Informatika ingeniari atera zen Lyongo Insa eskolatik Jean-Claude Mailharin. Ingeniari ibilbidea bukatu eta erretretan sartuz geroztik Amendüzeko eiherazaina dela erran daiteke. Zabalik elkartean dabil, bestalde, eta ikerketa lan gotorrak abiatuak ditu Amikuzeko etxetiargoaz. Etxaldeen iraganak, lur jabeenak, etxetiarrei jarri hitzarmenak eta beste dokumentu elemenia miatu ditu. Etxetiar ondokoen lekukotasunak bildu, orduko bizi baldintzen aipatzeko.
Mendeak iraun duen menderakuntza hori teorian zer zen esplikatu du: “Etxetiargoa, teorian, kontratu bat da, lur jabe baten eta laborari baten artekoa. Laborariak ekartzen du bere besoen indarra, laneko indarra, ez laborantzari buruzko gaitasuna. Kontratu hori Erdi Arotik heldu da Frantzian”.
Bilakaera bat izan dute Frantzian kontratu horiek. XIX. mendean, legez arautuak izan ziren. Lurra lantzen zuen etxetiarrak ez zuen erabakirik etxaldearen kurriarazteko. “Laborantzari buruzko gaitasuna, inteligentzia, jabeak zuen ekartzen. Harreman sozial horretan, etxetiarrek gaizki bizi izan dute nagusiak manatzea laborantzaren egiteko moldean ere: behar zelarik uzta bildu, nagusiaren baimena behar zen; kabala bat nahi bazen saldu, berdin”. Urtero, San Martin izuaren egunez epaitzen zuen jaunak etxetiar bat atxiki ala bota. “Gauzak oro lerrokatzen direlarik egiten du harreman bat nonbait esklaboaren eta nagusiaren artekoa bezala”.
Ipar Euskal Herrian, gauzak ez dira iragan arras Frantzian bezala. “Euskal Herrian ez da Erdi Arotik heldu. Erran ditudanak ez dira berehala aplikatu. Denak etxeko jabeak baitziren. Amikuzen ere bai. Etxalde guzietan baziren etxeko jaunak 1600-1700 urteak arte”. Baieztatu ahal izan du aztertu dituen etxalde guzien genealogia eginez; eta ohartu da Nafarroako Erresuma garaian, konkista arte, jabe zirela. “Konkistatik landa, emeki-emeki sartu gara Frantziako gizartean. Ene ustez, Frantziako sistemak kutsatu zuen gurea. Etxetiargoa nobleziarekin batean jin zen”. Artetik errateko, XVIII. mendeko ezkontza kontratuak hostokatuz ikusi ahal izan du nola Euskal Herriko etxaldeen transmisio sistema —baizik eta premuak zuela ondokotza, izan gizon ala emazte—, “mito bat” zela. “Atzeman ditut ezkontza kontratu anitz Amikuzen non formula bat bazen frantsesez: ‘Premuak du ondokotza; arra emearen gainetik delarik”. Haatik, premuak dena bazuela, bai.
Nafarroako erresuma garaian bazen noblezia nafar hori, lur jabe handi zirenak, eta Mailharinek dio konkistatik landa noblezia frantsesaren gisakoa bilakatzen hasi zela. Horren adierazle da Nafarroako lege zaharrean nehon ere agertzen ez zen arau bat, eiheren ingurukoa. Frantziako erregimen zaharrean, laborariak behartuak ziren noble baten eiherarat ekartzea uzta. “XVIII. mendean hasten da agertzen hemengo kontratuetan. Eta non agertzen da? Lehenik, frantsestu diren nobleen kontratuetan. Horietan, Agarramontekoa. [Nafarroaren] konkistatik landa berehala harremanak egin zituen Frantziako erregearekin”.
