Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

  • Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat arrakastatsua izan da Koch Industrieseko konpainiarentzat.


2025eko apirilaren 07an - 07:33

Atzo jakin izan genuen Guardian Llodio (lehenago Villosa izandako konpainia) enpresaren amaiera sinatu zutela langileen gehiengoak amore emanda eta azken kalte ordain eskaintza onartuta. Trukean, hori bai, salaketa judizialari uko egin diote.

Multinazionalarentzat bukaera bikaina izan da, modu harroputzean jokatu baitu uneoro eta inork ez dio aurre egin. Ez Eusko Jaurlaritzak (zeinek labea itzaltzen utzi zion, sindikatuek behin eta berriro salatu dutenez) ezta kaleratuko dituen langile askok ere. Eta hori ez da kasualitatea izan.

Enpresak duela hamarkada bat baino gehiago prestatu zuen tranpa eta apurka-apurka joan da ixten soka beharginen lepoaren inguruan.

Guardianeko langileen porrot jarrerak hiru azalpen ditu:

  1. Glavistaren itxieraren eredu penagarri eta agonikoa; langileek ez dute lortu FOGASAtik kobratzea zor zaiena eta Guardianeko langile asko horren beldur ziren. Nahiago izan dute dirua hartu eta enpresa pikutara bidali, konpainiaren mesederako.
  2. Enpresaren gaitasuna langileen arteko desadostasunak esplotatzeko. Izan ere, ez zen kasualitatea izan atzo batzuek behartzea bozketa. Zuzendaritzaren esku hartze zuzena egon da atzean.
  3. Guardian birrintzeko bidean neurri ugari hartu zituen multinazionalak. 2012ko grebaren ondoren, ahalegina egin zuen ahalik eta langile diskolo gehien (hau da, greban aktiboen ibilitakoak edota otzanak ez zirenak) multzo berean jartzen; gerora Glavista izango zen horretan. Guardianen, jakina, langile kontzienteak ere geratu ziren. Baina, urteen poderioz, klase kontzientzia gutxien erakutsi zutenek talde handia osatu zuten bertan, atzo ikusi zen moduan eta askok iragarri zuten bezala. Gidoi hori ezagutzen zuten langile askok, eta baita enpresak ere.

Guardianen operazioaren kronologia bat

Esan bezala, urtarrilean hasitako itxiera prozesua argi zegoen langile askorentzat, hamaika urrats eman baititu konpainiak norabide horretan duela hamar urte baino gehiagotik hona, helburu bakarrarekin: ekoizpena beste leku merkeago batera eramatea.

Hortaz, sindikatuek behin eta berriro errepikatu dute ez zegoela lantegia ixteko arrazoi objektiborik, aspaldi markatutako ibilbide bat baizik.

Politika hori 2000. urtean hasi zen laminatu lauaren ekoizpen lerroa Tuterara eraman zutenean, non soldatak baxuagoak diren.

2013an labe inprimatzea ixteari ekin zioten eta jarraian Guardian Express Auto izan zen desagerrarazi zuten enpresa. Ondoren, beira epelaren (eguzki plakak egiteko baliatzen dena) lerroa ere baztertu zuten eta 2015ean Velglas produzitzeko azpiegitura deuseztatu zuten. 

Konpainiak desagerrarazi zuen azken azpiegitura zilarreztatzearena izan zen, 2018an. Produktu horiek sortzea, berriro ere, Tuterako lantegiaren esku geratu zen.

Glavista, azken kolpea prestatzen

Eta 2020an heldu zen alarma guztiak piztu zituen operazioa. Guardianek Parter Capitali saldu zizkion autoen haizetakoak produzitzeko makinak eta langileen etorkizuna.

Gerora, agerian geratu da Parter Capitalen lana Laudion (munduko beste tokietan bezala) enpresa hondoratzea zela. Suntsiketa hori programatuta zegoen eta Guardianek legalki langileekiko ardurak izateari utzi zionean egikaritu zuten.

Gainera, itxiera erabat traumatikoa izan da. Oso prozesu luzea izateaz gain, langileek ez dute lortu zor zaien dirutza kobratzea.

Sindikatuen eta beharginen susmoa da salmenta modu bat izan dela Guardinentzat kaleratzeak merketzeko, ez baitie kalte ordainei aurre egin behar izan. Horrez gain, 400 langile kale gorrian utzi ordez, euren indarrak banatzea lortu du.

Gainera, elementu susmagarriak ditu operazio horrek. Adibidez, zergatik erosi zuen Parter Capitalek lantegiko azpiegitura osoa eta "langileak", baina ez lursailak? Etorkizunak argituko du.

Glavistako inbertsoreei ezezkoa

Alarma jada gorria bazen, are gehiago piztu zen Guardianek ezezkoa eman zienean Glavista erosi nahi zuten inbertsoreei. Izan ere, horiek eskatzen zutena zentzukoa zen: lantegia bera ere bereganatzea, Guardianen menpe ez egoteko.

Ezezko horrekin, Guardianek bi helburu bete zituen: kaleratutako 200 langile horiek zeuden moduan geratzea eta gero handitu ahal zen beste industria proiektu lehiakide bat blokeatzea.

