“Langileen eskubideen etorkizuna langileen ekintzaren ondorioa izango da”

  • Jon Bernat Zubiri Rey Lanaren Ekonomian Doktorea da Grenoble Unibertsitatearen bitartez. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harreman Fakultateko irakaslea da. Besteak beste, gazteen lana, sindikalismoa, Euskal Herriko ekonomia eta lan banaketaren politiken inguruko ikerketa kolektiboak egin ditu.

    Langileen Nazioarteko Eguna dela-eta, Finantzaz Haratago sareak Zubiri elkarrizketatu du sistema kapitalistak langileon eskubideetan duen eraginaz.


2021eko apirilaren 30ean - 11:04
Argazkia: Hasier Goikolea

Alde batetik, migratzaileen lan-eskubideen urraketa, gazteen prekarietatea edota genero-arrakala ditugu. Bestetik, amatasun eta aitatasun baimenen hobekuntza, asteko orduak murrizteko eztabaida borborrean… Zaila da langileon eskubideen etorkizuna asmatzea. Norantz goaz?

Langileen eskubideen etorkizuna langileen ekintzaren ondorioa izango da. Historia ez dago idatzita. Etorkizunera begira, badaude aukerak langileen eskubideak indartzeko. Pandemiak zenbait langile sektoreen lan baldintza okerrak agerian utzi ditu, bereziki sektore feminizatuetan (esentzialak direnak, gainera): soldata baxuak, lan ezegonkorrak, autonomo faltsuak, erresidentzia pribatizatuak, hezkuntzan eta osasunean egon diren murrizketak…

Horrek aukera ematen du langilearentzat adostasun berriak lortzeko, bereziki sektore publiko eta esentziala indartzeko, lana hobetzeko eta lanpostu gehiago sortzeko. Borroka zehatz horiek eskubide berriak ekar ditzakete langileria guztiarentzat.

Adibidez, pandemiaren ondorioz, zenbait gauza ahalik eta hoberen egiten saiatu dira: langileen kaleratzeak garestitu dira, ERTEak sortu dira kaleratzeak saihesteko; lanaren osasunaren inguruko neurri berriak hartu dira, autonomo faltsuen inguruko legeak egin dira… Hala ere, lortu ez diren aldarrikapenak ere badaude. Besteak beste, oraindik posible da langileak neurririk gabe kaleratzea eta Euskal Herriko industrian ERE masibo eta larriak gertatzen hasi dira. Nire ustez, langileen eskubideak ekonomia kapitalistaren garapenaren ondorio dira.

Joera aldaketa badago azken urteotan nazioarte mailan. Lehen zegoen austeritatearen diskurtsoa aldatu egin dute nazioarteko erakundeek. Ez naiz hasiko orain Nazioarteko Diru Funtsa edo Europar Batzordearen politikak goraipatzen, baina aitortu beharra dago aldaketak egon direla. Kaleratzen ari diren azken txosten eta neurriek lanak egonkortzeko, soldatak duintzeko, errenta minimoak ezartzeko eta errenta- eta banatze-politikak egiteko gomendioak biltzen dituzte.

Hori oinarri moduan hartuta, aldarrikatu behar dugu euskal patronalen eta patronal espainiarren diskurtsoa ez dela bidezkoa etorkizuneko lana antolatzeko eta beharrezkoa dela duintasuna sustatzea, errenta igotzea eta egonkortasuna lantzea, eta poliki-poliki langileen egoera hobetzea. Ez dadila langileria izan beti krisia ordaintzen duena.

Lanaren klase-, genero- eta arraza-banaketak iraganeko kontua dirudi… Hala ote?

Banaketa hori, murriztu baino, larriagotzen ari da. Klase-banaketa handitu egiten da krisi garaian. Krisiak beti dira egokitzapenerako uneak, eta orduantxe sortzen dira egoera larriagoak sektore batzuentzako. Adibidez, aurreko krisian (2008 urtekoan), eraikuntzako langile asko kale gorrian geratu ziren. Horren ondorioz, familia askotan moldaketak egon ziren; emakume ugari lan merkatura irten ziren beraien senarrak edo senideak langabezian geratu zirelako. Gauza bera gertatzen da industriaren etengabeko krisiarekin; klase-banaketa areagotzen doa. Batzuen etekinak eta negozioen egoerak hobetzen diren heinean (eremu teknologikoan, finantzetan, etab.), beste hainbeste enpresari txiki eta langile kale gorrian geratzen dira.