Aldaketa nagusi bat ekarri zuen. Lehen jaun bat baino gehiago zelarik herrika, jauregi gotorrak hasi ziren bateratzen ezkontza bidez. Amendüzekoa, Domintxainekoarekin; hortik, Bithiriñakoarekin. Bithiriñakoa, Karrese eta Autilekoarekin. “[Frantziako] Iraultza aitzin, Montreal Bithiriñako nobleak bazituen: Amendüzeko jauregia, Bithiriñakoa, zortzi edo bederatzi eihera”. Konkista ondoan, Nafarroa Garaitik jindakoa zen delako Montreal hori. Frantzian deitu concentration nobiliaire delakoa gertatu zen Ipar Euskal Herrian ere. “Emeki-emeki, noble batzuk desagertu ziren, eta beste batzuk azkartu. Eta hasi ziren etxetiarren ukaiten. Iraultzarat heldu ziren aberasturik. Mugimendua abiatua zen”. Berdin gotortu ziren —ezkontzaz edo erosiz— Behaskane, Arberatze, Oragarre, Arboti, Uhartehiri, Amorotze, Gamueko jaunak.
‘Frantziako Iraultza’
Lege berriak ekarri zituen Frantziako Iraultzak. “Lege berriaren ondoriorik latzena izan zen bortxatzen zuela ondokotza dena partekatzea. Laborariek gainditu izan dute; ikaragarriko jukutriak izan ziren notarioekin berrehun urtez Euskal Herriko legea aplikatzeko”. Nobleen artean besterik izan zen, berehala hasi baitziren sekulako gatazkak askazien artean. “Zapartatu ziren lehen familiak izan ziren nobleenak”. Partekatzeak ontasunak galarazi zizkien. Adibide bakarraren emateko: Montrealek dena saldu zuen 1831n. “Jauregien ibilaldia beste etapa batera pasatu zen orduan: hor hasi zen burgesia. Salbu kasu bat edo bi, noble guziek galdu zuten dena, eta Iraultzatik landa sartu ziren sosdunak”.
Nobleen ondasunen erosten hasi zen burgesia berri hori, eta horrekin jin industria kontzentrazioa deitu dena. “Nobleek baldin bazituzten lauzpabost etxetiar, delako sosdun horiek pasatuko ziren 20, 30, 35, 40 etxetiar beren peko ukaiterat”. Noble batzuek Euskal Herriko lege zaharrentzat oraino errespetua bazuten ordura arte. Jabe berriak ez ziren horretarik ari. “Gutara arte iraunen duten jauntto horiek hasi ziren fortuna egiten”. Orduko Baxenabarreko gizarte hartan hiru klase sozial bereizten ditu Mailharinek: “Etxetiarrak, lurrik gabeak; etxeko jaunak, beren lurren jabe eta beren lurra joanarazten zutenak; eta jaunttoak, Iraultzatik landa lekukoa hartu zuten horiek”. Gehitu behar zaizkie mutilak: klaserik pobreena, deus gabe etxaldez etxalde lan bila zebilena. Nafarroako Erresumari lotu Amikuze historikoan, 32 parrokiatan, 914 etxalde kontatu ditu Mailharinek, eta %55 etxetiarrak ziren.
Nor ote ziren burges edo jaunttoak? “Lege gizonak”. Dabadie, Dartes-Lassalle, Etxatz, Etxekopar, Laborde, Barbasta familiak aipatu ditu nagusietan. “Hamar jabe handienek bazituzten 250 bat etxetiar beren peko. Hamarretarik zortzi hasi ziren lege gizonak izanez”. Juje, notario, uxerrak ziren. “Sosa bazuten, legeak ezagutzen, hurbil ziren zailtasunetan ziren laborariez. Erdi bankariak ziren; bankurik ez zenez, berek prestatzen zuten sosa. Ez bazenuen sosa itzultzen ahal, sesitua zinen”. Amikuzen halako jaunttoen botere garatzea esplikatzeko, hipotesi bat baluke amendüztarrak. “Hipotesia baizik ez da, ez baita sekula segurtamenik istorio horietan. Zendako Amikuzen? Auzitegia baitzen. Nafarroako erreinutik hiri nagusi bilakatu baitzen Donapaleu. Erregek auzitegi gorena ezarri zuen hor”. Beste esplikabide bat ikusten du, geografikoa: “Sos egiteko lurrak hemen ziren: plano, ez sobera gora”.
