[INUZENTEKERIA] Lanpostu publikoetarako oposizioen biderkatzea, ezkerraren eta independentismoaren “desmobilizazio masiborako” agintarien isilpeko “arma”

  • ARGIAk Hego Euskal Herriko elite politiko eta ekonomikoen isilpeko plan baten informazioa lortu du. Haren oinarriak jasotzen ditu Baketze plan prebentiboa: post-gatazka eta post-ongizate garairako politika publikoak txostenak. 2011an Hego Euskal herriko agintarien artean kezka handia zegoen. ETAren desagertzeak independentismoa hauspotu zezakeen, eta krisi ekonomikoak konfrontazio soziala piztu: “Gobernagarritasun krisia sor daiteke”. Hori saihesteko, bake soziala bermatzeko helburua zuen plana adostu zuten boteregune nagusiek. Oinarria lan eskaintza publikoetarako lehiaketen kopurua eta maiztasuna biderkatzea zen, etengabeko azterketen bitartez “sektore aurrerakoi eta abertzaleak desmobilizatzeko”, besteak beste. 2013tik dago indarrean plana.


2019ko abenduaren 28an - 08:00
Hego Euskal Herriko elite poltiko eta ekonomikoek adostutako isilpeko plana jasotzen duen txostenaren azala. ARGIAk USB formatoan eskuratu du.

2008-2011 urte arteko garaia esanahi handikoa izan zen Euskal Herrian maila ekonomikoan zein soziopolitikoan. 2008an “krisi ekonomikoak” eztanda egin zuen eta estatuek murrizketa politikekin erantzun zuten, Ongizate Estatuaren paradigma behin betikoz lurperatuz Mendebaldean. 2011n ETAk jarduera armatua behin betikoz uzteko deliberoa publiko egin zuen. Prozesu luze baten amaiera izan zen. Hilabete batzuk lehenago herritarrek erabakia ‘saritu’ zuten EH Bilduri emaitza elektoral ikusgarriak emanez, Gipuzkoako Aldundiaren Gobernua barne. Urte berean, M15aren sute mobilizatzaileak Espainiako Estatuaren tenperatura politikoa gorian jarri zuen. Alarma piztu zen elite politiko eta ekonomikoen artean: faktore horien batuketak lurraldetasuna eta eredu ekonomiko-politikoa auzitan jarri zezaketen koktela sortu zezakeen. Mamu batek zeharkatzen zituen Hego Euskal Herriko goi agintarien bulegoak eta administrazio kontseiluak: gobernaezintasunaren mamuak. Arrisku hori indargabetzeko zer edo zer egiteko beharra ohiko elkarrizketa gaia bilakatu zen elite politiko eta ekonomikoen zirkulu informaletan, 2011n.

EAJren eta Iñigo Urkulluren gidaritza

EAJ izan zen behar horri saiakera formal itxura eman zion agentea. Egoera analizatu eta horri erantzuteko proposamen bat egingo zuen lan-talde bat osatu zuen alderdiak. 2011ko irailaren 12an bildu zen estreinakoz. Batetik, “Talde Iraunkorra” zegoen, egitasmoaren nukleoa. Bestetik, nagusiki kontraste eta iritziak trukatzeko funtzioa zuen “Talde Zabala”, maiztasun gutxiagorekin biltzen zena. Lan erritmoa oso bizia izan zen. Zortzi hilabetetan, neurri zehatzak proposatzen zituen 286 orriko txosten mardula itxitzat eman zuen lan-taldeak. ARGIAk gaur arte isilpean mantendu den txosten hori eskuratu du. ‘Kosme’ren testigantza jaso ahal izan du ere bai: Kosmek egitasmoaren berri izan zuen hasieratik eta lan-talde horren Talde Zabaleko kide izan zen –izena faltsua da. ARGIAk egitasmoaren partaide bezala identifikatu duela jakinaraztean, informazioa emateko prest azaldu da anonimotasuna mantentzeko baldintzapean–.