Genero-ikuspegitik ere berdina esan genezake. Emakumeak izan dira krisi honen eta aurrekoaren ondorio larrienak jasan dituztenak. Azken finean, emakumeak izan dira batez ere sektore esentzialetan eta lehen lerroan lanean egon direnak. Murrizketen ondorioz, azpi-kontratatuak egon dira askotan eta bakarrik egon dira oinarrizko zerbitzuak aurrera ateratzeko.

Eta zer esan etorkinei buruz? 2008 urteko krisiaren aurretik, Euskal Herrian eta Europan bizi ziren etorkinak bertakoak baino lan gehiago egiten ari ziren. Krisiarekin, etorkin asko joan egin ziren euren jatorrizko herrialdetara edota Frantzia eta Alemaniara, sortutako langabeziagatik. Gaur egun, etorkinek soldata baxuagoak, langabezia-tasa altuagoak eta bidegabekeria gehiago jasaten dituzte. Krisietan, beti dira azkeneko katebegia.

“Malgutasuna nahi dugu, ez dugu nagusirik nahi… Bi edo hiru lan edukitzea errealitate bilakatzen ari da”. Zalaparta sortu dute Glovo enpresaren sortzailearen hitz horiek sare sozialetan. Zer deritzozu prekarietatea zuritzeko ‘moda’ honen inguruan?

Ameskeria postmodernoak dira eta aspaldi ikusten ditugu. Datorrena datorrela, irribarre batekin eta auto-esplotazioaren bidez egoera berrira egokitu behar garela dirudi.

Ekonomia berrien eta teknologiarekin zerikusia duten sektoreen egoera larria izan da. Bereziki gazteen artean. ‘Klase ertaina’ deritzon horren baitan ikusi dute haien burua: masterrak egin dituzte, ingelesa edota frantsesa dakite… Eta gero 500 euroren truke amaitu dute, lan egiten ekintzailetza-proiektu, sortzaile-gune edota halako pantomima askotan. Gazte askoren porrota nabaria izan da sektore hartan.

Gainera, horren aldeko ikuspegi bat garatu da azken aldian: beti zaude aldatzen, ez dituzu lagun berdinak, ez zara leku berean bizi, bikotekidea aldatzen zoaz kontsumo-joera baten baitan… Horrelako ezegonkortasun paradigma hori paradigma burgesaren hedatze bat izan da. Kapitalismoak klase altuen ideologia eta kultura aspirazio moduan eskaini digu beti: asko lan egiten baduzu eta zeure burua esplotatzen baduzu, iritsiko zara halako etxe handia, kotxea edota itsasontzia izatera.

Zirkuitu-laburra sortu da bertan. Ez gaude puntu horretan eta ez gara horretara itzuliko. Badakigu, gainera, Glovo bezalako enpresetan egiten ari diren lan-praktikak ilegalak izaten direla askotan. Jendea kontratatzen dute ezer ordaindu gabe, eta hori ez da bidezkoa.

Horri aurre egiteko, Euskal Herrian, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak auzi sozialak bultzatu ditu, eta Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministro espainiarrak erregulazio inposizioak sustatu ditu ere. Esaterako, 5.000 pertsona kontratatu beharko ditu Glovok, enpresaren lan antolakuntza sistema ez delako legezkoa Estatuan, eta ona da hori.

Bizitza erdigunean jartzeko diskurtsoa guztion ahotan dago gaur egun, eta ekonomia feministaren aldarrietako bat da. Posible al da sistema kapitalistaren baitan hori lortzea?