Bigarren Mundu Gerra arte iraun duen azpiratzea eraman dute jauntto horiek. Herriko kontseilua beren esku zuten, eliza beren zerbitzuko, jendailarekin ez ziren nahasten. Amikuztar frankok konta dezaketen anekdota buruan du Mailharinek. “Atzo balitz bezala gogoan dut. 11 urte nituen. Meza aitzin gizon guziak kalakan ari kanpoan; emazteak jada otoitzean ari barnean. Amendüzeko jauna heldu bere karro, zaldi eta xapelarekin. Jausten da, eta gizon guzi-guziek [jestuz eskarniatzen ditu boneta burutik kentzen eta burua apaltzen jaunari errespetuz]”. Nagusia erraten zitzaion. Harritzekoa ere baita nolaz jendea egon den hain luzaz oldartu gabe. “Junes Casenaverekin mintzatu nintzen. 1950eko hamarkadan jin zen Amikuzerat, eta harritu zen etxetiar andanaz eta egoeraz. Erran zidan: ‘Harrigarri da; hemen pobreak dira, eta burua apal. Zuberoan pobreak gara, baina buru zut!'”. Beste irudi adierazgarri bat buruan du, Casenave bera harritu baitzuen: San Martinez, etxetiarrak bideetan lerro-lerro, nagusiak kanpo ezarririk, etxe berri baten bila, behi pare bat uztarrean orga baten aitzinean. Haurrak orga gainean, bi altzari txar, zakurra. “Karikatura ematen du, baina hala zen! Hemen gaindi deitzen zituzten itzainak. ‘To, itzainak abian dituk!’. Amiñi bat mespretxurekin”. Oldarraldi batzuk izan ziren, alta, auzoko lurraldeetan —Peirahorada, Port-de-Lanne, Saubrigues—. “Zerendako hemen ez da zapartatu? Ene ustez, Elizak atxikitzen zituen denak”.
Egia erran, zapalkuntzak 1970eko hamarkada arte iraun du etxetiar batzuentzat, baina gerla ondoko 1946. urteko legea mugarri bat izan da aldaketarako. Erresistentziaren Batzorde Nazionalean parte hartu baitzuten komunistek, Laborantza Saileko lege garrantzitsu bat bozkarazi zuten. “Lege berri horrek zer aldatzen zuen? Gauza inportantea: laborantzak ekartzen duen errebenioa ez da joan behar lur jabeari, baina lurra joanarazten duenari. Hori iraultza zen”. Ordura arte uztak, kabalak partekatzen baitziren nagusiaren probetxuko; aipatu gabe nagusiek eskatu gehiegikeriak —hamarrena ematea, besteak beste—. Horren betetzeko neurri nagusi bat ekarri zuen legeak: ordura arte, etxetiarren kontratuak —elezkoak— urte batekoak ziren. “Ikus etxetiarrak zer perspektiba zuen etxaldean”. Legeak bederatzi urteko kontratuak behartu zizkien jabeei. “Helburua zen etxetiargoaren kontratua desagerraraztea. Erran zuten: ‘Etxetiar batek nahi badu aferman pasatu, galdeginez geroz, badu'”. Aferma zelarik etxaldearen alokatzea jabeari.
Bizkitartean, bidegabekeriak iraun du. Legea 30 bat urtez egon da Amikuzen bete aitzin. Ondoko belaunaldi berriak erran zuen ‘aski’ ,eta baldintzak aldarazi zituen; aise lehenagotik borrokan hasi sindikalista batzuei esker, Mailharinek dioenez.
