Hizkuntza bizia orain! egin dute oihu galizieraren aldeko milaka manifestarik Santiago de Compostelan (Galizian) joan den igandean. 2024ko hondarrean, azken inkestako datuek pozteko arrazoirik ez zuten eman: ezagutzak eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. Marcos Maceira Queremos Galego plataformako bozeramailea Galiziako Gobernuaren jarreraz kexu da: “Gobernua elebitasun adeitsuaz ari da hizketan eta 15 urtetik beherakoen herenak ez daki galizieraz hitz egiten”.
Larrialdi linguistikoari aurre egiteko eta Galiziako Gobernuaren hizkuntza politika aldatzeko eskatzeko elkartu dira milaka galiziera hiztun, otsailaren 23an. Han izan diren alderdi politikoek, gizarte mugimenduetako taldeek eta galizieraren alde borrokan ari diren elkarteek gogoratu dute PP gidari duen gobernuak hamabost urte daramatzala galizieraren aurkako politikak egiten.
Marcos Maceira manifestazioa antolatu duen Queremos Galego plataformako kidea da, eta horrela laburtu dio hizkuntzaren egoera Nòs diario hedabideko kazetariari: “Gobernua gai da elebitasun adeitsuaz hitz egiteko, eta eskolan galiziera hitz egiten sartzen diren umeen %70 gaztelaniaz hizketan ateratzen dira; hainbat ikasgai galizieraz ematea debekatuta dago edo murriztuta; telebistako eskaintzaren %0,9 dago galizieraz; jostailuen %0,6 daude galizieraz; eta justizian galizieraren erabilera %1 baino txikiagokoa da”.
Ez dira hilabete asko pasa galizieraren aldeko azken manifestazioa egin zutenetik. 2024ko azaroan elkartu ziren, urrian Galiziako Estatistika Institutuak hizkuntzaren ezagutzaz eta erabileraz datu oso kezkagarriak atera eta segituan.
“Gazteek hizkuntzaz duten ezezagutzak maximo historikoak gainditu ditu”
ARGIAk, El Salto hedabideak egindako datuen laburpena baliatuta, inkestaren emaitzak jorratu zituen azaroan. Galizieraren aldeko eragileak biltzen dituen A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidenteak, Marcos Maceirak, adierazi zuen datuak “galizierak bizi duen muturreko larrialdiaren adierazle" direla. "Gazteek hizkuntzaz duten ezezagutzak maximo historikoak gainditu ditu”, gehitu zuen.
Galiziera gutxi edo batere ez dakiela diotenen ehunekoak gora egin du adin tarte guztietan. 15 urtetik beherakoen artean gorakada nabariagoa da. Bost urtean %23,9tik %32,44ra pasa da hizkuntza ezagutzen ez dutenen kopurua.
Erabilerak ere, adin tarte guztietan egin du atzera. Galiziako Estatistika Institutua inkesta egiten hasi zenetik (2004tik) lehenengo aldiz, galiziera hiztunen ehunekoa erditik behera jaitsi da. 2018ko inkestan %51,88k adierazi zuen galiziera erabiltzen zuela egunerokoan, eta azken inkestako datua berriz %45,51koa da. Gaztelaniaz baino aritzen ez direnak %29,2 dira eta duela hogei urte %19,56 ziren. %64,9k adierazi zuen asko ulertzen duela galiziera, gainerakoek erantzun dute nahikoa, gutxi edo batere ez dutela ulertzen.
Etxeko transmisioa eteten ari da
Inkestak nabarmen erakutsi zuen belaunaldien arteko aldea: zenbat eta herritar zaharragoak orduan eta ezagutza eta erabilera datu hobeak. Ohikoan galiziera erabiltzen duten hiztun kopuru handiena adin handieneko taldeetan pilatzen da. 65 urtetik gorako pertsonen %67,92k galiziera gaztelania baino gehiago erabiltzen du. Aldiz, 2018an 5 eta 14 urte artekoen %26,12arentzat zen galiziera eguneroko hizkuntza eta 2023an %16,19arentzat. Bost urtean hamar puntuko jaitsiera. Orain dela hogei urte umeen %40k baino gehiagok egiten zuen egunero galizieraz. Ohikoan gaztelaniaz ari direnen zifra %53,67 da, eta duela hogei urte %34,17.
Zein hizkuntzatan erosoago moldatzen ziren galdetuta, 65 urtetik gorakoen %46,31k adierazi zuen hobeto moldatzen dela galizieraz. 5 eta 14 urte artekoei galdetuz gero %6,68k erantzun zuen erraztasun handiagoa duela galizieraz.
Lehen hizkuntza gaztelania da
5 eta 14 urte artekoen %16,06k erantzun zuen gurasoek beti galizieraz egiten dietela. 2008an datua %27,88koa zen. Gurasoek beti gaztelaniaz egiten dietenen zifra berriz %36,98tik %47ra pasa zen. 65 urtetik gorako biztanleekin alderatzen badugu, 2023ko inkestan %66,12k esan zuen gurasoek galizieraz baino ez dietela egin. 2008an datua %78,85koa zen. Datuek erakusten dute aldaketa soziolinguistiko bat ari dela gertatzen. Galiziera eremu pribatuko hizkuntzatzat hartua zen, eta gaztelania eremu publiko eta sozialerako zen. Gaur egun, belaunaldi berrietan, gaztelania eremu pribatuko hizkuntza gero eta gehiago da.
