12 familiak eskatu dute euskarazko D eredua Larragako San Miguel eskola publikoan, baina Hezkuntza Departamentuaren erantzunik ez dute jaso eta Mendigorriako eskolarekin gertatu zen moduan, errezeloa dute D ereduko eskaintza ez dela garaiz iritsiko aurrematrikulazio garairako. Argi dute ordea: “Euskaraz ikasteko eskaera baldin badago, eskaintza bermatu egin behar da”.
Nafarroako Euskararen Legeak ez-euskaldun izendaturiko eremuan dago Larraga eta bertako San Miguel ikastetxean A eta B eredua dituzte. Gaur egun, euskarazko murgiltze ereduaren alde egiten dutenek bi aukera dituzte: edo herriko eskolan gelditu, baina D ereduan ikasteari muzin egin, edo D eredua ikastera Tafallako eskolara joan, herria utziz. Izan ere, Nafarroako eskola mapak zehazten du D ereduan ikasi nahi duen Larragako ikasleak Tafallara joan behar duela.
Datorren ikasturtean 3 urteko gelan hasiko diren 12 haurrentzat –gutxienez 12, gero gehiago ere animatu baitaitezke– D eredua ezartzeko eskaera egin zuten uztailean, otsailean egingo den aurrematrikularako eskaintza hori egon dadin. Azken finean, haurrek herrian bertan ikastea nahi dute gurasoek, seme-alabek bizitza eta ikaskuntza prozesua herrian bertan egin dezaten. “Norbere herrian euskaraz ikasteko eskubidea dute. Gurasoek izan ez zuten aukera hori nahi dute seme-alabentzat, eta Hezkuntza Departamentuari dagokio bermatzea. Gainera, herriko haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa da, denek ezin baitute herrian bertan ikasi aukeratutako hizkuntza ereduaren arabera”, azaldu digu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Prozesu honetan, Behatokia eta Sortzen elkartea lagun dituzte hamabi familiek.
"Herriko haur guztien aukera berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa da, denek ezin baitute herrian bertan ikasi aukeratutako hizkuntza ereduaren arabera"
“Uztailetik otsailera nahikoa denbora dago agindua aldatzeko”
Hezkuntza Departamentuaren erantzun faltaren aurrean, bilera eskatu dute, eta ostegun honetan dute hitzordua. Aurreko esperientzia txarrak gogoan, eta uztailetik inongo erantzunik jaso ez dutela ikusita, errezeloz doaz bilerara. “Kezka dugu Mendigorrian egin zuten gauza bera egingo ote duten: foru agindua aldatzeko eta eskola mapa egokitzeko denbora behar dela aitzakia jarri eta berandu bideratzea eskaintza; gurasoek ez lukete D ereduan izena emateko aukerarik izango aurrematrikulazioa iristen denean. Mendigorrian halaxe egin zuten eta aurrematrikulazioa ailegatu zenean gurasoek ezin izan zuten inon adierazi D eredua aukeratzen zutela –kontatu digu Gaubekak–. Larragako kasuan, uztailetik otsailera nahikoa denbora dago agindua aldatzeko, beraz ezin du izan argudio, eta gainera, eskola mapa tresna bat da, baina ezin du baldintzatu euskara non eman; euskaraz ikasteko eskaera baldin badago, eskaintza bermatu egin behar da lehenik, eta ondoren eskola mapa aldatu, ez alderantziz”.
Berez, lerro berria irekitzeko gutxienez 8 haur eskatzen ditu legeak eta Larragan 12 badira gutxienez. Esperantza dute lortuko dutela, baina esan bezala, gakoa da eskaerari noiz erantzungo zaion, “eta guretzat oso inportantea da eskolaratzea hastean ematea aukera, zeren aurrematrikula igaro ostean egiten baduzu, familia hauek dagoeneko baldintzatu dituzu bestelako aukeraren bat egitera eta gero zailagoa da horri buelta ematea”.
Mendigorriaren kasuan bide judizialari ekin zioten, baina ez zuten aurrera egin beharrik izan, presio sozialak lagunduta Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerroa irekitzea lortu zutelako. “Oraingoan ere, osteguneko bilerak ematen duenaren arabera, eskura ditugun erremintak baliatuko ditugu”.
"Guretzat oso inportantea da eskolaratzea hastean ematea aukera, zeren aurrematrikula igaro ostean egiten baduzu, familia hauek dagoeneko baldintzatu dituzu bestelako aukeraren bat egitera"
Euskarazko irakaskuntzari ateak zabaldu
Behatokiko zuzendariak nabarmendu du ez dela Larragako edo Mendigorriako arazoa, arazo orokorra baizik: “Gobernutik ez dago euskararen aldeko inolako eskaintza aktiborik, eta familiek eskatzen dutenean, dena da oztopo. Egoera horrek erabat baldintzatzen du euskarazko hezkuntza eredua, baina ikusten dugu behin D eredua ezartzen denean, gero eta gehiago direla horren alde egiten duten familiak”.
Beste ñabardura bat ere egin digu Gaubekak: San Miguel ikastetxeko matrikulazioa dezente jaitsi da, eta horri aurre egiteko modua ere bada euskarazko ikasketak eskaintzea, jakinda hainbatek beste herri batera egiten duela alde D ereduan ikasi ahal izateko. “Eskola hauen etorkizuna baldintzatzen ari dira, bai eskola txikiei bai herriari berari mesede egiten dielako eskaintza zabaltzeak, baina gurasoek eskaera egin eta berdin jarraitzen du Hezkuntza Departamentuak, oztopoak jartzen, euskarazko irakaskuntzari ateak zabaldu ordez”.
"Gobernutik ez dago euskararen aldeko inolako eskaintza aktiborik, eta familiek eskatzen dutenean, dena da oztopo"
Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]
Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.
Mañeru eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria egin du aho batez udalbatzak urtarrilean, eta horretarako Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren babesa behar du. Ostegunean egin dute bozketa, eta bertan behera gelditu da udalbiltzaren nahia PSNek... [+]
Mañeruko Udalean “amorrua” da nagusi, “ez dugu ulertzen PSNren jarrera”, azaldu dio alkateak ARGIAri. PSNk aurreratu du ezetz bozkatuko diola udalerria eremu “ez euskaldunetik mistora" pasatzeari eta beraz, PSN eta Navarra Sumaren... [+]
Herriko udalak berak eskatuta, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak zonifikazioaren legea eraldatzea proposatu dute Nafarroako Legebiltzarrean. María Chivite eta Javier Esparzaren alderdiek aurka bozkatuko dutela aurreratu zuten, erabakia irmoa ez den... [+]
Eremu “ez euskaldunetik” mistora pasatzea eskatu du Mañeruko udalbatzak eta Nafarroako Parlamentuak eskaera onartu dezan PSN edo Navarra Sumaren aldeko botoak beharko dira –gainerako alderdiek alde bozkatuko dute–, baina horretarako borondaterik ez... [+]
Mañeruko bizilagunen nahiarekin bat egin zuen aho batez udalbatzak apirilean: eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzea. Eskaera onartu ala ez hilabete honetan bozkatuko du Nafarroako Parlamentuak, eta PSNren botoak erabakigarriak izango dira.
Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari... [+]
Urriaren 22an egun osoko egitaraua antolatu dute Errigora, Agerraldia eta Hordago herri ekimenek, euskara ardatz hartuta, baina ostegunean jakinarazi dute udalaren traben erruz ezingo dutela aurreikusitako Deskontrolen kontzertua egin. Halere, 17:30ean Tuterako kaleak hartuko... [+]