Badago sistema kapitalistan lorpenak egiteko aukera. Ekonomia feministak egindako ekarpen holistiko edota ‘osoago’ horrek zerikusi handia du, esaterako, lehen aipatu duzuen ordutegi murrizketa horrekin. Sistema kapitalista, patriarkatua eta naturaren suntsipenari uko egiteko ekarpen onuragarri eta inspiratzaileak egin dituzte ekonomialari feministek mugimendu feministarentzat, baina baita langileen mugimenduentzat, ekologistentzat, ekonomia sozial eta solidarioarentzat, kooperatibismoarentzat, komunitate antolatuentzat eta erlijio-taldeentzat ere. Kapitalismotik at dauden filosofia horiek sintesi bat aurki dezakete ekonomia feministan.

Adibidez, Carolina del Olmo feminista madrildarrak ‘Economía crítica’ (Ekonomia kritikoa) jardunaldien itxieran, gizonezko ekonomialariaz eta marxistez betetako gela batean, aipatu zuen, agian, lan gutxiago egitea denon arteko adostasun bat izan daitekeela. Ekologiatik, patriarkatuaren aurkako ikuspegitik eta baita langile klasetik ere, denbora libre gehiago izatea onuragarria izango litzateke. Horrela denbora gehiago izango dugulako bizitzeko, elkar zaintzeko, munduaz gehiago arduratzeko, gutxiago kontsumitzeko… Eta baita gauzak gure kabuz egiteko denbora gehiago ere. Horrela, ez genituzke zaintza zerbitzuak merkantilizatuko eta guk geuk denbora izango genuke gure familian eta komunitatean dauden arazoei aurre egiteko. Horretarako, gutxiago lan egin behar da.

Egia da ekonomia feminista ez dela bakarrik aldarrikapen zehatz horretatik abiatzen, baina erakusten du bere aldarrikapenak amankomuneko interesak sintetizatzeko balio dezakela. Horren adibide dira Cristina Carrasco, Amaia Orozco eta Astrid Agenjo. Hiru belaunalditako hiru ekonomialari feminista garrantzitsuak dira eta lan handia egin dute emakumeen talde eta kolektiboekin. Bizitza erdigunean jartzeko aldarrikapen horren sintesi moduko bat egiten ari dira, ez kapitalismoaren baitan jarraitzeko, baizik eta kapitalismoa aldatzen joateko, bizitza erdigunean jartzen eta kapitala erdigunetik aldentzen. Horrekin akatuko dugu kapital guztia? Ez, zeren baliabideen ekoizpenak ezin dira guztiz suntsitu. Baina kapitala alde batera utzi dezakegu, esaterako, enpresa batean garrantzitsuago bilakatuz lana bermatzea eta duintzea eta genero-arrakala murriztea, etekin handiagoak izatearen ordez. Hori legez antolatu daiteke. Enpresa mota guztietan halako balore ekologista, feminista eta sozialak sustatu daitezke.

Finantza etikoak eta ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen dugun erakundeok zer egin dezakegu langileon eskubideen alde?

Arraun eta arraun egin behar dugu beste eredu bat gauzatzeko. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen jatorria horren modernoak ez diren herri-mugimenduetatik eta baserri mundutik dator. Jendea aspalditik dabil taldeetan batzen, elkarrekin erabakiak hartzeko eta azpiegiturak antolatzeko. Ekonomia sozial eta solidarioa jatorrizko balore komunitario horien eguneratzea da. XXI. mendean, bestelako proposamenak ditugu: Fiare edota Koop57 bezalako finantza entitateak garatzea, Goiener bezalako energia ekimenak bultzatzea, herri azokak eta nekazal sareak babestea, Nafarroako Erriberan garatutako Errigora bezalako erosketa kanpaina masiboak sustatzea… Euskal Herria oparoa da zentzu horretan, baina aldi berean kapitalismo ustelenak gobernatzen du gaur egun Euskal Herrian. Halako baloreek talka egiten dute gaur egun dauden euskal gobernuekin eta Euskal Herria nazioarte mailan ‘saltzeko’ joerarekin.