“Kezka orokortua zen, baina inork ez zuen neurri zehatzik jartzen mahai gainean. Orduan etorri zen Kataluniako ‘helikopterazoa’, eta Sabin Etxean alarma ez, izua zabaldu zen”

Zergatik hartu zuen EAJk ekimenaren gidaritza? Kosmek argitzen du: “Kezka orokortua zen, baina inork ez zuen neurri zehatzik jartzen mahai gainean. Orduan etorri zen Kataluniako ‘helikopterazoa’, eta Sabin Etxean alarma ez, izua zabaldu zen”. 2011ko maiatzean Herrialde Katalanek euren 15M propioa ireki zuten: plaza okupatuak, greba orokor eta sektorialak, istiluak eta mobilizazio masiboak... Jopuntu nagusia CIUko Artur Masek gidatzen zuen gobernuaren muturreko murrizketa politikak ziren. 2011ko ekainaren 15ean sesioa zegoen Kataluniako Parlamentuan. Puntu nagusia murrizketa pakete gordin baten onarpena zen. Milaka manifestarik legebiltzarra inguratu zuten hura blokatu eta sesioa egitea ezinezko bilakatu asmoz. Liskarrak izan ziren lurretik parlamentura sartzen saiatu ziren politikarien eta manifestarien artean. Horrelakorik ekiditeko, Artur Mas eta beste hainbat politikari helikopteroz heldu ziren parlamentura, askok ‘umiliazioa’ bezala ulertu zutena. 15Ma eta prozesu independentista gurutzatu eta maila batean uztartu ziren ordutik aurrera. Ziurgabetasunen garaia, besteren artean CIUren desagertzea eta Artur Masek presidentetza galtzea ekarriko zituena gerora. Kosmeren arabera, Iñigo Urkullu izan zen gertakariei neurria hartzen lehena, eta bere bultzada pertsonalak sortu zuen taldea: “Oraindik ‘Patxilo’ [Patxi Lopez sozialista] zen lehendakaria, baina Urkulluk argi zuen ordurako hurrengoa bera izango zela, eta zin egin zion bere buruari ez zela Gasteizko Legebiltzarrean inoiz ere helikopteroan helduko. PSOE-PPk egitea txarto, baina tira, baina kale-kume eta erradikalek ez zituztela bera eta EAJ lehendakaritzatik eta agintetik botako”.

Estefania Beltran de Heredia eta Jonan Fernández Lemoizko zentralean

EBBren oniritziarekin, Urkulluk berak erabaki zuen pertsonalki lan-taldearen osaera eta funtzionamendua. Estefania Beltran de Heredia eta Jonan Fernandez izan ziren egitasmora batu zituen lehendabiziko bi pertsonak. Kosmeren esanetan, “EBBak erabakita zeukan Jaurlaritza ‘berreskuratzean’ Estefania Barne Saileko burua izango zela, eta Jonan Eskubide, Bizikidetza, eta Lankidetzaren idazkari nagusia. Haiek balekoa emana zuten. Iñigorentzako garrantzitsua zen baketze plan batek ‘makilaren’ zein ‘azenarioaren’ begiradak uztartzea. Jonanek zalantza batzuk agertu zizkion Iñigori, lana pilatuko ote zitzaion Jaurlaritzara heltzean preso eta iheslarien arloan edo elkarbizitzarenean zer egin asko egongo zelako. Baina Iñigok esparru horietarako EAJren planak azaldu eta gero, denbora sobera izango zuela ulertu zuen”. Egitasmoak EAEko markotik Nafarroakora ere jausi egin arte, Beltran de Heredia, Urkullu eta Fernandezek osatu zuten Talde Iraunkorra (TI).

 

 

ARGIAko informatzailearen arabera, Baketze Taldearen bilerarik gehienak Lemoizko zentral nuklearreko 2 Erreaktorean burutu ziren (irudian, ezkerrekoa)

 

 

Egitasmoa isilpean mantentzeko neurri zorrotzak hartu zituen TI-ak. Bileren aktak eskuz hartzen zituzten, bilera bakoitzean zehazten zuten hurrengo hitzordua eta ez zegoen kideen arteko inongo harremanik telefonoz edo internetez. Inork haien arteko bilerak zelatatu edo grabatuko ez zituela ziurtatzeko, tartean Espainiako zerbitzu sekretuek, bilerak egiteko toki egoki baten bila luze aritu ziren. Kosmeren arabera, non eta Lemoizko zentral nuklearraren 2 erreaktorean aurkitu zuten: “Josu Jon Imazen proposamena izan zen, Urkulluk hasieratik partekatu zituen kezkak harekin. Bere kontaktuen bidez, sarrera nagusiaren eta 2 erreaktorearen giltzak eskuratu zituen. Erreaktorearen hormek hainbat metro hormigoizko lodiera dute, ezinezkoa da kanpotik barruko inongo seinalerik hartzea”. ARGIAk ezin izan du informazio azken informazio hori baieztatu.

