Espainiako Diputatuen Kongresuak hizkuntza gutxituen aldeko EH Bilduren ez legezko proposamen baten puntu batzuk onartu zituen, martxoaren 9an. PSOEren aldeko botoak ezinbestekoak izan ziren, berezko hizkuntzak ofizialtzeko estatutuen erreformak babestea eta sustatzea eskatzeko Espainiako Gobernuari.
Gaia Nafarroako Parlamentura iritsi da. Baina sozialistek ez dute berdin jokatu: ez dute Nafarroako Gobernuari gutxieneko akordio hori bere egin dezala eskatzen zuen mozioa babestu. Ofizialtasunaren gaia ez dago nafarren kezken artean PSNren iritziz, horregatik, bozkatu dute kontra.
Koherenteak ez izatea eta botoa helburu politikoekin ematea egotzi die EH Bilduk sozialistei. Navarra Sumak euskararen inguruan duen jarrera gaitzetsi du, eta sozialistei eskuinaren bidetik jotzea kritikatu die.
EH Bilduren Kongresuko ekimena hizkuntza gutxituen aldeko hainbat kultur erakundek babestu dute. Hizkuntza gutxituek gaztelerak dituen eskubide berak izatea aldarrikatzen dute, baina puntu hori ez zuten onartu.