Martov eta Lenin ez dira euskaraz mintzo. 1903ko Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren II. Kongresua ez zen Zumaian egin. Baina ringaren alde batetik [boltxebikeen] "langile-mugimenduaren abangoardia” batzeko alderdi komunistaren beharra, eta bestetik [mentxebikeen] “erreformazale moderatuek osatutako alderdi zabalaren” onuren defentsa entzuteak 100 urte atzera eraman digu gogoa.
Mahai-inguruaren alde batean, Eneko Compains, EHUko irakasle eta Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea. Beste aldean, Kolitza (izena ezkutuan gorde nahi izan zuen). Borroka Garaia Da moduko webgune eta argitalpenetan klase ikuspegitik egiten dituen hausnarketa zorrotzengatik ezaguna. Hitzorduaren berezitasuna? Bi sektore ideologiko horien arteko ageriko haustura aurrez aurre, espazio formal batean, eztabaidatzen duten lehenetako aldia, lehendabizikoa ez bada Zumaiako Iparra gazte mugimenduak antolatutako mahai-ingurua.
Proletargoa, unibertsaltasun klasista, desbalorizazioa, produkzio baliabideak, instituzio burgesak, infantilismo politikoa, maoistak eta leninistak, estratoak, gainbalioa, zedarritu, abstraktuaren formulazioa, cratos, nazioaren sublimazioa… Kontzeptuak ezker-eskuin Boxeo Izarrak estilo marxistan, edo Roast Battle proletarioa nahiago baduzu, Zumaiako eskola kristau pribatuko antzokian. Agertokia Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxeren hitzaldiko dekorazio bertsuarekin, hiru gizon iraultzaz berbetan herriko EAJko zinegotzi ohiak jarritako megafoniatik, Euskal Herriko txoko askotatik etorritako jendetza –burusoilak eta ile urdinik bat edo bat ere ez– bi ordu t’erdiz adi-adi txalorik jo eta argazkirik egiteko debekuari men eginik. Baten bati anakronikoa gertatu dakioke. Ez al dira horiek aitaren gaztetako kontuak? Baina aizue, badira modaz pasatzen ez direnak, eta marxismoa is the new orange zenbait esparru militantetan.
Eszenatokiko hirugarren gizonak, Iparrako kideak, nahikoa lan izan zuen moderatzen. Gaztetxeak, herri mugimendua eta instituzioak zuen izena mahai-inguruak, baina bigarren galderarako azaleratu zen hara 250 bat lagun pasa elkartu izanaren arrazoia: hainbat gazte militanteren haustura agerikoa Ezker Abertzalearekin. Geroz eta gehiago dira Ezker Abertzalearen ezkerretik entzuten diren ahotsak. Izan kide ohiak, izan zenbait herri mugimendu, izan presoen garaiarekin lotutakoak… baina bada azkenaldian nabarmendu den sektorea: hainbat gazte esparru, gaztetxe, gune okupatu eta ikasle mugimendutan antolatzen ari dena. Klase ikuspegitik Ezker Abertzaleari (Sorturi, eta tarteka Ernairi, gehien bat) egindako kritiken azidotasunek beste maila bat hartu dute praktikan talka hori kalera heldu denetan, izan Ikasle Abertzaleen bueltan edota Iruñeko Maravillas gaztetxearen deman.
Luze joko luke han esandakoak bere osotasunean jasotzeak, baina honatx eztabaida eragin zuten kontu bakan batzuk, puntuka.
Nafarroako aldaketa
Compainsek azpimarratu zuen azken urteetako gaztetxeen loraldia, Nafarroara ekarrita, aldaketaren gobernuarekin bat gertatu izana ez dela kasualitatea izan. “Oso lagungarria izan da”. Aldaketa politikoari zentralitate osoa eman zion Sortuko kideak, berau definitzeko orduan “ez da nahikoa, baina…”, “ez da nahiko genukeena, baina…” moduko formulak erabili arren. “Gure zeregina da aldaketa hori sendotzea, eta erradikalizatzea, baina argi izanik Nafarroan kontraesan nagusia hauxe dela: aldaketaren gobernua ala kuneteroak”.
Kolitzaren ustez, gaztetxe eta Errekaleorren moduko “langileen kontrolpeko” espazioen ugaltzea azken hamar urtetatik hona gertatzen ari den zerbait da, ez da zerbait koiunturala. Izan ere, “ildo politiko berri baten jaiotzaren hastapenetan daude gazteak”.
