Konfinamenduaren emaitzez: Prebentzioak ez du osperik ematen

  • COVID-19 izurritearen mehatxua sortu zenean, gaixotasun infekziosoen epidemiologoak hasi ziren eredu matematikoak eraikitzen hura nola garatuko zen aurreikusteko. Kalitate eskaseko datuekin lan egin behar izan zuten, batez ere Txinakoekin eta gero Italiakoekin. Ggaixotasunaren R erreplikazio-tasa eta kasu larrien ehunekoa ziren parametro nagusiak. Eskuragarri zeuden zenbakiak erabiliz, aurreikusi zuten kasu larrien gorakada handiak itotzeko zorian jarriko zuela osasun arreta sistema osoa.


2020ko maiatzaren 08an - 10:10
Jendea Stockholmeko karriketan apirilaren 19an. (Argazkia: Fredrik Sandberg)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hurrengo urratsa kasuen gailur horiek apaltzen laguntzeko tresna ez-farmazeutikoetan bilatzea zen. Horietako batzuk polemikoagoak ziren beste batzuk baino. Zinemak eta tabernak ixtea deseroso samarra gerta daiteke, baina protesta handirik gabe burutu daiteke. Kaleetako trafikoa eten edo eskolak ixtea polemikoagoa da, bizitza publikoan eta pertsonalean askoz ondorio larriagoak dakartzatelako.

Horrelako neurrietan esperientzia gutxi daukagu. Eredu matematikoen sortzaileek ez dakite murrizketa horietako bakoitzak zenbateraino lagunduko duen kasuen gailurra apaltzen. Parametro horien estimazioak egiten dituzte. Joan den hilabetea arte ez zegoen garbi haurrak infektatu ote zitezkeen edo kutsatzaileak ziren. Hori jakin gabe eskolak ixtea proposatzea nahiko zaila da.

Ausazko esperimentuek emandako datu zehatzekin egiten dute lan epidemiologo klinikoek eta askotan kritikatzen dituzte eredu matematikoen sortzaileak. Ez dituzte gustukoak modelizatzean erabilitako suposizio asko eta datu sendo gehiago eskatzen dute. Horietako bat da John Ioannidis, Stanfordeko irakaslea, Santa Clarako antigorputzen ikerketa gidatu zuena. Neurri batean arrazoi du. Eredu matematiko guztiak ekibokatzen dira, baina batzuk baliagarriak dira. Berrikitan Boston Review-n azaldutako pieza batek aztertu ditu epidemiologoen arteko bi tribuen arteko ezberdintasunak. Ondorioztatu du bien beharra daukagula.

Politikariek neurriak hartzen dituztenean, soilik hein bateraino oinarritzen dira modelatzaileek egindako iragarpenetan. Kontutan hartu behar dituzte emaitza ekonomikoak eta bestelako segurtasun arazoak ere, baita iritzi publikoa ere. Neurri nahiko zorrotzak hartu dituzte Mendebaldeko herrialde askotan. Ondo funtzionatu dute haietako batzuetan. Alemaniak apenas nozitu duen "gehiegizko heriotzarik" COVID-19agatik. Beste herrialde batzuk, Britainia Handia esaterako, beranduegi mugitu dira edo ez behar adina, eta prezioa ordaindu behar dute horregatik.

Izurriteak apur bat atzera egin ahala, itxialdiaren aurkako kritika asko entzun da Alemanian. "Ereduak oker zeuden", diote batzuek. "Itxiera neurriak ez ziren beharrezkoak". Ondoren etorri dira murrizketa gehienak berehala kentzeko eskariak.

"Prebentzioak ez du osperik ematen" ["There is no glory in prevention"], horra epidemiologo baten bizitzaren alde etsigarria. Lana ondoegi egiten badute, denek jipoituko dituzte.

Duela hilabete, Max Abramsek honela zehaztu zuen gertatzera zihoakiena:

1- Estimazioz aurreikusten dute ereduek zenbat jendek egingo duen elkarrengandik urruntzea ['social distance'].
2- Estimazio horietan oinarrituta iragartzen dituzte birus kasuen kopuruak.
3- Estimazioetan aurreikusitakoa baino jende gehiago urruntzen da elkarrengandik.
4- Ereduak goitik kalkulatu zituen birus-kasuak.
5- Ergelek diote ereduak oker daudela, eta beraz, ez dugu elkarrengandik urrundu beharrik.

Beste batzuek Suedia aipatzen dute, esanaz izurriteari esku-hartze handirik gabe 'erretzen' uztea aukera hobea zela itxialdietara jotzea baino. Baina frogek ez diote hori. Zenbakiek oso bestelako irudia erakusten dute:

Suediako koronabirusagatiko heriotza-tasa (Worldometers zerbitzua maiatzaren 3an):

Suedia Kasuak guztira: 22,317 / Kasuak/1milioiko: 2,210 /  Heriotzak: 2,679 / Sendatuak: 1,005
Danimarka Kasuak: 9,523 / Kasuak/1 milioiko: 1,644 / Heriotzak: 484 / Sendatuak: 6,987
Norvegia Kasuak: 7,809 / Kasuak/1 milioiko: 1,440 / Heriotzak: 211 / Sendatuak: 32

Beste herrialde batzuek osasun sistemarekin eduki dituzten arazo berberak izan ditu Suediak. Zaintza Intentsiboetako Unitateetako oheak arrazionatu behar izan ditu, adin batetik gorako pertsonei ukatuz. Suediaren ekonomia beste batzuena bezain gogor kolpatua izan da:

Birusen aurkako borrokak Suediako ekonomian izan duen eragina ikaragarria [devastating] izan da. Enpresa txiki asko hondoratu dira. Industria guztiak, funtsezkoak izan ezik, ia berehala itxi ziren eta asko kiebrara doaz. Jendeari esan zaio ez egiteko behar-beharrezkoa ez den bidaiarik. Hegazkinezko bidaia ia guztiak bertan behera geratu dira. Langabeziaren zifrak gora ari dira. Oposizioko alderdien ustez, gobernuaren kontraneurriak gutxiegi izan eta beranduegi heldu dira.

(...)

AEBetako hedabideetan zabaldu den irudipenaren aurka, Suediak pandemia kudeatzeko erabili duen modua ez da "lasaia" izan, baizik eta Mendebaldeko beste herrialde batzuen berdina. 10 milioi biztanleko herrialde hau beste batzuk bezain kezkatuta egon da pandemiarekin. Ikusteko dago haren kudeaketa hain eraginkorra izan den. Azkenean, zerbaitetan izatekotan, Suedia berezia izan da pandemia bati aurre egiteko eduki duen prestakuntza faltan, batez ere bere zaharrak babestean, eta hildakoak bereziki kanpotar etorkin berriak izatean.

Suedian, denei erabateko itxialdia eskatu ez bazaie ere, jendeak bere kabuz egin du, neurri handi batean beldurragatik.

Richard Englandek hemen (2020ko maiatzaren 6an, goizeko 03:40etan) egindako iruzkin batek honela deskribatzen du efektu hori:

Bi itxialdi mota daude, agindu bidezko itxialdia eta beldurragatiko entzierroa (edo, kasurako, nork bere burua salbatzeko egina). Beldurrak eragindako itxialdiaren garrantziak azaltzen du Suediak zergatik ez duen egin espero zitekeen bezain gaizki. Bi blokeo-modu horiek suntsitzaileak dira ekonomiarentzako. Agindu bidezko itxialdia izaten da edo motelegia edo osatugabeegia beldurragatiko blokeotik oso desberdin funtzionatzeko, eta biak dira nahikoa ekonomia ahul bat eraisteko. Beldurra lausotu egiten da, eta bizitza ekonomikoa azkarrago hasten da gaixotasuna funtsean desagertu den lekuan.

Efektua Alemaniako Robert Koch Institutuak ere harrapatzen du grafiko honetan. Alemanian izurriteak eduki duen R erreplikazio-faktorea erakusten du, baita ixteko neurri ofizialak hartu ziren uneak ere:

(Iturria: Robert Koch Institute)

Alemanian gaixotasunaren erreplikazio faktorea urritzen ari zen martxoaren erdialderako, neurririk zorrotzenak ezarri zirenerako. R 1etik behera zegoen, baita martxoaren 23a baino lehen ere, gobernuak itxiera agindu aurretik.

Taldekako animaliek sentitzen dutenean izurrite bat gertatzen ari dela taldearen barruan, elkarrengandik aldentzen dira. Gizakiek antzera jokatzen dute

Horren arrazoi sinplea da jendeak albisteak entzun eta telebista ikusten zuela. Italiatik otsailaren amaierarako zabaldutako irudiak eta heriotzen zenbakiak nahiko gordinak izan ziren. Taldekako animaliek sentitzen dutenean izurrite bat gertatzen ari dela taldearen barruan, elkarrengandik aldentzen dira. Gizakiek antzera jokatzen dute. Suedian bezala, Alemanian jende asko sartu zen itxialdian, eta gizarte-urruntzea praktikatu zuen, baita inork agindu aurretik ere.

