“Kortxoeneako desalojoan eraso egin zidaten eta auzitara eraman ditugu”

  • Asteazkenean izan du epaiketa Aritz Cevidanesek Donostian, Kortxoenea gaztetxearen desalojoan eraso egin zioten segurtasun enpresa pribatuko kideen aurka salaketa jarrita. Beste salaketa batzuk ere jarri zituzten gaztetxeko kideek, ilegal gisa definitzen duten desalojoa gauzatu zuten kideen eta enpresaren aurka. Epaileak artxibatu egin zuen auzia. Uztailean Kortxoeako husteari buruzko epaiketan hau ilegala izan zen ala ez ebatziko dute.

Aritz Cevidanesek epaiketara eraman du Kortxoenea eraitsi zuen enpresa. (Argazkia: L. Arbelaitz)

2017ko otsailaren 10ean - 15:54

Kontatuko diguzu zure kasua? Nola amaitu zenuen Kortxoeneako teilatuan?

Egun hartan kirola egitera nindoan goizean, amak abisatu ninduenean Kortxoenea desalojatzen hasiak zirela. Htara joan nintzen eta 8:00ak inguruan 10-15 bat lagun geunden kanpoan. Barruan lo egin zuten hiru lagunak han zeuden, batzuk zapatilak eta lotu gabe, baten bat shock egoeran eraikinaren barruan gertatu zenagatik. Segurtasun enpresa pribatuko kideek lerro bat egina zuten gaztetxeko sarreran eta barnean hondeamakina lanean hasi berri zen eraikina botatzen.

Zergatik igo zinen teilatura?

Desalojoa ilegala izan zen eta eraisketa ere bai. Nolabait geratu egin behar genuen, eta argi zegoen seguratak zeuden aldetik ezin ginela sartu. Aukera bakarra teilatura igo eta makinak geldiaraztea zen.

Kortxoenean ibilitakoa zara zu?

Orain urte asko, auzoko Gazte Asanbladan gaztetxea behar genuela ondorioztatu eta honen alde egin genuen borroka. Behin gaztetxeko proiektua abian, urte batzuk kanpoan egin ditut ikasten eta pixka bat urrunagotik bizi izan dut. Halere, proiektua auzotar guztiona zela defendatzen genuen, eta gure sentitzen genuen. Auzoak behar zuen hori defendatzeko erabaki nuen teilatura igotzea.

Zer gertatu zen teilatuan?

Hiru lagun igo ginen, atzeko aldetik. Aurretik begiratua genuen nola egin. Igo ginenean, ikusten genituen jefazo guztiak: enpresakoa, segurtasunekoa, langileena... ez zuten espero gu igotzea eta sorpresaz harrapatu genituen. Hondeamakina lanean ari zen ertzera joan ginen. Pixka batean jarraitu zuen gu oihuka ari ginela, eta azkenean nagusiak gelditzeko esan zion. Enpresa pribatuko bi segurata igo ziren eta zuzenean guregana etorri ziren, ia hitzik esan gabe. Oso jarrera harroputz eta prepotentearekin etorri ziren eskuburdinak eskuan zituztela. Batek esan zuen: “¿Quién es el primero?”. Ez ginela jaitsiko esan genion, eta niregana etorri ziren. Bien artean hartu ninduen eta hainbat minutuz atzera eta aurrera ibili ginen. Beso banatatik hartu ninduten eta azkenean lurrera bota ninduten. Ezkerreko besoa atzean jarri zidatenean, gainera, indar handiz egin zidan eta gerora hor lesioa izan dut. Besteak belauna aurpegiaren gainean jarri zidan eta hor jada ikusi nuen ez nuela zereginik. Eskuburdinak jarri zizkidaten, eta atera egin ninduten. Gu bai ala bai jaistera etorri ziren.

Eskuburdinak jarrita jaitsi zintuzten teilatutik?

Hasteko, eskuburdinak oso estu nituela esan nien, baina izorratzeko esan zidaten. Ondoren, ertzera eraman ninduten, teilatura igotzeko eskailera metaliko bat jarri baitzuten, eta ni hortik jaistea nahi zuten. Ezezko borobila eman nien. “Askatuko zaitugu eta jaitsi”, esan zidaten. Nik berriz ere ezetz, ez nintzela jaitsiko. Hirugarren pertsona bat agertu zen orduan, tirabiran genbiltzala. Kalez jantzita zegoen eta Imanol deitzen zioten. Askatu egin ninduten. Imanol hori segurtasun enpresako langileen eta eraikuntza enpresaren lotura lana egiten zuena zela, eta desalojo ilegalean parte hartu zuela uste dugu. Goizean goizetik lo zeuden hiru lagun kolpeka atera zituzten hamar pertsona kaputxadunek, eta hau bat izan daiteke. Gutako batek ezagutu egin zuen Kortxoenea kanpoan. Gure segurtasunagatik zela eta jaisteko esaten zigun, eta guk ezetz, Ertzaintza etorri arte ez ginela jaitsiko. Desalojoa ilegala zelako, Ertzaintza etortzea nahi genuen. Handik 5-10 minutura patruila bat etorri zen, zuzenean igo, identifikarazi gintuzten eta jaisteko esan ziguten. Panorama ikusita, jaitsi egin ginen.

