Krak egin dezake Asia hego-ekialdeko habe nagusietako batek

  • Bitxikerien txokorako bezala geratu da: Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak Srettha Thavisin kargugabetu ondoren, Paetongtarn Shinawatra, 38 urte betetzear zen emakume gaztea, bihurtu da herrialde hartako lehen ministro duela hamar egun. Haren emakume- zein gazte-tasunari bakarrik erreparatu behar balitzaio bezala edo. Eta ez, alajaina.

Paetongtarn Shinawatra, 38 urte betetzear zen emakume gaztea, bihurtu da Thailandiako lehen ministro.

2024ko abuztuaren 27an - 09:25

Hedaduraz Espainia eta biztanlez Frantzia adina den herrialde horretako krisi politikoaren enegarren urratsa da Paetongtarnen izendapena. Eta harrigarri samarra litzateke azkena izatea.

Oso gaingiroki azalduta, krisiaren protagonista nagusiak izango lirateke, alde batetik, Shinawatra familia buru duen mugimendu populista, gaur egun Pheu Thai izenarekin diharduena; gorria, kolorez (ez atera hortik aurrera gehiegizko ondorio politikorik), eta azken bi dozena urte hauetan hainbat aldiz lehen ministro kargua beretu duena, zuzenean (Thaksin [2001-2006]; Yingluck, haren arreba [2011-2014]; eta orain, Paetongtarn alaba) nahiz zeharka (Thavisin [2023-2024]).

Haren aurka, militarrek eta goi-burokraziak kudeatuta kolore horia erabili ohi duen establishment kontserbadorea. 2014ko estatu-kolpe militarraren ondorik Prayut Chan-o-cha lehen ministroa buru izan duena 2023ko hauteskunde orokorrak nabarmen galdu zituen arte. Badira beste protagonista batzuk ere: Alderdi Demokrata... eta Rama X Vajiralongkorn errege ahaltsua, “gorrien” zaleagoa irizten dena.

“Barne-gorabehera” arrunt samarra izango litzateke guztia, ez baletor hari atxikita eskualde geopolitiko osoa zirraratzen duen egitasmo bat: Kra istmoa zeharkatzeko pasabide bat (kanala, trenbidea, autobidea) eraikitzea. Aspaldi-aspaldiko burutazioa da, baina Shinawatratarren mugimenduak ikurtzat hartu zuen arte lozorroan egon dena. Eta oraintxe bertan, Paetongtarnen izendapenarekin, lehen planora itzultzen ari dena.

Egitasmoaren aldaera desberdinen arazo teknikoak eta finantzarioak ez dira nolanahikoak; baina egiteko modukoak liratekeela ematen du, baldin eta behar besteko kontsentsua balego. Hor baitago koska: Krako pasabide horrek biziro baliogabetuko lituzke Malacako itsasartea (eta, bide batez, Singapur eta Malaysiaren baliabideak) eta Indonesiakoak (Sunda, Lombok, e.a.). Zalantzarik gabe, ASEAN elkartea flotazio-marran joko lukeen torpedoa litzateke.

Hain da nabaria egitate hori ezen, onuradun handiak liratekeelako egitasmoaren aldekoak diren hirugarren herrialdeak (Txina, Japonia, Hego Korea, Vietnam) ez direla gaurdaino ausartu harentzako finantzazioa –ezinbestekoa– hitzematen. Eta are gutxiago eraikuntzarako eskua luzatzen. Baina beharrak aldarazten ditu gauzak, eta ez dira gutxi alde hartan.

Edo lehenago aldaraziko ote du, berriro, Thailandiako goi-politika Krako pasabidearen mamuak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Thailandia
Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egun bete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Net Hurbil: Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten
Sonthi Boonyaratglin jenerala ez da Thailandiak gobernuburu ezagutu duen estreinako militarra. Zibilek ez dute urte luzez irauten Bangkok-eko gobernuan; oraingoan hamar urte zeramatzaten aurreko kolpetik, eta berriro irailaren 19an militarrek moztu zuten esperimentua. 65 milioi... [+]

2012-09-15
Karen herria: Fronte bakarreko gatazka

Thailandia eta Birmania artean kokatua, azken horiekiko independentzia aldarrikatzen du Karen herriak. Karen gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira, baina Birmaniako armadaren aurka borrokatzeko muga ezkutuan zeharkatzen dute hainbat gerrillarik. 2010ean... [+]


2011-11-08
500 pertsona inguru hil dira Thailandian euriteen ondorioz

Azken hamarkadetako eurite handiena ari da pairatzen Thailandia. Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 500 pertsona inguru hil dira eta bi milioi pertsona inguruk kalteak izan dituzte euriteen ondorioz. Hamaika zonalde ebakuatu behar izan dituzte eta garraio publikoa ere... [+]


2006-10-22
Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten

“L’Etat, c’est moi” (Neu naiz Estatua) duela bi mende eta erdi esan bazuen Frantziako Louis XIV.ak, oraindik bere dotrinak baditu jarraitzaileak. Munduaren beste muturrean, Thailandian ezer ez ei da gertatzen erregearen agindurik gabe. Ezta militarren... [+]


Eguneraketa berriak daude