Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa ordezkatzeko". Alemanian, aldiz, gertaera horretatik harago apenas daukate Kondor Legioak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko beste lurraldeetan herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian.
Apirilaren 26a. Beste urte batez Gernikan makina bat ekitaldi antolatu dituzte 1937an Alemaniako abiazioak egindako sarraskia eta suntsiketa gogoratzeko. Ohi bezala, Astrako sirena hotsak jo du 15:45ean, duela zortzi hamarkada baino gehiago hegazkin faxistak hurbiltzen ari zirenean jo zuen bezala, eta kandelen ibilbidea egin dute herritarrek iluntzean.
1937ko apirilaren 6an Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinak Gernika garretan jarri eta herriko eraikinen %85 suntsitu zuten; hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela uste da.
Errelatoarekin bueltaka
Urtero bezala, lore eskaintza egin zaie erasoan hildakoei; aurten gainera, Espainiako Gobernuko Presidentetzarako ministro Felix Bolaños, eta beraz, lehen aldiz Espainiako Estatuko goi ordezkari bat izan da ekitaldian. Pedro Sánchezek, gainera, Gernika “memoriaren leku” izendatuko dutela iragarri du.
Espainiako Gobernuaren jarrera ez da nahikoa, ordea, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarentzat, eta keinu bat eskatu dio “egindako mina” aitortzeko. EH Bilduk, bere aldetik, sarraskian izandako erantzukizuna aitortzeko eskatu dio Sánchezen gobernuari.
"Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa ordezkatzeko", esan du Bolañosek. Askorentzat, Gernikara hori esatera etortzea aiztokada bat bezalakoa izan da. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarentzat aldiz ez, eta "historia ez manipulatzeko" eskatu die Espainiako Gobernuari barkamena eskatzea exijitzen diotenei.
Berriz ere errelatoaren borroka. Zeinen oinordeko da egungo Espainiako Gobernua? Errepublika demokratikoarena? Edo dena ondo loturik utzi zuen Francoren erregimenarena? Trantsizio garaian gauzak nola egin ziren ikustea besterik ez dago galdera horri erantzuteko.
Baina memoria eta aitortza ez dira soilik Espainiako Gobernuari dagokion zerbait. Sarraski hura zuzenean eta odol hotzean exekutatu zuen Luftwaffe Alemaniako abiazioak, baina alemaniarren artean Gernika apenas da margolan baten izenburua.
Kondor Legioak sarraskituriko “beste Gernikak”
Hala dio Carmela Negrete kazetariak Contexto aldizkarian. El ‘Guernica’ o la punta de icerberg (‘Guernica’ hala izebergaren punta) izeneko erreportaje zabalean, Kondor Legioak 1936ko Gerran izandako parte hartzeaz Alemanian duten ikuspegia aztertu du, eta dioenez, Picassoren Guernica “Francoren Estatu kolpean Hitlerren Alemaniak izandako parte hartzearen irudi bakarra izatera igaro da”.
Herrialde hartako hedabide eta museoek, hein batean albo batera utzi dituzte abiazio naziak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko lurraldeetan egindako beste sarraski guztiak, nahiz eta 1936ko abuztutik –gerra hasi zen ia une beretik– Hilterrek Kondor Legioaren “boluntarioak” bidali zituen militarren altxamendua babestera.
Alemaniako hedabide eta museoek hein batean albo batera utzi dituzte abiazio naziak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko lurraldeetan egindako beste sarraski guztiak
Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko ikerlariaren arabera, Luftwaffek gutxienez 650 bonbardaketa egin zituen Euskal Herrian, eta lurraldea esperimentatzeko toki bezala erabili zuen. Gernika baino hilabete lehenago hegazkin alemaniarrek Durango txikitu zuten, eta gero Eibar, eta beste hainbat herri ere bai. Hortaz, “beste Gernika” asko ere izan ziren Kondor Legioaren jomugan.
Munitibarren, goizeko entsegua
Gernika arratsaldez bonbardatu zuten egun berean, ordu batzuk lehenago, Kondor Legioko Junker 52 bonbardaketariek eta Heinkel 51 ehiza hegazkinek erasoa jo zuten Munitibarren. Herritarren gainera bonbak eta tiroak jaurti zituzten, eta eraikin ugari txikitzeaz gain, hainbat pertsona hil zituzten: “Deskargatzen zian ta atza buelta. Eta etorten zian ‘kazaku’ esaten geuntzen guk, ametralladorakin ta… akabo (…) Horre goixetik hasi zien. Arrtsaldien gero gabien jun zin eta Gernike bonbardeu eben gero. Lehenengo Munitxibar ein eben ta gero Gernike”.
