Lan-desgaitzea: bestelako ahotsak erditik kentzeko beste engranaje bat

  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da zazpigarrena.

Hildako irakasleen gogorapen iraunkorra Eğitim Sen sindikatuaren Amed-eko egoitzan.

2018ko ekainaren 01ean - 13:23

Kalez jantzitako polizia bazegoen presente ere Eğitim Sen hezkuntza eta zientziaren langileen sindikatuaren Amed-eko egoitza dagoen eraikinaren sarreran. Sindikatu hau Estatu esparrukoa da eta KESK-en kokatzen da, sektore publikoko langileen sindikatuen konfederazioa. Egoitza funtzioak egiten dituen apartamentura sartzean 90. hamarkadan eraildako 20 irakasleen argazkiekin topatzen gara. Kontatzen diguten arabera, Estatu terrorismoak hilda, nahiz eta egile zuzenak nortzuk izan ziren ez jakin. Irakasle kritikoak hiltzea gaur egun normala ez izan arren, beste errepresio erak erabiltzen dira, azken bi urte hauetan indartu direnak.

Bilera hasi baino lehen te bat hartzen genuen bitartean 2016ko urtarrilean manifestu bat sinatzeagatik kanporatutako unibertsitate-irakasleetako batekin minutu batzuk hitz egiteko aukera izan genuen. Ez litzateke izango egoera horretan ezagutuko genukeen bakarra. PKK eta gobernu turkiarraren arteko elkarrizketak bertan behera geratu eta gero, ejertzitoak ofentsiba bat burutu zuen Bakur osoan. Erasoak bete-betean harrapatu zituen hiri batzuk (Amed, Nusaybin, Cizre…) non PKK-ren milizianoak autokudeatutako hiri-zonaldeak defendatzea erabaki zuten. Armamentu astunarekin garatutako erasoaldiek auzo osoak suntsitu zituzten, ehunka miliziano eta zonaldeko beste biztanleen heriotza eraginez, kasu batzuetan beren etxebizitzan bertan ehortzita, egun asko urik, elektrizitaterik eta elikagairik gabe igaro ostean. Operazio honek eragin zuen 2.000 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok, unibertsitatekoak zein lehenengo eta bigarren hezkuntzakoak, adierazpen bat sinatzea, “Ez gara izango krimen honen parte” lelopean. Bertan, gobernuaren jarrera eta biztanleriari eragindako sufrimendua kritikatzen zen. Erdogan-en gobernuaren erantzuna azkar bezain zitala izan zen. Traizioaz eta PKK-ren konplizeak izateaz akusatu zituen eta mehatxu zuzena egin zien: haiek bezalako “sasi-intelektual” doktoreek ezin zutela espero ejertzitoa erasotzen duten “terroristei” ematen zaien erantzuna baino. Hurrengo asteetan lehenengo zigor-neurriak heldu ziren, sinatzaileen lan-kontratuak bertan behera utziz. Haietako 380 irakasle klase emateko ezgaitu zituzten lege-dekretuz. Beste ehunka kasutan “soilik” lanpostutik bota zituzten, hilabete batzuetaz kanporatu zituzten edota, ikertzaile batzuen kasuan, beren proiektuen finantziazioa eten zen.

Eğitim Sen irakasleen sindikatuaren logotipoa Amed-eko egoitzan.

