Zer dela eta horrenbesteko erresistentzia langileen eskubideak bermatzea ekar dezakeen lan erreforma baten aurrean? Agerikoa da “lan merkatua malgutzeak” lan egonkortasunean eta soldatetan izan duen kontrako eragina enpresen mesederako izan dela.
Espainiako Gobernuan dauden alderdi politikoek 2012ko Lan Erreforma indargabetzea zeramaten beren hauteskunde programetan. Maiatzaren 20an, gobernu indarrek EH Bildurekin adostu zuten pandemiari lotutako salbuespen neurriak bukatu baino lehen indargabetze hori gauzatzea. Akordioak udalen, aldundien eta autonomi erkidegoen gastu sozialerako gaitasuna handitzea ekarriko du baita ere, Montoro legeak inposatutako austeritateri bukaera emanez. Lan erreforma berriaren sakontasunak sortutako eztabaidaren aurrean, sinatzaileek zein Yolanda Diaz Lan Ministroak bide horretan jarraitzeko irmotasuna erakutsi zuten. Haatik, gaur-gaurkoz bidea egiteke dago.
Gaiak hautsak harrotu ditu. Alde batetik, Europako Batzordeak maiatzean argi utzi zuelako Von der Leyen-en berreraikitze plana jasotzeko baldintza 2012ko Lan Erreforma ez ukitzea dela. Gogoratu beharra dago hamarkadaren hasieran Espainiak erreskatea jasotzeko Europako Batzordearen baldintzetako bat Lan Erreforma gauzatzea zela. Bestetik, Espainiako CEOE eta CEPYME patronalak aurka agertu dira, akordio soziala gauzatu behar dela aldarrikatuz. Confebask eta CEN patronalak aurkako ildo beretik agertu baziren ere, Euskal Herrian PNVko arduradunak izan dira akordioaren aurka zarata gehien egin dutenak.
Zer dela eta horrenbesteko erresistentzia langileen eskubideak bermatzea ekar dezakeen lan erreforma baten aurrean? Agerikoa da “lan merkatua malgutzeak” lan egonkortasunean eta soldatetan izan duen kontrako eragina enpresen mesederako izan dela. Horrek langileengan (hots, gizartearen gehiengo handi batean) era negatiboan eragin du, lan baldintzak eta ekonomia eredua okertuz. Ondorioz, barne eskaria eta kontsumoa bereziki zapuztu dira.
Ekonomia eta lan harremanak
Egoera hau azken erreforma baino lehenagotik dator. Izan ere, 1980ko hamarkadatik hona adituak “lan merkatuen zurruntasuna” salatzen aritu dira, langile antolakuntzaren eta lan baldintzak hobetzeko erreminten aurkako neurriak proposatuz. Lan erreforma murriztaileak behin eta berriz errepikatu dira historian zehar; hala, herrialde askok beren lan harremanen malgutasuna handitzeko neurriak onartu zituzten, 1970eko hamarkadako petrolio-krisiek sortutako langabezia murrizteko aitzakia baliatuta. Horrek enplegu kostuak murriztea ekarri zuen, baita ohikoak ez ziren lan kontratuen erabilpena handitzea ere: aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuak. Horren ondorioz, lan harremanen eredu segmentatu bat sortu zuten, ezohiko lan kontratu kuota geroz eta handiagoarekin. Erreforma horiek aurrera eraman ahal izateko argudioa, honakoa: enplegu mugagabea gehiegi babesteak enplegu eta langabezia mailetan eragin negatiboa duela.
Espainiari dagokionez, Askatasun Sindikalaren Lege Organikoa (LOLS, gaztelaniaz) eta Langileen Estatutua izan dira lan harremanak eta eskubideak arautzeko oinarrizko legeak. Lehenago aipatutakoen ondorioz, 52 lan erreforma baino gehiago egin dira 1980 urtetik hona.