Nafarroan “kontraesan” nagusia klase borroka dela erantzun zion Kolitzak. Antagonismo nagusia hori da, eta ez ustezko aldaketaren gobernuaren biziraupena edo auzi nazionala. “Bestela pentsatzea berehalakotasunean erortzea da”.
Kuneteroak zein diren ere zalantzatan jarri zuen Kolitzak. “Zuek [Compainsi zuzendatuta] kuneteroekin ere ari zarete gobernatzen. Gero Bairen barruan EAJ ere badago. Haiek Nafarroan ez ziren 36ko altxamendu faxistaren aurka lerratu. Eta, urrun joan gabe ere, EAJ izan da eta da Espainiako Estatuaren plataforma bat, Poliziaren bitartez, Euskal Herrian kale terrorismoa zabaltzeko. Horiekin ari zarete gobernatzen”. Espainian ez dagoela demokrazia liberalik baieztatu zuen, besteak beste “prozesu konstituziogilerik ez delako inoiz izan, eta batez ere, autodeterminazio eskubidearen ukazioan oinarrituta jaio delako”, eta instituzio anti-demokratikoetatik egiazko “aldaketarik bideratzea ameskeria da”.
Horregatik, gaztetxeen gairi erantzunez, Kolitzaren ustez, “prozesu interklasistek talka egingo dute langileen kontrolpeko guneekin”.
Maravillas Gaztetxetik ere Zumaian hastear dagoen 'Gaztetxeak, herri mugimendua eta instituzioak' eztabaidara etorri gara. Esker mila @Iparragmz horrelako eztabaida aberasgarriak antolatzeagatik. pic.twitter.com/EYQBnpR0BU
— Maravillas Gaztetxea (@maravillasGTX) November 16, 2018
Maravillasen eta gaztetxeen harremana boterearekiko
Udalekin hitzarmenak lotzeari onuragarri iritzi zion Compainsek, baina ezinbesteko baldintza batekin: akordio horietan gazte edo gaztetxe asanbladek kontzesio politikorik ez egitea. “Gure eskubidea da eraikin publikoak erabiltzea, bestela norentzat utzi behar dugu aukera hori, UPNko gazteentzat? Elkarbizitzari begirako arau batzuk onartzeak (ordutegia, garbiketa edo zaratari dagokienez, adibidez) ez du esan nahi burgesiak asimilatuko zaituenik”.
Eneko Compains: "Maravillasen harira, EH Bilduk Uxue Barkosen dimisioa bilatzeari ez diot zentzurik ikusten. Aldiz, ulergarria litzateke Maria Jose Beaumontena eskatu izana".
Iruñeko kasuari dagokionez, Compainsen esanetan, Udalak “Iruñeko lokalik onena” eskaini die Maravillasen biltzen diren gazteei, “beste edozein herri mugimenduk inoiz ukatuko ez lukeena eta Maravillaseko kideek ezetz esan zuten, tamalez. Nik errespetatzen dut haien erabakia, baina oso aukera ona zen arazoa bideratzeko. Nafarroako beste hainbat herritako gaztetxeek onartu dute [aldaketaren] udalek eskainitakoa”.
Kolitzaren ikuspegia askoz kritikoagoa izan zen. Bere esanetan, Iruñeko EH Bilduren proposamenak ez du bermatzen Maravillaseko proiektuaren jarraipena. “Urtebeterako kontratua proposatu zieten. Baina gero zer? Hurrengo hauteskundeetan EH Bildu ez bada alkatetzara heltzen zer egin behar dute?”.
“Dena ala ezer ez” alboratu beharra azpimarratu zuen Compainsek. “Marxista gisa diot, lehen mailako eta bigarren mailako kontraesanak zeintzuk diren jakin behar dugu, eta Nafarroan, lehen-lehena da aldaketa versus kuneteroak. Hori da besteen gainetik dagoena. Gure egitekoa da aldaketa indartzea eta erradikalizatzea”. Beraz, zentzu horretan, Maravillasen harira, EH Bilduk Uxue Barkosen dimisioa bilatzeari ez dio zentzurik ikusten. Aldiz, bere ustez, ulergarriagoa zatekeen Maria Jose Beaumont barne kontseilariaren dimisioa eskatu izana.
