argia.eus
INPRIMATU
“Kontzertu klandestinoa” Durangoko Udalean, Fran Garate PPko zinegotziaren dimisioa eskatzeko
  • Fran Garate Durangoko Alderdi Popularreko zinegotzia martxoan atxilotu zuten, sexu-erasoak egotzita, baina udalean jarraitzen du. Mugimendu herritarrak hilabeteak daramatza bere kargua utz dezan exijitzen eta bi mozio aurkeztu dituzte. Udalak eskaerei muzin egin dienez, kantu bidez eskatzea erabaki dute. Kontzertu klandestinoa egin dute udaletxean eta osoko bilkura bertan behera utzi dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 24a

Mugimendu feministako kideak bitan izan dira Durangoko Udalaren osoko bilkuretan Fran Garatek kargua utz dezan exijitzeko. Bi mozio aurkeztu dituzte, udal gobernuari arduraz jokatzeko eskatzeko; lehenengoan zinegotziaren dimisioa eskatu zuten eta bigarrenean liberazioa kentzea. Udal gobernua osatzen duten alderdiek, EAJ-PSEk, ordea, muzin egin diete herritarren errebindikazioei.

“Gauzak horrela, herritarrok batu eta entzungor aritu den udal gobernuari kantatu diogu, gobernu taldearen aurrean desobedientzia jarrera hartuz, kontzertua emanez”, adierazi dute.

Bideoa:

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak gertatutakoa gaitzetsi du. “Instituzioenganako errespetu falta eta iraina” dela eta “iraganeko jarrerak” gogora ekartzen dizkiola esan du. “Batzuei gure herrian demokraziaren normalizazioan bide luzea gelditzen zaiela dirudi”, gaineratu du.