"Lan harremanen liberalizazioak lan merkatuaren dualizazioa (behin betikoak versus behin-behinekoak) eta prekarizazioa eragin du. "
Azken hamarkadetako lan erreformen “helburuak” honakoak izan dira: batetik, lan kontratuen behin-behinekotasunaren aurka borrokatzea; bestetik, “lan merkatuak zuen zurruntasunen” aurka egitea, langabezia maila murrizteko. Ustezko helburuak bete al dira? Ez. Langileen ia heren batek behin-behineko kontratua izaten jarraitzen du (bai Espainian, bai Euskalerrian). Kaleratzeak malgutzeak eta merkatzeak ez du kontratazioaren igoerarik ekarri; hamar kontratutik bederatzik behin-behinekoak izaten jarraitzen dute, eta ez dute jarraikortasunik. Eta zer gertatu da langabeziarekin? Eragin positiborik izan al da alde horretatik? Ez: EHUk eta Cambridgeko Unibertsitateak elkarlanean egindako ikerketa batek frogatu du ez zela lortu kontratazioa sustatzea. Are gehiago, behin-behinekotasun tasa handitu egin da, eta kontratazio mugagabea gutxitu. Lan harremanen liberalizazioak lan merkatuaren dualizazioa (behin betikoak versus behin-behinekoak) eta prekarizazioa eragin du. Laburbilduz, kontratazioaren malgutasunaren ekarpen positiboak oso murritzak izan dira eragindako kaltearen aldean.
Lan erreforma berri bat
2012ko Lan Erreformak langileengan izan duen eragina ikusita, badirudi gutxieneko adostasun bat lor daitekeela legedi aldaketa bat eragiteko. Batzuek indargabetze hitza aipatzen dute eta beste batzuen diskurtsoetan ez da horrelakorik ageri. Baina, hitzetatik haratago, zeintzuk izan daitezke langileen egoera hobetzeko beharrezko osagaiak?
Lehenik eta behin, langile prekarioen egoera era efektibo batean babestu behar da. Behin- behinekotasuna Damoklesen ezpata da, enpresek egindako lan araudiaren urratzeen aurrean langileak babesgabe uzten dituena: nola salatu, kexatu edo eskubide bat exijitu kontratuak epemuga zehatz bat duenean? Behin-behineko kontratazioan egiten den iruzurra irmo zigortu behar da. Ez dago horren inguruko datu orokor zehatzik, baina ondorengo bi adibideek norabidea azal dezakete: Madrilen 2018an sinatutako behin-behineko kontratuen %46 iruzurra zen, baita Huelvan 2019an sasoiko langileei egindako kontratuen %99 ere. Legeak babesgabe uzten du langilea, enpresek bi aukera dituztelako: kontratua ez berritzea, edo diru kopuru txiki bat ordaintzea, bidegabeko iraizpenaren kalte-ordain gisa. Gakoa kasu hauek baliorik gabeko kaleratze moduan erregulatzea litzateke, horrela enpresek zuzenean kalte-ordainen zigorrak ordaintzea saihesteko eta, hartara, kontratu mugagabeak bultzatzeko. Hala, aurrerapauso bat emango litzateke langile prekarioen babes efektiboan, eskubideen urraketen eta enpresen gehiegikerien aurrean jarduteko.
Kontratazioen iruzurrari dagokionean, autonomo faltsuak, riderrak eta “ekonomia kolaboratiboa” deiturikoa dira adibiderik argienak. Kasu horientzat ez da beharrezkoa legedi berri bat arautzea, dagoen legedia bera aplikatzea baizik: Langileen Estatutua eta horren araberako langile autonomo erreal edo soldatapekoen legedia betetzea. Horretarako, ezinbestekoa da behingoz zehaztea ea autonomo edo soldatapeko diren, ez gaitzaten legedi berri baten beharrarekin nahastu.
Landu beharreko beste elementu garrantzitsu bat azpikontraten iruzurra da. Azpikontratak modu sistematikoan erabiltzen dira enpresen erantzukizunak alde batera uzteko. Horren ondorioz, lan baldintzak asko okertzen dira; hoteletako garbitzaile edo kellyen kasua adibide argi bat da, baina badira beste hamaika kasu ere. Oinarrizko zerbitzuak ez azpikontratatzean dago gakoa, horiek gabe enpresek ezin dutelako funtzionatu; garbiketa zerbitzurik gabe, adibidez.
Azpimarratzekoa da, era berean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 135. akordioa aplikatu beharra dagoela, langileen antolatzeko eskubidea bermatzeko eta eredu sindikalari dagozkion eskubideak emateko. Azken horren harira, langileen enpresako ordezkaritzari dagokionean bi eredu ezarri ziren (sindikala eta unitarioa), nahiz eta azken hori sustatu eta garatu den, sail sindikalen eredua edukiz hustuz. Hori dela eta, enpresan sindikalgintza ahulagoa da. Nazioarteko erakunde horrekin jarraituz, 189. akordioa ere bete beharra dago, etxeko langileen egoera onartezina hobetzeko. Gaur egun bizi duten sasiesklabotasun egoera ez da onargarria, non eta bere burua garatutzat hartzen duen herrialde batean.