EBBren oniritziarekin, Urkulluk berak erabaki zuen pertsonalki lan-taldearen osaera eta funtzionamendua. Estefania Beltran de Heredia eta Jonan Fernandez izan ziren egitasmora batu zituen lehendabiziko bi pertsonak.

Sekretua kontsentsuarekin uztartu nahi zuen TI-ak, ordea. Neurri zehatzak proposatzea bazen asmoa, horiek garatzeko botere gune guztien oniritzia eta haien arteko elkarlana ezinbestekoak izango ziren. Horregatik erabaki zen Talde Zabala (TZ) osatzea. 2011ko urria eta azaroa artean, kontaktu pertsonalak egin zituzten TI-ko partaideek. Harrera oso ona izan zuen egitasmoak, eta azaroaren 30ean formalki osatua geratu zen TZ, bere estreinako bilera eginez. Bilera horietan EAEko botere guneen ordezkaritza zabala batu zen: enpresariak, bankariak, kazetariak, sukaldariak, politikariak, kirolariak...

TZ-ren funtzioa TI-k egindako proposamenen inguruan iritzia eta oniritzia ematea zen. Baina TZ-k berak egin zion proposamenik inoiz TI-ri. Hain zuzen ere, egitasmoa Nafarroara zabaltzea TZ-ren ekarpena izan zen: “Guztiok argi genuen, nazio ikuspegiarekiko ezberdintasunetatik harago, afera honetan Hegoalde mailako lurraldetasuna lantzea ezinbestekoa zela”.

Laurak bat, Volkswageni eta Opus Deiri esker

Ez zen erraza izan Nafarroa ekimenera batzea. “UPNk eta Diario de Navarrak (DN) esan zuten ez zirela fio, nazionalisten amarru bat zela Euskadik Nafarroa anexionatu zezan, eta haien lurraldean gobernagarritasun arazoak piztekotan, oso ondo zekitela nola amaitu horiekin”. Kosmeren arabera, TZ-ren kontaktuek desblokeatu zuten egoera: “Gasteizko Mercedeseko goi agintari bat Iruñeko Volkswageneko beste batekin batzartu zen, eta Gipuzkoako elizako goi kargu bat Nafarroako Opus Deiko beste batekin. Interesa komuna zela argi ikusi zuten, eta Nafarroan presioa egitea onartu zuten. Volkswagenek UPNri adierazi zion ekimenarekin bat egiten ez bazuen Iruñeko planta Arabako Lautadara eramango zuela, eta Opusak DNri subentzioak moztuko zizkiola eta bere Unibertsitatea Arantzazun ezarriko zuela. Di-da onartu zuten parte hartzea”. TZ-era UPN, PSN, Opus, DN, UGT eta Volkswageneko ordezkariak batu ziren. Bi hilabete beranduago eta konfiantza eta elkar-ulertzea bermatzeko, Jaime Ignacio del Burgo batu zen Urkullu, Fernández eta Beltran de Herediak osatutako TI-era, Nafarroako eragileek aho batez proposatuta. TI-ren bileren tokia txandakatu egin zen orduan: batean Lemoizen egiten zuten eta hurrengoan Bardeako poligono militarrean, aire erasoen aurkako babesleku batean. 2012ko urtarrila zen. Hortik aurrera, egitasmoak abiadura bizia hartu zuen. TI astero biltzen zen, eta TZ hilabetean behin.

AEBetako etxebizitza eredutik Euskal Herriko lan-oposizio eredura

TI-eko kidek hartu zuten lehendabiziko lana dokumentatzea izan zen. “Aldaketa sakon eta azkarren garai batean, oro har jendartearen eta bereziki sektore abertzale, ezkertiar eta militanteen egoera, joerak, kezkak eta asmoak ezagutu nahi izan ditugu”, dio “Baketze plan prebentiboa: post-gatazka eta post-Ongizate-Estatu garairako politika publikoak” txostenak sarreran, 12. orrialdean. “Lagina oso zabala izan da: jendarte likidoari buruzko analisiak, Arnaldo Otegiren diskurtsoak, Su ta Gar taldearen edo Izaroren letren bilakaera, zenbait herri mugimenduren idatzi publikoak zein barne mailako komunikazioak”. Baina AEBetako Defentsa Ministerioaren txosten bat izan zen gerora Baketze Plan Prebentiboaren ardatza izan zena garatzeko argia piztu zuena.

