HUN – HerriUni eta Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak jardunaldia antolatu zuten martxoaren 5ean, Gernikako Astran. Bertan, Jabier Lertxundik hitzaldia eskaini zuen eta bere ustez “kontrajarriak” diren bi kooperatibagintza ereduak aztertu zituen: MCC batetik, eta Esparzak garatutakoa, bestetik. Eta baita autogestioaren ideia ere. Honela iritsi zen Lertxundi MCCri buruzko liburu kritikoa idaztera: “Andoni Esparza ezagutu nuen. Niretzat deskubrimendua izan zen gizon hori. Mondragon esperientziari buruz berak zeuzkan informazio eta artxibo guztiak nire esku jarri zituen. Horrela idatzi nuen La Tecmocracia en MCC, el OPUS DEI y el PNV liburua. Liburu hau oso kritikoa da. Bertan Jose Maria Arizmendiarreta agertzen da eta baita ere MCCk egindako ibilbide enpresariala”.
Andoni Esparzaren biografia (La otra experiencia – El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza) idatzi zuen Julia Itoizek ere hitzaldia eman zuen jardunaldi honetan. Bihar argitaratuko dugu hitzaldi horren kronika.
Jose Maria Arizmendiarretak hezkuntza arloan egindako ekarpena aitortu zuen Jabier Lertxundik: “Bere horientazioa gazteria eta lana izan ziren. Lan munduan aukera gehiago izateko gaztedia indartsua nahi zuen, teknologikoki formatua, alegia”. Baina Andoni Esparzaren artxiboa arakatuta, frankismo garaian Arizmendiarretak egin zuen ibilbidearekin egin zuen topo Lertxundik.
Markinakoa zen Arizmendiarreta eta 36ko gerran “nazionalista” zela adierazi du Lertxundik: “PNV inguruko aldizkarian kazetari ari zela harrapatu zuten, Burgosko kartzelan sartu eta hiltzera kondenatu. Gero kondena kendu zioten, Gasteizko seminarioan ikasi zuen eta apaiz joan zen Arrasatera”.
“Ni general frankista bat naiz” esaten omen zuen Lauzirika apezpikuak destinatu bide zuen Arizmendiarreta Arrasatera. Langile borroka gogorreko herri batekin egingo zuen Arizmendiarretak topo, Lertxundik kontatu duenez: “Gerra garaian Arrasaten giroa potente egon zen abertzale eta langileen borrokan, eta apaizek parte hartu zuten borroka horietan. Orejatarrak jabe ziren Union Cerrajera lantegia zela-eta hainbat ekintza egin ziren, 1934an iraultza egin zuten eta fusilatu egin zituzten... Oso historia gogorra egon zen altzairugintzan”.
Arizmendiarreta herrira heldu, eta gazteekin aipatutako lana egiten hasi zen. Eta geroago, Lankide Aurrezkia sortu zuen: “Esango nuke Arizmendiarretaren inflexio puntua hori izan zela” adierazi du Lertxundik. Garai hartan erregimen frankista aldatu egin zela azaldu du, “falangistatik Opus Deira: Ekonomia, Industria eta Atzerri ministerioak Opus Deikoak ziren. Eta negoziazio horretan, Arizmendiarretak lortu zuen Lankide Aurrezkia martxan jartzea. Oso zaila zen hori egitea. Apaizek eta elizek soilik lortzen zuten, elizarenak ziren edo ‘cajas rurales’ deitzen ziren kutxak sortuz. Baina Lankide Aurrezkia langileena izan zen, eta oso zaila zen hori lortzea”.
Erregimenak Mondragon esperientziari argi berdea zergatik eman zion kuestionatu du Lertxundik: “Ezin dut ziurtatu, baina baliteke jokaldi estrategiko bat izatea Mondragon eta inguruko langileria eredu batean sartzeko, baina kontrolatuta. Zergatik esaten dut hori? Aurrezki kutxa edo banku batek baliabideen %10 berezkoa izan behar du. Laboral Kutxaren berezko baliabideak izan ziren Santander Bankuak, Atlantico Bankuak, eta Banco Popular Españolek zituzten akzioak. Hirurak Opus Deikoak. Jaiotza ekonomiko hori, sustengu ekonomikoa, Espainiako Gobernutik kontrolatutakoa izan zen. Hori frogatuta dago”.
Laboral Kutxako lehenengo juntan egon zen finantzieroa seinalatu du Lertxundik: Azkarate. “Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateko promozioko lehena izan zen, unibertsitate horren aldizkarian bertan aipatua. Berak jarri zituen oinarriak, ondoren jarraituko zen bide finantzieroarenak. Ondoren San Jose Kooperatibaren (egun Eroski dena) ordezkaria izan zen (nahiz eta ez zen bertako kooperatibista). Hatzaz hautatu zuten, San Jose Kooperatibara joan eta bidea zabaldu zezan”.
