Kultura, jendarte eta hizkuntza gutxituen erakusle diren film laburrak izango dira ikusgai Hendaia Film Festival-en. Nazioarteko filmak zein Euskal Herrikoak ikusteko parada izango da.
Hendaia Film Festivalen lehen edizioa da eta urriaren 17tik 19ra izango da. Angela Mejias jaialdiko antolatzaileak adierazi du herritarren sostengua handia izaten ari dela: "Egunero txekeak jasotzen ditugu. Herritarrak festibalarekin engaiatzen ari dira".
170 film aurkeztu dira festibalean parte hartzeko, eta aukeraketaren ondoren, “kalitate handiko” jaialdia izango dela esan dute antolatzaileek. Hendaiako Varietes zinema aretoan ikusi ahal izango dira laburmetraiak.
Laburmetraiez gaindiko ekintzak
Eztabaidak, erakusketak eta bestelako ekimenak ere antolatu dituzte festibalaren karira. Sokoburuko Mendi Zola aretoan izango dira.
Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean ikus-entzunezkoen inguruan dagoen “mugaz” jardungo dira “Sorkuntza eta hedapena” eztabaidan; Antoine Mailleren argazkiekin erakusketa bat egingo da; Kimuak laburmetraien Euskadiko sareak kolegioko gazteei erakusteko hautaketa bat aurkeztuko du; Hendaiako eskola eta ikastoletako haurrek ere festibalean parte hartuko dute. Quebec-en kultura txikituen inguruan eginiko gaztetxoentzako sei laburmetraia erakutsiko dizkiete eskolan; Gainera, “Euskaraz Bizi Nahi Dut” film lehiaketako bigarren edizioko pelikula onenak festibaleko azken egunean proiektatuko dituzte Varietes aretoan.