ba jango nuke, bai. Handik?
-Ez, beste aldetik. Ezagutzen dut leku on bat. Durango ondo ezagutzearen abantailak, badakizu, azoka aldian etortzen direnen aldean...
Ez dute hitz gehiagorik egin atzo gertaturikoaz. Ez du beharrik sentitu Iraitzek. "Ze, zertarako, azken aurreko eguna dugu-eta hemen?!". Garrantzitsu ez diren gauzez mintzatu dira, nolabait esanda. Baina hitz-aspertuan ere ibili gabe. Ez alferrik. Gauza ez inportanteez ere hitz egin behar da elkar ezagutzeko; eta, igual, ere hori kengarri ere izan daiteke.
Alegia, hitz egin dutela azokako egitarauaz eta egiten duen eguraldiaz, gutxi gehiagoz. Baina inportantea izan da gauzak erabakitzeko. Tartean, adostu dute, edo jakin dute, Leire Vargasen poema-liburuaren aurkezpenera joatea gustatuko litzaiekeela biei. Bihotz museo-bat argitaratu du aurten; bere bigarren lana. Izen poetikoa. Poetikoa izan den gisara aurkezpena bera. Eta jendetsua. Ezin bestela izan, etxean aritzea ez baita alferrikako.
Ez da alferrikakoa izan, ezta ere, liburu horren erosketa. Aldarteari, barren-barrenei, bete-betean zetozkien Vargasen zenbait poema. Esaterako, hurrengo hau:
Mendea eta segundoa. "Gu geu kiribiltzen gara erre izan ezin ditugun monolitoetan".
Eta, ba justu, ilgora da bihar, igandea.
-Orain bai, etxera noa. Nekaturik nago.
-Bale, lasai. Ez didazu baimena eskatu behar, esan dizut atzokoaz...
-Bihar egongo gara? –moztu dio Iraitzek–.
-Bai, baliteke, ez dakit... Ez dakit bestelako planik edukiko dudan...
-Bale –ez oso konbentzituta, ez batak ez besteak, baina “ikusiko” delakoan bezalatsu–, ez baduzu nirekin gehiago elkartu nahi, ez da ezer gert...
-Ez, ez! Ez da hori. Benetan, oso gustura nago zurekin. Baina ez dakit nora doan hau guztia.
"Zer da hau?", pentsatu du.
-Gutxienez biharrera bai, nigatik –finitu du Iraitzek berak–.
Besarkada bai, gaur bai. Eta fereka lotsati batzuk bizkarrean, besoan. “Agur”, Ametsek. “Bihar arte”, Iraitzek. Buelta erdia eman dute, eta trenerako bideari ekin dio. Gaur maps-ik gabe. Aurikularrak bai, ordea. Nola ez, ba.
Pi-pi-pi. Treneko ateak zabaldu dira, eta ixterako, eserlekua topatuta eta eserita dago.
Beste pi-pi-pi bat, baina oraingoan ez dator trenetik. Aurikularrak itzali zaizkio. “Kablerik gabeak erosteak duen merkezurreko mauka”, esango lioke aitak. Mundua gainera eroriko balitzaio bezala sentitu da. “Ba liburua aterako dut nahiz eta nekatuta egon eta gogorik ez izan”, pentsatu du. Zeozer egin behar da.
Zeozer egin behar horrekin zera esan nahi baita: mugikorra atera du bost minutuz azpiko erloju-denboran. Txata zabaldu dio Ametsi.
Ametsek erantzun bitartean, erantzuten badio... Belarriak tentetuta entzuten ari da beste leihoaren aldean daudenen konbertsazioa. Hiru neska dira, eta adin berekoak dirudite. Jaso du adinaren konfirmazioa, batek aipatu baitu astelehenean ikastolarako ez-dakit-zer etxerako lan egin beharra dagoela jakizu-zer klaserako.
Beraz, adinekoak dira; edo urte bat edo bi gazteago haiek. Beno, kontua da, kontatu dutenagatik, neska horri Snapchat-en post denak erantzuten dizkiola Mikel delako batek. Ratxa-n omen daude. SUA ematen die aplikazioak, auskalo zenbat egun jarraian “solasean” ari direlako. “Ratxa-n, baina noranzko bakarrean”, pentsatu du Iraitzek, baina grazia egin dio eta barre txikia atera zaio. Espero du inor ez dela jabetu. Hala ematen du. Egia esan, ez zen batere graziosoa. Pixka bat erasotzailea zen. Erasokorra.
Iraitzi inork ez dio Snapchat-ik erantzuten. Eta hori jarri duela gaur post bat: Izaroren diskoa, Cerodenero, sinatua gainera. Emaitza, ordea: zero. Ratxa-rik ez.
Bihar, igandea.
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen... [+]
Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari... [+]
Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.
Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.