Halaxe jaso ditu Ahaztuen Oroimena elkarteak Munitibarren gertaturikoaren lekuko izan zen Juana Bollarren hitzak. Igandean aurkeztu zuten Munitibar 1937/04/26. Aire-eraso baten kronika liburua, herritarren testigantza ugariren eta dokumentuen bidez duela 86 urteko apiril hartan Munitibarren eta inguruetan gertaturikoa azaltzen duena.
Alemaniako Parlamentuak 1997an eskatu zion barkamena ofizialki Gernikako herriari. Baina, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko historia irakasle David Alegrek Carla Negreteri azaldu dionez: “Interes politikoa Gernikan fokalizatu izana, Picassoren eraginagatik, ez da kasualitatea, eztabaida publikoa blokeatu nahi duen kezko lehergailu bat da, Alemaniak [Espainiako Estatuko] errepublika demokratikoaren deuseztapenean izan zuen erantzukizunari buruz”.
Alemaniarren indiferentzia
Negreteren ustez, Alemania sarritan oroimen historikoa lantzeko eredu gisa hartu izan den arren, kasu honetan oso urrun dago baieztapen horretatik. Kondor Legioaren artxiboak desagertu egin dira, eta bere ekintzen inguruko informazio eskatu izan dietenean, Asturiasko Gobernuak egin bezala, ikerketarik ez dagoela erantzun dute Alemaniako administrazioetatik.
Are gehiago, Alegrek dio alemaniar jendarteak bere herrialdearen izenean egin ziren krimenekiko “indiferente” izateko joera duela azkenaldian, eta gehiago nabarmentzen dela alemanek Bigarren Mundu Gerran jasandako sufrimendua. Hala, askok Kondor Legioaren historia euren protagonistek azaldu moduan ikusten dute: “Abentura sinpatiko bat bezala”.
Agian horrela uler liteke Berlingo etorbide oso batek, Spanische Alle (Espainiar etorbidea) delakoak izen hori mantentzea. 1939ko ekainean, Kondor Legioko milaka soldaduk desfilatu zuten Branderburgoko Atean Adolf Hitlerren aurrean, eta haiek omentzeko jarri zioten izen hori etorbideari. “Ondoko plaza txiki batek, berriz, Gernika izena darama”, azaldu du kazetariak.
87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.
Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]
Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.
Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan... [+]
Astelehenean hil da, Gernikan, udaleko iturriek baieztatu dutenez. 14 urte zituen bere herria bonbardatu zutenean, eta aterpe batean babestu behar izan zuen. El chico de Guernica liburuan kontatu zuen bizitakoa.
Emilio Aperribai 8 hilabeteko haurra zen Gernika bonbardatu zutenean. Amak besotan Lumoko baserri batera eramanik, bizirik ateratzea lortu zuen. Berak eta alaba Monikak gutun bat idatzi zioten iaz Espainiako Gobernuari eta Urkullu lehendakariaren bidez helarazi. Bertan,... [+]
Gernikako Udalak eta herriko elkarteek, apirilaren 26tik hasi eta hainbat egunez ekitaldi ugari antolatu dituzte duela 85 urteko sarraskia gogoratzeko.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratzeko ekitaldien baitan, Gernika-Lumoko Sarek memoriaren ibilbidea osatu du eta larunbatean egingo dute, Gernikatik Bermeora preso errepublikarrek berreraikitako trenbidea jarraituz.
Apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena izanik, gerraren aurkako elkarretaratzeak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Baliteke zenbait herrik ere deialdi propioak egitea.
Gernika bonbardatu zuten egun berean, apirilaren 26an egin zuen bere lehen adierazpen publikoa Gernika Batzordeak duela 45 urte. 1937ko sarraskiaren oroimena mantentzeko tresna garrantzitsu bilakatu da ordutik. Bideoa egiten ari dira eta aurrerapen bat aurkeztu dute urteurrena... [+]
Sigfrido Koch Bengoechearen senideek Donostiako San Telmo Museoari emandako argazki bildumetan, orain arte sekula argirik ikusi gabeko argazkiak daude. 1936ko Gerraren krudela suma liteke hildako gorputzetan, hegazkinen eta misilen orden perfektuan, eta kiskalitako eraikinen... [+]
San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]