Hor dator ere ekonomia sozial eta eraldatzailearen helburu estrategiko bat: egunerokoa hobeto kudeatzeaz haratago joan behar da. Antolatu behar da, saretu eta dagoen guztia (erregulazioa, arautegiak, ziurtagirik sozialak…) hedatu. Zergatik kontratatu daiteke eremu publikotik natura suntsitzen eta langileak esplotatzen dituen enpresa edo elkarte bat? Kriterioak egon behar dira enpresa guztientzat, eta ekonomia sozial eta solidarioak ekimen politikoak sustatu behar ditu, egiten dena ez dadin soilik eskala txikian edo bertakoan geratu. Orokortasuna bilatu behar dugu. Enpresa guztiak izan behar dira sozial eta solidarioak. Zergatik izan daiteke egoismoa lege eta ez lankidetza eta elkarlaguntza? Nik uste dut zer edo zer lortu  daitekeela.

Badago Marx ‘aititeak’ esaten zuen aipamen bat: aintzinako munduan sortu behar dira baldintzak mundu berria eraikitzeko. Hau da, mundu zaharrean garatu behar da behar da mundu berri horren lan-antolakuntza eta saretze hori. Mundu berria eraikitzeko (sozialista eta ekofeminista, adibidez), mundu zahar kapitalistan garatu behar dira egiturak, sareak, enpresak eta elkarteak. Horrela, kapitalismoa era progresibo batean ordeztu ahal izango da eta momentu jakin batean salto erabakigarriak egiteko aukera gerta daiteke.

Kalera irtengo zara maiatzaren 1ean? Hala bada, zein izango da zure kontsigna?

Maiatzak 1 oso egun inportantea da langileriarentzat, eta bere momentuan egunean zortzi ordu lan egiteko borroka erraldoi hartan egondako hildako eta zauritutako langile borrokalariak omentzen dira. Borroka eguna da langileentzat, lorpen berriak eraikitzeko.

Nire kontsigna da ez defendatzea bakarrik aldarrikapen zehatz edo partzialak. Urrunera begira, mundu berri bat eraikitzeko, kapitalismo suntsitzaile honetan beharrezkoa dugu epe luzeko norabidea edukitzea, eta ez bakarrik eguneroko talketan oinarritzea. Garrantzitsua da langileriak ikustea borroka zehatz guztiak inportanteak direla, baina helmuga izan behar dela jende guztiarentzat bideragarria izango den mundu bat eraikitzea. Hori da mundua ‘salbatzeko’ modu bakarra, klimagatik eta materialen eta baliabideen ustiaketagatik, mundu ‘Madmaxiano’ batera ez iristeko. Justizia eta berdintasunean oinarritutako mundu bat sortu behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Analisia
HELarekin, akaso

Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]


Irakasleen mezua familiei: “Grebaren arrazoiak ez dira ekonomikoak bakarrik”

Aiaraldeko hainbat irakaslek mezua igorri diete ikasleen guraso eta familiei, dagoen informazio zurrunbiloan, grebarako arrazoiak modu pertsonalean azaltzeak euren borroka eta lanuztea hobeto ulertzeko balioko dielakoan.


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


Jaurlaritzarekin izandako ika-mikaren biharamunean, hezkuntza publikoko irakasleak greban dira berriz

Grebaren bezperan Hezkuntza Sailak “edukirik gabeko” mahaia deitu zuela eta sindikatu deitzaileak “errespetatu gabe” akordioa “antzezteko” gutxiengoa duten sindikatuak “erabili” nahi izan zituela salatu ostean, beste bi greba... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Irene Ruiz, Itaiako kidea
“Instituzioak beraiek ere badira oldarraldi matxistaren erantzule”

Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]


“Euskarazko murgiltzea erasotzen ari dira PAI ereduaren zabalkundearekin”

Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.


Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean

Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


Maddi Isasi, LABeko idazkari feminista
“LAB Euskal Herri feminista baten eraikuntzan ekarpen sindikala eginen duen subjektua izatea nahi dugu”

Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


Lan heriotzek gora egin dutela diote sindikatuek, eta datu ofizialekiko mesfidantza adierazi dute

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren  harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.


Lanaldia astean 37,5 ordu baino are gehiago laburtzearen erronka

Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.

Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]


Eguneraketa berriak daude