 

 

Zer ikusten zen teilatutik?

Kalea hesituta ikusten zen, hori egiteko joan ziren hain goiz, jendea lo zegoela eta ziztu bizian egin zuten, gero Donostiako Udaleko teknikariaren sinadura lortzeko. Behean geroz eta jende gehiago biltzen ari zen. Hasieran 10-15 izatetik, 50etik gora erraz izango ziren gu jaitsi aurretik. Alde batean protesta; eta aparkalekuan zeuden segurata piloa, eraikuntza enpresako jefea, bere eskubiko eskua eta beste pare bat pertsona. Argi zuten, helburua zen eraikina eraistea berriro berreskuratu ezin uzteko moduan. Pilaretako bat suntsituz hasi ziren.

Zergatik sartu duzue salaketa?

Erasoa egon zelako, eta gero ukondoan hilabetetik gora mina izan nuen. Segurtasun enpresari salaketa jarri nahi izan diogu, hemendik atera zitezkeen beste gauza batzuk mahai gainean jarri nahi genituelako, aurrerago datozen epaiketetarako lagun zezaten.

Zer moduz joan zen epaiketa asteazkenean?

Nahiko azkar. Epailea oso ohituta zegoen, “delitu arina” baitzen. Esateko genuena mahai gainean jarri genuen argazki eta guzti. Beraiek jo zuten esatera gure segurtasunagatik egin zigutela erasoa. Pilarea eroria zegoela eta beren bizitza arriskuan jarri zutela guri laguntzeko. Ez dakit zer aterako den.

Zer inpresiorekin geratu zara Kortxoenea bota zutela urtebetetik gora igaro denean?

Pasa zen, eta oraindik dena geldi dago, eraikina botata eta proiektua kolpatuta. Elkarrizketak izan genituen hasieran udalarekin, gaia gori-gori zegoenean eta eskuak garbitu zituzten. Gerora baina, ezerezean geratu zen dena, gaia hoztutakoan albo batera utzi baitzuten. Urtebete pasa da eta orain epaiketak hasi dira. Maiatzean eta uztailean beste epaiketa batzuk daude, eta uste dut berotzen joango dela berriz ere Kortxoenearen gaia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-12-09 | Gedar
Asteburuan zehar, ehunka lagun hurbildu dira Durangoko gaztetxe berrira

 Kaletik Gaztetxera asanbladak ostiralean jakinarazi zuen lehengo Correos birjabetu duela, Gaztetxe bilakatzeko. Hainbat ekimen antolatu dituzte bertan azken egunetan, eta jende andana bertaratu da.


2024-11-06 | Julene Flamarique
Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideen aurkako karguak kendu ditu Fiskaltzak

Bertan behera geratu da Barakaldoko epaitegian egingo zen Sastraka Gaztetxeko bederatzi kideren aurkako epaiketaren ahozko saioa. Akusatuen defentsak egozten zaien okupazio delitu arinaren preskripzioa planteatu du, eta Fiskaltzak karguak erretiratu ditu.


Gasteizko Auzolana pilotaleku okupatuaren “Inaugurazioa 2.0” ospatuko dute urtebeteko itxialdiaren ostean

Urtebetez egon da Gasteizko Alde Zaharreko frontoi okupatua itxita, 2023an kazkabar ekaitz batek teilatua apurtu ostean. Pozik daude pilotalekua kudeatzen duen Txapa Ahotsa asanbladako kideak, konponketa prozesuak erakutsi dielako pilotalekua “espazio garrantzitsua”... [+]


Herri Labanderia ireki dute Gasteizko Alde Zaharrean, udalak abandonatutako espazioan

Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Kantauri espazioa desalojatu dutela salatu du Jardun Koordinadorak

Lokalaren jabeak eta Ertzaintzak desalojatu eta hesitu egin dute Jardun Koordinadorak maiatzaren 1ean okupatu zuen Kantauri espazioa. Jauregi Jenerala kalean dago lokal hori, eta bi hilabetez egon dira Jardun Koordinadorako kideak bertan, hainbat gorabehera izan badituzte ere.


Maider Arregi
“Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean:Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta... [+]


2024-05-14 | Hala Bedi
Gasteizko Alde Zaharreko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


Eguneraketa berriak daude