Landareetatik eratorritako ile-koloratzaile natural eta ekologikoak

  • Donostiako Amara auzoko Izko ileapaindegi ekologikoak 40 urte bete berri ditu. Familia-enpresa txikia da, eta hasieratik izan zuten sortzaileek ile-apainketan erabiltzen ziren produktuekiko kezka. “Erabiltzaileen azalarentzat oso bortzitzak dira produktu gehienak, baina baita profesionalentzat ere. Hori ikusita, alternatiba ekologikoen bila hasi ziren gure osaba-izebak”, azaldu du Oihana Otaegi Izko KolorEKO proiektuko kideak. Familiaren ogibideari segida eman diote ondorengo belaunaldikoek eta ile-apaindegia mantendu dute, baina 2014an, proiektuaren adar berri bat sortu zuten, ilerako koloratzaile natural eta ekologikoen marka propioa: KolorEKO.


2025eko martxoaren 24an - 05:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Alternatiba bila landareetara jo zuten osaba-izebek. “Garai hartan ezagunena Henna zen, Lawsonia landarea, eta horrekin hasi ziren probak egiten”, azaldu du Otaegik. Henna denbora luzez eduki behar da ilean, ordea, eta ile-apaindegiko denbora mugatuari erantzunen zioten bestelako landareen bila hasi ziren munduko herrialdeak bisitatzen: Maroko, Turkia, Iran, India eta beste zenbait tokitan izan ziren. “Konturatu ziren pigmentua zuten bestelako landareak erabiltzen zituztela toki horietan, eta handik osagai natural eta ekologikoak eskuratu eta kimikari batekin formulazioak egiten hasi ziren”, dio.
Profesionalei begirako produktuak sortzea zen helburua hasieran, eta tonalitate eta ile mota guztietako koloratzaile natural eta ekologikoak eskaintzen dituzte KolorEKOn: ile ilun, argi, gaztain kolore nahiz ile-horientzat. Koloratzaile gisa eta bestelako tratamenduetarako, berriz, bost landaretatik eratorritako lehengaiak darabiltzate: Lawsonia Inermis –henna–, Indigofera Tinctoria, Cassia Auriculata, Phyllanthus Emblica –Indiako andere-mahatsa–, Hibiscus Sabdariffa –hibiskoa– eta Trigonella Foenum. “Lawsonia eta indigoa dira koloratzaileak, besteek bestelako ezaugarriak ematen dituzte: dizdira, bolumena…”. Pandemiaz geroztik, profesionalentzat ez ezik, jendearentzat 100 gramoko paketeak ere ekoizten dituzte.

Kontzientzia eta formazio falta

KolorEKOn darabiltzaten landareak klima zehatzekoak izanik, jatorrizko herrialdetik ekartzen dituzte gurera, Indiatik batik bat. “Garai batean, hona ekarri eta nahasketa guztiak hemen egiten genituen, baina gama txikiarekin hasi ginenean asko zaildu zen, makina gehiago behar zirelako. Orain, gure formulazio propioak hara bidaltzen dizkiegu, eta han egiten dizkigute nahasketak”, argitu du Otaegik. Nekazaritza ekologikoko ekoizpenekin ari dira elkarlanean, zigilu ekologikoarekin.
Norbanakoentzako gama txikia eskaintzen hasi zirenean, kaleko jende asko profesionalak baino kontzientziatuago dagoela ohartu ziren KolorEKOko kideak. “Kontua da ile-apainketako formazio profesionalak produktu kimikoetara oso lotuak egon direla beti, eta orokorrean, ez dela besterik erakusten”, dio kideak. Eskoletan alternatiba ekologikoagoak erabiltzen irakastea ezinbestekoa da egoerari buelta emateko, Otaegiren ustez. Momentuz, belardenda eta ile-apaindegietan saltzen dituzte produktuak, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan barna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude