Legealdi honetan aldaketa abiatzeko "uste osoa" duela esan du Kontseiluak gaur parlamentuan eginiko agerraldian.
Nafarroako euskararen legeak 29 urte bete dituen egunean agerraldia egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hemendik aurrera eman beharreko urratsez hitz egiteko. Urte hauetan legearen aurkako mugimendua nabarmendu dute Kontseiluaren ordezkariek. —50.000 sinadura bildu zituzten legea aldatzearen alde, adibidez—, eta gobernu aldaketarekin horretarako aukera zabaldu dela uste du.
Orain arte eta aldaketa gauzatu zenetik Kontseilua isilik egon da jakitun delako “gobernu berri bat sustraitzeak eta lantalde berriak osatzeak dituen zailtasunak zein diren". Hala ere aurrerapauso batzuk sumatu dituztela esan dute —Euskarabidearen osaketa eta D ereduko lerroak zabaltzea aipatu dituzte adibide gisa—, eta kezkarako arrazoiak, aldiz, ere bai: Euskararen Legea aldatzeko adostasunik ez edukitzea gobernua bultzatu duten lau alderdiek.
Horren aurrean, hiru eskari jarri ditu mahai gainean Kontseiluak. Hau da jakitera eman dutena:
1. Nafarroako Euskararen legea: Jakin badakigu oraingo gobernua oso sentikorra dela gai honekiko eta pausoz pauso abiatu beharra dagoela legearen aldaketa. Prestatzen ari den erregelamendu berria bide horretako lehen pausua besterik izanen ez delakoan, nafar guztion eskubidearen aldeko gure jarrera tinkoa eta argia adierazi nahi dugu eta legealdi honetan legearen aldaketa abiaraziko dela uste osoa daukagula. Era berean, Nafarroako herria aldaketaren alde dagoela sinesten dugu, eta gure erronka izanen da gizarteak duen aldaketarako gogoa argi eta garbi azaltzea, Nafarroako Gobernuak konfiantza osoz burutu dezan lan legegilea. Euskalgintzaren erronka ere badelako erakustea gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela, eta inondik ere ez dela zilegi nahastea nafar guztiek izan behar dituzten hizkuntza-eskubideak balizko inposizioekin. Euskalgintzaren lana izanen da gizartea kontzientziatzea eta mobilizatzea ere, eskubide horien urraketaz ohartarazteko eta lege aldaketaren beharra agerian paratzeko. Horretarako, Nafarroako euskalgintzak eta Nafarroako Gobernuak eskutik joan behar dute bien lana eraginkorragoa gertatu dadin. Horregatik, gaur, abenduaren 15a honetan lege aldaketaren beharra aldarrikatuko dugu, eta heldu den urteko 30. urteurrenaren harira kanpaina eraginkor eta erabakigarri bat aldarrikatu dugu legearen aldaketa arintzeko eta Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana ziurtasun osoz garatzen hasteko. Zer esanik ez, legealdiko 3. eta 4. urteetan, aldaketaren aldeko lana sakonduko dugu, harik eta lege aldaketa gauzatzen den arte.
2. Euskararen Nafar Kontseilua: Aurreko puntuan Nafarroako Gobernua eta euskalgintza batera aritzeko komenigarritasunaz aritu gara, eta, zalantzarik gabe, Euskararen Nafar Kontseilua izan liteke elkarlan hori garatzeko tokirik aproposena. Horregatik, Euskararen Nafar Kontseiluko erabilera eraginkor bat proposatzen dugu, non euskalgintzan aritzen diren kolektibo guztiek parte hartzeko aukera izanen duten, dela osoko bilkuran, dela lan batzordeetan. Orain da unea euskalgintza eta gobernua erabakitzeko ahalmena duen mahai baten inguruan elkarren ondoan eserita egoteko. Foro horretan bertan lan genezake, hasteko, euskararen erregelamendu berria, eta gerora legea aldatzeko eman beharreko urrats guztiak. Hori dela eta, Euskararen Nafar Kontseiluak berez izaten dituen batzordeez gain, Euskalgintzaren 13 proposamenak landuko dituzten behar adina lan batzorde sortzea proposatzen da.
3. Baliabideak eta aurrekontua: Azkenik, baliabide duinak behar dira euskararen aldeko hizkuntza-politika eraginkorra aurrera eramateko. Euskalgintzak pairatu izan duen azken urteotako mespretxua alde batera utziko dela ez dugu dudarik, baina horretaz haratago benetan aurrekontu duina behar da behar bezalako hizkuntza-politika bat egin ahal izateko. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu osoaren %2 eskatzen dugu; betiere, bestelako behar sozialak ahaztu gabe.
Oharra: Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunetik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.
Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]
Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.
Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.
Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Kontseiluaren jardun euskarafobikoa salatu du ekintza baten bidez. Nafarroako Gobernuak euskarako dekretua prestatzen bost urte eman ondoren, Nafarroako Kontseiluari zirriborroa aurkeztu dio.
Atzo eguerdian, Mañeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.