Batzuek diote Robert Koch Institutuko grafikoak erakusten duela itxialdi neurriak ez zirela beharrezkoak izan. Oker daude. Datuak ez ziren ezagutzen neurriak hartu zirenean. Grafikoan agertzen den lehen simulazioa apirilaren 1ean egin zen. Martxo amaieran, R-ak berriz ere 1 gainditzen zuela zirudien, eta horrek epidemia berriz ere hedatzen ari zela esan nahi zuen. Martxoaren 23an hartutako blokeo neurriek bakarrik sakatu zuten R 1etik beherantz, eguneroko kasu berrien beherakada mantso bat eraginez.

Alemania orain poliki-poliki ari da irteten beren itxialditik. AEBak ere hori egiten ari dira, baina goizegi epidemiaren garapenari dagokionez. Hori egiteko arrazoi ekonomikoak badaude, baina blokeo neurriak goizegi altxatzea ziur jende askoren heriotza kostako zaie AEBei.

Beldurrak lagunduko du erabaki politiko presatu hori atzera botatzen. Albisteek jarraituko dute erakusten gaixotasunaren agerraldi masibo berriak gertatuko direla herrialdearen eskualde honetan edo hartan. Beraz, beldurrak ere jarraituko du eta jendeak elkarrengandik urruntzen jarraituko du. Zaila da kalkulatzea zenbat lagunduko duen epidemia geldiarazten.

Orain badirudi udak albiste txarren uholdea arinduko ote duen. 166 herrialdetako datuak bilduz Science of The Total Environment aldizkarian argitaratutako azterlan batek dio:

Tenperatura 1°C igotzea lotu da eguneroko kasu berrien % 3,08ko murrizketarekin eta heriotza berrien % 1,19ko murrizketarekin; hezetasun erlatiboaren % 1eko igoera lotu da eguneroko kasu berrien % 0,85eko murrizketarekin eta heriotza berrien % 0,51ko murrizketarekin. Aurkikuntza hauek erakusten dute COVID-19 pandemia partzialki ezabatu daitekeela tenperatura eta hezetasun gehikuntzekin. Hala ere, neurri aktiboak hartu behar dira infekzio-iturria kontrolatu, transmisioa blokeatu eta COVID-19ren hedapen handiagoa prebenitzeko.

Ziurrenik uda bero eta hezeak COVID-19 kasu berrien kopurua murriztuko du. Baina uda ondoren udazkena iristen da eta ondoren negua, eta normalena litzateke sasoi horietan gaixotasuna gailur berri batera igotzea. Beldurra itzuliko da, distantzia sozialak berriro praktikatuko dira eta kalte ekonomikoa are gehiago handituko da.

Izan genuen aukera gauzak bestela egiteko. Txinak denbora eman zigun neurri egokiak hartzeko. Han lortu dute –Hong Kong, Vietnam, Hego Korea eta Zeelanda Berrian bezala– gaixotasuna ia desagerraraztea beren lurralde barruan. Han orain abantaila hartu digute, guretzako gainditzen zaila.

 

Moon of Alabama bloga, Billmon sinatzen duen batek argitaratua, munduan erreferentzia nagusietakoa da geopolitikaren eta oro har nazioarteko gai nagusien jarraipenean. COVID-19 koronabirusaren jarraipena ere hasieratik egiten ari da, berme handiko iturriak erabiliz beti. ARGIAn euskaratu dugun artikulu hau maiatzaren 6an argitaratu du, honako tituluz: “There Is No Glory In Prevention"


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


COVID iraunkorra duen langile bati ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Bilboko Lan Arloko Epaitegiak

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.

 


2023-01-26 | ARGIA
Otsailaren 7an amaituko da garraioan musukoa eramateko derrigorra Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.


Txina: Covid-19aren aurkako neurriak murriztearen opakutasuna

Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.


2022-12-20 | ARGIA
COVIDen aurkako 14 milioi txerto iraungi zaizkiola onartu du Espainiako Gobernuak

Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.


2022-11-29 | Leire Artola Arin
Zero COVID politikaren aurkako protestak areagotu dira Txinan

Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]


2022-10-14 | Mikel Aramendi
Zero-covid, zero eskrupulu

Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]


Hondatu da mendia, jausi zaigu bizia

Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]


2022-09-15 | ARGIA
“Pandemiaren bukaera begi bistan dago”, Munduko Osasun Erakundearen arabera

 "Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.


2022-09-01 | Leire Artola Arin
Aldaketekin hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikasleek

Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]


Koronabirusaren aurkako txertoak hilekoan aldaketak eragiten dituela berretsi du ikerketa batek

Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.


Eguneraketa berriak daude