Arizmendiarretak Lanaren Saria jaso zuen, frankismoak urtean behin “langile onenari” ematen ziona.
Lertxundik, bere liburuan jasoa duen argazki bat erakutsi zuen, Arizmendiarretaren hiletakoa: “Hilkutxaren ondoan bibotedun bat ageri da, Guardia Zibilaren komandantea, Tejero. Egun marketing operazioa dago, aurpegi garbiketa, santu egiteko ekimena... Arizmendiarreta frankista izan zen. Kito. Hori ez dago ukatzerik”.
Aipatutako Lankide Aurrezkia sortzen Arizmendiarreta eta Esparza elkarrekin aritu zirela azaldu du Lertxundik eta ordurako Esparzak Elorrioko Funcor enpresaren bueltan bere eredu kooperatibista martxan jarrita zuela: “Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen, herria izan zedin garrantzitsuena, ez teknologian eta ekonomian soilik, baizik eta kulturan, hezkuntzan... Han egon ziren Oteiza, Buñuel zinemagilea, pintoreak... Gauza asko egin zituzten Funcorren, kirolaren alde ere bai, txirrindulari taldea izan zuten...”.
Lertxundik horrela deskribatu zuen Mondragon inguruan sortu zen kooperatibismoa eta bere garapena: “Ez zen lurralde elkartasunean oinarritu, baizik eta elkartasun sektorialean. Mondragon esperientzia izan zen lehenengo, Laboralaren kooperatiba elkartuak geroago, eta gero MCC. Multinazional eredua da, dirua ateratzen duena kanpoan dauden fabrikak esplotatuz. Ez da elkartasun eredu bat, berekoikeria kooperatibista baizik: bakoitza sentitzen da enpresari txiki bat eta beste langileen esplotatzaile. Hemen dauden kooperatibistak oso ondo, haientzako primerakoa da, ongi doa sistema (kooperatibista horrentzako). Baina hori da autogestio eredua, mundu osoan zabaltzeko? Hor dago tranpa, kooperatibismo hori kooperatibista horrentzako delako”.
Lertxundik hala salatu zuen: “Arizmendiarretak eta bere kideek Funcor zapuztu eta itxi egin zuten, ez zirelako eredu horren aldekoak. Funcorreko diruen erabilera ez egokia leporatuaz ("malversación de fondos") eta Andoni Esparzaren aurka salaketa faltsua jarri ondoren, Andoni atxilotu egin zuten eta epaiketa egin zioten”. Akusazio partikularra egin zuen Mondragon Taldearen abokatua Jose Antonio Ardanza izan zen eta epaiketako gertakizun hau kontatu zuen Lertxundik: “Ardanza Elorriokoa zen eta berak ere Funcorren beka bat jaso zuen, Belgikan karrera ikasteko. Epaiketan Ardanza Esparzari eskua ematera joan zitzaion, eta Esparzak zaplazteko bat eman zion”.
Esparza atxilotu eta kartzelaratu egin zuten “eta hortik aurrera fisikoki ukituta geratu zen” azaldu zuen Lertxundik: “Libre geratu zen, kargurik gabe baina bizitza osorako erasanda. Iruñera joan zen bizitzera eta han beste saiakera batzuk egin zituen, baina fisikoki ezin zuen. Geroago MCCk Esparza bereganatu nahi izan zuen, baina berak beti ukatu zuen gonbidapen hori”.
Autogestioa da beti erronka Lertxundirentzat, doktore tesia eta hainbat liburu egin ditu gai horren bueltan. Baita azken liburua ere, konfinamenduan idatzi zuena: Anormaltasun berria.
“Hau da autogestioaren nire ideia: jabetza kolektibo asko izatea, adibidez Udalarenak, Aldundiarenak, Gobernuarenak... Eta hori autogestioz kudeatzea. Baina alde batetik berekoikeria dela, eta bestetik beldurra, jendea mugitu gabe geratzen da. Eta zerbait eraikitzen baduzu, beti sortzen da jabetza pribatuaren logika eta horrek menperatzen eta zapuzten du proiektua”.
Egungo egoeraz ezkorra da: “Arazoa da ez garela gai sistemari aurre egiteko, sistematik ihes egiteko. Ez gara gai beste eredu batzuk sortzeko. Berekoikeria kooperatibista egun gizarte osoan sartuta dago eta beldur handia dago: autozentsura, autoerrepresioa... Eta horrela oso zaila da autogestioa sortzea. Pentsatzen dut egun mikroesperientzia batzuk posible direla. Baina esperientzia autogestionario oso bat ez da izango. Izan ere, krisiz krisi eta denboraren poderioz, gu beherantz eta atzerantz joan gara, defentsa jarreran. Eta garenak gara”.
Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]
Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.
Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]
Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]