Gardener for Social Control” AEBetan I. Mundu Gerra ostean garatutako kontrol sozialerako politika da. Hego Euskal Herrirako Baketze Plan Prebentiboa horretan oinarritzen da.

Gardener for Social Control” (Kontrol Sozialerako Lorezaintza) ikerketak, 1927koa, AEBetako Gobernuak I. Mundu Gerra Ostean sustatutako etxebizitza politika aztertzen du. Ikerketaren laburpena egiten du TI-ren txostenak. I. Mundu Gerra bitartean eta ostean, nazismotik, gerratik zein gosetik ihesi, ehunka milaka militante komunista eta anarkista heldu zen mundu osotik AEB. Gobernua beldur zen pertsona horiek antolatu eta gerra soziala AEB barnera ekarriko ote zuten. Kontrol eta errepresio modu klasikoak areagotu zituen gobernuak sektore horien kontra, baina bestelako estrategia bat abiatu zuen aldi berean: langile klasearentzat lorategi pribatudun etxebizitza handiak (“big house, private garden”) masiboki eraikitzearena. Pelikuletatik egun hain ezagunak zaizkigun urbanizazio horiek, bi solairuzko egurrezko egitura galkorra eta lorategi pribatua duten partzelek osatua. Ideia zera zen: etxebizitzaren eta batez ere lorategiaren mantenu eta edertze lanek denbora asko eskatuko zien langileei. Praktika subertsiboei denbora kenduko zieten jarduerak. 1918an abiatu zuen estrategia gobernuak, ‘arrisku subertsibo handieneko’ estatu gutxi batzuetan. Emaitza onak ikusita, 1923an egitasmoa herrialde osora hedatu zen. 1927ko txostenak balorazio ezin baikorragoa jasotzen du: “It has been shown that the apolitical imposition of time-consuming apolitical activities is an effective means of guaranteeing social peace. The policy 'Gardening for social control' has had an undeniable success, and opens up a whole field of possibilities for the future" (“Erakutsi da denbora eskatzen duten jarduera apolitikoak modu apolitikoan inposatzea bake soziala bermatzeko bide eraginkorra dela. ‘Kontrol Sozialerako Lorezaintza’ politikak arrakasta izan du, eta aukera asko zabaltzen ditu etorkizunera begira”).

Baketze Planaren 2. puntuak (“Ikerketa Lerroak”), AEBetako Defentsa Ministerioraren lanak TI-ean sortu zuen galdera jasotzen du: “Etxebizitzaren burbuila are gehiago puztea ez da erreala EAEn eta Nafarroan, baina: Zein izan daiteke ‘modu apolitikoan inposatu daitekeen eta denbora asko eskatuko duen jarduera apolitikoa?’ gure lurraldean?”. Ideia zaparrada eta IAAA dinamika bat (Indarguneak, Ahulguneak, Arriskuak, Aukerak) egin ostean, proposamenetako batek hartu zuen zentralitatea: “Lan-oposizioen Prestaketa Iraunkorrak” (Oppositions for Social Control).

 

 

“Baketze plan prebentiboa: post-gatazka eta post-ongizate garairako politika publikoak" txostena, 162. orria.

 

 

 

Lan Eskaintza Publikoak: “Baketze Masiborako Arma”

Pausu berriak eman aurretik, Aztiker Soziologia Ikerguneari ikerketa bat enkargatu zion TI-k, lan-oposizioen prestaketak langile baten bizitzan duen inpaktua neur zezan. Emaitzak uste baino argigarriagoak izan ziren. ARGIAk eskuratu duen Baketze Planaren txostenak ez du ikerketa osoa jasotzen, baina bai datu esanguratsuenak.

