Langile klasearen erretratu bat


2024ko irailaren 25ean - 06:00
Azken eguneraketa: 09:52
Johnny Deppen iritsierako ikusmin handia. Mugikor ugari ikusten dira irudian. Hain justu, 'On Falling' pelikulan maiz ageri dira mugikorrak, baina bestelako adierazpide bat dute, kritikoagoa, hauskorragoa. Zinemaldia-Gari Garaialde
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Marko baten barnean beti, baina denetarik ikusten ari gara Zinemaldiko Sail Ofizialean. Eta hori, egia esan, eskertzen da. Alde handia dago toreatzaile horren pelikulako dozenaka “olé tus huevos”-etatik On Falling-eko isiltasun amaigabeetara.

Sare sozialetan irakurri dugunez, kritikari eta ikusle batzuek maisulan gisa definitu dute lehenbiziko pelikula-dokumental hori, eta ez dut uste kasualitatea denik bigarren filma, ahultzen ari den langileriaren erretratua egiten duena, guztiz kontrakotzat jotzea jende berberak. "Oso aspergarria da" eta "soilik enpresa horretako lan baldintza txarrak salatzen ditu", leitu ahal izan dugu. Dakizuenez, aurri zorian den mundu zahar honetan ebidentzia faltsu eta post-egia ugari daude. Aletu dezagun.

On Falling (Erorketaz)

On Falling ikusten ari nintzela, ezin nuen burutik kendu Ken Loachen I, Daniel Blake film bortitza. Segida bat zirudien, testuinguru eta errealitate garaikideago batean girotua eta emakume bat protagonista. Gerora, aretotik irten eta etxera bidean ikusi dut Berria-ko Urtzi Urkizuren eguneroko bideo-analisia; berak baieztatu dit Ken Loachen ekoiztetxe berberarekin egin duela lan Laura Carreira zinegile portugaldarrak film honetan.

Aurora delako 30 bat urteko emakumearen istorioa kontatzen du On Falling pelikulak. Portugaldarra sortzez, Eskozian bizi da. Amazonen gisako almazen ikaragarri handi batean egiten du lan, bakarrik, isilpean eta erlojuaren aurka, teknologiak milisegundoak ere kontrolatuta, jendeak Internetetik erositako produktuak apaletan ahal bezain laster aurkitzen eta kaxak antolatzen. Lan alienatu eta zapaldua da. Are, enpresarentzat kode bat besterik ez da, bere gainetik dauden enkargatuek ez dakite bere izena ere, eta langileek ez dute euren arteko harremanik egiten, ez baitute komunikatzeko aukerarik izanen.

Etxera itzuli, eta gauza berbera. Pisuko kideekin ez du harreman handirik, bakoitza berera bizi da, norberak bere erosketa egiten du eta berea kozinatzen... Bakoitza, bere eguneroko istripu pertsonalei aurre egin nahian –Aurorarenak bakarrik ezagutuko ditugu guk–. Begirada sarkorretan nabarituko zaio isolatuta bizi dela, lanerako kondenatuta. Eta diru-arazoak ditu, gainera. Atzerrira bizitzera –lanera, alegia– joatea zeinen erromantizatuta dagoen, eta errealitateak, gero, zer nolako zaplaztekoak ematen dituen...

Film ederra dela esatera nindoan, baina mingarria da oso. Bihotza uzkurtuta geratu zaigu askori Kursaaleko emanaldiaren ondotik. Aretoan ziren egileak, eta sekulako txalo zaparrada jaso dute, bereziki zuzendariak eta protagonistarena egiten duen Joana Santos aktoreak. Ongi merezitakoa. Prentsa ona izaten ari da, eta argi ibili, orain hegan egitea lortuko ez balu ere, bada langile klaseak ikusi beharreko pelikula horietako bat.

El hombre que amaba los platos voladores (Plater hegalariak maite zituen gizona)

Aldatu aldartea.

Kleenex-eko akzioak erosi bazenitu, abisatu nizun bezala, zortekoa zu –beste behin–: nire begiekin ikusi dut tipo bat malkoak lehortzen. Eta ez, ez da izan Tanger tabernan ezingo dituela kaña gehiago edan edo bezperako gauean Johnny Deep ikusteko aukerarik izan ez zuelako. Barre lepo egin dugu astearte eguerdian Kursaalean, El hombre que amaba los platos voladores ikusten.

Sinopsia bezain onak ziren kredituak. Bagenuen iaztik, Sail Ofizialean, film argentinar umoretsuaren aurrekaria, yoga zaleena. Askorik espero gabe barre mordoa egin genuen orduan, eta horrelaxe izan da film honekin ere. Diego Lerman zinegile argentinarrak egindako pelikula da honako hau.

Egia esan, absurdo xamarra da dena. Baina zeinen ona. Argentinako telebista-kate bateko erreportaria da José; aurpegi ezaguna da, urteak daramatzalako kameraren aurrean. Bada, proposamen bati erantzunez, bera eta lankide kameraria Argentinako La Candelaria herrira joango dira, bazter-baztertuta dagoen zonaldera, antza, estralurtarren presentziari buruzko zantzuak topatu dituztelako bertan. Bada, Josék sekulako entretenimendua eskainiko die argentinarrei, tipoak asko balio baitu horretarako.

Ez dugu esan, baina benetako istorioa da kontaturikoa, 1986an izan zen. Are: filmean, protagonistaren adierazpen asko errealak dira (!), benetako José hark erabilitako esaldi berak esango baititu Leonardo Sbaraglia aktore bikainak.

Entretenigarria eta aberatsa da Lerman zuzendariak eskaintzen duen umore argentinarra, estimu handiz hartzeko ahalegina. Ondo pasatzeko aukera polita, ikusteko erraza, eta ondo landua. Hala ere, plano panoramikoa egiteko, arrain-begi tankerako teknika darabilte eta pixka bat mareagarria egin zaigu Kursaaleko pantaila ultra-handian.

Urrezko Maskorra? Urrun geratuko zaio. Baina horrelako pelikulek gerora triunfatzen dute, areto-leihatiletan baino, etxeko sofan. Ondo aurreikusia dute, Netflixen ekoizpena baita. Urriaren 18an ipiniko dute ikusgai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude