Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?
Jadanik iraganeko kontua da Kutxabanken izaera berria. Azkenik, gehiengoak horrela erabakita Sozietate Anonimo bihurtu da: Vital Kutxa, Kutxa eta Bilbao Bizkaia Kutxa dira bazkideak. Horretarako, hiru euskal kutxak banku fundazio bihurtu ziren norberaren ondarea kudeatzeko, eta jarduera finantzarioa Kutxabanki transferitu zioten. Beraz, finantza eragiketak azken horri dagozkio eta haiek akzioak gordeko dituzte.
Akzioen %57 BBK Fundazioarenak dira, %32 Kutxa Fundazioarenak eta gainontzekoa, %11, Vital Fundazioak dauka. Kapitalen elkargoek mozkinak banatuko dituzte eta dibidenduak bakoitzaren akzioen araberakoak izango dira. Fundazioek dibidendu horiek jasoko dituzte urtero eta horrela jarriko dituzte martxan gizarte ekintzak, gure herri guztietan hain ezagunak izan ditugun proiektuak. Beraz, hemendik aurrera, Kutxabanken mozkinak izango dira oinarri antzinako gizarte ekintzak finantzatzeko.
Multinazionalerantz?
2014an Kutxabankek 6.918 langile zituen eta horietatik 2.017 CajaSur Bancoan zeuden. Langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 418 bulegotan enplegatzen ziren, Espainiako Estatuko 238tan eta Frantziako Estatuko bostetan. Langile bakoitzaren etekina handitzeko xedearekin jadanik aurreikusi da 276 langileren kontratua etetea; horietako batzuk erretiro adinera heldu direlako, beste batzuk diru pizgarriak emanda. Beraz, nahiz eta enplegu murrizketak ez diren nabarmenak, ohiko lanpostuei ez zaie eutsiko. Hala ere, EAEko enpresa handienetakoa da enpleguaren ikuspuntutik eta bere jokaera edozein multinazionalen (Telefónica, Deutsche Bank...) antzekoa izan da lanpostuei dagokionez: hitz potoloak agintari nagusienen aurrean enplegua nola sortu behar den eta abar, baina ondoren murrizketak. Besterik gabe, Kutxabank Burtsan kotizatzen hasiko balitz, murrizketak areagotuko lirateke, bai lanpostuetan baita bulegoetan ere, eta multinazionalen izaerara hurbilduko litzateke, baina oraindik bidean da.
Gure hiru kutxen estrategia hiritarrengandik hurbil egotea izan da betidanik. Bulegoak herri guztietan barreiatuta zeuden eta mozkinak garrantzitsuak izanik ere, herritarrei zerbitzua ematea ez zen saihesten, askotan horrek izaten zuen lehentasuna. “Hurbileko finantzak” ziren. Alta, filosofia hori erabat aldatu nahi izan zuen aurreko lehendakariak, Mario Fernándezek, eta mundu globalizatutako joko zelaira eraman gura izan zuen Kutxabank. Nire uste apalean, edozein unetan Kutxabanken jarduera zentrala Londresen edo Frankfurten kokatu zitekeen. Hortik Fernándezek proposatu izana Kutxabanken kapitalaren %70 merkaturatzea, non, besteren artean “putre funtsak” izaten baitiren harrapariak. Horrela, euskaldunok hamarkadetan eraiki dugun finantza erakundea erabat lausotuko litzateke. Kutxabanken etorkizuna Euskalteli gertatu zaion antzekoa zatekeen: euskaldunontzat desagertuta eta banku arrunt bilakaturik.
Ikusi dugun legez, Kutxabanken norabide aldaketa egon da EAJren eskutik. Fernándezek zeraman bide arriskutsua aldatu egin da eta nahiago izan da finantza erakunde txikerragoa eratzea eta eskuragarriago izatea, herritarron eta enpresa txiki eta ertainaren zerbitzuan ipini, banku mix baten gisan. Eta Euskaltel ez bezala, oraindik multinazional izatetik urrun samar dago.
Erronka berriak eta pertsonalitate juridikorako aukerak
Nolabait esateko, EKAI erakundeak marraztutako bidea hartu beharko luke Kutxabankek. Alegia, euskal ekonomia errealean txertatu beharko luke, hedatzeari mugak ipini, espekulazioa saihestu, enpresa txiki eta ertainen konplize bilakatu. Honetan guztian akastzat ulertu behar da CajaSur Bancoaren erosketa, finantza zuloak eta kultura diferenteak izateaz gain, kudeatzea ez baita batere erraza. Halaber, Kutxak zituen higiezinen elkarteak ere alboratu beharko ditu, bankuaren kontuentzat arriskutsuak direlako.
Lehendakari berriarekin, Burtsara irteteko borondatea atzeratu egin da eta horregatik zenbait erronkari aurre egin behar dio, hala nola 250 milioi euroko funtsa sortu kontuei kaudimena eskaintzeko. Zalantzarik gabe, funts horrek maniobrarako eremua hertsitu egingo dio, baina eskuragarri izatearen prezioa izango da hori. Kaudimen funtsok estatubatuarrek bankuei ipinitako baldintza gogorren artean kokatu behar dira. Era horretan, bankuek ezin izango dute arinki jardun eta zergadunok ez ditugu erakunde horiek salbatuko: handiegiak direlako ezin ditzakegu utzi erortzen. Hala ere, hori dena ikusiko dugu etorkizunean. Gainera, gordailuen bermea bankuek berek izango dute. Haatik, Kutxabankek arreta handiarekin aritu beharko du, mozkin marjinak erabat baldintzatuta geratuko baitira, eta beste bide batzuk erabili beharko ditu: komisioak, kontuak irekita edukitzeagatik ordainketak, eta abar.
Zer egin nahi dugu Kutxabankekin? Noren zerbitzuan egon behar du? Zalantzarik gabe euskal herritarrontzako eta euskal ekonomiarentzako lanabesa izan beharko luke. Horretarako euskal banku publiko sendoa eta demokratikoki kudeatua erdietsi beharko litzateke.
Kutxabankek beste hainbat erronkari ere aurre egin beharko die. Epe labur-ertainean interes tasa apalak ordainduko dituzte eta aurrezkia eskuratzeko zailtasunak izan. Horrela, kaudimen funtsak eskuratu edo eustea ez da erraza izango. Kapital premiak handituko dira eta, gainera, ekonomia errealaren hazkunde tasak ere ez dira apartekoak izango aurrezki oparoa sortzeko. Bestalde, banku-araudi gogorragoa jasan beharko du, finantza erakundeek ondarea hurbiletik kontrolatuko baita, eta gainbegiratzea Europako Banku Zentralak zuzenean egingo baitu.
Kontrol tekniko horiez gain, beste arazo batzuk ere azalduko dira luze baino lehen. Izan ere, ohiko bankuek shadow banking-ei aurre egin beharko diete; banku horiek dirua maileguan utziko dute benetako bankuak izan gabe. Bigarren erronka on-line egindako diru eskaintzatik etorriko da, nahiz ohiko bankuek ere bide horri ateak zabaltzea ez den arras zaila izango; hala ere, banku digitalizatuak garatzen ari dira eta horiekin lehiatzea ez da erosoa izango ohikoak baino bizkorragoak direlako. Eta azkenik, bezeroen eskari berriei erantzun beharko die, erraztasunak emanez maileguak eskuratzeko, baina bankuaren negozio ziurra zalantzan ipini gabe; arlo honetan gazteei arreta ematea izango da funtsetako bat, negozio berriei jaramon eginez. Mikrokredituei atea ireki beharko lieke euskal bankuak. Beraz, Kutxabankek hobetu beharra izango du merkatu ireki horretan biziraute aldera, bere bezeroekin identifikatu eta horien konplizitatea barneratu beharko du.
Azkenik, Kutxabanken jabetza balizko jabetza daukagu. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin? Noren zerbitzuan egon behar du? Zalantzarik gabe euskal herritarrontzako eta euskal ekonomiarentzako lanabesa izan beharko luke. Horretarako euskal banku publiko sendoa eta demokratikoki kudeatua erdietsi beharko litzateke. Edo, bigarren aukera gisa, kreditu kooperatiboa sortu, non erakunde publikoak eta bezeroak kide izango baitiren. Ez litzateke zaila izango udalerrietan oinarritutako tokiko kreditu kooperatibak sortzea: lurralde bakoitzean bigarren mailako kreditu kooperatibak egongo lirateke eta EAE mailako beste bat, Crédit Agricoleren gisa. Europar Batasunean bi erakunde mota horien eskarmentuak badaude. Formula biak ondo aztertu eta luze baino lehen erabakita egon behar luke.
Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.
Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]
Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]
Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.
Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.
2015ekoa bakarrik ez, azken lau urteotako protagonista izan da LOMCE legea Hego Euskal Herrian: hezkuntza mundua astindu eta ekitera behartu ditu eragile eta instituzioak. 2015ean, hori bai, amesgaiztoa buka zitekeela pentsatu du askok, itxaropena Espainiako hauteskundeen... [+]
Heterogeneotasunak freskotasuna dakar eta burujabetza prozesuari adierazle berriak eskaintzen dizkio.
Klima aldaketari buruzko lehenbiziko nazioarteko akordio globala utzi zigun 2015ak: Parisko Hitzarmena. Mugarri hori historikotzat joa izan zen, eta hala ospatu zuten adostu zutenek, baina ezin esan aurrerapausoa izan zenik, kontrakoa baizik. Aurreko hamarkada biak alferrik... [+]
Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen... [+]
Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.
Oinarrizko Errenta Unibertsalaren (OEU) definizioa argi izatea da gakoa: inolako baldintzarik gabe.
Nazioartea gero eta estuago hartzen ari da Espainiako Estatua, tortura salaketak ikertu eta horiek saihesteko neurriak har ditzan. Besteak beste, inkomunikazio erregimenaren “abolizioa” eskatu du NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak 2015ean. Baina mugimenduak oso... [+]
Euroaren Europan soberania botere ekonomikoek dute, batez ere herrialde periferikoetan.
Aniztasuna ez da berez ona edo polita, edo txarra eta itsusia. Aniztasuna preziatzen dugu onerako denean.
Frantziako Estatuko eskualdeek mapa berria osatzen dute 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina. 22 eskualde (erregio) izatetik 13 izatera pasa da Hexagonoa. Aldaketak euskal herritarrei ere eragin die. Akitania eskualdea zena, Akitania-Limousin eta Poitou-Charentes bihurtu da. Ipar... [+]
Hauteskundeen esparruan Nafarroako aldaketa instituzionala izan da 2015ak utzitako berririk esanguratsuena. EAJren nagusitasuna ere nabarmentzekoa izan da eta baita Ahal Duguren azaleratzea. Epe eta produkzio kontuak tartean, ondoko kronikak ez ditu kontuan hartzen Espainiako... [+]