2010-2012 urteen artean lan-oposizio batera edo gehiagora aurkeztu ziren 213 pertsonari elkarrizketa kuantitatiboak egin zizkion Aztikerrek. Bataz beste 7,3 hilabete eman zituen oposiziogile bakoitzak azterketarako ikasten. Denbora tarte horretan langabetuek 7,5 ordu eskaini zizkioten ikasketei, eta enplegua zutenek 4,2. Aztikerreko ikertzaileek oposizioaren prestaketak pertsona bakoitzaren bizitzan zuen inpaktuaz galdetu zien oposiziogileei. “Lan-oposizioaren prestaketak gatazkak edo tentsioak areagotu ditu zure ingurune hurbilean?” galderari, inkestatuen %22ak “bai, asko” erantzun zioten, %43ak “bai, nabarmen”. Adingabeko umeak dituzten familietako kideen kasuan, “bai, asko” erantzuna %44ra igo zen. “Azterketa prestatzen hasi aurretik izaera soziopolitiko eraldatzaileko ekimenei edo taldeei denbora eskaintzen zenien?” galdetu zitzaien inkestatuei. Baiezko erantzuna ematen zutenentzako bigarren galdera bat zegoen: “Oposizioaren prestaketek denbora kendu diote zure konpromiso sozialari?”. Oposiziogileen %46ak “bai, asko” erantzun zuen; %20ak “bai, nabarmen”. 2012ko apirileko data du Aztikerren ikerketak.

Aztiker Soziologia Ikerguneak ikerketa egin zuen 2012an: “Oposizioaren prestaketek denbora kendu diote zure konpromiso sozialari?”. Oposiziogileen %46ak “bai, asko” erantzun zuen; %20ak “bai, nabarmen”.

Ikerketak TI-ren intuiziorik baikorrenak ere gainditu zituen. “Talde Zabalean ikerketa eta horri loturiko proposamena aurkeztu zizkigutenean, umeak ematen zuten. Pentsa, Urkullu irribarretsu zegoen. Jonanek etengabe errepikatzen zuen ‘presarik gabe, kontsentsua eta elkarbizitza da garrantzizkoena’, baina ezin zuen bozkarioa disimulatu. Jaimek algara batean erantzun zion kontsentsu maila horrekin Nafarroa eta Euskadi arteko ‘Organo Común Permanente’ bat ere ametituko lukeela. Estefaniak ziurtatzen zuen ez zuela hutsik egingo, baina egiten bazuen ere makila beti izango genuela eskura”, gogoratu du Kosmek. Baketze Planaren txostenak baikortasun hori islatzen du argiro: “Egokiro antolatutako Lan Eskaintza Publiko sistema batek bi txori akabatu ditzake harri bakar batez: batetik, gatazka soziala eta publikoa desaktibatu dezake; bestetik, gatazkak eta tentsioak arlo pribatura bideratu eta despolitizatu ditzake. Baketze eta Desmobilizazio Masiborako Arma bilakatu dezakegu lan-oposizioen sistema. Talde Iraunkorrak aukeraren tamainako inbertsio ekonomiko, politiko eta humanoa egitea proposatzen du”. TZ-k aho batez onartu zuen egitasmoa 2012ko maiatzean, eta 2013tik garatzen hasteko mandatua eman zion TI-ri. Plana soslai teknikoagoko pertsonen ardurapean geratu zen orduan, beti ere TI-ren eta TZ-ren begiradapean.

Deialdiak biderkatu; lan-postuak gutxitu

Hirugarren atalean zehazten du proposamena Baketze Planak: “Deialdiak eta aztertzaileak biderkatu, lan-postu publikoak murriztu”, du izenburua. 187. orrian, “2013-2018 bosturterako estrategia” sintetizatzen du txostenak: “Asmoa bikoitza da: batetik, EAEko administrazio publikoak Lan Eskaintza Publikoen deialdi kopurua biderkatuko du; bestetik, sortzen diren lanpostu horiek erretretekin eta murrizketekin orekatuko ditu, pixkanaka kopuru osoa beherantz egiten duela ziurtatuz, Europar Batasunak ezartzen dituen oreka fiskalerako politikekin bat eginez. Erronka zera da: lan-postu bakoitzerako aurkezten den oposiziogileen ratioa laukoiztea 2018rako”.

Helburuak lortzeko, besteak beste, Lan Eskaintza Publiko bakoitza iragartzeko “inbertsio ekonomiko eta politikoa biderkatzea” egitea proposatzen du txostenak, hedabide publikoak zein pribatuak baliatuta. “Herritarrei pentsarazi behar zaie lanpostu publikoen kopurua biderkatzen ari dela, eta aukera handiak dituztela funtzionario izatea lortzeko”. Eskaintzak “zatitu eta denboran aurreikuspenez ordenatu” behar ziren aldi berean. Esaterako, bi urtetan Hezkuntzan 300 posturako eskaintza zabaltzea aurreikusten bada, 75 posturako lau deialdi egitea litzateke “egokiena”. Modu horretan, “oposizioen prestaketa eguneroko bizitzaren paisaian integratuko dugu”.