Kolitzaren ustez, EH Bilduk “barruko kontraesanak kudeazin egin zaizkiolako” aldatu du gaztetxeekiko jarrera. Hasiera batean “gaztetxeen aurkako jarrera” agertu izan du bere esanetan. “Ez leku guztietan, noski, baina bai nortasun politiko propioa garatu duten gaztetxeekiko. Maravillas da horren adibide bat, Sortuk giro txarra zabaldu zuen bere oinarri sozialaren artean lehen okupazioa izan zenean, ez zuten begi onez ikusi”. Horrez gain, Lekeitioko kasua ere adibidetzat jarri zuen. “Lekeitioko gazteek okupatutako eraikina husteko esan zien EH Bilduk parte-hartze prozesu baten izenean. Hori ez zen inoiz egin eta gazteak gaztetxerik gabe utzi ostean, haien aurkako jazarpena bultzatu zuen Ezker Abertzaleak”.
“Sorturen ustez, gaztetxeek ekarpena egin behar diote beraien ildoari, eta gaztetxeek nortasun propioa garatzen dutenean, izaera politikoa finkatzen dutenean, arazo bilakatzen dira haientzat”. Kolitzaren ustez, alderdi proletario baten egin beharra instituzio burgesetan, boterea instituzio horietatik atera eta langileen kontrolpeko guneetara eramatea da, hori egitea legez kanpokoa bada ere. Horregatik, besteak beste, “Sortu ez da langile alderdi bat” bere hitzetan.
Compainsen arrapostua: “Nortasun politikoa edo identitate iraunkor propioa garatu duten horiek ere desalojatu dituzte, udal agintaritzan ezker abertzalea agintean ez bada izan”.
Gaztetxeen funtzioa: alderdi komunista sortzeko ala burujabetza prozesua bultzatzeko
Compainsen ustez, gaztetxeen funtzioak prozesu soberanista bultzatzea beharko luke. “Euskal Herrian dominazio kapitalistaren aurkako borrokak hartzen duen forma nazio askapen prozesua da. Edo beste era batera esanda, Euskal Herriko langile klaseak duen giltzarrapo nagusia Espainiako 78ko erregimena da”.
Kolitza: "Gaztetxeek seinalatzen dute langile antolakuntza nazionalaren beharra. Langileen batasuna, alderdi komunista".
Kolitzak adierazitako ikuspegia, jakina, guztiz bestelakoa izan zen. Bere ustez, “langile antolakuntza nazionalaren beharra” seinalatzen dute gaztetxeek. “Langileen batasuna, alderdia”. Eta bide horretan bitarteko pausoak aipatu zituen: gaztetxeen arteko elkartasun edo autodefentsa sareak. Horregatik, gaztetxeek maila lokaleko dinamikeei bakarrik erantzutea “inboluzio taktiko eta estrategikotzat” jo zuen. “Langile boterea ezin da maila lokalean artikulatu, marxismoa baino lehenago hala ondorioztatu zuten sindikalistek, Frantziako Iraultzaren garaietan”.
Gaztetxeak “aginte sozialistaren gune” gisa definitu zituen Kolitzak. Eta aurrera begira, horien arteko artikulazioa gertatuko dela ziurtzat jo zuen. “Langileen batasunerako bidean, alderdi proletariorantz, nire ustez, alderdi komunista izan beharko lukeena sortze bidean”.
Venezuelatik erabakitzeko eskubidera
Instituziokiko harremanetatik tiraka, Hego Amerikako ezkerreko gobernuekiko ikasgaiez aritu ziren. Compainsen ustez, Latinoamerikako zenbait herritan emandako aldaketaren oinarriak egokiak dira Euskal Herrira ekartzeko: “indar metaketa zabala eta herri mugimenduen bultzada”. Bere hitzetan, hango herri batzuek egin duten prozesu konstituziogilea egitea, Chavezek sustatutakoa kasu, Ezker Abertzalearen helburua ere bada. Baina, “orain arte ez dugu behar beste indar metatzerik lortu”.
Kolitzak indar metaketan kontraesana leporatu zion Compainsi. “Euskal Herrian aldaketa deitzen diozun horretan parte hartzen du Venezuelan kolpista den alderdi batek: EAJ”. Bere esanetan, Venezuelako aldaketa kontzeptua ezin da hemen bere horretan erabili. “Erabakitzeko eskubidea EAJk asmatu duen kontzeptua da. Ezker Abertzaleak bere aldarrikapen historikoa izan dena, autodeterminazioa alboratu du horri heltzeko. Beraz, zeinena da hemen aldaketa? Zuek erakarriak izan zarete, eta ez aldrebes. Eta gainera, jakinik, erabakitzeko eskubidea ezinezkoa dela Espainiako Estatuan, Kataluniak erakutsi duen gisan”.
