Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.
Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren lurraldeetan; bien giza eskubideak urratuak izan dira makina bat urtez. Biek gogoz aldarrikatu dute maiz euren independentzia…
Duela hilabete batzuk baino ez, Mendebaldeko Koalizioak honela argudiatu zuen Kosovoren independentzia: “Kosovo kasua oso berezia da, eta ezin da aurrekaritzat hartu beste hainbat gatazken ebazpenerako.”
Berezia, bai, “aliatuak” berehala jabetu baitziren Kosovorako formula hura (nazioarteko administrazioa+de facto independentzia+de jure serbiar jurisdikzioa) ez zela bidezkoa, ezingo zela denbora luzez mantendu; Mendebaldeko politikaren porrota baino ez zuela islatzen…Kosovok independentea behar zuen, nola edo hala.
Baina Moskuren ikuspuntua oso bestelakoa zen. Kremlinek “aurrekari” izenari bi “abizen” gehitu zizkion orduan: Abkhazia eta Hego Osetia.
Orain arte, eskualde “etniko” batek gatazka armatua jasan izanak- Timor Ekialdean edo Kosovon bezala- sezesioa justifikatzeko balio izan du hein batean. Baina Nazio Batuek ez dute Tbilisiren indarkeriaren kontrako ebazpenik atera oraingoan; Hego Osetiako gatazka, “Errusia eta Georgiaren” artekoaren itzalpean gelditu da, ahaztuta. Saakashvili, Georgiako presidentea, okupatutako herrialde baten buru gisa erakutsi digute mendebaldeko medioek. Berak agindutako Hego Osetiako bonbardaketa hura, ehunka hildako sorrarazitakoa, inoiz burutu ez balitz bezala.
Izan ere, Abkhazia eta Hego Osetiako kasuetan, georgiarren kontroletik kanpoko edozein alternatiba Europa eta AEBen kontra joan daitekeela saldu digute beti. ”Georgiako lurraldetasunaren integritatea ukiezina da”, esan dute aho batez Merkelek, Ricek, eta Tbilisitik berriki azaldu diren agintari guztiek. Denek salatu dute Errusiaren eraso neurrigabea. Antza, Serbia 99an errautsetan utzi zuen “aliatuen” bonbardaketa bidezkoa zen.
Gauzak honela, Errusiak, “aliatuek” Balkanetan erabilitako argudio berak erabili ditu, hitzez hitz, Georgia inbaditzeko egunotan, bai eta “konponbide” bera ere: bi errepublika hauen independentzia onartzea. Moskuk garbi utzi dio Mendebaldeari “neurriz egindako” ebazpenak, Kosovoren independentzia kasu, hutsak bezain arriskutsuak izan daitezkeela.
Aurrekaria izango al da honako hau ere Errusiar Federazio barruan dauden Txetxenia bezalako beste eskualdeentzat? Nekez. Formulatu honela: Frantziak Kosovoren independentzia onartu izanagatik, Euskal Herriarena ere aitortu beharko luke Parisek? Gogoratu, Balkanetako hura “oso kasu berezia da; ezin du aurrekari izan.”
Zer gertatuko da orain? Moskuren Abkhazia eta Hego Osetiako independentziaren onarpenari beste herrialde batzuena gehi dakioke, hots, Bielorrusia edo Venezuelarena. Antzera gertatu zen Kosovon; batzuk bai eta beste batzuk ez. Eta? Konpondu al da zerbait? Agertzen al da Kosovo geografiako liburu berrietan? Abkhaziarrek eta Hego Osetiarrek errusiar pasaporteak dauzkate aspaldi, eta, funtsean, inoiz ez dira Tbilisiren kontrolpean egon Sobiet Batasuna erori zenetik. “Izoztutako gatazken linboan” egon dira gaurdaino, eta hantxe jarraituko dute, Kosovoren alboan. Eta, azken honekin gertatu bezala, bihar ez gara haietaz gogoratuko.
Argazkia: Hego eta Ipar Osetiako presidenteak,Hego Osetiako hiriburuko kale batean.
2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.
ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".
Jarraian Zurutuzaren... [+]
Abkhazian gertatu bezala, makina bat dira Hego Osetian ere gerrak utzitako arrasto itsusiak paisaian. Teilaturik gabeko etxeak, tabike bakartiak, tirokatutako fatxadak... ia nonahi topa daitezke honelakoak bi eskualdeotan. Tskhinvalgo kanpoaldean aurkitu dut gaur honako hau... [+]
Tskhinvalgo herriko plaza duzue honako hau, Hego Osetiako hiriburukoa. “Antzoki plaza” du izena, horixe baitzen atzealdean ikusten den eraikina. Herrialde honetako antzoki bakarra georgiarrek suntsitu zuten 91ko gerran. Geroxeago, osetiarrek konpondu omen zuten... [+]