Hauxe da Behcet-en kasua, arte ederretako doktorea eta Van-eko unibertsitateko ikerlaria, adierazpen hura sinatu ondoren kontraturik gabe eta epaiaren zain dagoena. Erlazionatutako unibertsitateen (Estatu turkiar osoan 90 baino gehiago) errektoreen jarreraz galdetzean, bere erantzuna ez da batere adore-emailea: errektoreen %99ak gobernuari men egiten dio otzan eta gainontzeko %1ak, politikoki berarekin lerrokatuta ez badago ere, bere zilborrera begira jokatzen du eta, praktikan, gobernuaren aginduak aplikatzen ditu. Legez ezgaitua ez egonda, bere karrera profesionala jarraitzeko aukerei buruz galdetuta, Behcet-ek azaltzen digu beste postu bat lortzen saiatu arren (kanporatutako irakasle eta ikerlarien postuak bete dituzte jada beste pertsona batzuekin), kontraturik gabeko denboraldi horrek curriculumean utzitako hutsuneak etenaldi horren arrazoia ikustarazten duela. Hori dela eta, ia ezinezkoa da ikerkuntzara berrengaiatzea, zeren eta gobernuak administrazio estamentu guztietan kontrol ideologiko latza ezarrita baitauka. Hau guztiari gehitu behar zaio kanporatutako sinatzaileek debekatuta daukatela Estatu turkotik ateratzea (pasaporterik gabe daude) baita beren seme-alabak atzerrira ikastera bidali ere.

Sistema publikoan baztertzea hezkuntza pribatuaren eremura hedatzen ohi da. Izan ere, neurri handi batean sektore erlijioso ultrakontserbatzaileen esku egoteaz gain, instituzio pribatuek kanporatutako irakasleak ez kontratatzeko presio politiko eta ekonomikoak jasotzen dituzte. Egoera honen aurrean, langile hauetako askok beren irakaskuntza edota ikerkuntza utzi behar dute eta arlo pribatuko beste ekimenetan aritu. Adibidez, Van-eko lehen hezkuntzako eskola batean aritzen zen Tuncay irakasle kanporatuak esaten digu akademia pribatu batean egiten duela lan, kontraturik gabe. Elkartasun-sareek gobernuaren zigor-neurrien ondorioak leuntzen dituzte zertxobait, beti ere ezinbesteko diskrezioz. Beste irakasle askok te hartzeko tokiak eta antzeko negozio txikiak ireki behar izan dituzte ogibidea bilatzeko.

Aipatutako manifestuaren haritik era masiboan aplikatu bada ere, arrazoi politikoengatik sektore publikoan aritzeko desgaitzea neurri zaharra da Estatu turkiarrean. Horixe da Yilman-en kasua, Van-eko eskarmentu handiko militante kurdua, duela 20 urte bere irakasle lanpostutik kanporatua. Berak azaltzen digu bere egoera baita herri kurduarena ere bere lehengusuaren kebab motako jatetxean afaltzen dugun bitartean. Azken honek negozio hau ireki zuen duela urte batzuk, bere posizionatze politikoengatik udaletxean zeukan lanpostutik botata izan ostean.

Eğitim Sen sindikatuaren Amed-eko atalaren arduraduna den Abbas-ek emandako datuen arabera, 11.300 irakasleei kontratua eten diete momenturen batean, horietako 1.565 irakaskuntzarako ezgaituak era iraunkorrean. Gobernuaren ildoekin bat ez egiteagatik sortutako beldurrak balizko ahots kritiko asko isiltzen ditu, eta sindikatu independenteetan mina egiten ari da. Abbas-ek esaten digu sindikatuan afiliatuta zeuden irakasleen kopurua %40an jaitsi dela AKP-ren ofentsiba autoritarioaren ostean.

Hezkuntzak pertsonen formazioan daukan garrantziaz jabe da Estatua. Horregatik irakasleen kontrol ideologikoan jartzen du berebiziko arreta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Espetxe zigorra ezarri dio Turkiak Beritan Canözer kazetari kurdu feministari

Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]


2024-11-13 | Julene Flamarique
Iranen heriotza-zigorra jaso duen Pakhshan Azizi feminista kurduaren espetxekideek justizia eskatu dute

2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-21 | Justus Johannsen
Beste bi kazetari kurduren hilketa
Turkiaren zapatako harri koxkorra

Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]


Sebahat Tuncel
“Ohikoa bihurtu da politikari kurduak espetxeratzea”

Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]


2024-07-22 | Justus Johannsen
ANALISIA
Turkia Irakeko Kurdistan konkistatzen ari da, PKKren aurkako borrokan

Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]


2024-03-20 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
“Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du”

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
“Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen”

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-22 | Aitor Aspuru Saez
“Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako”

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko

Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.


Eguneraketa berriak daude