Erabakitzeko eskubidea EAJrena balitz, jeltzaleek sutsu defendatuko luketela erantzun zion Compainsek. “Ikusten ari gara ez dela horrela, termino horren lehia dago, eta guri dagokigu edukiz betetzea”.
Nafarroako egoeraz gaindi, EAJrekiko etengabeko akordio nahia azpimarratu zuen Kolitzak “Ezker Abertzalearen biraketa interklasista” agerian uzteko. EH Bildu “langile aristokrazia eta enpresari txikiek kontrolatutako koalizioa da, proletargoaren aliatu izan litezkeenak etsaiarekin, burgesiarekin, lerratu dira”.
Gazte militanteen urruntzea/haustura Ezker Abertzalearekin
Bi hizlariek baieztatu zuten ukaezina dela haustura hori gertatzen ari dela zenbait gazte-esparrutan. Compainsek horren zenbait arrazoi partekatu zituen.
“Borrokarako eskaintza zintzo eta erakargarria zuen garai batean. Ni tartean, Idigoras edo dena delakoen diskurtsoengatik baino, Estatuari duintasunez aurre egiten zion indarra zelako batu ginen Ezker Abertzalera. Orain estrategia aldatu da Estatua eramateko konfrontatu nahi ez duen eta deseroso zaion esparru batera”. Baina trantsizio horretan Ezker Abertzalea ondorengo kontutan tronpatu dela adierazi du Sortuko kideak:
Iraganaren nostalgia baino etorkizunaren nostalgia azpimarratu zuen Compainsek jarraian. Bere ustez, ezinbestekoa baita jendarteak ulertzea zure eskaintza eta praktika politikoa, “bestela galduta zaude”. Horren adibide Errepresioari autodefentsa dinamika aipatu zuen. “300 lagun Iruñean elkartu ziren, ondoren istiluak, atxilotuak… eta Iruñean inork ez zuen ulertu zertara zetorren hori guztia dena. Aldatu nahi duzun jendartearekiko lotura galdu izanaren seinale da”.
“Gehiengo batek suntsitu ditu” Ezker Abertzalearen helburu estrategikoak eta oinarri organizatiboak, Kolitzaren esanetan. Baina, “ez dezagun ahaztu, ezker abertzalearen proposamen politikoa legez kanpokoa da Espainiako Estatuan, eta hain zuen horregatik, gehiengo batek proposamen hori aldatzea erabaki zuen legalak izateko. Baita antolaketa eredua ere”.
Halere, hausturaren gako nagusia ez du Ezker Abertzalearen aldaketan jarri, krisiak eragin duen “proletarizazio basatian” baizik. Zurrunbilo neoliberal horretan, Ezker Abertzalearen eztanda gertatu da, eta “borrokarako baldintza objektiborik argi eta gordinenak azaldu direnean”, Ezker Abertzaleak aukera galdu eta beste norabide bat hartzea erabaki du, Kolitzaren hitzetan.
Entzuleen ekarpenak
Publikotik hitza hartzen aurrena Maravillaseko kide bat izan zen. Maila pertsonalean hitz egiten zuela azpimarratu ostean, mintzagai zen Ezker Abertzalearekiko haustura Abian eztabaidarekin batera etorri zela adierazi zuen. “Orduan erabaki zuten alderdi sozialdemokrata klasikoen antolaketa eredua hartzea, hala, herri mugimenduekiko lotura bermatzeko “laugarren hanka” delakoa alboratuz [Ekin erakundearen funtzioaz ari zen]. Arrazoi hori azpimarratu zuen Ezker Abertzaleak kalean presentzia galdu izana ulertzeko.
Maravillasen desalojoaren harira, salatu zuen Sortuk bere militanteen artean irakurketa banatu zuela esanez “kontuz!, hauek esaten dute subjektu politikoa direla, eta hori ezin dugu onartu”. Hori, beste edozerren gainetik, “Aldaketa” jartzearen ondorioa dela aipatu zuen.
Compainsek ostean azaldu zuen “laugarren hanka” kendu izana: “Erabaki hori herri mugimenduekiko harremana aldatzeko egin zen, ez apurtzeko. Lehengo ereduak, sarritan, eta hortaz zerbait badakit [Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortu zuen Ekineko kide izatea leporatuta], autonomia kentzen zion herri mugimenduari”.