Industria proiektuak blokeatu lehiakideak baztertzeko

Glavistako beharginek hamaika aldiz adierazi zuten enplegu sarraski horren hurrengo kolpea Guardian izango zela, baino inork gutxik egin zien kasu. Horrela, urtarrilean multinazionalak iragarri zuenean lantegia itxiko zuela, askorentzat ez zen ezustea izan.

Edonola ere, azpimarratzekoa da nola txikitu diren Guardianeko 171 enpleguak eta nola egin zuten Glavistan. Hasteko, Glavistaren itxiera beste enpresa baten bitartez egin zen. Parter Capitalek adierazi zuenean ez zuela metatutako zorrei erantzuteko gaitasunik, zordunen lehiaketara jo zuen.

Hala ere, lehiaketa hori tranpatia zen: konpainia erosiz gero, etorkizuna ez zegoen bermatuta, lursailak ez baitziren eskuratzen eta egun batetik bestera kalean geratzeko arriskua zegoen. Horregatik exijitzen zuten inbertsoreek lursailen jabetza izatea Glavista erosteko baldintza moduan.

Guardianek berak hil du Guardian Llodio

Guardianen itxieran, ordea, Koch Industrieseko konpainiak zuzenean hartu du bere esku lantegiaren etorkizuna birrintzea. Lehenik eta behin, salbatu ahal zen float labea berriro funtzionatuko ez duela ziurtatu du, materiala barruan utzita. Behin hori eginda ireki da azpiegitura saltzera (edo hori dio, gutxienez).

Izan ere, orain lantegiak ez dauka balio handirik, float labea berriro pizteko dirutza behar baita (arrakalak soilik konpontzearekin alderatzen bada) eta horrela ez dio Tuterako fabrikari lehiarik egingo.

Berez, Glavistaren bidea hartu izan balu Guardianek (hirugarren bati saltzea honek hondora zezan) aukera egongo litzateke zordunen lehiaketaren bitartez errentagarria den enpresa hori lanean jarraitzea, baina hori ez da Koch Industriesen helburua ezta estiloa ere.

Guardianek urte luzez prestatu du kolpe hau eta atzo egin zuen xake mate. Azken hamarkadan jarritako alfilak, dorreak eta erregina joan dira mugitzen eta atzo peoien txanda heldu zen. Askok ez zuten zalantzarik izan eta etsaiaren erregea salbatzeko prest agertu ziren; kalte ordaina hartu eta lantegiaren itxieraren judizializazioa bertan behera utzita.

Hori zen sindikatuek borrokatu nahi zuten bataila, zeinean erakutsi nahi zuten Laudioko lantegiaren itxiera ez zela labean agertutako arrakala batzuengatik izan, aldez aurretik diseinatutako plan bat baizik, arrazoi ekonomiko objektiboekin eta bideragarritasun ekonomikoarekin zerikusi txikia zuena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresak
Sunsundegui likidatu eta ixtea proposatu diote epaileari, inbertitzaile baten “eskaintza bideragarririk” egon ezean

Inbertitzailerik agertu ezean, Iruñeko Merkataritza arloko lehen epaitegiari egin dio proposamena Molins eta Andres abokatu bulegoak, Altsasuko enpresaren hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak. Dumarey Belgikako taldeak fabrika erosteko saiakerak egin... [+]


2025-03-26 | Aiaraldea
Eusko Jaurlaritza “prest” Guardian Laudioren erosketan parte hartzeko

Horrela adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak.


1.500 euroko gutxieneko soldataz hitz egiteko Confebask ez da mahaian eseri ere egingo

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak iragarri du gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 20ko bilerara ez dela joango, eta gehitu du gutxieneko soldataz eztabaidatzeko markoa Espainiako Mahaia dela. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAErako gutxieneko... [+]


2025-03-05 | Sustatu
Euskaltelek ere men egiten dio LaLigari, bere bezeroei euskal zerbitzuetara bidea moztuz

Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko... [+]


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


Analisia
HELarekin, akaso

Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]


Nestlé eta Sources Alma eskandalua: supermerkatuko ur natural botilak ez genituen uste bezain naturalak

Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes... [+]


CAFek Jerusalemgo tranbiaren proiektua utz dezala eskatzeko manifestaziora deitu du BDZk

Larunbatean egindako prentsaurrekoan adierazi dute manifestazioa ekainak 14an Donostian egingo dutela. 130 kolektibo, alderdi politiko eta sindikatu batu zaizkie eta "atxikimendu kanpaina oraindik zabalik dagoela" gogorarazi dute.


2025-02-25 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Txinako Alderdi Komunista eta enpresa pribatu erraldoiak: tolerantziatik lankidetza goxora?

Otsailaren 17an Txinako Alderdi Komunistaren arduradun gorenak bildu ziren bertako enpresa pribatu handienen zuzendari nagusiekin. Ez da ohikoa aldi eta areto berberean Huawei, BYD, New Hope, Tencent, SWSC, Yushu, Xiaomi edo DeepSeek bezalako konpainien nagusi gorenak bilduta... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean

Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.


2025-01-29 | Julene Flamarique
Greba mugagabea hasiko dute Trapagarango MFS enpresaren 104 langileen kanporatzearen aurka

ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez


Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Eguneraketa berriak daude