Plana abiarazteko lan esparru estrategiko batzuk zehazten ditu txostenak: Hezkuntza, Suhiltzaileak, Polizia, Administrazio Publikoa eta Osakidetza. Horien artean Hezkuntza eta Suhiltzaileak lehenestea proposatzen du Baketze Planak, “horietara aurkezten baitira proportzio handiagoan sektore abertzaleak, ezkertiarrak eta antisistemak”.

 

 

“Baketze plan prebentiboa: post-gatazka eta post-ongizate garairako politika publikoak" txostena, 187. orria.

 

 

 

Baketze plana datuetan

Asmoetatik harago, antzeman al daiteke aldaketarik Lan Eskaintza Publikoen politikan? Garatu al zen isilpeko plana? Espainiako Estatistika Institutuaren (INE), Gaindegiaren, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) eta Nafarroako Estatistika Erakundearen (Nastat) datuen erkaketak emaitza argigarriak ematen ditu Hego Euskal Herrirako.

2013-2018 aldian, EAEko eta Nafarroako administrazioetako funtzionarioen kopurua %9,8a murriztu da. Aldiz, Lan Eskaintza publikoen deialdi kopurua %183a igo da. Baketze Planak lehenesten zituen Hezkuntzan eta Suhiltzaileetan, igoera hori %293koa da.

 

 

2008-2013 bosturtea 2013-2018koarekin alderatuta, Lan eskaintza publikoetarako lehiaketa kopurua ia laukoiztu egin da (3,72 aldiz biderkatu da). 2008-2013 bosturtekoan, deialdi bakoitzeko 132 lan postu eskaini ziren bataz beste; 2013-2018an, aldiz, 47 izan dira. 2008-2013 bosturtean lan postu bakoitzeko 114 oposiziogile aurkeztu zen; 2013-2018 artean, ratioa lan postu bakoitzeko 417 pertsonara igo da. 2008-2013 artean 267.342 herritar aurkeztu ziren oposizioren batetara; 2013-2018 aldian, 424.321 (azken horien artean, 296.982 bi lehiaketara aurkeztu da. Eta 154.387 dira “hiru oposizio edo gehiagotan” izena eman duten herritarrak).

Gatazka soziala beherantz

Zer garapen izan du gatazka eta mobilizazio sozialak Baketze Planaren bosturtekoan zehar? Gora edo behera egin al du oposiziogile kopurua biderkatzen zen bitartean? EAEko eta Nafarroako Barne Sailen datuek beherakada nabarmena adierazten dute aldagai nagusietan:

 

Beheranzko joera orokorra da eta aldagai guztiei eragiten die. 2015eko urtea da salbuespen bakarra. Indize gehienek gora egiten dute urte horretan, ziurrenik Espainiako 15Maren olatu mobilizatzaileak Euskal Herrian eragin zituen zipriztinen ondorioz, baina hurrengo urterako jada beherakadak jarraitzen du. Kale mobilizazioak %52an egin zuten behera 2013tik 2017ra; grebak eta lanuzteak %59an; erakunde eta agintarien aurkako eraso fisikoak %67an. Herritarrek 35 alditan soilik eman zizkioten arrazoiak poliziari haien aurka oldartu zedin, 2013an baino %72 aldiz gutxiagotan. Sumindura birtuala oraindik ere modan dago, baina horretan ere egon da murrizketarik: %53koa.