Hitza hartu zuen bigarrak "klase borrokak nazio-borroka forma harten du" esaldiari ihardetsiz. “Independentzia derrigorrezko baldintza bezala luzatzeak Euskal Herriko langileon arazoa konpontzeko ez duela zentzurik” adierazi zuen.
Azken bi parte-hartzeak, ez ziren galderak izan. Hitzaldian ordezkatuta ez zen alderdi baten manifestuaren moduko irakurketa izan zen, bi ahotsetara, luze eta zabal. Hona, askoren bekaina jasoarazi zuen “iraultzarako proposamena”: “Sozialismoa aldarrikatzen dugunean zergatik murriztu behar dugu Euskal Herrira? Inperialismoari aurre egiteko, eraginkorragoa da zonalde handietan ezartzea, horregatik hobe da Espainiako herrien batasuna. Sozialismoa Espainia mailan nahi dugu”.
Kolitzak, badaezpada ere, ez zela leninista argudiatuta, adierazi zuen Euskal Herria dela berak aurrikusten duen alderdi komunistaren gunea.
Borrokaldi teorikoari amaiera emateko, Compainsek Rosa Luxemburgoren hitz batzuk erabili zituen atea apur bat zabalik uzteko: “Nire hitzek balio dezatela gure arteko liskarrak arintzeko”. Kolitzak Compains solaskideari eskerrak emateko baliatu zuen bere azken parte-hartzea: “Aintzat hartzekoa baita espazio hostil honetara bere posizioa defendatzera etorri izana”.
Post-data: Ez, "marxismo-feminismoa" demaz ez zen hitz egin.
Apirilean Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gazte antolakundeko 133 kideri jarritako isunen harira manifestua aurkeztu du Ernaik. Euskal Herriko 32 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok egin dute bat idatziarekin. Isunek antolakundea “itoarazi eta politikoki... [+]
Pasa den urriaren 30ean, Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi lagun auzipetu zituzten. Handik egun batzuetara Portugaleteko kaleak hartu zituzten hainbat lagunek gaztetxearen defentsan. Bi egun geroago, fiskalak karguak kendu zituen.
Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.
Azaroaren 5ean epaituko dituzte Barakaldoko epaitegian. “Kapitalismoaren logikatik kanpo” dagoen alternatiba bat sortzeagatik okupazio mugimendua “kriminalizatu eta zigortu” nahi dutela salatzen dute gaztetxeko kideek. Txirbilenea Kulturgunearen hustearen... [+]
2020an birjabetu zuten espazioa Portugaleten, eta horren harira epaituko dituzte bederatzi pertsona azaroaren 5ean. Ostiral honetan manifestaziora deitu dute, 'Okupazioaren kontrako erasoak gelditu' lelopean.
"Espainolismoa goratzen duen sinbolorik" ez dutela nahi adierazi dute antolakundeko kideek. Euskal Herri antifaxista aldarrikatzeko ekintza izan da Nafarroan gelditzen zen azkenengo zezena botatzea, ekintza zuzenaren bideoa zabaltzearekin batera.
Euskal Herri mailako topaketak antolatu dituzte hainbat gaztetxe eta gazte asanbladatako gazteek urriaren 19rako, Leitzan (Nafarroa). Mugimenduaren egoeraz eta egitekoez hausnartu, elkarren artean saretu, eta borrokarako indartzea dute helburu. Idatziz erantzun diete ARGIAren... [+]
“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]
Amaiur Egurrola Ernairen bozeramaileak azaldu du Ernairen aurkako operazioari erantzuteko bildu direla, “baina batez ere gazteria independentista kalean dagoela esateko”. Eusko Jaurlaritzak ia 300.000 euroko isuna ezarri die Ernaiko 133 kideri, Aitor Zelaia eta... [+]
Ernai Gazte Antolakundeko 133 kideri isunak jarri dizkiete, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratzearen aurka mobilizatzeagatik. 290.500 euro dira guztira, eta diru bilketa bat jarri dute martxan, herriak ere ekarpenen bat egin dezan. Ibone Alonso eta Aizpea Uranga... [+]
Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]
Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.
Autogestio espazio "irekiak, asanblearioak eta horizontalak" eraiki nahi dituzten gaztez osaturiko gaztetxe eta gazte asanbladak antolatutako jardunaldiek gaur egun atomizatua eta polarizatua dagoen esparru batean eragin nahi dute.