Covid19aren krisiak agerian utzi du telelan arloan dagoen araudi gabezia. Kontuz ibili behar dugu lan eredu horrekin, enpresariak kostuak aurrezten baititu langilearen bizkar. Bestetik, etxetik lan eginez gero, non kokatzen da lan arriskuen prebentzioa? Eta non deskonexio digitalaren eskubidea? Non, lanaren eta bizitzaren arteko oreka? Oso konplexua da gaia eta hausnarketa sakon eta mamitsua eskatzen du, negoziazio kolektiboaren bidezko araudia garatzeko.
Lan erreforma eta politika berria
"Akordioaren eraginkortasuna eta Lan Erreformaren sakontasuna ikusteko zorian gaude. Emandako hitzari eutsiz gero, aurrerapauso historikoa izango da euskal zein espainiar langileentzat"
Lan erreformarekin zeharkako harremana duten beste bi elementu aipatu behar dira, azken hilabeteetan horien garrantzia agerian geratu baita. Batetik, Lan Ikuskaritzaren egoera kezkagarria da: Langile eta baliabide falta nabarmenak enpresen alde eta langileen aurka egiten du. Legedi eraginkorra arautu daiteke, baina araudi hori betearazteko baliabideak ez badira jartzen, antzeko egoera batean egongo gara. Bestetik, sektore publikoak eredugarri izan behar du kontratazioan, eta azpikontratei klausula sozialak esarri eta edozein irregulartasunen aurrean esku hartu, eskubide urraketak saihesteko.
Hasieran aipatu bezala, Lan Erreforma indargabetzeko akordioaren aurrean erakunde sozial eta politiko batzuk kexatu egin dira, prozesua akordio sozialaren bitartez egin behar dela aldarrikatuz. Hitz horien atzean asmo argi bat dago, ordea: Espainian zein Euskalerrian dauden hainbat erakunde sindikal eta patronal kanpo uztea. Horren aurrean, erreformak sinatu dituzten erakundeen erantzukizuna eta konplizitatea salatu behar da, langileek eragiteko aukera bermatu beharra dago, eta sindikatu gehiagok erreforman parte hartu beharko lukete, ez soilik betikoek (CCOO-k eta UGT-k).
Akordioaren eraginkortasuna eta Lan Erreformaren sakontasuna ikusteko zorian gaude. Emandako hitzari eutsiz gero, aurrerapauso historikoa izango da euskal zein espainiar langileentzat; 1980tik egindako 52 lan erreformen joera orokorraren aurkako neurri erabakigarria. Kongresuan egindako ezkerreko indarren arteko akordioak euskal politikan ondoriorik izango al du? Hamarkadetako tunel neoliberalaren laguntzaile nagusia izan da PNV, euskal erakundeak patrimonializatuz eta gobernu eskumenen gaineko kontrol eza profitatuz. Krisi ekonomiko, sozial eta ekologiko larri batean murgiltzen garen honetan, betikoak gobernutik kentzea aldaketa sakon baterako urrats propioak emateko bidea izan daiteke. Etorkizuna gure esku dago, itxaropena baldin badaukagu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.
Aurrekoan, ustezko ezkertiar bati entzun nion esaten Euskal Herrian dagoeneko populazioaren %20 atzerritarra zela. Eta horrek euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura arriskuan jartzen zituela. Azpimarratzen zuen migrazio masifikatua zela arazoa, masifikazioak zailtzen baitu... [+]
Ez dut beti ulertzen nola aritzen ahal diren lur planeta honetako zati okitu, zuri, gizakoi eta kapitalistako aho zabal mediatikoak, beraiena, hots, gurea, zibilizazioa dela espantuka. Berriak irakurtzen baldin baditugu, alta, aise ohartuko gara, jendetasuna baino, barbaria dela... [+]
Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]
Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]
Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen... [+]
Desgaitasun fisikoa duen arkitekto baten alabaren etxea bisitatu ondoren idazten dut honako hau.
Desgaitasun fisikoa duten pertsonen taldeek ez dute arkitektoa maite, beraien bizitza zailtzen duen gaizkile bat kontsideratzen baitute. Gorrotoa ulerkorra da: arkitektoaren lanak... [+]
Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa... [+]
Ortutik itzuli berritan erabaki nuen Twitterretik alde egitea, oraindik Twitter zenean. Auzolan batera joan nintzen, brokoliak eta azaloreak landatzera, eta mindfulness efektua zapuztu zidan algoritmoak, idazle feminista transgorrotatzaile baten txioak jaurtitzearekin... [+]
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]
Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]
Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]