Konstituzio frantziarraren 28. artikulua

  • Demokratak izaten sakondu beharrean gaudela, askotan entzuten dugun mezua izan arren, badirudi ez dugula aurrera pausorik ematen bide horretatik. Alderantziz, beti maisu, beti zuzen eta eredugarri zaretenei esker, agian lortuko dugu, baina auskalo.


2019ko abenduaren 30an - 09:06

Diotenez, duela bi mila urte, nire izenkide zahar batek zioen;  “ni naiz egia” eta dirudienez orain ere agertzen zaizkio jarraitzaileak. Nola ulertu bestela, Iñigo Urkullu jaunaren haserrea, EAJren buruzagiak estortsioa  erabili izana leporatu diotenean.  Lehendakari jauna, zu eta zurekin daudenak zarete argitu beharrean, -besteak beste- Gasteizen “bolo-bolo” ibilitako zerbait, Lakuan ezezaguna izatea. Baita zergatik,  Sabin Etxetik abiatu eta Ajuria Enean sartzeko, Madriletik pasa beharra dagoen. Ez bazterrak nahasi aurrekontuen inguruan daramakizun bidea estali nahian, etika eta bizikidetza leloaren babesean.

Behar bada, horregatik Kataluniako sumendian  ke usaina nabaritu orduko, EAEko lurraldean gauza bera gertatu ez dadin, Sabin Etxeko pentsalariek  tartea zabaltzen hasi ziren. Nola?  Moncloako gobernuari  -gaur ere - beste bideak jorratu daitezkeela erakutsiz.

Madrildik babestu litekeen egitasmo politikoan dago gakoa, hau da, EAJk betidanik jorratu duen bide berbera. Orain egonkortasuna, etika eta bizikidetza dira helburua estaltzen duten hitz magikoak, baina Ajuria Eneko gobernu ezberdinek zerbait erakutsi badute zera da; Pancorbotik behera begiratzen dutela.  

Ukaezina da azken hauteskundeetako emaitzak zerikusi nabarmena dutela gaurko egoeran, baina nire ustez, sakoneko arrazoi eta interesak ez dira hainbeste aldatzen. Gainera, gertatu litekeen zerbait izanik, nik ez nuke sukalde osoa berrituko, are gehiago, sukaldari eta karta berbera mantenduko nituzke.

Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazoak ditugu, eta ditugun arazoak ez dira hauteskundeetan konpondu eta ez dira horrela konponduko. Egia, hori da eskaintzen diguten tresna bakarra, baina ez da egokia, eta ez da aski. Beraiek aurre baldintzatutako tresnak dira, eta horregatik gaude gauden bezala.

"Aurrera begira, euskal herritarrok beste arazoak ditugu, eta ditugun arazoak ez dira hauteskundeetan konpondu eta ez dira horrela konponduko"

Nire ustez, gutxiengo baten interesen metaketa, da eta izanda, orain arte Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko gatazka politikoa bideratu duena. Eta gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra hau da:”Euskal Herriak izan behar du hitza”. Euskal gizartea da bere arazoak konpon ditzakeena, bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena izan behar duena.

Horregatik, nire ustez, abertzale eta abertzale ez diren, baina bere burua demokratatzat jotzen duen guztien zeregin nagusia, hitz hori espresatu eta errespetatua izan dadin borrokatzea, eta Euskal Herriak bere etorkizuna libreki hautatu ahal izateko gutxienezko baldintzak eta bermeak lortzea da.

Euskal Herriko gizarteak hitza izan dezan, egungo xantaia, hipoteka, muga politiko eta oztopoak urratu behar dira. Euskal gizartearen hitza “inork” ordezka ez dezan. Beraz, dagokion guztian bertatik bertara parte hartu eta erabaki dezan.

Orain arte agertutakoak suposatzen du, Estatu espainiarrak Euskal Herriaren subiranotasunari jarri dizkion muga eta oztopo antidemokratiko guztiak baliogabetzea. Eta hori behar dugula izan helburu, ez bakarrik abertzaleok, baita demokrata guztiok. Euskal Herriaren eraikuntzaren oinarri izan behar duen zinezko prozesu demokratikoa garatzeko, gutxienezko baldintzak lortuz.

Hori lortzen dugunean, egoera berri horretan soilik, izango du euskal gizarte osoak, bere iritzia eman eta dagokion erabakitzeko ahalmena bideratzeko aukera. Eta ez betiko maltzurkeria erabiliz, Urkullu jaunak bukaezinak ditun hauteskunde kanpainaren bitartez.