Leporatu al dakizkioke joera horiek Baketze Planaren politikei? Zaila da esaten, baina eragina behintzat izan duela pentsarazten duten elementurik bada. 2015an Joxemi Zumalabe fundazioak militantzia eredu berrien inguruko hausnarketa prozesua egin zuen hamarnaka herri mugimenduren parte hartzearekin. “Salda Badago? Herri mugimendua, bor-borka, gatzozpinduta edo ozpinduta?” dokumentuak jaso zituen prozesuaren ondorioak 2017ko apirilean, eta honakoa dio “Paradigma berriei egokitu” atalean: “Bi dira militantzia ulertzeko moduei eta kolektiboen bizitzari eta gaitasunei eragiten dioten elementu berri nagusiak: zibermilitantzia, eta oposiziogintza. Herri mugimenduek adierazten dute ‘ikasturte honetan ezin izango dut konpromiso handirik hartu oposizioa prestatu behar dudalako’ esaldia esamolde bihurtzen ari dela haien bileretan”. 2016ko azaroko Sorturen barne buletin batean irakur daiteke: “Gure liberatuen lan-baldintzen inguruko eztabaida egikaritu beharra dago. Gure proiektu politikoak jarraikortasuna izateko zailtasunak ditu, liberatuen arteko etena dela eta: liberatu hainbatek oposizioak prestatzen ditu isilpean, eta lan-postua lortuz gero egun batetik bestera uzten du egitura, transmisiorik egin gabe”. Ekintza Zuzena aldizkari libertarioaren 2018 urtarrileko zenbakian, horrela zioen “Instituzioak barnetik leherrarazi” artikuluak: “Administrazio publikoaren borroka lubakira pasa diren kideen aurkako kritikak infantilak dira, eta ustezko purutasun baten izenean eraginkortasuna ezan erosotzen gaituzte. Ez dezagun gure burua engainatu: gehiago eragin dezakegu anarkismoaren alde Eusko Jaurlaritzako kafe makinaren inguruan lan ideologikoa eginez, gure autokontsumorako aldizkari ‘totxoak’ argitaratuz baino”.

Osakidetzako iruzurra ekintzaileak saritzeko?

Baketze Planak ez zuen mugatzen desmobilizazioaren helburua lehiaketa publikoen prestaketa aldira. Gobernagarritasunari begira potentzialki problematikoak izan zitezkeen aztertzaileak identifikatzea eta hauei iruzurra eginez nota igotzea proposatzen du txostenak, funtzionario eginez: “Legez kanporatze eta errepresio hamarkada luzeen ondorioz, milaka ekintzaileren datu erabilgarri ugari ditu administrazioak. Arriskugarritasun Indize bat sortzea proposatzen dugu, hainbat aldagai gurutzatuz (aurrekari penalak, sareetan emandako iritziak, militantzia esparrua...). Indize horrek adierazten duen arriskugarritasunarekin proportzioan puztu beharko litzateke ondoren oposiziogile antisistemaren nota. Kontua ez da antisistema guztiak administrazioan sartzea, arriskutsua izan daiteke, baizik eta proportzioa egokian nahastea zenbait pertsonen arrisku potentziala indargabetzeko. Funtzionariotzaren talaiatik injustiziak ideologikoki berdin edo areago ikusten dira, baina lasaiago sentitzen eta bizitzen”.

ARGIAk ezin du ziurtatu iruzur selektibo hori gauzatu denik. Ez dugu frogarik. Kosmek egin dela ziurtatzen du. Are gehiago, Osakidetzako lan eskaintza publikoen iruzurraren atzean dagoena hori dela dio: “Ez da atera inori ez zaiolako komeni. Esan da azterketa prestatzen zutenek haien ‘lagunei’ pasa dizkietela azterketak. Hori ere gertatuko zen, baina azterketak lan tokian gatazka gehien sortzen zuten langileei ere filtratu zitzaizkien, eta nik dakidala balorazioa positiboa da”. Kosmek dio Osakidetzan bezala berdin egin dela Hezkuntzan, Suhiltzaileetan edo udaletako administrazio puntuetan. Eta asmoak harago ere joan zirela une batean: “Zaharren egoitzetako greba luzeak apurtzeko, funtzionario postu gutxi batzuk sortzea eta oposizioak deitzea pentsatu zen. Baina justu orduan erabaki zen Baketze Taldea desegitea, eta ideia erdi bidean geratu zen”.

"Herri mugimenduek adierazten dute ‘ikasturte honetan ezin izango dut konpromiso handirik hartu oposizioa prestatu behar dudalako’ esaldia esamolde bihurtzen ari dela haien bileretan” Joxemi Zumalabe

Furgonetak, terapiak, mendi lasterketak...

Baketze Planak bigarren mailako interbentzio lerro gehiago garatzea proposatzen du. Furgoneten erosketarako subentzio politika bat 45 urtez beherako gazteentzat, “aktibistak kredituekin lotzeko eta lanetik kanporako denbora bidaiatzen eman dezaten, eta ez manifestazioetan parte hartzen”; orotariko terapien sustapen kanpaina publiko-pribatu masiboa (arte-terapia, barre-terapia, dantza-terapia, psiko-terapia...), “nor bere gauzetan zentratu dadin”; Mendi Lasterketen Euskal Zirkuitu profesionala sortu, “gatazka garaiko adrenalina faltaren antsietatea bide baketsutik bideratzeko”.