Ellande Mazondo
Legea 1946ko urrian bozkatu zen Frantzian. Arboti Etxartian etxetiar zen laborariak ondoko otsailean auzitan ezarri zuen bere nagusia —Gayant jauna—, arrandarat pasatzea galdeginez. Laborari hori Ellande Mazondo zen. “Sindikalista zen; departamenduko etxetiarren sindikatuburu; eta, laster, aferman ziren laborarien sindikatu buru. Berehala ukan zuen aferma”. Estatutua bai , baina auziak hamar urtez iraun zuen, parteak xehe-xehe negoziatu behar izan baitzituzten. “Hainbeste ziren xehetasunetan sartu, non jurisprudentzia egin baitzuen auzi horrek. Sindikalista gisa, hori zuen helburu”.
Gazterik hil zen Mazondo, 59 urtetan, baina azken urteak etxetiarren eskubideen defentsan iragan zituen. “Hil arte borrokatu zen. Orduko auzi guzietan agertzen da haren izena. Hemen Mazondo zen, eta kostaldean bazen Olano izeneko bat, Sarakoa; sindikalista hura ere”. Mailharinek bildu lekukotasunek diote marxista deitzen zutela Mazondo. “Ikusten duzularik Mazondo familia: holako euskaldun fededunik ez da! Marxista eta komunista izendatua izatea harrigarria da. Giroa halakoa zen”. Lekukoek eta Amikuzeko laborariek Ellanderen seme Beñat Mazondoren izena dute atxiki. Baina Mailharinek uste du Ellande aitak zuela biderik gaiztoena zilatu. “Ellandek zuen abiatu. Behar da pentsatu zer izan zitekeen orduko testuinguruan, auzitegian parean ukaitea Dabadie, Etxatz, Decastelbajac eta halakoak, eta Amikuzeko apaiz eta elizgizonen aitzinean bizitzea, notarioen aitzinean”.
Laborarien defendatzaile gisa anitz laudatu da Jean Errekart oragarretarra. Gauzak haxean eman nahi ditu Mailharinek. “Zer zen Errekart? Politikari bat. Aipatzen delarik sindikalista zela, ez da egia! Sindikatuko biltzar nagusi guziak irakurri ditut, eta agertzen da senatari gisa. Jainko bat balitz bezala ezartzen dute Errekart, baina borroka horretan bikote bat izan da. Mazondo, sindikalismoaren eremuan borrokatu zena. Hark zituen arriskuak hartu. Aldi berean, Errekart, politikaria. Biak behar ziren orduan”. Oroitarazi du Errekart familian etxe jaun zirela Oragarre e
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.
Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.
1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]
Otsailaren 6an Bidarraiko plaza hartu ostean, Donapaleun ospatuko da igande honetan Amikuzeko Libertimendua.
Kanpoan hazten diren hegaztiak hiltzea da Frantziako Gobernuak darabilen estrategia, hegazti gripeari aurre egiteko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) ohartarazi du estrategia hori antzua dela eta etxalde txikiek ez dituztela kudeaketa txarraren ondorioak pairatu behar... [+]
Amikuze eskualdeko ehun gaztek Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa, 2019) liburuaren irakurketa publikoa egingo dute Donapaleuko zineman larunbat goizean, 9:00etatik eguerdira arte. Migrazioaren inguruko kantaldi bat eta hitzaldi bat ere antolatu dituzte.
Donapaleuko frantziskotarren etxeak garrantzia berezia du herritarrentzat, baina Euskal Herriko kulturgintzan eta herrigintzan ere esanguratsua da. Herriko etxeari saldu ziotenetik, ordea, erabat hustu dute, bertako jarduera guztiak kanporatuz eta ondarea ezabatuz. Esaterako,... [+]
2019ko apirilean sortu zuen Mutturfin proiektua Donamartiriko Guilhem Marrimpoey sukaldari gazteak. Herri batetik bestera mugitzen duen sukalde ibiltaria da Mutturfin, baina badu berezitasun bat: hurbileko ekoizleen produktuak dira nagusi bertan. “Aski gauza sinpleak... [+]