"Euskal Herriko gizarteak hitza izan dezan, egungo xantaia, hipoteka, muga politiko eta oztopoak urratu behar dira"

Bide honetan sakonduz, Euskal Herriaren erabateko ezagutza, eta horrek eskatzen duen muga juridiko-politikoen baliogabetzea da. Estatu espainiarrarekin hitz egin eta hitzartu beharrekoa.

Horretarako gobernu espainiarrak berea egin beharko du 1793.06.21eko Konstituzio frantziarraren 28.artikuluak dioena: “Herri batek, bere Konstituzioa aldatzeko daukan eskubidea beti da ukaezina. Belaunaldi batek ezin du etorkizuna bere esanetara lotu betirako”.

Ez dagokio Espainiako Estatuari, Euskal Herriaren barne-antolaketaz, bi estatuen menpe dauden euskal herrien arteko harreman izaeraz; euskararen beharrezko garapenaren baldintzez erabakitzea, besteak beste.

Euskal hiritarron artean erabaki beharrekoak, gure herriaren antolaketari eta etorkizunari dagozkion zereginak dira. Horretarako, alderdi politikoez gain, euskal gizarte osoaren parte hartzea ezinbestekoa da Lehendakari jauna.

"Onartzen ez dudana da; ozenki  independentzia aldarrikatu arren, behin eta berriro, aurka dauden bidelagunak aukeratzea, independentzia lortzeko"

Duela gutxi, PSOEren baitan ikusi dugun borroka itsusiaren barne, hainbat buruzagi entzun ondoren, autodeterminazioa zertan datzan ez dakitela dirudi. Autodeterminazioa eskubidea da, ez posizio politiko bat. Herri gisa dagokigun eskubide demokratikoa da.

Eskubide hori noiz, nola eta zertarako garatzen den euskal hiritarren artean erabaki beharrekoa izanik, eskubidearen onarpena ziurtatu behar da. Euskal Herriak bere etorkizuna, askatasun osoz erabakitzeko ezinbestekoa baita.

Eta kontuan hartu beharrekoa, Euskal Herriaren ezagutzak, egungo lurralde banaketaren ezarpena  baliogabetzea eskatzen duela. Lurralde batasuna onartuz, eta instituzio-mugak baliogabetuz. Gero Euskal Herria nola antolatzen dan, euskal hiritarren esku behar du izan.

Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko saioa hurbiltzen doan neurrian, norberaren tokia babestu nahian, dialektika gogortzea ez da harritzekoa, hori onartzen dut. Onartzen ez dudana da; ozenki  independentzia aldarrikatu arren, behin eta berriro, aurka dauden bidelagunak aukeratzea, independentzia lortzeko. Hori ez dut onartzen.  

Lerro buruak dioena ez bada helburu, zertan ari gara?

 


Azkenak
Hainbat sexu eraso salatu dituzte Tuteran, Ondarroan, Bilbon eta Donostian

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua

Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-08-19 | El Salto-Hordago
Amazon, Israelgo armadaren informazio biltegi amaigabea

Amazonen hodeia da AWS, eta funtsezko faktorea izaten ari da Israelen operazio militarretan.


Beroaren ondorioz 47.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz Europan

Mundu mailan erregistratutako urterik beroena izan zen, eta Europako bigarren beroena, ISGlobalek egindako azterlanaren arabera. Europa hegoaldeko estatuak dira heriotza-tasa handienak dituztenak. Parisko Akordioan zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari.


Behar adina egin

Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…


2024-08-14 | ARGIA
Israelek preso palestinarrak erabiltzen ditu tunelak eta eraikinak miatzeko

"Gure bizitzak haienak baino garrantzitsuagoak dira", esan dio Israelgo armadako soldadu batek Israelgo komunikabide bati.


2024-08-14 | Kanaldude
EuskarAbentura: gazteen paregabeko espedizioa

Joan den uztailean, hilabete batez, 127 gaztek 400 kilometroko espedizioa oinez egin dute Euskal Herrian gaindi. Abenturazale haiek Jzioquitarrak deitzen dira eta 30 egunez, 27 herri bisitatu eta hainbat euskal eragile ezagutu dituzte. Aurten, EuskarAbenturako helburuak aise... [+]


Ostalaritza patronalak Gipuzkoako txosnei TicketBai ezartzea eskatu dio Aldundiari

EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]


Eguneraketa berriak daude