Larrialdi klimatikoari aurre egiteko erabaki urgenteena gerorako utzi dute

  • Klimaren goi-bilerak azken arnasean lortu du akordioa. Lurraren tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea adostu dute. Aldiz, karbono isurien merkatu globala arautuko lukeen akordioa ez dute lortu. Parisko Akordiotik garatzeko gelditzen den puntu bakarra da.


2019ko abenduaren 17an - 07:17
Karbono merkatua erregulatzeko adostasunik ez dute lortu.

Akordioa ezin erdietsita ibili dira goi-bileran. Abenduaren 13an bukatzekoa zen bilkura Madrilen (Espainiako Estatua), eta azkenean, abenduaren 15 goizean eman zuten akordioaren berri. Madrilen egin bada ere bilkura, Txileko Gobernua zen antolatzaile.

Tenperatura gradu eta erdi baino gehiago ez igotzea adostu dute. Horretarako ordea, oinarrizkoa da karbono isuriak murriztea, eta karbono merkatua arautuko lukeen akordioa 2020an Glasgown egingo den goi-bilerarako utzi dute.

Carolina Schmidt COP25 goi-bilerako presidente eta Txileko Ingurumen ministroa ez da pozik akordioa eta gero. Deitoratu du karbono isurien nazioarteko merkatua arautzeko neurriak hartu ez izana: “Behar dugu karbono-merkatu sendoa, ingurumenarekiko integritatea izango duena, baliabideak sortzera bideratua egongo dena, emisio txikietan oinarritua eta klimari erresilientea izatea lortzea".

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak desengainatuta dagoela adierazi du: “Nazioarteko komunitateak krisi klimatikoari aurre egiteko, arintzen, egokitzen eta finantzak antolatzen anbizio handiagoa frogatzeko aukera garrantzitsua galdu du”.

Greenpeaceren iritziz, akordioa etsigarria da: “Gobernuek nola aritu diren aztertu behar dute zeren COP honen bukaera erabat onartezina da”. Jennifer Morgan, Greenpeaceko zuzendari nagusiak adierazi du herrialdeak ez direla aritu herritarren eskakizunen mailan: “Blokeatzaile klimatikoek aurrean eraman dituzte ohartarazpen zientifikoak eta gizartearen garrasiak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: COP25
Eguneraketa berriak daude