Joan den urrian, Bergarako Epaitegiak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eta 1.200 euroko isuna ezarri zizkion udaltzainari, intimitatearen aurkako delitua egotzita. Aretxabaletako Udalak, ostegunean, eraso matxista gaitzetsi du eta erasoa pairatu duten emakumeei babesa adierazi die.
Aretxabaletako Udalak gizonezko udaltzain bat kaleratu du, emakumezko bi lankideren irudiak grabatzeagatik aldageletan arropa aldatzen zutenean. Motxila batean ezkutatutako tablet bat erabiltzen zuen horretarako. Lankideetako batek gailua aurkitu eta salaketa jarri zuen.
Bergarako Epaitegiak intimitatearen aurkako delituaren egile gisa zigortu zuen, joan den urriaren 3an, Fiskaltzaren, akusatuaren eta defentsaren arteko adostasun baten ondorioz. Gainera, helegitea ez jartzea erabaki zuten, beraz, epaia irmoa da. 1.200 euroko isuna eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez du kartzelara joan beharko, zigorra bi urtetik azpikoa delako.
Aretxabaletako Udalak eraso matxista gaitzetsi du, eta ostegunean emandako adierazpen instituzional baten bidez, erasoa pairatu duten emakumeei eta haien ingurukoei babesa adierazi die udalak. Era berean, udalak erabaki du ez dela bere lanpostura bueltatuko, "biktimekiko indarkeria instituzional" gisa ulertzen delako.
Aretxabaletako Udalak "konpromiso irmoa" hartu du hobetzen jarraitzeko eta berdintasunean oinarritutako herri baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko: "Prozesu luzea izan da, eta argi geratu da oraindik asko dagoela hobetzeko indarkeria matxistaren identifikazioan eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arretan".