Ezagutzak behera egin du txikienen artean
2004tik gaur arteko datuak begiratuz gero, ezagutzan eta erabileran aldaketa handienak umetan eta gazteetan gertatu dira. Duela hogei urte 5 eta 14 urte artekoen %56,98k zioen galiziera asko zekiela, eta 2023an datu hori %27,43koa da. Ia herenak esan du gutxi edo batere ez dakiela galiziera. Duela hogei urteko datuaren bikoitza da, eta azken datuetatik 8,54 puntuko igoera.
Hezkuntza eremuan gero eta gehiago dira gaztelania hiztunak, batez ere derrigorrezko hezkuntzan. 17 urtetik beherako ikasleen artean, haien artean beti edo ia beti gaztelaniaz hitz egiten dutenak ehuneko 85,2 dira. Duela hogei urte %61,52koa zen zifra. Galizieraz baino egiten ez dutenak %4,65 dira. Ikasgaiak zein hizkuntzatan jasotzen dituzten ere galdetu zitzaien gazteei. %29,49k esan zuen erabat edo ia erabat gaztelaniaz jasotzen dituela, eta galizieraz %13,89k.
Hedabideak ia erabat gaztelaniaz
Irrati, telebista, hedabide eta liburuen erabileraz ere galdetu zieten. “Beti gaztelaniaz” edo “galizieraz baino gehiago gaztelaniaz” erantzunek %90 biltzen dute, 16 urtetik beherakoen artean.
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”
Datuak jakin eta berehala elkarrizketatu zuen ARGIAk Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea. Galizieraren egoeraren argazki gordina egin zuen. Azaldu zuen aspalditik ari zirela ohartarazten egiten ari ziren [PP alderdia] hizkuntza politikarekin “hau gertatuko zela”. Gehitu zuen “historian lehenengo aldiz”, galizieraz hitz egiten duten pertsonak gutxiago direla gaztelaniaz hitz egiten dutenak baino. Maceiraren ustez, 2009tik aurrera PPk ezarri dituen hizkuntza politikek beherakada azkartu dute, eta “horrek muturreko emergentzia linguistikora eraman gaitu. Politika horiek ez badira zuzentzen, eta ez bada bermatzen galiziera eremu guztietan eta erabilera guztietarako egotea, oso zaila izango da leheneratzea”. Elkarrizketa osoa irakurtzeko moduan daukazue hemen: “Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”
Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]
Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.
Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]
O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.
Galizieraren defentsarako eta erabilera bultzatzeko mobilizazioak arrakastatsuak izan direla adierazi du Queremos Galego plataformak, eta Galiziako Xuntari hizkuntzarekiko konpromiso gehiago izatea eskatu dio.
Galizierazko Letren Egunean sortu da Mastodon.gal, galiziar hizkuntza eta kulturaren komunitatearentzako Mastodon instantzia. 1963ko maiatzaren 17an ospatu zuten lehen aldiz, Rosalia de Castrok Cantares gallegos liburua argitaratu zuela 100 urte betetzen zirelako. Gaurtik... [+]
Lagunarekin galizieraz ari zelako gizon batek besoetatik heldu eta demanda egin ziola salatu du emakume batek Lugon. Poliziak erasotzailea identifikatu du dagoeneko. “Gure herrian gure hizkuntza hitz egiteagatik beldur izatea nahi dute, baina ez gara geldituko”,... [+]
Urriaren 21ean, Bilboko Euskararen Etxean antolatu da mahaingurua, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan: “Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea”. Urriaren 21ean da hitzordua, 19:00etatik aurrera.
A Mesa Normalización Lingüística galegoaren aldeko elkarteak urriaren 11n Espainiar Estatuko telebista publikoak ez ikustea eskatu du, joan den astean MasterChef Celebrity telebista saioan galiziera imitatzen hasi eta mespretxuz tratatu zutelako hizkuntza... [+]
Agenteek Galiziako Hizkuntza Normalizaziorako Mahaiko kideak bultzaka hartu dituzte A Toxan toponimia ofizialaren aldeko elkarretaratze bat egiten ari zirela, Felipe V.a espainiar erregearen bisita bat probestuz.
2005ean Galiziako Xuntak zinema finantzatzeko sistema aldatu izanak sekulako aldaketa eragin zuen hango zineman: zuzenean egileei emandako laguntza txikien bidez, fenomeno zinematografiko berria sortu da. Bitartean, Euskal Herrian ikus-entzunezkoak egiteko azpiegituretan joan da... [+]
Egun handia Galizian: kioskoetan da Nòs Diario egunkaria. Bi urte igaro dira berripapera sortzeko proiektua iragarri zutela, eta 3.000 harpidedun lortu dituztenean, urte berriarekin batera, kalera atera dira. Egunkariaren lehen azaleko titular nagusia: Datuek hankaz gora... [+]
Erakundearen txostenaren arabera, Eskualdeetako Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioa "ez da nabarmen hobetu" Galizian. Aurretik abisua eman zion Alberto Núñez Feijóo buru duen gorbernuari.
Asturiasko zonalde batean galiziera hitz egiten da. Hango parlamentari bat galizieraz, bere hizkuntzan, ari zela VOXeko kide baten kexagatik mintzaldia gazteleraz egitera behartu dute.
2005ean NAO rock talde galiziarra (A Estrada, Pontevedra) sortu zutenetik bertan ari da abesten Pablo Carracedo Jasper. Urte askotako musika ibilbidea du, betiere konpromiso politiko eta sozialari lotuta, eta galiziera ardatz hartuta. Irakaslea ere bada. Musikan eta hezkuntzan,... [+]