Kosmeren arabera, ildo horiek ez ziren garatu. Bi arrazoi nagusirengatik: “Lehena, ikusi zela sektore ezkertiar eta abertzaleek berez jotzen zutela horietara modu masiboan, inongo bultzadaren beharrik gabe. Bigarrenik, ordurako argi genuen Baketze Plan Prebentiboa ez zela beharrezkoa”.

Baketze Taldearen desegitea

Baketze Taldea 2017ko hondarrean desegin zen. Berau sortzera eraman zuten beldurrak eta kezkak neurriz kanpo puztu zituztela baloratu zuten taldearen kideek. “Orduko beldurrak zentzugabeak ematen dute gaur. Baina nork esango zigun 2012an, Euskal Herrian bake sozial ziklo eredugarri bat irekiko zenik. Mundu erdia sutan, Ongizate Estatuaren eraisketa, Herrialde Katalanak matxinatuta... Eta gurean patxada betean. Feministengatik ez balitz, bake perfektua. Aspergarriegia eta dena esango nuke, Teleberriak interes guztia galdu du”, dio Kosmek.

Talde Iraunkorraren apaltasuna gogoan du Kosmek: “Azken bileran, Urkulluk denen izenean hitz egin zuen. Egindako lana eredugarria izan zela azpimarratu zuen, baina meritu nagusia ezkerrari eta independentistei aitortu beharra geniela. Kirmen Uriberen “Munduari begiratzeko modu bat” poema irakurri, eta brindis bat eginez desegin genuen ofizialki taldea. Hunkigarria izan zen. Ondoren Lemoizeko 2 erreaktorean antolatu genuen, rave-a, aldiz, basa!!!”. 2017ko abenduaren 28a zen, egun seinalatua. Baketze Taldea desagertu zen, baina jada antolatuta eta martxan zegoenez eta emaitzak positiboki baloratu zirenez, lan eskaintza publikoen sistema berria indarrean mantentzea adostu zen. Baketze Plana joan zen, baina Oppositions for Social Control politikak indarrean dirau.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontrol soziala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


“Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea”

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean... [+]


X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


50 kamera gehiago ezarriko dituzte Bilboko tranbian “segurtasuna” argudiatuta

Bilboko geltoki guztietan kamerak ezarriko dituela adierazi du Euskal Trenbide Sareak. Gaur egun ezarrita dauden tokietan ez ezik, beste hamalau geltokitan jarriko dituzte.


2023-06-08 | Gedar
Telefono-seinaleen bidez pertsonen mugimenduak detektatzeko sistema bat jarriko du martxan Gasteizko Udalak

Turismo Inteligentziarako Sistema delakoaren bidez, Gasteizko zenbait tokitan sentsoreak jarriko dituzte. Pertsonen gailu mugikorren seinalea atzemanda, "portaera eta errepikapen-ereduak detektatu" nahi dituzte.


2023-04-27 | Gedar
Aurpegien errekonozimendurako kamerak jarri dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan

Liburutegiaren sarreran jarri dituzte kamerak, Smart Talent Source SL enpresaren ikerketa bati lotuta. "Horrelako neurrien normalizazioaren bitartez, kontrol geroz eta zuzenagoa ezarri ahal izateko aurrekari arriskutsua dira kamera horiek", salatu du UIBk.


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


2023-01-10 | Hala Bedi
17 kamera jarriko dituzte Gasteizko erdigunean, adimen artifizialekoak

Kontrol sozialerako teknologiek presentzia gero eta handiagoa dute Gasteizen, Udalaren ekimenez. Zabalgunean eta Alde Zaharrean bideozaintzarako 17 kamera berri jarriko ditu Udalak udatik aurrera. Adimen artifizialarekin funtzionatuko dute eta "delituak denbora errealean... [+]


Teknologia
Haur ziborgak

Ziborg hitza sortu zen izaki bizidun hobetu bat deskribatzeko. Gorputz organikoa eta teknologia elkartzean, gorputzaren prestakuntzak hobetuta dituen izaki biziduna litzateke ziborga.


Eguneraketa berriak daude